Iragarkia
127. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2699/2010 EBAZPENA, urriaren 4koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, A maila edo taldeko irakasleen lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendak osatzeko deialdia onesten duena.
Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei lanbide prestakuntza eta hobekuntzarako bidea eskaini zitzaien, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua hein batean garatzeko asmoz.
Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak apirilaren 25ean emandako 161/2001 Foru Aginduaren bidez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua garatu zen, Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasleentzat.
Foru agindu horren 2. artikuluak xedatzen du, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran deklaratuak izateko, 1. artikuluan aipatutako langileek parte hartu beharko dutela Hezkuntza Departamentuak xede horretarako egiten dituen deialdietan.
Xedapen horiek bete daitezen, bidezkoa da deialdia onestea A maila edo taldeko irakasleen lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan beteko dituzten izangaien zerrendak osatzeko.
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19an emandako 155/2007 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. A maila edo taldeko irakasleen lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan beteko dituzten izangaien zerrendak osatzeko deialdia onestea, ebazpen honetako oinarriei jarraikiz.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.
3. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketarako Atalera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko urriaren 4an.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.
A MAILA EDO TALDEKO IRAKASLEEN LANPOSTUAK PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDAK OSATZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehena.-Xedea.
A maila edo taldeko lanpostuetan jardun dezaketen izangaien zerrendak osatzea du xede deialdi honek, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren kidego eta espezialitateetarako.
Bigarrena.-Parte hartzaileak.
2.1. Deialdian parte hartzen ahalko dute Hezkuntza Departamentuari atxikitako B mailako irakasleek, funtzionario zein lan-kontratudun finkoak izan, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Jardunean izatea.
b) Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko lehenagoko deialdien bitartez eratutako inongo izangai zerrendatan ez egotea, berariaz uko egin ez badute behintzat.
c) Karrerako funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa gutxienez ere hiru urteko zerbitzualdia egina izatea beren lanpostuan, deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean.
d) Jarduneko lanposturako eskatu zaion tituluaz gain, goragoko maila edo graduari dagokion beste titulu akademiko bat izatea, hots, doktore, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua edo, irakaskuntzaren ondorioetarako, horien balio berekoa den besteren bat.
Irakaskuntzaren ondorioetarako balio berekotzat hartu diren tituluak ebazpen honen II. eranskinean ageri dira.
e) Euskarazko irakasle lanpostuak lortu nahi dituzten izangaiek EGA titulua edo baliokidea den beste bat izan beharko dute.
2.2. Deialdi honen III. eranskinean espezialitate bakoitzerako azaltzen diren tituluetakoren baten jabe ez diren izangaiek ezagutzei buruzko proba bat gainditu beharko dute, seigarren oinarrian xedatutakoari jarraikiz, lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendan onartuak izateko.
Hirugarrena.-Parte hartzeko eskaerak eta horiek aurkezteko epea.
3.1. Eskabideak.
Deialdian parte hartu nahi duten irakasleek eskabide bat bete beharko dute. Eskabide hori interesdunen eskura dago Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan, Hezkuntza Departamentuaren web gunean (www.educacion.navarra.es) eta Nafarroako Gobernuaren web gunean (www.navarra.es).
Eskabidearekin batera, izangaiak orain betetzen duen lanpostuan jarduteko bidea eman zion titulu akademikoaren kopia eta deialdi honen bigarren oinarriko d) letran eskatutako tituluarena aurkeztu beharko ditu. Hala denean, EGA tituluaren edo baliokide baten kopia konpultsatua erantsi beharko da.
Eskabidean espezialitate eta hizkuntza bakar baterako zerrendan sartzea eskatzen ahalko dute, ez gehiagotan.
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak edozein unetan eskatzen ahalko die deialdiko parte hartzaileei aurreko lerroaldean adierazitako jatorrizko titulua edo horren kopia konpultsatua aurkezteko.
