1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
536/2010 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Alloko udal mugapean gas naturala banatzeko instalazioak eraikitzeko proiekturako. Sustatzailea Gas Navarra, S.A.da.
2010eko ekainaren 15ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I letran sartuta dago; beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Foru Dekretu horren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Proiektuan jasotakoaren arabera, gas naturala banatuko da Alloko udal mugapean. Proiektuaren eremua lurzoru urbanizaezinean kokatzen da, lehorreko belarki laboreetan. Abiapuntua Sesmako errepide ondoan dagoen erregulazio armairuaren irteeran izanen du, eta errepide hori Obizcal kalearekin gurutzatzen den punturaino helduko da. Hor hasiko da hirigunerako banaketa.
Proiektua eta jarduketa eremua ikusirik, espedientea osaturik dagoela eta nahikoa dela egiaztaturik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Alloko udal mugapean gas naturala banatzeko instalazioak eraikitzeko proiekturako. Sustatzailea Gas Navarra, S. A. da.
2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da baimena:
-Zangak bete ondoren sobran gelditzen den lurra hondakindegi baimendu batera eramanen da edo, bestela, lurzatian berean hedatuko, eroanbidearen zortasun eremuaren barrenean, ondoko ingurunearekin bat egin dezan fisiografia aldetik.
-Hondakin inerteen kudeatzaile bat arduratuko da harriez eta hormigoiaren eta asfaltoaren hondakinez.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura, Alloko Udalera eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko irailaren 10ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1016654