128. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

287/2010 FORU AGINDUA, irailaren 24koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, seme-alabak zaintzeko familiaren erantzunkidetasuna sustatzeko zuzeneko diru-laguntzetarako 2010eko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak bere jarduketa programen artean Haur eta familientzako oinarrizko arreta izeneko programa du.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak direla eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Nafarroako Gobernuaren 2010eko irailaren 13ko Erabakiaren bidez baimendu zen banakako ebaluazioaren araubidea erabiltzea seme-alabak zaintzeko familiaren erantzunkidetasuna sustatzeko zuzeneko diru-laguntzetarako 2010eko deialdian.

Irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari esleitu zitzaizkion, beste eginkizun batzuen artean, Nafarroako Foru Komunitateko familientzako programen sustapena, koordinazioa, kudeaketa eta jarraipena.

Bestalde, irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurrekontuen kargura emanen diren diru-laguntzen deialdiak egiteko eskumena Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari esleitu zitzaion.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Seme-alabak zaintzeko familiaren erantzunkidetasuna sustatzeko zuzeneko diru-laguntzetarako 2010eko deialdia onestea.

2. 55.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "Laneko, familiako eta bizitza pertsonaleko eginkizunak bateratzeko laguntzak" izeneko 950001 92210 4809 231503 kontu-sailaren kargura.

3. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalera eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Familiaren Sustapenerako Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko irailaren 24an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. Xedea.

Deialdiaren xedea da zuzeneko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, 2010ean seme-alabak zaintzeko familiaren erantzunkidetasuna sustatzeko, laneko, familiako eta bizitza pertsonaleko eginkizunak bateratzeko neurri osagarri gisa, eta, hortaz, pertsonen arteko berdintasuna lortzen laguntzeko.

Aipatutako laguntzen bidez, seme-alaba jaioberrien zaintzaren erantzunkidetasuna sustatu nahi da, bai eta familiako aitak oinarrizko zainketetan parte har dezala bultzatu ere; horrela, gizartearen pentsamoldea aldatu nahi da, bai eta ulertarazi ere, seme-alabak zaintzea ez dela sexu bakar baten erantzukizuna, eta gizonek zein emakumeek parte hartu behar dutela seme-alaben hazkuntzan, betebehar eta eskubide berberekin.

2. Diru-laguntza jasotzen ahal duten ekintzak.

2.1. Hilero ordainduko den diru-laguntza emanen zaie bigarren semea edo alaba (edo hortik aurrerakoak) izaten duten familiakideei, semeak edo alabak hamabi hilabete betetzen dituen arte edo, bestela, 2010eko abenduaren 31 arte, aitak eta amak biek ala biek lan egiten badute eta aitak 2010ean laneko eszedentzia eskatu badu laguntza jasotzeko eskubidea ematen dion semea edo alaba zaintzeko.

2.2. Adopzio kasuetan, edo familia unitatean adingabeak urtebetetik gora hartzea aurreikusten den kasuetan, emakidaldia adopzioaren datatik edo harrerarako ebazpena ematen denetik zenbatuko da.

Desgaitasuna duten adingabeen kasuan, desgaitasun maila aitortzen zaion egunetik hasiko da zenbatzen epea.

2.3. Foru agindu honetan araututako laguntzen ondorioetarako, %33ko edo hortik goitiko desgaitasun maila duen seme edo alaba bakoitza bi izanen balira bezala zenbatuko da.

Ondorioak behin betiko finkatuta ez egoteagatik ezinezkoa denean desgaitasun maila baloratzea, foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, desgaitasuna baloratzeaz arduratzen den administrazio unitatearen aldeko txostena beharko da.

2.4. Ez dira familia unitateko kidetzat joko hemezortzi urtetik goitiko seme-alaba biologikoak, adoptatuak edo harreran hartuak.

3. Zenbatekoa.

3.1. Deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten gizonezkoei 600 euro emanen zaizkie hilero, eszedentzian dauden bitartean, betiere lanaldi osoko kontratu bati dagokion eszedentzia eskatu badute. Bestelako kasuetan, aurreko sei hilabeteetan kotizatutako lanaldiaren araberakoa izanen da laguntza edo, aldizkako langile finkoen kasuan, aurreko urtean kotizatutako 180 egunen araberakoa.

Eskatzaileak familiakoak zaintzeko lanaldi murrizketa badu, laguntza osorik jasoko du.

3.2. Diru-laguntza emanen da, baldin eta eszedentziak benetan murrizten badu laguntza eskatu duen langilearen ordainsaria.

4. Onuradunak.

4.1. Honako hauek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Besteren kontura lan egiten duten gizonezkoek.

b) Kooperatibetako bazkide langileek edo lan bazkideek.

