119. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2026/2010 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, Nafarroan ibilgailu elektrikoak sustatzeko 2010erako laguntzen deialdia onesten duena. Krisiaren aurkako 23. neurria.

Nafarroako Gobernua Nafarroako ibilgailu elektrikoen plana (NIE plana) prestatzen ari da, hiru ildo estrategikotan antolatzen dena: eskariaren sustapena, industrializazioa eta I+G+B eta kargatzeko azpiegiturak eta eskari energetikoaren kudeaketa. Plan hori Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak Espainian ibilgailu elektrikoetarako onetsitako estrategia integralarekin batera koordinatuko da.

Nafarroako ibilgailu elektrikoen planaren neurrien artean, besteak beste, ibilgailu elektrikoak erosteko diru-laguntzen deialdi hau eta energia elektrikoz kargatzeko azpiegiturei eta ekintza osagarriei dagozkienak daude. Deialdi honen izaera esperimentala eta erakusgarria da, eta aukera emanen du Nafarroan ibilgailu elektrikoak ezartzeko bitarteko egokienak zein diren jakiteko.

Gainera, deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak 2008ko otsailaren 26an sinatutako lankidetzarako esparru-hitzarmenaren 2010eko ekitaldiaren barne dago; hitzarmenaren helburua da Energia Aurrezteko eta Eragimenez Erabiltzeko Estrategiaren 2008-2012 urteetarako Ekintza Planean (PAE4+) aurreikusitako jarduketak zehaztu eta abian jartzea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroan ibilgailu elektrikoak sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea 2010erako.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "Krisiaren aurkako neurria. Nafarroan ibilgailu elektrikoak sustatzeko laguntzak" izeneko 810003 81140 7800 425207 kontu-sailaren kargura.

Halaber, 2010eko ekitaldian kontu-sail horretan aurrekontu erabilgarririk bada deialdian hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzenduta, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2010eko irailaren 15ean.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

Nafarroan ibilgailu elektrikoak sustatzeko 2010erako
laguntzen oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza honen xedea da mugikortasun elektrikoa garatzen laguntzea, garraioaren sektorean eta mugikortasunaren arloan garapen iraunkor handiagoa lortzen laguntzen baitu. Horretarako, deialdi honen bidez, ibilgailu elektrikoa sustatu nahi da Nafarroan, ibilgailu elektrikoen erosketa, energia elektrikoz kargatzeko azpiegiturak eta 2010erako gainerako ekintza osagarriak bultzatuz.

2. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Jarraian adierazten diren gastu hauek jasoko dute diru-laguntza. Horiek 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egin beharko dira (ondorio horietarako, fakturatzen den eguna hartuko da erreferentziatzat). BEZa ez da diru-laguntzaren xedekotzat joko, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzen ahal badu.

1. Ibilgailu elektrikoak erostea.

1.1. Deialdi honen ondorioetarako, ibilgailu elektrikotzat hartuko dira pertsonak edo salgaiak bide publikoetan garraiatzeko kategoria hauetako ibilgailuak (2001/116/EE eta 2002/24/EE Zuzentarauen araberako kalifikazioa): motozikletak (L3e), lau gurpileko ibilgailu astunak (L7e), baimendutako gehieneko masa (BGM) 3.500 kg-tik beherakoa duten autoak eta merkataritzako ibilgailuak (M1/N1), BGM 6.500 kg-tik beherakoa duten merkataritzako ibilgailuak (N2), mikrobusak (M²) eta autobusak (M³), baldin eta teknologia hauek badituzte:

-Ibilgailu elektrikoak. Sare elektriko orokorrean kargatzen diren bateriez soilik hornitutakoak.

-Ibilgailu hibridoak, ahoka daitezkeenak. Horiek, funtzionatzeko moduen artean, trakzio elektrikoarekin bakarrik funtzionatzeko ahalmena izanen dute, eta sare elektriko orrokorrean hornituz pilatuko dute enegia baterietan. Modu elektrikoan duten autonomia 32 km-tik gorakoa izanen da.

