119. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

487/2010 EBAZPENA, abuztuaren 19koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Erriberriko udal mugapeko "Corraliza Baja" alderdiko mailegu proiekturako, Nafarroako Ubideko IV-2 sektorea berrantolatu eta ureztalur bihurtzeko lanetarako. Proiektua Aguacanalek sustatu du.

2010eko uztailaren 2an, espediente honen Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Erauzketa eremua La Planako hegoaldeko mugan dago, Erriberriko 1. poligonoko 33 eta 32. lurzatietan, "Erriberriko Merindadeko zereal-estepak" izeneko estepako hegaztientzako eremu garrantzitsu balio handikoan; gainera eta, horregatik, IV.5-2 sektoreko aldean dago, non bideak konpontzeko obrek egutegi mugatua baitute estepako hegaztiak babestearren.

Sustatzaileak 30.000 m² okupatzea planteatzen du, 60.000 m³ material inguru eskuratzeko. Planteatzen duen azken topografiak ez du eten topografiko handirik, malda oso etzanak dira eta, hortaz, lurrak ongi kudeatuz gero berriz landatzen ahalko dira.

Eskaerak badu eranskin bat, 2010eko maiatzaren 24an aurkeztutako Ingurumen ukipenen azterlanari gehitua, La Planako bazkalekuko hegoaldean, Erriberriko katastroko 1. poligonoko 32 eta 33. lurzatietan, mailegu baterako Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko. 2010eko ekainaren 7an, kontrako txostena eman zitzaion, "Erriberriko Merindadeko zereal-estepak" deitu estepako hegaztientzako balio handiko eremuan eta urtearen zati handi batean eremu hau baliatzen duen estepako fauna katalogatuarengan izan ditzakeen ukipenengatik.

Ingurumen ukipenetarako azterlanaren eranskinak bi alternatiba aztertzen ditu IV-5-2 sektoreko bideak konpontzeko behar diren materialak eskuratzeko. Bata, "A" deitua, hasieran proposatua, eta bestea, lurraldearen antolamenduaren hego-mendebaldean, Azkoiengo 12. poligonoko 5203. lurzatian, "B" alternatiba deitua.

Material egokirik ez dagoelako, sektore horretako gainontzeko lurzati ureztatuak baztertu egin dira.

Bi alternatibak alderatu dira, obrako ibilgailuen trafikoak hegazti katalogatuek erabiltzen dituzten azpizonaldeetan izan ditzakeen ukipenen arabera.

"A" alternatibak, Caparrosoko Corraliza Bajan aurreikusitako ureztalurraren eta IV-5-2 sektoreko L12 bidearen ondoan, aukera ematen du materialak bertan banatzeko, murriztu egiten ditu eremu sentikorretan barnako bideak eta obra-lekuak urtean zehar banatzen ahal dira; horrela, era horretako hegaztiak, azken umatze aldian edo umatze berantiarrean direla, dauden tokiak saihesten dira.

"B" alternatibak, ingurumen aldetik begiratuta, trafikoaren intentsitate handiagoa dakar Caparrosoko Corraliza Bajaren alderdian, Martzillako Las Planillas alderdiaren ondoan, non estepako hegaztiak dauden. Nekazaritzan erabili ondoren lehorrekoa izaten jarraituko du; izan ere, basoiloentzat gehien balio duen aldetik sartuko dira sektorean materialez kargatutako ibilgailuak.

Aztertu egin da estepako hegazti horietatik (basoiloa, Naumann belatza, ganga azpizuria, ganga azpibeltza, basoilo txikia, atalarra, mirotz urdina eta mirotz zuria) zenbat dauden sektorean eta zer erabilera egiten duten espezie horiek haren eremuetan. Horren gaineko informazio zehatza aurkeztu da, bai egungo ureztalurrena bai gerokoena; orobat, obretarako egutegi mugatua duen aldearena eta sektore barreneko lehorreko lurrena. Aipatu behar da mirotz zuririk ez dagoen tokietan atalarra dagoela, eta balitekeela ganga azpizuriak ugaltzeko eremua izatea sektoreko mugan, haren ipar-mendebaldean. Naumann belatzaren eta mirotz urdinaren gaineko ukipenak garrantzirik gabeak dira, ikusita zer eremu bihurtuko den ureztalur eta kontuan hartuta obren erritmoa eta plangintza.