4.2. Langile autonomoek, aurreko atalean ezarritakoa salbu, ezin izanen dute laguntza jaso.

5. Betebeharrak.

Foru agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira, laguntza eskatzen den unean eta hura hartzen den bitartean:

a) Nafarroan bizitzea.

b) Frogatzea laguntza emateko kontuan hartzen diren familiakide guztiak Foru Komunitatean bizi direla laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen semea edo alaba jaio, adoptatu, harreran hartu edo haren desgaitasun maila aitortu baino bi urte lehenagotik gutxienez.

Laguntza jasotzeko kontuan hartzen diren familiako kideen artetik baten batek ez badu gutxieneko epe hori betetzen, frogatu beharko du Nafarroan benetan bizi izan dela aurreko zazpi urteetatik bost urtez jarraian.

c) Laguntza jasotzeko kontuan hartzen diren familiako kideak elkarrekin bizi direla frogatzea.

d) Aitak eta amak lan egitea, edo, gutxienez, lanerako erabateko ezintasun iraunkorra edukitzea, eta aitak laguntza jasotzeko eskubidea ematen dion semea edo alaba zaintzeko gutxienez ere hiru hilabetetarako eszedentzia eskatzea. Familia gurasobakarren kasuan, aski izanen da aitak eszedentzia eskatzea, baldin eta semearen edo alabaren zaintza esleituta badu.

e) Eszedentzia egiaztatzen duen enpresa Gizarte Segurantzan inskribatuta eta alta emanik egotea, gutxienez ere urtebete lehenagotik.

f) Eszedentziagatik laguntza eskatu duen pertsona laguntza eskatu aurreko sei hilabeteetan Gizarte Segurantzan alta emanik egotea, salbu eta eskatzailea seme-alabak zaintzeko eszedentzian bada.

Aldizkako langile finkoen kasuan, eszedentziagatik laguntza jasotzeko eskatu aurreko urtean 180 egun kotizatuta eduki beharko ditu gutxienez.

g) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

h) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetan ez egotea.

7. Epeak.

7.1. Eszedentzia hasi aurreko hamabost egunetan edo egoera horrek dirauen bitartean eskatu beharko da laguntza.

7.2. Eskaera eszedentzia hasi aurreko hamabost egunetan aurkezten bada, laguntza eszedentziaren lehenengo egunetik beretik jasoko da.

7.3. Eskaera behin eszedentzia hasita egiten bada, laguntza jasotzen hasiko da eskaera aurkezten den egunetik.

7.4. Edonola ere, laguntza eskaera 2010eko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

8. Eskaerak aurkezteko tokia.

8.1. Eskaerak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean aurkeztuko dira.

8.2. Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

8.3. Laguntza eskatzeko eta transferentzia bidez kobratzeko inprimakiak Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusian, gizarte zerbitzu oinarrizkoetan eta Iruñeko Udaleko auzoko unitateetan jasoko dira, Nafarroako Gobernuaren web orriaren (www.cfnavarra.es/Laguntza eta bekak) eta 012 telefonoaren bidez.

8.4. Laguntza eskatzen duen pertsonak sinatu beharko du eskaera eta, hala badagokio, haren ezkontideak edo bikotekideak; eta hura aurkeztearekin bat, baimena ematen zaio organo kudeatzaileari laguntzari buruzko datuak tramitatu eta egiaztatzeko beharrezko informazioa lor dezan, bai Zerga Ogasunetik, bai Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaletik, bai espedientearen gaineko ebazpena emateko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko baliagarri gerta daitezkeen argibideak eman ditzakeen edozein erakunde publiko zein pribatutatik.

8.5. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 15 egun naturaleko epean okerra zuzen dezala, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

9. Dokumentazioa.

9.1. Laguntza eskaera eredu arautuan aukeztuko da, behar bezala betea eta eskatzaileak sinatua, eta honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Gurasoen eta dagokien adingabeen NANaren, AIZren edo nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

b) Erroldatze agiri eguneratua, 5. a) eta b) oinarriko eskakizunak betetzen direla frogatzen duena. Laguntza eskaera aurkeztu baino hilabete lehenago igorritako erroldatze agiriak ez dira onartuko.

Erroldatze agiria benetako bizitokiaren proba ez bada, eskatzaileak benetako bizitokia frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, laguntzaren organo kudeatzaileak eskatuta.

c) Familia liburu osoaren fotokopia.

d) Hala badagokio, adopzioari buruzko epaia, harrera frogatzen duen ebazpena edo desgaitasun maila aitortzen duena. Atzerriko ebazpenak behar bezala legeztatu beharko dira.

e) Eszedentzia eskatu ez duen gurasoak lan egiten dueneko enpresaren ziurtagiria, hartan benetan lan egiten duela adierazten duena. Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean kotizatzen ez duten langileek, autonomoek edo araubide orokorrari atxikirik ez dauden profesional liberalek beren ezkontideak edo bikotekideak eszedentzia eskatu aurreko sei hilabeteetan kasuan kasuko araubidean kotizatu dutela frogatzen duten ordainagiriak edo dagokion mutualitateko ordainagiria aurkeztu beharko dituzte.