Horren ondorioetarako, ikastetxeetako zuzendariek ahalmena izanen dute agirien konpultsak egiteko, Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak maiatzaren 18an emandako 182/2001 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat. Foru agindu horren bidez, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan ziurtagiriak eta konpultsak egiteko arauak eman ziren.
3.2. Aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Laugarrena.-Eskabideak aurkezteko tokia.
Eskabidea, bigarren oinarrian eskatutako dokumentazioarekin batera, aurkeztuko da Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean (Santo Domingo, zk.g., Iruña), Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2010eko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 24an, argitaratu zen) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz.
Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskaera telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web guneko atarian dago (www.navarra.es). Halakoetan, parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu behar diren tituluak erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko formatuetako edozeinetan eransten ahalko dira.
Bosgarrena.-Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.
Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratuko ditu Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuko web gunean: www.educacion.navarra.es.
Zerrenda horietan proba egin behar duten izangaiak agertuko dira, seigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
Seigarrena.-Probak.
1. Deialdi honen III. eranskineko espezialitateren batean sartu nahi duten izangaiek ez dute ezagutza probarik egin beharko, baldin eta, eranskinaren arabera, eskatutako espezialitateari dagokion tituluaren jabe badira. Bestela, dagokien proba gainditu beharko dute.
2. Kidegoetako espezialitateetarako aurreikusi diren proben helburua hauxe da: hautatzen diren izangaiek eman beharko dituzten curriculum-ezagutzak ebaluatzea eta baliabide didaktiko eta pedagogikoak zenbateraino menderatzen dituzten aztertzea.
3. Proben kalifikazioa Gai edo Ez Gai izanen da. Bazterturik geldituko dira Ez Gai kalifikazioa dutenak.
4. Proben edukia eta, kasua bada, haien gai zerrendak deialdi honen IV. eranskinean zehaztu dira, irakasleen kidego bakoitzerako.
5. Proba bakoitza egiteko eguna, ordua eta tokia Giza Baliabideen Zerbitzuak zehaztuko ditu, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta haren web gunean (www.educacion.navarra.es) iragarkia argitaratuta.
Zazpigarrena.-Epaimahaiak.
Ezagutza probak egiteko, kasua bada, kidego bakoitzaren espezialitate bakoitzerako edo espezialitate multzo bakoitzerako epaimahai bat izendatuko da. Horien osaera Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web gunean (www.educacion.navarra.es) argitaratuko da.
Mahaikideak espezialitate horretako jarduneko funtzionario edo lan-kontratudun finkoak izanen dira, eta espezialitateko aholkulariak ere izendatzen ahalko dira. Honako hauek osatuko dute epaimahai bakoitza:
-Mahaiburu bat, Hezkuntza Departamentuak izendatua.
-Bi kide, Hezkuntza Departamentuak izendatuak.
Epaimahaiko kideren batek baja hartzen badu, ordezko bat izendatuko da, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez.
Zortzigarrena.-Berariazko Lanbide Heziketari dagozkion espezialitateak.
Berariazko Lanbide Heziketari dagokion Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko espezialitate batean sartu nahi duten izangaiek prestakuntza ikastaro bat egin beharko dute, prestakuntzarako zerbitzu berezietan dauden lehenbiziko urtean. Nolanahi ere, ikastaroa egiteaz salbuetsita egonen dira azkeneko bost urteotan Lanbide Heziketako ikastetxeetan bi ikasturteko irakas esperientzia dutela egiaztatzen dutenak.
Bederatzigarrena.-Irakasle lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendetako hurrenkera.
9.1. Probak amaituta, epaimahaiek Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko dizkiete kalifikazioen zerrendak.
Giza Baliabideen Zerbitzuak jendaurrean paratuko ditu, Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web gunean (www.educacion.navarra.es), prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratuak izateko izangaien zerrendak, kidego, espezialitate eta hizkuntzen arabera. Bertan azalduko dira, bai proba gainditu duten izangaiak bai, eskatutako tituluaren jabe izateagatik, hura egiteaz salbuetsita daudenak.