Gainera, badaude neurri zuzentzaile batzuk maileguak hegazti horiengan ukipenik izan ez dezan; aipatzeko modukoak dira mailegua gauzatzeko egunen murrizketa, basoiloek negualdian eremua erabiltzen hasi baino lehen bukatuko baita, obra-lekuak urtean zehar banatzea eta erauzketa landare-lurraz hesitzea iparraldetik, behar den makineriaren mugimendua alde horretan ezkutatzeko.

Urtean zehar banatzeari dagokionez, bi eremu handi egin dira sektorean, bata ekialdean eta mendebaldean bestea.

Ekialdea, N-121-A errepidetik Corraliza Bajako lehorreko aldearen mendebaldean diren L-5 eta L-10 bideetaraino, non basoilo ugari dauden limurtze eta umatze garaian. Ureztalurrak dira, non basoiloak bikoteka elkartu eta banatzen diren Erriberriko eta Caparrosoko mugan eta badu alde bat, ganga azpibeltz gutxikoa. Azken hori, ureztalur bihurtu eta bertan egin diren obren ondoren, ez du aurten espezie horrek erabili. Alde horretan hasiko dira lanak, baimena eskuratzen denean, abuztu erdialdera arte.

Mendebaldea, sektoreko lehorreko lurra eta haren gainerako ureztalurrak hartzen dituena, basoiloak erabiltzen du limurtzeko, umatzeko, banatzeko eta negua igarotzeko. Gainera, intereseko lekua da ganga azpibeltzarentzat, basoilo txikiarentzat eta mirotz urdinarentzat. Eremu horretan abuztuaren 15ean hasiko da bideak konpontzen, irailaren 15a arte, ez dezaten ukipenik izan basoilo txikiaren eta basoiloaren umaldiko azken faseek eta ganga azpibeltzaren umaldiak, berantiarra bada batez ere; orobat, negualdian egoten diren basoiloei eragozpenik ez egiteko.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua betez, 2010eko uztailaren 5ean, txostenak eskatu zaizkie Erriberriko Udalari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari.

2010eko uztailaren 28an, Erriberriko Udalak aldeko txostena eman zuen, estepako hegaztiak babesteko ingurumen balioa duten lurretan kokatzen denez, eta Nafarroako Ubidearen ingurua ureztalur bihurtzeko obraren onura publikoa deklaratu zen.

2010eko abuztuaren 12an, aldeko txostena eman zuen Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Espedientea osaturik dago eta nahikoa da, eta bertan dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Erriberriko udal mugapeko "Corraliza Baja" alderdiko mailegu proiekturako, Nafarroako Ubideko IV-2 sektorea berrantolatu eta ureztalur bihurtzeko lanetarako. Sustatzailea Aguacanal da.

2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurri zuzentzaileak bete beharko dira, baita baldintza hauek ere:

-Erauzketa, ingurumen aldetik tramitatu ondoren, abuztuaren 15a baino lehen hasi behar ez denez, bai ustiatzeko bai ibilgailuak IV-5-2 sektoreko (estepako hegaztien interesekoa) eremuetan barna ibiltzeko, jarraipena eginen zaie espezie horiei; izan ere, erauzketa edo obra-lekuak gelditu egin beharko dira izan daitezkeen aldaketek eraginik baldin badute hegaztiek lurraldean duten erabileran.

-Jarraipen horren arabera jakinen da bideak urtean zehar banatuta konpondu behar diren edo ez.

-Alde horretatik, sustatzaileak Ingurumen ukipenetarako azterlanaren eranskinean proposatu duen epea laburtu denez gero, eta eremu horretako basoiloek negualdia hasten dutenean ukipenik gabeko erauzketa aldea zaintzearren, sustatzaileak aztertu egin beharko du bideragarria ote den irailaren 15a baino lehen ateratzea maileguaren material guztiak. Zenbait aukera hartu beharko dira kontuan, hala nola obra batzuk bizkortu edo aldi baterako metaketak egin sektoreko hainbat gune estrategikotatik ateratako materialekin, gero, aipatu datatik aurrera bide berrietan banatu eta zabaltzeko.

-Hori ezinezkoa bada, sustatzaileak, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalarekin harremanetan dela, erabakiko du noiz bukatu erauzketa eta noiz lehengoratu, baina 2010eko urriaren 15a baino lehen egon beharko du bukatuta eta lehengoratuta, non ez den ezinbestekoren bat edo aipatu Atalak errekerimendua egiten duen.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.200 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, haiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau sustatzaileari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Basozaintzari eta Erriberriko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abuztuaren 19an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1014307