126. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Lehiaketa, 2010/2011ko ikasturtean Iruñeko ikastetxeetan eta ikastetxe nagusietan gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliak abiatzeko

Iruñeko Udaleko Lehendakaritza, Hezkuntza eta Gazteria Alorreko zinegotzi delegatuak 2010eko irailaren 27an onetsi zuen Iruñeko ikastetxeetan eta ikastetxe nagusietan gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliak abiatzeko lehiaketa.

Iruñeko Udalak lehiaketarako deia egin du, Iruñeko ikastetxeetan eta ikastetxe nagusietan gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliak abiatzeko.

Lehena.-Iruñeko Udalak lehiaketarako deia egin du ikastetxeetan eta ikastetxe nagusietan matrikulatutako ikasleen artean Gazteei informazioa helarazteko Korrespontsaliei buruzko udal-programan parte hartzeko prest dauden 14 eta 30 urte bitarteko gazteak hautatzeko.

Hona programaren funtsa: epaimahai batek -ikasleek aurkeztutako proiektu batean oinarriturik- ikasleak hautatuko ditu, eta horiek aldian-aldian eguneratuko dute ikastetxeetan paratuko den informazio-taula, zeina Udalarena izanen baita. Eguneratze-lanak egiteko, Gaztediaren Etxean Udalak duen Gazteendako Argibide Bulegora jo beharko dute, eta bertan aukeratu, taulan jar daitekeen informazio guztia.

Korrespontsaliak 2010/2011ko ikasturtearen lehen hiruhilekoan jarriko dira abian, eta 2011ko maiatzaren 31n amaituko.

Bigarrena.-Hona lehiaketan parte hartzen ahal duten ikasleak: Iruñeko Udalaren mugapean kokaturik dauden ikastetxe publiko zein pribatuetan matrikulatutakoak edo bertako ikastetxe nagusietan bizi direnak, betiere ikastetxe horiek lehenagotik laguntzailetzat aintzatetsi badituzte. Baldintza hori betetzeko, ikastetxeek aurretik eskatu behar dute, Gazteei informazioa helarazteko Korrespontsalien proiektuan parte hartzeko.

Hirugarrena.-Korrespontsaliak kudeatuko dituzten berriemaile-taldeak ikastetxe laguntzaile bakoitzeko bina ikaslek osatuko dituzte, zeinak epaimahaiak hautatuko baititu, ikasleek aurkeztutako proiektuaren arabera. Aipatu proiektuan, korrespontsalia abiatzeko behar diren ondoko alderdiak zehaztu beharko dituzte: lan-ordutegiak, harrera-ordutegiak, bilerak, etab.

Laugarrena.-Proiektuak tarte bikoitza utzirik eta alde bakarretik mekanografiaturik aurkeztu behar dira. Gutxienez 2 orri izanen dituzte, eta gehienez, 6.

Bosgarrena.-Ikasleek korrespontsalia zein ikastetxetan abiatu nahi duten, bertako Zuzendaritza-bulegoan aurkeztu beharko dute proiektua, 2010eko urriaren 15eko 14:00ak baino lehen, honela aurkeztu ere:

Gutun-azal itxi batean, eta haren kanpoaldean taldearen izena, honela errotulaturik:

"Korrespontsal Berriemailea Izateko Proiektua"
Taldearen izena: ...........................................................................

Gutun-azal berean beste gutun-azal itxi bat grapatu beharko dute, behin bertan ondoko datuak sartu eta gero: taldea osatzen duten bi ikasleen izen-abizenak, helbidea, jaiotze-data eta NANen fotokopia, bai eta taldearen izena ere.

Datu pertsonalen trataeraz den bezainbatean, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aipatu legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Seigarrena.-Hona epaimahaia osatuko duten kideak:

Epaimahaiburua: Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria Alorreko Zinegotzi Delegatua.

Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Hezkuntza Zinegotzi Berezia.

Epaimahaikideak:

-Lehiaketan parte hartzen duten ikastetxe bakoitzeko irakasle bat, ikastetxeko zuzendaritzak hautatua.

-Udaleko Gazteria-teknikaria.

Idazkaria: Hezkuntza eta Gazteria alorrari atxikitako pertsona bat, izendatzeke.

Zazpigarrena.-Epaimahaiak bilera batera deitu ahalko ditu hautagaiak, bai eta aurkeztutako proiektuen informazio osagarria haiei eskatu ere. Epaimahaiak konpromisoa hartzen du epaia hamabost egun naturaleko epean emateko, deialdiaren epea amaitu eta hortik aitzina. Bestalde, esleitu gabe uzten ahalko du lehiaketa. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.

Zortzigarrena.-Saritutako taldeek ondoko konpromisoak hartzen dituzte:

Gazteei informazioa helarazteko Korrespontsaliaren proiektua abian jartzea eta 2011ko maiatzaren 31ra arte iraunaraztea, saritutako proiektuan proposatutakoarekin bat, betiere Gaztediaren Etxean Udalak duen Gazteendako Argibide Bulegoarekin koordinaturik.

Epaimahaiak emandako sariaz bezainbatean egin litzakeen egiaztapen-jarduketei orori men egitea.

Bederatzigarrena.-Saridunei saria jaso izana egiaztatzen duen diploma emanen diete, 2010/2011ko bigarren hiruhilekoan.

Halaber, ikasturte osoan zehar aritzen diren taldeek diru-sariak ezartzeke dituen deialdi publiko batean parte hartzen ahalko dute, betiere 2011. urteko udal-aurrekontuetan deialdi horretarako diru-izendapenik badago.

Hamargarrena.-Saritu gabeko lanak epaimahaiak epaia eman eta 15 egunera suntsituko dira, eta ezin izanen da inongo erreklamaziorik aurkeztu.

Hamaikagarrena.-Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriok eta lehiaketaren antolatzaileek horiek interpretatu eta aplikatzeko hartu ahal dituzten erabakiak oso-osorik onartzea.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organo berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2010eko irailaren 27an.-Lehendakaritza, Hezkuntza eta Gazteria Zinegotzi Delegatua.

Iragarkiaren kodea: L1016386