Argitara emanen da, orobat, Berariazko Lanbide Heziketako espezialitateetan sartu nahi duten izangaietarik nortzuk diren prestakuntzarako zerbitzu berezietako lehenengo urtean prestakuntza ikastaroa egin behar dutenak.
9.2. Espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako zerrendako hurrenkera irakasle lanetan, dela funtzionario gisa, dela lan-kontratudun finko gisa, emandako zerbitzualdiaren araberakoa izanen da. Lan-kontratudun finkoei zerbitzualdiko lehenengo urtea kenduko zaie.
Berdinketa suertatuz gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:
a) Abiaburuko kidegoan antzinatasun handiagoa izatea.
b) Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran lortutako zerrenda-zenbaki txikiena, maisu-maistren kasuan, edo hautapen prozedura hartan lortutako puntuaziorik handiena, gainerako kidegoetan.
9.3. Deialdi honetatik ateratzen diren izangaien zerrendak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emandako apirilaren 26ko 526/2001, otsailaren 25eko 322/2003, apirilaren 21eko 449/2005, apirilaren 24ko 534/2006, apirilaren 2ko 546/2007, martxoaren 10eko 574/2009 eta urriaren 19ko 2147/2009 ebazpenetatik sortu zirenei erantsiko zaizkie.
Dena den, sei urteko gehieneko epea agortu ez duten izangaiek lehentasuna izanen dute izangaien zerrenda horretan. Aurreko urteetako deialdietako izangaiek lehentasuna izanen dute zerrendetan, ondorengo deialdietakoen aldean, betiere, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren sei urteko gehieneko epea amaitu bitarte.
Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuko xedapen gehigarri bakarraren arabera izangaien zerrendetan beste lau urterako sartzerik duten izangaien kasuan, zerrendetan sartuko dira baina lehentasuna izanen dute prestakuntzarako hasierako zikloaren sei urteko gehieneko epea bukatu ez dutenek.
Hamargarrena.-Deiak eta ukoak.
Zerbitzu berezietan aritzeko lanpostu horien hautaketa eta esleipena jendaurreko ekitaldian eginen da, aldez aurretik Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web gunean (www.educacion.navarra.es) argitaratuz edo banan-banan deituz.
Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geratuko da, salbu eta egoera hauetakoren batean dagoela frogatzen badu:
1. Aldi baterako ezindua bada edo lizentzia badu erditze, adopzio edo harreragatik.
2. Deialdia egiten zaionean, jardunean ez, baizik eta beste administrazio egoera batean badago.
Horrelakoetan, ez dute galduko zerrendan dagokien postua. Egoera horiek agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko ditu izangaiak Giza Baliabideen Zerbitzuan, hilabeteko epean.
Zerbitzu berezietan aritzeko eskaera egin duen izangairen batek lizentzia badu erditze, adopzio edo harreragatik, deialdia egin zitzaion egunean zegokion lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du eta baimena bukatutakoan itzuli beharko du lanpostura. Lanpostu hori hartu ezean, justifikatu gabeko ukoa egin duela ulertuko da, salbu eta hiru urtetik beherako seme-alabak zaintzeko eszedentzia berezia hartu badu.
Arestian aipatu egoeretan dauden izangaiek haien bukaera jakinarazi beharko dute, bukatu eta, gehienez ere, bost eguneko epean. Inguruabar hori jakinarazten ez badute, deia egin deneko ikasturte osoan ez zaio inolako lanposturik eskainiko.
Hamaikagarrena.-Izangaien zerrendetatik baztertzea.