Araubide orokorrean kotizatzen ez duten langile funtzionarioek zerbitzuak zer administraziotan egiten dituzten hark igorritako zerbitzu orria erantsi beharko dute; orriak jaso beharko du administrazio horretan lan egin dutela eszedentzia eskaera aurkeztu aurreko sei hilabeteetan.

f) Eszedentzia eskatu duen pertsonak zer enpresatan lan egiten duen hark igorritako ziurtagiria; hartan jasoko da egoera horretarako baimena duela, bai eta eszedentziaren hasierako eta bukaerako datak ere.

g) Laguntza jasoko duen pertsonaren eskaera, hura transferentzia bidez kobratzeko.

h) Berriz eratutako familien kasuan, eskatzaileak frogatu beharko du laguntza jasotzeko eskubidea ematen dion semearen edo alabaren zaintza aurretik duela.

i) Eskatzailearen azken hiru nominen fotokopia, eszedentzia eskatu aurrekoena.

j) Familia gurasobakarrek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

j.1) Eskatzailea guraso bakarra dela jasotzen duen familia liburuaren fotokopia.

j.2) Alarguntza alegatzen den kasuetan, egoera hori frogatzen duten agiriak.

j.3) Banantze edo dibortzio kasuetan, egoera hori eta eskatzaileak harekin bizi diren seme-alaben zaintza duela frogatzen dituen epai irmoa.

j.4) Bikote ezkongabeen kasuan, ezkontzaz kanpoko seme edo alabagatiko neurriei buruzko epai irmoa edo antzeko balioa duten bitartekotza akordioak.

9.2. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da beharrezkoa izanen eskatzen diren agiriak aurkeztea, ziurtagiriak Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badituzte edo administrazio horrek dagoeneko badauzkanak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

10. Antolamendua eta instrukzioa.

Deaildian aurreikusitako ondorioetarako, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Familiaren Sustapenerako Zerbitzuari esleitzen zaizkio foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoari buruz egindako aipamenak zerbitzu horri egindakotzat hartuko dira.

Instrukzio organoak administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) baten laguntza izanen du.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, forma eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko dira. Hala, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi honetarako aurrekontuko dirua agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

11. Ebazpena.

11.1. Diru-laguntza jasotzeko eskaerak Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak ebatziko ditu, arrazoiak emanez.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea gehienez hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Emakida ebazpenean onuraduna, laguntzaren zenbateko osoa eta jasotzeko aldia jasoko dira.

12. Ordainketa.

Laguntza emanen da foru agindu honen 7. oinarrian zehazten den unetik beretik eta 2. oinarrian ezartzen den arte. Laguntza hilabetea iraganda ordainduko da, transferentzia bidezko ordainketarako eskaeran adierazi den kontu korrontean. Laguntza ordaintzeari utziko zaio, laguntza jasotzeko baldintzak betetzeari uzten zaionean.

13. Jarraipena eta kontrola.

Instrukzio organoak gauzatzen diren jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen ditu, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da.

14. Onuradunen betebeharrak.

Foru agindu honetan araututako laguntzak eskatu eta jasotzen dituztenek Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Gainera, laguntza ematen duen organoari jakinarazi beharko diote laguntza jasotzea eragin duten/zuten baldintzen aldaketak oro, horiek gertatu eta 15 eguneko epean.

15. Laguntza itzultzea.

1. Laguntza horretarako behar diren baldintzak bete gabe onuradunari dagozkion zergatikoengatik eskuratuz gero, jasotako diru-kopuruak, oso-osorik edo haien zati bat, itzuli beharko dira eta diru-laguntza ordaindu zenetik sortutako berandutza interesak eskatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Laguntza horretarako behar diren baldintzak bete gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagozkion zergatikoengatik eskuratuz gero, jasotako diru-kopuruak, oso-osorik edo haien zati bat, itzuli beharko dira.

3. Halaber, jasotako diru-kopuruak, oso-osorik edo haien zati bat, itzuli beharko dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatutako kasuetan.

16. Bateraezintasunak.

16.1. Foru agindu honen xede diren laguntzak bateraezinak izanen dira eszedentziagatiko laguntza aldi berean kobratzearekin. Laguntza hori Langileek laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko eta jaiotzak sustatzeko zuzeneko diru-laguntzak, neurri osagarri gisa, arautzen dituen ekainaren 27ko 242/2000 Foru Dekretuan ezartzen da.

Laguntza hau bateraezina izanen da aipatutako 242/2000 Foru Dekretuan hirugarren edo hurrengo haurra jaiotzeagatik arautzen den ordainaldi bakarreko laguntzarekin.

16.2. Dena dela, foru agindu honetan araututako laguntzak bateragarriak izanen dira edozein administrazio publikok xede bererako ezartzen ahal duen beste edozein laguntzarekin, bai eta Gizarte Segurantzak, nork bere kargura hartutako seme edo alaba bakoitzeko, familiari ematen dizkion diru-kopuruekin.

17. Errekurtsoak.

17.1. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoari jarraikiz.

17.2. Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

18. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1015851