-Autonomia handitua duten ibilgailu hibridoak. Horiek trakzio elektrikoarekin bakarrik funtzionatzeko ahalmena izanen dute, eta bateriak zenbait iturritan karga baditzakete ere, sare elektriko orokorrean soilik egiten dutenean, karga osoan, beren autonomia 32 km-tik gorakoa izanen da.

1.2. Gainera, ibilgailu horiek baldintza hauetakoren bat bete beharko dute:

a) Motozikleten kasuan, 4 kW-etik gorako potentzia izatea.

b) IDAEren ibilgailu elektrikoen MOVELE katalogoan egotea (www.idae.es web orrian eskuragarri).

c) Elektriko bihurtutako M1 autoak edo N1 merkataritzako ibilgailuak izatea, bide publikoetan erabiltzeko behar bezala legeztatuak.

d) Inportatutako bestelako ibilgailu elektrikoak izatea, bide publikoetan erabiltzeko behar bezala legeztatuak.

2. Energia elektrikoz kargatzeko azpiegiturak instalatzea.

2.1. Energia elektrikoz kargatzeko azpiegituratzat hartuko dira hala ibilgailu elektrikoek baterien sistema kargatzeko erabiltzen dituzten kargatoki pribatu eta publikoak, nola bateriak aldatzeko zerbitzuguneak. Kargatze azkartzat hartuko da 15 kW-eko potentzia elektrikoa edo handiagoa transferitzen duena.

Izan daitezkeen erabiltzaileei dagokienez, kargatzeko azpiegitura horiek hiru motatakoak izanen dira:

-Kargatoki pribatuak: sarbide murriztuko lekuetan kokatuak eta ibilgailu elektrikoen erosketari lotuak.

-Kargatoki publikoak: edozein hiritar sartu ahalko da bertan bere ibilgailua kargatzera.

-Karga azkarreko edo bateriak aldatzeko zerbitzuguneak.

2.2. Kargatzeko azpiegiturek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Erabiltzailea identifikatzeko sistema izatea, ibilgailuaren erabiltzaileak bakarrik karga dezan. Baldintza honetatik salbuetsiko dira erabilera pribatuko tokietan kokatutakoak.

b) Ibilgailuari emandako energia kontrolatu eta erregistratzea, mugikortasunerako modu berri honek dakartzan energia elektrikoaren fluxuen kudeaketa errazteko.

c) Erabiltzaileen segurtasuna bermatzea, araudi indardunean aurreikusitako beharrezko segurtasun sistemak sartuz.

d) Bateragarria edo egokitzeko modukoa izatea, ibilgailu elektriko ugarik erabil dezaten. Bereziki, konektorea Schuko eta/edo EEE izan beharko da, eta aldatzeko aukera emanen du, bestelako estandar batzuetara egokitzeko.

e) Sarbide publikoa duten kargatokiko azpiegiturek, gainera, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

i) Erabiltzailea identifikatzeko sistema izatea, ibilgailua kargatzeagatik/aparkatzeagatik (zerbitzu horregatik kobratzen bada) bitarteko elektronikoen bidez ordaindu ahal izateko.

ii) Faseko 32 ampereko karga trifasikoa izanen duen irteera eskaintzea, edo hori egiteko prestatua egotea (ekipamenduan gutxieneko aldaketa eginez).

iii) Ekintza bandalikoen aurrean babesteko sistemak izatea.

3. Ekintza osagarriak.

Ekintza osagarritzat hartuko dira ibilgailu elektrikoen eta kargatzeko azpiegituren gainean ezagutza eta balioa sortzen lagunduko dutenak, eta horiei estuki lotuta daudenak.

Ekintza horien emaitzak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren esku jarriko dira.

3. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntzaren portzentajea eta gehieneko zenbatekoa ondoko hauek izanen dira ekintza mota bakoitzerako:

1.1. Ibilgailu elektrikoak. Diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren %30, gehieneko diru-laguntza honako hau izanik:

KATEGORIA

GEHIENEKO
DIRU-LAGUNTZA

Motozikletak (L3e)

1.800 euro

Lau gurpileko ibilgailu astunak (L7e)

5.000 euro

Ibilgailu elektriko bihurtutako autoa (M1) edo merkataritzako ibilgailua (N1)

6.000 euro

Autoa / Merkataritzako ibilgailua (M1 eta N1)

10.000 euro

Mikrobusak (M²) / Merkataritzakoak < 6.500 kg (N2)

30.000 euro

Autobusak (M³)

80.000 euro

IDAEren ibilgailu elektrikoen MOVELE katalogoan dauden ibilgailuen kasuan, laguntza katalogo horretan aurreikusi moduan murriztuko da, IDAEren 2009ko ekainaren 26ko Ebazpenaren 6. oinarriaren 3. idatz-zatiari jarraikiz. Ebazpen horren bidez, ibilgailu elektrikoak erosi eta erabiltzeko IDAEren laguntza programen deialdi bakarraren oinarri arautzaileak ezarri ziren (2009ko 160. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 3koa).

1.2. Energia elektrikoz kargatzeko azpiegiturak. Hona diru-laguntza jasoko duten gastuen portzentajeak:

KARGATOKI MOTA

DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKEEN GASTUA

Pribatuak

%20

Sarbide publikokoak

%40

Sarbide publikokoak, toki entitateenak

%70

Karga azkarreko edo bateriak aldatzeko zerbitzuguneak

%70

Ikerketa zentroek sustatuak, ibilgailu elektrikoekin lotutako proiektuen esparruan

%100

Dena dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak ahalmena du portzentaje txikiagoak aplikatzeko, baldin eta aurkeztutako aurrekontuak handiegiak badira merkatuko prezio estandarrekin alderatuta.

1.3. Ekintza osagarriak. Hona diruz lagun daitezkeen gastuaren portzentajeak eta diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak:

ENTITATE MOTA

%

GEHIENEKO ZENBATEKOA

Toki entitateak

%70

14.000 euro

Zentro teknologikoak

%70

14.000 euro

Enpresak

%50

10.000 euro

4. oinarria. Onuradunak.

Diru-laguntza honen onuradun izanen dira Nafarroan 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen erroldatutako pertsona fisikoak eta Nafarroan finkatutako pertsona juridikoak, publikoak nahiz pribatuak izan, baldin eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen badituzte. Hori eskabidean dagoen "Erantzukizuneko aitorpena" aurkeztuz frogatuko da.

5. oinarria. Eskabideen aurkezpena.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2010eko azaroaren 30ean bukatuko da.

Eskabidea eta horri erantsi beharreko agiriak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña) edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutuak eta guzti) adierazita. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabideak ereduaren arabera beteko dira. Hona hemen non atzeman daitezkeen:

-Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es).

-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren Erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean).

Eredu horretan, eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak zehazten dira.

3. Eskabideak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen edo agiriak osorik ez badaude, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren bidez (www.navarra.es), okerra zuzen dezala hamabost egun balioduneko gehieneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpideak.

Hona hemen eskaerak baloratzeko irizpideak, diru-laguntza eman edo ez eman erabakitzeko:

a) Deialdiaren xedearekiko egokitasuna.

b) Proposamenaren arrazionaltasuna.

c) Ekintza osagarrien kasuan, ibilgailu elektrikoekin eta/edo kargatzeko azpiegiturekin duten lotura baloratuko da.

Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, eskaerak ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

7. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak oinarriotan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz ebaluatuko ditu eskaerak eta organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresako zuzendari nagusia da diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) eman eta argitaratuko da, eskaera aurkezten denetik gehienez 3 hilabete igaro baino lehen.

Epe horretan ebazpenik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka administrazio publikoak ez diren interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

2. Diru-laguntzaren ebazpenen jakinarazpenak, hots, diru-laguntza emateari, ukatzeari, kobratzeko eskubidea galtzeari eta ordaintzeari buruzkoak eta diru-laguntza hau emateko prozeduran ematen diren gainerakoak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) argitaratuko dira.