Izangaiak zerrendatik kanpo geratuko dira kasu hauetan:
a) Agertzeko deia eginda, A maila edo taldeko lanpostuak hautatu eta esleitzeko hamargarren oinarrian adierazitako jendaurreko ekitaldira ez agertzea, agiri bidez frogatutako salbuespen arrazoiren bat tartean izan ezik (hamargarren oinarrian adierazitakoren bat), ekitaldiaren ondoko hilabetean.
b) Jendaurreko ekitaldian edo banaka deitu ondoren, eskaintzen zaion A maila edo taldeko lanpostua ez hartzea, deiaren ondoko hilabetean agiri bidez frogatu beharreko salbuespen arrazoiren bat tartean izan ezik (aurreko oinarrian adierazitakoren bat).
c) Jendaurreko ekitaldian edo banakako deialdian A maila edo taldeko lanposturen bat harturik, lanpostu horretan zerbitzu berezietan aritzeko adostasun akta ez sinatzea.
d) A maila edo taldeko lanposturen batean zerbitzu berezietan aritzeko adostasun akta sinatu ondoren, uko egitea prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera horri 2011-2012 ikasturtea amaitu aurretik.
Hamabigarrena.-Errekurtsoak.
Deialdiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
I. ERANSKINA
Espezialitateen zerrenda, kidegoz kidego
A) Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoa.
-Enpresen Administrazioa.
-Alemana.
-Industriako Analisia eta Kimika.
-Irudi Pertsonaleko Aholkularitza eta Prozesuak.
-Biologia eta Geologia.
-Eraikin Zibilak eta Eraikuntza.
-Marrazketa.
-Gorputz Hezkuntza.
-Filosofia.
-Fisika eta Kimika.
-Frantsesa.
-Geografia eta Historia.
-Grekoa.
-Ostalaritza eta Turismoa.
-Informatika.
-Ingelesa.
-Gizartean eta komunitatean esku hartzea.
-Latina.
-Gaztelania eta Literatura.
-Euskal Hizkuntza eta Literatura.
-Matematika.
-Musika.
-Merkataritzako Antolaketa eta Kudeaketa.
-Ibilgailuen Mantentze-lanen Antolaketa eta Prozesuak.
-Fabrikazio Mekanikoaren Antolaketa eta Proiektuak.
-Energia Sistemen Antolaketa eta Proiektuak.
-Hezkuntza Orientabidea.
-Diagnostiko Klinikoen Prozesuak eta Produktu Ortoprotesikoak.
-Nekazaritzako Ekoizpen Prozesuak.
-Elikagaien Industriako Prozesuak.
-Osasun Prozesuak.
-Ehungintzako, Jantzigintzako eta Larrugintzako Prozesuak eta Produktuak.
-Zurgintzako eta Altzarigintzako Prozesuak eta Produktuak.
-Sistema Elektronikoak.
-Sistema Elektroteknikoak eta Automatikoak.
B) Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoa.
-Marrazketa Artistikoa eta Kolorea.
-Marrazketa Teknikoa.
-Diseinu Grafikoa.
-Barnealdeen Diseinua.
-Argazkigintza.
-Artearen Historia.
-Materialak eta Teknologia: Diseinua.
-Industria Antolaketa eta Legeria.
-Bolumena.
C) Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoa.
-Alemana.
-Euskara.
-Frantsesa.
-Ingelesa.
-Italiera.
II. ERANSKINA
A) Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko espezialitateen irakaskuntzaren ondorioetarako baliokidetzat hartzen diren titulazioak:
-Enpresen Administrazioa.
- Enpresa Zientzietako diplomaduna.
- Kudeaketa eta Administrazio Publikoko diplomaduna.
-Industriako Analisia eta Kimika.
- Industria ingeniari teknikoa, Kimika industriala espezialitatea.
- Oihangintzako ingeniari teknikoa, Oihan industriak espezialitatea.
-Eraikin Zibilak eta Eraikuntza.
- Arkitekto teknikoa.
- Industria ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Herri Lanetako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Topografiako ingeniari teknikoa.
