119. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

270/2010 FORU AGINDUA, abuztuaren 26koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, genero indarkeriaren biktimentzako gizarte larrialdiko laguntzak onesten dituena.

Foru agindu honen xedea da gizarte larrialdian diren genero indarkeriaren biktimei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea.

Indarkeria Sexistaren Aurkako Neurri Integralak Hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legearen 19. artikuluak eta foru lege hori garatzeko erregelamendua onesten duen otsailaren 26ko 16/2007 Foru Dekretuaren 28. artikuluak larrialdiko laguntzak badirela ezartzen dute, eta Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak laguntza horiei prestazio bermatuen izaera ematen die.

Foru agindu honen bidez, oinarrizko premia zehatzei aurre egiteko baliabide ekonomikorik ez duten eta arrisku pertsonal larrian dauden genero indarkeriaren biktimek diru-laguntza jasotzen ahalko dute, egoera horri irtenbide azkarra eta zehatza emateko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, haiek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. 2. artikuluak dioenez, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legean aipatu eta Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan bermatutzat jotzen diren prestazio ekonomikoak, pertsona fisikoen edo familien bizi premiak asetzeko xedea dutenak, ez dira laguntzatzat hartuko.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, laguntzak ematea egokia eta onura publikokoa dela, eta honako foru agindu hau legezkoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da arrisku pertsonal larrian dauden eta oinarrizko premia zehatzei aurre egiteko baliabide ekonomikorik ez duten genero indarkeriaren biktimei larrialdiko diru-laguntza emateko araubidea ezartzea.

2. artikulua. Onuradunak.

Foru agindu honetako laguntzak eskatzen ahalko dituzte eskaera egiteko unean honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek:

a) Genero indarkeriaren biktima izatea.

b) Arrisku pertsonal larrian egotea.

c) Oinarrizko premia zehatzei aurre egiteko baliabide ekonomikorik ez izatea.

3. artikulua. Genero indarkeriaren biktima izatea.

Foru agindu honen ondorioetarako, genero indarkeriaren biktimatzat jotzen dira indarkeria ekintzaren bat edo erasoren bat pairatzen duten pertsona guztiak, Indarkeria Sexistaren Aurkako Neurri Integralak Hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legearen 1. artikuluko bigarren idatz-zatiari jarraikiz.

4. artikulua. Arrisku pertsonala.

Arrisku pertsonal larria dagoela ulertzen da genero indarkeriaren biktimaren osotasun fisiko edo psikologikorako arriskua dagoenean, erasotzaileak zuzenean edo zeharka gauzatua, eta, ondorioz, biktimak ohiko etxebizitza utzi behar duenean eta hura, aldi baterako, oinarrizko premiei aurre egiteko baliabiderik gabe uzten duenean.

5. artikulua. Oinarrizko premiak.

Laguntzak honako hauen oinarrizko premiak estaliko ditu: pertsona eskatzailearenak, haren seme-alaba adingabeenak edo hark tutoretzapean, kuradoretzapean, zaintzapean edo harreran dituen pertsonena, bai eta harekin bizi eta haren kargura dauden ahaideena ere (bigarren gradura arteko odol edo ezkontza ahaidetasuna).

Honako hauek joko dira oinarrizko premiatzat:

a) Ostatua. Ohiko etxebizitza utzi eta bizitoki alternatibo batean sartu arte igarotzen den denbora-tarte laburrari dagozkion ostatu gastuak estaliko dira.

b) Garraioa. Bizitoki berrira joateko beharrezko gastuak estaliko dira.

c) Elikadura. Ostatuko larrialdiko laguntza jaso bitarteko edo bizitoki berrira iritsi arteko beharrezko gastuak estaliko dira.

d) Osasuna. Berehala erosi behar diren eta medikuaren errezeta eskatzen duten edo ez duten botikak eta parafarmaziako botikak erosteko gastuak estaliko dira, betiere horiek ez erosteak biktimaren osasunerako edo ongizaterako kalte larria edo osatu ezina eragiten badu; horrela jokatuko da ostatuko larrialdiko laguntza jaso bitartean edo bizitoki berrira iritsi artean.

e) Jantziak. Beharrezko gastu premiazkoak estaliko dira, ostatuko larrialdiko laguntza jaso bitartean edo bizitoki berrira iritsi artean.

f) Higienea. Norberaren higienerako beharrezko gastuak estaliko dira, ostatuko larrialdiko laguntza jaso bitartean edo bizitoki berrira iritsi artean.

6. artikulua. Baliabide ekonomikorik eza.

Eskatzaileak baliabide ekonomikorik ez duela ulertuko da, haren diru-sarrerak eta/edo ondarea alde batera utzita, laguntza eskatzeko unean horiek eskuratzerik ez badu.

7. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoak behar diren gastu guztiak estaltzen ahalko ditu, baliabide ekonomikorik gabeko egoerak dirauen bitartean; halakotzat hartuko dira kasuaren inguruabarrei begira arrazoizkoak diren gastuak.

Laguntza kudeatzen duen unitateak uneoro eskatzen ahalko ditu egindako gastuaren edozein kontzepturi buruzko argibideak.

Eskatzaile bakoitzak behin baino ezin izanen du laguntza jaso, salbu eta pairatzen ari den genero indarkeriaren egoera aurreko arrisku egoera sortu zuen pertsonak ez beste batek sortzen badu.

8. artikulua. Familiako erantzukizunak.

1. Familiako erantzukizunak eskaera egitean izan behar dira.

2. Ez dira kargupekotzat joko urtero ezarritako lanbidearteko gutxieneko soldata gainditzen duten edozein motatako errentak dituzten ahaideak.

Dena dela, bizikidetza dagoela ulertuko da, baita ere, genero indarkeriaren ondorioz hura etenda dagoenean.

3. Ez da bizikidetza baldintza bete beharrik izanen elikagaien betebeharra ezartzen duen hitzarmen edo ebazpen judiziala dagoenean.

9. artikulua. Laguntza ematea.

Laguntza berehala ordainduko zaio eskatzaileari, behin premiazko egoera baloratzen duenean Nafarroako Foru Komunitateko entitate hauetako batek:

a) Oinarrizko gizarte zerbitzuak.

b) Genero indarkeriako biktimak hartzeko baliabideak.

c) Genero indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko taldeak.

d) Emakumeari laguntzeko udal zerbitzuak.

10. artikulua. Itzultzeko eskaera eta agiriak.

1. Entitateak, ordainketa egin eta gero, hura itzultzeko eskatzen ahalko dio Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

Behin ordainketa itzultzeko eskatuta eta laguntzarako premia justifikatuta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko unitate kudeatzailearen aurrean, foru agindu honetan ezarritakoari jarraikiz, unitate kudeatzaileak laguntza onetsiko du eta hura itzuliko dio ordainketa egin duen entitateari.

2. Itzultzeko eskaera eskabide orokorra betez eginen da eta laguntzaren unitate kudeatzaileari zuzenduko zaio.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Interesdunak sinatutako eskabidea, datu pertsonalak biltzen dituena.

b) Onuradunaren NANaren fotokopia. Nazionalitate espainiarra ez duten pertsonek pasaportearen edo AIZren fotokopia aurkeztu beharko dute.

c) Eskatzaileak familiako erantzukizunak dituela adierazten badu:

1. Haren kargupean dauden ahaideen edo tutoretzapean, kuradoretzapean, zaintzapean edo harreran dituen pertsonen NANaren fotokopia. Horiek nazionalitate espainiarra ez badute, pasaportearen edo AIZren fotokopia.

2. Familia liburuaren fotokopia, NANa edukitzeko beharrik ez duten adingabeen kasuan.

d) Laguntza ordaindu duen entitatearen txosten teknikoa, eskatzailea genero indarkeriaren biktima dela, arrisku pertsonal larrian dagoela eta baliabide ekonomikorik ez duela adierazten duena, foru agindu honen 3., 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Egindako gastuaren frogagiriak. Gastua justifikatuko da gastuen jatorrizko fakturen edo dagozkien ordainagirien bidez.

3. Aurkeztutako agiri guztiek jatorrizkoak edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopiak beharko dute izan.

11. artikulua. Itzultzeko eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan.

Eskaerak betetzen ez baditu eskatutako baldintzak, edo aurkeztutako dokumentazioan gabeziak, akatsak edo kontraesanak antzematen badira, laguntza ordaindu duen entitateari eskatuko zaio 15 eguneko epean hori zuzen dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko dela, ebazpena eman ondotik.

12. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Koordinazio eta Lankidetza Zerbitzuko Oinarrizko Laguntzaren Atala izanen da.

13. artikulua. Prozedura ebaztea.

1. Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzen eskaerak banan-banan ebaluatuko dira. Eskaerak aurkeztu ahala tramitatu eta ebatziko dira espedienteak.

2. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak, instrukzio organoak egindako proposamena ikusirik, ebazpena emanen du deialdi honen xede den laguntza ematearen eta hura ordaindu duen entitateari ordaindutakoa itzultzearen gainean.

3. Ebazpen espresa eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko erregistroan sartzen den egunetik hasita.

Aurreko ataleko epea igarotzen bada ebazpen espresik jakinarazi gabe, entitateak ondorioztatzen ahalko du eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsi dela.

4. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiaren ebazpenak ez du administrazio bidea amaituko, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

14. artikulua. Itzulketa egitea.

Dirua aurreratu duen entitateak eskaerarekin batera adierazi beharreko banku-kontuan itzuliko da emandako laguntza, diru-sarrera bakar batean. Kontuak entitatearen titulartasunekoa izan behar du.