3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan kreditu nahikoa ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

8. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea izateko, onuradunek 5. oinarrian adierazitako lekuetan, eta 2010eko abenduaren 31 baino lehen, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, diru-laguntza eskatu duenaren izenean:

a) Inbertsioei eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriei dagozkien fakturen fotokopia.

b) Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren edo zirkulazioaren gaineko zergaren ordainagiriaren fotokopia, Foru Komunitateko udalen batek luzatu beharko duena, inbertsioa Nafarroan egin dela egiaztatzeko.

c) Ibilgailu elektriko bihurtutako M1 autoen edo N1 merkataritzako ibilgailuen kasuan, ondoko agiriak (horiek ibilgailua eraldatu duen enpresak emanen dizkio eskatzaileari):

-Garrantzizko berrikuntzen liburua (IATa pasatzeko beharrezkoa).

-IATa pasatu duela egiaztatzen duen agiria.

d) IDAEren ibilgailu elektrikoen MOVELE katalogoan agertzen ez diren ibilgailuak erosten badira, IATa pasatu dutela frogatzen duen agiria.

e) Kargatzeko azpiegituren kasuan: behar bezala betetako fitxa, IDAEk azpiegitura horiek lokalizatzeko garatutako tresnan sartzeko, edo fitxa IDAEri igorri zaiola frogatzen duen agiria. Fitxa hori Nafarroako Gobernuaren web orritik deskarga daiteke.

f) Ekintza osagarrien kasuan: egindako ikerketa edo ekintzaren emaitzak, euskarri informatikoan.

g) Diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela. Horretarako, gutxienez bi eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta hautatutako eskaintzarako arrazoiak justifikatu.

Onuraduna aurrekotik salbuetsiko da, diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile ez dagoenean edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.

2. Frogagiriak aztertuta, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

9. oinarria. Onuradunek bete beharrekoak eta ez-betetzearen ondoriozkoak.

1. Diru-laguntzen onuradunek, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, ondoko hauek ere bete beharko dituzte:

1.1. Ibilgailu elektrikoak erosten badira:

a) Ibilgailuaren jabetza 2015eko abenduaren 31 arte mantentzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak baloratuko dituen ezinbesteko kasuetan salbu.

b) Datuak eskatzen direnean ematea, ekintza osagarrietan aurreikusitako ikerketak eta lanak egin ahal izateko.

1.2. Kargatzeko azpiegiturak instalatzen badira:

a) Diruz lagundutako kargatokiak 2015eko abenduaren 31 arte mantentzea.

b) Abian jarritako kargatokien berri ematen bada edo horien publizitatea egiten bada, aipatu beharko da Nafarroako Gobernuaren eta IDAEren diru-laguntza jaso dutela, Energia Aurrezteko eta Eragimenez Erabiltzeko Estrategiako 2008-2012 urteetako PAE4+ Ekintza Planaren barnean. Horien berri bitarteko grafikoen bidez ematen bada, Nafarroako Gobernuaren eta IDAEren logotipoak erantsiko dira, bai eta "Aurreztu energia" logo-marka. Horiek Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak emanen ditu.

c) Erabilera pribatuko azpiegituren kasuan, horiekin zuzenean lotutako ibilgailu elektrikoak izateko konpromisoa hartu beharko dute, 2010eko azaroaren 30a baino lehen, eta 2015eko abenduaren 31 arte mantendu beharko dute.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezean, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. oinarria. Laguntzen "de minimis" izaera.

Deialdi honen onuradunak enpresak badira, laguntzek "de minimis" izaera izanen dute, Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduan, Itunaren 87. eta 88. artikuluen aplikazioari buruzkoan, aurreikusitakoaren arabera.

Erregelamendu horrekin bat, diru-laguntza honen zenbatekoa, enpresak hiru zergalditan "de minimis" kontzeptuagatik harturikoak baturik, gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, 100.000 eurokoa errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresentzat, edo 7.500 eurokoa Europako Erkidegoa osatu zuen Itunaren I. eranskineko zerrendan ageri diren produktuak ekoizten diharduten enpresentzat.

11. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honen diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondasun edo jarduera beretarako ematen dituen diru-laguntzekin.

Beste administrazio publiko batzuen edo entitate publiko edo pribatuen diru-laguntzarik bada, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

12. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauexek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1015278