-Ostalaritza eta Turismoa.
- Turismoko diplomaduna.
-Informatika.
- Estatistikako diplomaduna.
- Kudeaketarako Informatikako ingeniari teknikoa.
- Informatikako Sistemen ingeniari teknikoa.
- Telekomunikazioetako ingeniari teknikoa, Telematika espezialitatea.
-Gizartean eta komunitatean esku hartzea.
- Maisu-maistrak, espezialitate guztiak.
- Gizarte Hezkuntzako diplomaduna.
- Gizarte Laneko diplomaduna.
-Merkataritzako Antolaketa eta Kudeaketa.
- Enpresa Zientzietako diplomaduna.
-Ibilgailuen Mantentze-lanen Antolaketa eta Prozesuak.
- Itsas Nabigazioko diplomaduna.
- Ontzietako Irrati-elektronikako diplomaduna.
- Ontzietako Makinetako diplomaduna.
- Aeronautikako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Nekazaritzako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Oihangintzako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Meatzeetako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Ontzigintzako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Herri Lanetako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Industria ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
-Fabrikazio Mekanikoaren Antolaketa eta Proiektuak.
- Industria ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Meatzeetako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Industria Diseinuko ingeniari teknikoa.
- Aeronautikako ingeniari teknikoa, Aireontziak espezialitatea, Aeroespazioko Ekipamendu eta Materialak espezialitatea.
- Ontzigintzako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Nekazaritzako ingeniari teknikoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ustiategiak espezialitatea, Nekazaritzako eta Elikadurako Industriak espezialitatea eta Landa Eraikuntzak eta Mekanizazioa espezialitatea.
- Herri Lanetako ingeniari teknikoa, Eraikuntza Zibilak espezialitatea.
- Ontzietako Makinetako diplomaduna.
-Energia Sistemen Antolaketa eta Proiektuak.
- Industria ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Aeronautikako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Herri Lanetako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Telekomunikazioetako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Ontzigintzako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Nekazaritzako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Meatzeetako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Ontzietako Makinetako diplomaduna.
-Nekazaritzako Ekoizpen Prozesuak.
- Nekazaritzako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
- Oihangintzako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
-Elikagaien Industriako Prozesuak.
- Nekazaritzako ingeniari teknikoa, Nekazaritzako eta Elikadurako Industriak espezialitatea.
-Osasun Prozesuak.
- Erizaintzako diplomaduna.
-Zurgintzako eta Altzarigintzako Prozesuak eta Produktuak.
- Oihangintzako ingeniari teknikoa, Oihan industriak espezialitatea.
- Industria ingeniari teknikoa, Mekanika espezialitatea.
- Industria Diseinuko ingeniari teknikoa.
- Arkitekto teknikoa.
-Ehungintzako, Jantzigintzako eta Larrugintzako Prozesuak eta Produktuak.
- Industria ingeniari teknikoa, Ehungintza espezialitatea.
-Sistema Elektronikoak.
- Ontzietako Irrati-elektronikako diplomaduna.
- Aeronautikako ingeniari teknikoa, Airenabigazioa espezialitatea.
- Informatikako Sistemen ingeniari teknikoa.
- Industria ingeniari teknikoa, Elektrizitatea espezialitatea, Industria Elektronika espezialitatea.
- Telekomunikazioetako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
-Sistema Elektroteknikoak eta Automatikoak.
- Ontzietako Irrati-elektronikako diplomaduna.
- Aeronautikako ingeniari teknikoa, Airenabigazioa espezialitatea.
- Informatikako Sistemen ingeniari teknikoa.
- Industria ingeniari teknikoa, Elektrizitatea espezialitatea, Industria Elektronika espezialitatea.
- Telekomunikazioetako ingeniari teknikoa, espezialitate guztiak.
B) Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko espezialitateen irakaskuntzaren ondorioetarako baliokidetzat hartzen diren titulazioak:
-Diseinu Grafikoa.