Lehen xedapen gehigarria.-Salbuespenak.

Eskatzaileak edo haren kargupeko ahaideek, arrazoiak justifikatuta, 10. artikuluaren 2.b eta 2.c ataletan adierazitako agiriak aurkezterik ez badu/badute, laguntza ordaintzen ahalko da, eta hura itzultzeko eskatzen ahalko. Inguruabar hori espedientean jaso beharko da.

Bigarren xedapen gehigarria.-Hitzarmenak.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak lankidetza hitzarmenak sinatzen ahalko ditu 9. artikuluan aipatutako baldintzak betetzen dituen/dituzten entitate batekin edo gehiagorekin, foru agindu honek arautzen dituen laguntzak genero indarkeriaren ondoriozko gizarte larrialdian diren pertsonek jasotzea bermatze aldera.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Subsidiariotasuna.

Foru agindu honetan araututako laguntza indarreko legerian genero indarkeriaren biktimentzako aurreikusitako bestelako baliabide eta prestazio sozial-ekonomikoen laguntza osagarria eta subsidiarioa da; horiek eskaera egin aurretik osorik gauzatu beharko dira.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko abuztuaren 26an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Baliabide ekonomikorik eza eta lanpostu bat erdiesteko
zailtasun bereziak dituztela frogatzen duten genero indarkeriaren
biktimentzako diru-laguntza eskabidea

1. Eskatzailearen datuak:

Izen-deiturak:

NAN/AIZ:

Jaioteguna:

Helbidea:

Udalerria:

Posta kodea:

Probintzia:

Harremanetarako telefonoa:

2. Familiako erantzukizunak:

AHAIDETASUNA

IFZ/AIZ

IZEN-DEITURAK

JAIOTEGUNA

MINUSBALIOTASUN MAILA

DIRU-SARRERAK HILERO

Eskatzaileak,

Bere erantzukizunpean adierazten du eskatutako laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituela eta eskabide honetan adierazitako datuak egiazkoak direla.

Baimena ematen dio jarraian adierazten den entitateari, eskabidea haren izenean aurkezteko: ...............

Aitortutako datuei buruzko kontsultak egiteko eta horiek beste administrazio publiko batzuei emateko baimena ematen du, laguntzaren kudeaketa kontrolatzeko.

Agiri hauek aurkeztu ditu (X bat jarri).

[ ] Nortasun agiri nazionalaren fotokopia. Nazionalitate espainiarra ez duten pertsonek, haren ordez, pasaportearen, egoitza baimenaren eta lan baimenaren fotokopia aurkeztu beharko dituzte.

[ ] Genero indarkeriaren biktima dela frogatzen duen agiria, foru aginduaren 3.a) artikuluan adierazi bezala.

[ ] Eskatzaileak familiako erantzukizunak dituela adierazten badu:

  • [ ] Bere kargura dituen ahaideen nortasun agiri nazionalaren fotokopia, nortasun agiria eduki behar badute, edo pasaportearen fotokopia, nazionalitate espainiarra ez badute.
  • [ ] Familia Liburuaren fotokopia.
  • [ ] Kargura dituen ahaideekin bizi ez bada, elikagaien betebeharra ezartzen duen hitzarmenaren edo ebazpen judizialaren fotokopia.
  • [ ] Eskatzaileak bere kargura etxean hartutako adingabeak baditu, harrera judizialaren edo administratiboaren agiria.

[ ] Ez du agiririk aurkezten, genero indarkeriaren ondoriozko larrialdi egoerak uzten ez diolako.

Gizarte larrialdian diren genero indarkeriaren biktimentzako diru-laguntza emateko eskatzen du.

..........................................(e)n, ............eko ..............aren ....(e)an.
Stua.:

5/1999 Lege Organikoaren 5. artikulua betetzeko, aditzera ematen da eskabide honetan azaltzen ahal diren datu pertsonalak datu pertsonalen fitxategi batean sartu, eta Nafarroako Gobernuak tratatuko dituela, eskatutako laguntza kudeatze aldera.

Emandako datu pertsonalak hirugarrenei ematen ahalko zaizkie, hala behar izanez gero eskatutako laguntzaren kudeaketa garatu, bete edo kontrolatzeko.

Nork bere datu pertsonalak kontsultatu, zuzendu edo, kasua bada, deuseztatzen ahalko ditu, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan (fitxategiaz arduratzen den organoa).

Eskaeran eskatzailea ez beste pertsona fisiko bati buruzko datu pertsonalak sartu behar izanez gero, halaxe jakinaraziko zaie lehenik.

TOKI ENTITATEENTZAKO KOORDINAZIO ETA LANKIDETZA ZERBITZUKO ZUZENDARI ANDREA

Iragarkiaren kodea: F1014410