126. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko urriaren 4an hartua, Olaztiko Udaletxean eratu beharreko Kudeaketa Batzordeko kideak izendatzeko deialdi publikoa onesten duena.

Olaztiko Udaletxeko idazkariak Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentura igorritako bi idazkiren bidez, departamentu horri eskaera egin zitzaion beharrezkoak diren neurriak har ditzan udalerri horretan dagoen botere-hutsunearen ondoriozko arazoak konpontzeko. Idazki horiei zenbait agiri erantsi zitzaizkien, besteak beste honako hau ziurtatzeko:

-Nafarroa Bai (NABAI) hauteskunde-koaliziokoak diren alkateak eta lau zinegotzik beren karguei uko egin diete Olaztiko Udaletxean 2010eko uztailaren 28an egindako osoko bilkuran, eta hala adierazi dute idatziz.

-2007ko maiatzaren udal hauteskundeetan NABAI hautagaitzan aurkeztutako gainerako kideek aurretik egin zioten uko Olaztiko Udalbatzako kide izateari.

-Olaztiko Udaletxean lau zinegotzi geratzen dira, zeinetarik hiru legez kanpo utzitako Eusko Abertzale Ekintza (EAE) alderdi politikoaren hautagaitzakoak diren, eta bat Partido Socialista de Navarra-Partido Socialista Obrero Español (PSN-PSOE) alderdikoa. Alabaina, kopuru hori ez da heltzen Udalbatzak legez izan behar dituen kideen kopuruaren erdira, hori bederatzikoa baita.

Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren (martxoaren 10eko 1/2003 Lege Organikoak onetsitako testu berrian) 182. artikuluan xedatzen denez:

"1. Zinegotzi baten heriotzaren, ezgaitasunaren edo ukoaren ondorioz, aulkia kasuan kasuko zerrenda berean hurrengoa den hautagaiari edo ordezkoari esleituko zaio.

2. Aurreko prozedura aplikatu ondoren balizko hautagairik edo ordezkorik ez badago izendapena egiteko, adinez nagusia izanik hautatua ez izateko kausaren batean ez dagoen edozein herritarrek bete ahalko du aulki hutsa. Ordeztu beharreko zinegotziak zein diren, horien alderdiak, koalizioak, federazioak edo hautesle-elkarteak izendatuko ditu, eta dagokion Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko zaio, beharrezkoa den egiaztagiria igor dezan. Kasu horretan, ezin izanen dira izendatu zerrendan aurretik hautagai edo ordezko izanik karguari lehenago uko egin diotenak.

3. Kasuan kasuko hauteskunde-deialdian hautatutako kideen kopurua udalbatza legez osatzeko beharrezkoa den kide kopuruaren erdira heltzen ez bada, Kudeaketa Batzorde bat eratuko da, ondoko kideak izanen dituena: udalbatzan jarraitzen duten kide guztiak eta aurreko lerroaldean ezarritakoari jarraikiz, hutsik dauden aulkiak betetzeko izendatzen diren herritarrak."

Aurretik aipatutako arauan ezarritakoa betetzeko, Toki Administrazioko Departamentuak ofizioa bidali zion Nafarroa Bai (NABAI) hauteskunde-koalizioari eta gogorarazi haren legezko betebeharra dela adinez nagusiak izanik hautatuak ez izateko kausaren batean ez dauden herritarrak izendatzea, Nafarroako Gobernuak Olaztiko Kudeaketa Batzordeko kide izenda ditzan.

Nafarroa Bai (NABAI) hauteskunde-koalizioak idazki baten bidez jakinarazi zuen uko egiten ziola izendapen hori egiteari. Idazki hori 2010eko irailaren 27an sartu zen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean.

Hori horrela, gaur egun Olaztiko Udaletxeko udalbatza osatzen duten kideen kopurua legez ezarritakoaren erdia baino txikiagoa denez, bidezko da Olaztiko Kudeaketa Batzordea eratzeko prozesuari hasiera ematea. Horretarako, deialdi publikoa eginen da, legeria indardunak ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonak batzarkide kudeatzaile izendatu ahal izateko, haiek hala eskatuta.

Nafarroako Gobernuak izendapenak egin ondoren, bilkura berezirako deia eginen da Kudeaketa Batzordea eratzeko, izendapenaren erabakia hartzen denetik hiru eguneko epean. Bilkura horretan batzarkide kudeatzaileak beren karguez jabetuko dira. Horien artean boto gehien lortu duena batzordeburu izendatuko da, eta alkatearen eskumenak eta ahalmenak bere gain hartuko ditu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU

1. Deialdi publikoa egitea, ondoko baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek beren eskaera aurkez dezaten, Olaztin eratu beharreko Kudeaketa Batzordeko kide izendatzeko:

1.-Adinez nagusia izatea.

2.-Olaztin ongi finkatua egotea.

3.-Hautagai izateko ezgaitua egotea dakarren zigorrik ez izatea, edota ezin hautatua izateko arrazoirik ez izatea.

4.-2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan parte hartu zuten hiru zerrendetako batean hautagai edo ordezko ez izatea eta karguari uko egin ez izana.

2. Aurreko atalean aurreikusitakoaren ondorioetarako, interesdunek ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako lekuetako edozeinetan edo Olaztiko Udaletxeko Idazkaritzan, 20 egun balioduneko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udalerri horretako iragarki oholean aldi berean argitaratu eta biharamunetik hasita:

1.-Sinatutako idazkia, batzarkide kudeatzaile izendatua izateko borondatea eta, hala gertatuz gero, izendapen hori berariaz onartuko duela adierazten duena. Era berean, idazki horretan zin eginen du hautagai izateko ezgaitua egotea dakarren zigorrik ez duela, edota ezin hautatua izateko arrazoirik ez duela, eta ez zela 2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan parte hartu zuten bi zerrendetako batean hautagai edo ordezkari izan eta ez diola karguari uko egin.

2.-Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

3. Nafarroako Gobernuak izendapenak egin ondoren, Kudeaketa Batzordea bilkura berezian eratuko da. Hori Toki Administrazioko kontseilariak deituko du, izendapenaren erabakia hartzen denetik hiru eguneko epean. Bilkura horretan batzarkide kudeatzaileak beren karguez jabetuko dira. Horien artean boto gehien lortu duena batzordeburu izendatuko da, eta alkatearen eskumenak eta ahalmenak bere gain hartuko ditu.

4. Erabaki hau Olaztiko Udaletxeari jakinaraztea.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Olaztiko Udaletxeko iragarki oholean agitaratzea.

Iruñean, 2010eko urriaren 4an.-Nafarroako Gobernuko ordezko kontseilari-idazkaria (Nafarroako Gobernuko lehendakariak uztailaren 23an emandako 9/2010 Foru Dekretua), Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1016445