- Diseinuko titulua, Diseinu Grafikoa espezialitatea.
-Barnealdeen Diseinua.
- Diseinuko titulua, Barnealdeen Diseinua espezialitatea.
Oharra: titulazio horiek Unibertsitateko Titulu Ofizialen Katalogokoak eta horretan gerora sartutakoen multzokoak dira. Irakaskuntzarako baliokidetzat hartzen dira, halaber, zehaztutako horien homologoak diren titulazioak, irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuaren arabera (azaroaren 17ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
III. ERANSKINA
Bat datozen titulazioak
A) Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko espezialitateekin bat datozen titulazioak:
-Enpresen Administrazioa.
- Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaduna.
- Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentziaduna.
- Ekonomiako lizentziaduna.
-Alemana.
- Aleman Filologiako lizentziaduna.
- Alemanezko Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna.
- Hizkuntzalaritza, Filologia edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna, eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko alemanaren gaitasun agiria edo horren baliokidea.
-Industriako Analisia eta Kimika.
- Kimikako lizentziaduna.
- Elikagaien Zientzia eta Teknologiako lizentziaduna.
- Ingeniari kimikoa.
-Irudi Pertsonaleko Aholkularitza eta Prozesuak.
- Ez dago titulurik.
-Biologia eta Geologia.
- Geologiako lizentziaduna.
- Biologiako lizentziaduna.
-Eraikin Zibilak eta Eraikuntza.
- Arkitektoa.
- Bide, Ubide eta Portuetako ingeniaria.
-Marrazketa.
- Arte Ederretako lizentziaduna.
- Arkitektoa.
- Ingeniaria.
-Gorputz Hezkuntza.
- Gorputz Jardueren eta Kirolaren Zientzietako lizentziaduna.
-Filosofia.
- Filosofiako lizentziaduna.
-Fisika eta Kimika.
- Fisikako lizentziaduna.
- Kimikako lizentziaduna.
-Frantsesa.
- Frantses Filologiako lizentziaduna.
- Frantsesezko Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna.
- Hizkuntzalaritza, Filologia edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko frantsesaren gaitasun agiria edo horren baliokidea.
-Geografia eta Historia.
- Geografiako lizentziaduna.
- Historiako lizentziaduna.
-Grekoa.
- Filologia Klasikoko lizentziaduna.
-Ostalaritza eta Turismoa.
- Ez dago titulurik.
-Informatika.
- Elektronikako ingeniaria.
- Informatikako ingeniaria.
- Telekomunikazioetako ingeniaria.
-Ingelesa.
- Ingeles Filologiako lizentziaduna.
- Ingelesezko Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna.
- Hizkuntzalaritza, Filologia edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingelesaren gaitasun agiria edo horren baliokidea.
-Gizartean eta komunitatean esku hartzea.
- Pedagogiako lizentziaduna.
- Psikologiako lizentziaduna.
- Psikopedagogiako lizentziaduna.
-Latina.
- Filologia Klasikoko lizentziaduna.
-Gaztelania eta Literatura.
- Filologia Hispanikoko lizentziaduna.
- Filologia Erromanikoko lizentziaduna.
- Hizkuntzalaritzako lizentziaduna eta Gaztelania eta Espainiako Literatura egin dituela frogatzea.
- Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuko lizentziaduna eta Gaztelania eta Espainiako Literatura egin dituela frogatzea.
-Euskal Hizkuntza eta Literatura.
- Euskal Filologiako lizentziaduna.
- Hizkuntzalaritza, Filologia edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskararen gaitasun agiria edo horren baliokidea.
-Matematika.
- Matematikako lizentziaduna.
-Musika.
- 1942. urtearen aurreko ikasketa planei dagokien gaitasun diploma.
- 1942ko ekainaren 15eko Dekretuaren babesean emandako irakasle edo lanbide titulua.
