128. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

534/2010 EBAZPENA, irailaren 9koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Artaxoako udal mugapeko 8. poligonoko 606 b azpilurzatian haizea neurtzeko antena bat instalatzeko proiektua baldintza batzuekin baimentzen duena. Proiektua M. Torres Desarrollos Energéticos, S.L. enpresak sustatu du.

2010eko ekainaren 25ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O atalean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektu honen arabera, haizearen abiadura neurtzeko dorre meteorologiko bat instalatuko da aldi baterako, eremu horretan aprobetxamendu eolikorako oinarriak ezartzeko. Instalazioa sareta metalikozko 80 metroko altuerako euskarri dorre batean eginen da, eta haizearen abiadura eta norabidea neurtu eta erregistratzeko ekipamendua izanen du. Halaber, dagozkion balizak izanen ditu, margotutakoak eta LED argiak.

Dorreari eusteko, oinarriaren azaleko zimendua egin eta lerrokatutako haize-sistema jarriko da. Horren euskarria lurrean jarritako hamabi ainguraketa-puntu izanen dira, txarrantxatze egitura osatzen duten hiru norabideetako bakoitzean (horien artean 120º egonen dira) launaka banatuak. Haizeen ainguraketa punturik urrunena dorrearen ardatzetik 35 metrotara dago, eta 65 metroko altueran, beraz, nekazaritza lurretan okupatuko den zirkulua 3.848 m²-koa izanen da.

Ingurumen integrazioko neurri gisa, proiektuan lur mugimendu handirik behar ez duen instalazio xumea planteatzen da, eta instalazioen behin-behinekotasuna aipatzen. Horiek, baliabide eolikoa neurtzeko aurreikusi dira, gerora energia sortzeko.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman du lurzoru urbanizaezinari dagokionez, eta determinazio bat erantsi du: sustatzaileak, obrak hasi aurretik, beharrezkoak diren baimenak eskuratu beharko ditu organo eskudunetan, jarduerak ukitzen ahal dituen azpiegituretan eta zortasunetan esku hartu ahal izateko. Ezartzen du, orobat, dorrea jartzearen aldeko txostena ematen dela parke eolikoaren instalazioa onargarria izan ala ez. Baimendu den egitura baliabide eolikoa neurtzeko elementu osagarri bat izanen litzateke parke horrentzat.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Artaxoako udal mugapeko 8. poligonoko 606 b azpilurzarian haizea neurtzeko antena bat instalatzeko. Proiektua M. Torres Desarrollos Energéticos, S.L. enpresak sustatu du.

2. Baimena ondoko hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Soberan dauden materialak eta obrek sortutako hondakinak zabortegi baimendu batera eraman beharko dira.

-Lanen hasieran landare lurra kenduko da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra) eta hondeaketatik datozen gainerako materialetatik bereizirik pilatuko da. Lur hori zimenduen inguruetan zabalduko da, berreskuratzeko moduan, gerora, dorrea kentzen denean, lurzoruaren erabilera berreskuratze aldera.

-Dorrea instalatu eta gero, neurketa dorreek hegaztiengan duten eragina aztertzeko txostenak aurkeztu beharko ditu sustatzaileak hilero, dorrea funtzionamenduan dagoen denbora guztian. Emaitzek komenigarria dela erakusten badute, zirgak balizatzeko neurriak hartuko dira lehenik, hegaztiek talka egiteko arrisku gutxiago izan dezaten.

-Behin-behineko baimena ematen da, gehienez ere 5 urteko epean neurketa dorrea kentzeko baldintzarekin, parke eolikoaren osagarria den jarduera bat baita. Neurketa dorrea parkearen aurretik doa betiere. Neurketaren xedeak beteta, hots, neurketa meteorologikoetarako dorrea instalatzea arrazoitu zutenak, dorrea inolako ukipenik eragin gabe kenduko da, eta okupatutako eremuari aurretik zuen erabilera emanen zaio.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Artaxoako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko irailaren 9an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1015293