- Irailaren 10eko 2618/1996 Dekretuaren babesean emandako goi mailako irakasle titulua.
- Musikako goi mailako titulua, urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 42.3 artikuluan ezarritakoa.
- Musikologia espezialitatea duten lizentziaturak.
- Apirilaren 21eko 616/1995 Dekretuan ezarritako Musikaren Historiako eta Zientzietako lizentziadun titulua.
-Merkataritzako Antolaketa eta Kudeaketa.
- Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaduna.
- Ekonomiako lizentziaduna.
- Merkatuko Ikerketa eta Tekniketako lizentziaduna.
-Ibilgailuen Mantentze-lanen Antolaketa eta Prozesuak.
- Industria ingeniaria.
- Aeronautikako ingeniaria.
-Fabrikazio Mekanikoaren Antolaketa eta Proiektuak.
- Industria ingeniaria.
- Materialetako ingeniaria.
-Energia Sistemen Antolaketa eta Proiektuak.
- Industria ingeniaria.
-Hezkuntza Orientabidea.
- Psikologiako lizentziaduna.
- Pedagogiako lizentziaduna.
- Psikopedagogiako lizentziaduna.
-Diagnostiko Klinikoen Prozesuak eta Produktu Ortoprotesikoak.
- Ez dago titulurik.
-Nekazaritzako Ekoizpen Prozesuak.
- Nekazaritzako ingeniaria.
- Mendi ingeniaria.
-Elikagaien Industriako Prozesuak.
- Elikagaien Zientzia eta Teknologiako lizentziaduna.
-Osasun Prozesuak.
- Medikuntzako lizentziaduna.
-Ehungintzako, Jantzigintzako eta Larrugintzako Prozesuak eta Produktuak.
- Ez dago titulurik.
-Zurgintzako eta Altzarigintzako Prozesuak eta Produktuak.
- Ez dago titulurik.
-Sistema Elektronikoak.
- Automatika eta Elektronika Industrialeko ingeniaria.
- Elektronikako ingeniaria.
- Telekomunikazioetako ingeniaria.
-Sistema Elektroteknikoak eta Automatikoak.
- Automatika eta Elektronika Industrialeko ingeniaria.
- Elektronikako ingeniaria.
- Telekomunikazioetako ingeniaria.
- Industria ingeniaria.
- Aeronautikako ingeniaria.
- Ontzigintzako eta Itsasoetako ingeniaria.
B) Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoko espezialitateekin bat datozen titulazioak:
-Alemana.
- Aleman Filologiako lizentziaduna.
- Alemanezko Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna.
- Hizkuntzalaritza, Filologia edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna, eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko alemanaren gaitasun agiria edo horren baliokidea.
-Euskara.
- Euskal filologiako lizentziaduna.
- Hizkuntzalaritza, Filologia edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskararen gaitasun agiria edo horren baliokidea.
-Frantsesa.
- Frantses Filologiako lizentziaduna.
- Frantsesezko Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna.
- Hizkuntzalaritza, Filologia edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko frantsesaren gaitasun agiria edo horren baliokidea.
-Ingelesa.
- Ingeles Filologiako lizentziaduna.
- Ingelesezko Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna.
- Hizkuntzalaritza, Filologia edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingelesaren gaitasun agiria edo horren baliokidea.
-Italiera.
- Italiar filologiako lizentziaduna.
- Italierazko Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna.
- Hizkuntzalaritza, Filologia edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko italieraren gaitasun agiria edo horren baliokidea.
C) Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko espezialitateekin bat datozen titulazioak:
-Marrazketa Artistikoa eta Kolorea.
- Arte Ederretako lizentziaduna.
-Marrazketa Teknikoa.
- Arkitektoa
- Ingeniaria.
-Barnealdeen Diseinua.
- Arkitektoa.
-Diseinu Grafikoa.
- Arte Ederretako lizentziaduna.
-Argazkigintza.
- Arte Ederretako lizentziaduna.
-Artearen Historia.
- Artearen Historiako lizentziaduna.
-Materialak eta Teknologia: Diseinua.
- Arkitektoa.
- Ingeniaria.
- Matematikako lizentziaduna.
-Industria Antolaketa eta Legeria.
- Zuzenbideko lizentziaduna.
- Ekonomiako lizentziaduna.
- Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaduna.
-Bolumena.
- Arte Ederretako lizentziaduna.
Oharra: aipatzen diren tituluak irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuan zerrendatutakoak dira. Horretan esaten da tituluak nola homologatu behar diren azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuak sortu zuen Unibertsitateko Titulu Ofizialen Katalogoko tituluekin. Arau horri jarraikiz, aipatutakoekin homologatutako tituluak ere hartuko dira kontuan.
IV. ERANSKINA
Probaren edukia eta gai zerrendak
A) Proben edukia:
1.-Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko Ingeles, Frantses, Aleman eta Euskal Hizkuntza eta Literatura espezialitateak eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoko espezialitate guztiak:
-Kidegoan sartzeko onetsitako gai zerrendetako zati berariazkotik (A) hiru gai aterako dira zozketa bidez, eta izangaiak horietako bat hautatu eta idatziz garatu beharko du, ordu bat eta erdian. Gai zerrenda horiek zein egunetako Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, eranskin honen B zatian adierazi da.
-Hizkuntzan duen idazmen maila neurtzeko proba, lanposturako eskatzen den mailaren araberako ariketa praktikoen bidez. Iraupena: bi ordu eta erdi.
-Hizkuntzan duen mintzamen maila eta hura irakasteko alderdi pedagogiko eta didaktikoetan duen gaitasuna neurtzeko proba.
Probak espezialitatearen xedeko hizkuntzan eginen dira.
2.-Bigarren Hezkuntzako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoko gainerako espezialitateak:
-Kidegoan sartzeko onetsitako gai zerrendetako zati berariazkotik (A) hiru gai aterako dira zozketa bidez, eta izangaiak horietako bat hautatu eta idatziz garatu beharko du, ordu bat eta erdian. Gai zerrenda horiek zein egunetako Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, eranskin honen B zatian adierazi da.
-Epaimahaiak proposatuko duen kasu praktiko bat ebaztea, eranskin honen A zatian aipatzen den gai zerrendako edukiei buruzkoa, bi ordu eta erdian.
B) Gai zerrendak:
Kidegoetan sartzeko onetsitako gai zerrendak, berariazko A zatikoak, Estatuko Aldizkari Ofizial eta Nafarroako Aldizkari Ofizial hauetan argitaratuta daude:
I.-Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoa:
-Berariazko Lanbide Heziketako espezialitateak, apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretua (VI.a eranskina) eta 1996ko otsailaren 1eko Agindua (38. Estatuko Aldizkari Ofiziala, otsailaren 13koa).
-Euskal Hizkuntza eta Literatura: azaroaren 3ko 374/1999 Foru Agindua (158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 20koa), martxoaren 9ko 86/2000 Foru Aginduak aldatua (35. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 20koa).
-Gainerako espezialitateak: 1993ko irailaren 9ko Agindua (226. Estatuko Aldizkari Ofiziala, irailaren 21ekoa).
II.-Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoa:
-Euskara: martxoaren 5eko ECD/477/2003 Agindua (2003ko martxoaren 6ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
-Gainerako espezialitateak: 1993ko irailaren 9ko Agindua (226. Estatuko Aldizkari Ofiziala, irailaren 21ekoa).
III.- Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoa:
-Martxoaren 22ko ECD/826/2004 Agindua (2004ko martxoaren 31ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
Oharra: gaien zerrendan LOGSEri buruzko aipamen guztiak indarrean dagoen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari buruzkoak direla ulertzen da.
Iragarkiaren kodea: F1016631
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
