119. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEITZA

Ordenantza, Leitzan hileta zibilak baimentzeko eta egiteko.
Behin betiko onespena

Leitzako Udalak, 2010eko uztailaren 9an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Leitzan hileta zibilak baimentzeko eta egiteko ordenantza.

Erabaki hau abuztuaren 2an argitaratu zen, 2010eko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Epe hori iragandakoan eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez dituenez, behin betikoz onetsirik gelditu da aipatu ordenantzen aldaketa, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman dion idazketaren ariora.

Leitzan, 2010eko irailaren 21ean.-Alkatea, Javier Zabalo Betelu.

ORDENANTZA, LEITZAN HILETA ZIBILAK
BAIMENTZEKO ETA EGITEKO

ATARIKOA

Administrazio Publikoek, entitate demokratikoak diren neurrian, erlijioarekiko jokabide neutrala bermatu behar dute, eta beren egintza guztietan herritar guztien askatasun ideologikoa, erlijiosoa eta gurtzari dagokiona ziurtatu.

Era berean, gizarte ororen funtsezko eta berezko ezaugarria da aniztasun ideologikoa eta erlijiosoa; ohitura eta ekintza sozialetan etengabe aldatzen ari den aniztasuna, hain zuen ere.

Erlijiorik gabe bizitzea hautatu zuten herritarrei zeremonia duin eta pertsonala eskaini beharrak eraginda sortu dira hileta zibilak, hildako horiek bizitza ulertzen zuten moduarekin bat etorriz.

Gure gizartean dauden erlijioek ekitaldi liturgikoetan beren hildakoak agurtzeko beren tokiak eta tenpluak dituzten bezala, Leitzako Udalaren nahia da herritarrek gero eta gehiago eskatzen duten behar sozial bati erantzutea, hileta zibil hauek udal egoitzetan behar bezala egiteko azpiegitura eskainiz.

Beraz, ordenantza honen xedea honakoa da: gure herriko gizarte zibila osatzen duten familiarteko, lagun eta hainbat erakunde eta entitatek beren hildakoei lokal publikoetan agurra edo omenaldia egiteko baimena arautzea.

I. kapitulua

Prozeduraren hasiera

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Leitzako udalerrian hileta zibiletarako egoitzen erabilera eta horri dagozkion baimenak arautzea; soilik udalerri honetan erroldatutako herritarrei eta lehen mailako odolkidetasunerainoko haien senideei aplikatu ahalko zaie.

2. artikulua. Alkateak edo haren ordezko zinegotziak edo funtzionarioak eman dezakete hileta zibiletarako erreserbatutako tokiak erabiltzeko baimena; aldez aurretik, eskaera egin duen familiartekoak edo pertsonak dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du Leitzako Udal Erregistroan.

3. artikulua. Alkateari zuzenduta aurkeztuko dira hileta zibilak egiteko baimen eskaerak, Leitzako Udalean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean araututako bideetako edozein baliatuz.

Hileta zibilak egiteko eskaerak berehalakotasun printzipioaren arabera tramitatuko dira, unean uneko egoerak eskatzen duen moduan, eta pertsona eskudunari bidaliko zaizkio, haien gainean erabaki dezan.

4. artikulua. Egindako eskaerei agiri hauek erantsi behar zaizkie:

a) Ospakizunaren eskatzailearen izen-deiturak eta helbidea.

b) Hildakoaren izen-deiturak.

c) Heriotzaren ziurtagiria.

d) Hileta zibilerako lehenetsitako eguna eta ordua.

e) Leitzako Udalak, ahal duen neurrian, kontuan hartuko du eskatzaileen lehentasuna egunari eta orduari dagokionez; betiere, aurkezpen-ordenari jarraituz.

Ordena hori alda liteke, betiere aparteko egoeratan eta aldaketa arrazoitua izanez gero.

f) Eskabidea zein toki eta egunetan aurkezten den.

g) Eskatzailearen sinadura, eta bere nortasunaren benetakotasuna egiaztatuko duen edozein agiri.

h) Eskaerarekin batera, udal eraikinak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalak ezarritako aldez aurreko ordainketaren ordainagiria aurkeztu beharko da.

i) Ekitaldiaren azalpen laburra, eta erabiliko den materiala.

5. artikulua. Eskaera zuzentzea eta hobetzea. Eskaerak ez baditu 4. artikuluak ezarritako baldintzak betetzen, interesatuari lehenbailehen jakinaraziko zaio, aurretik edo ondoren okerrak zuzendu edo behar diren agiriak zuzendu edo osatu ditzan.

II. kapitulua

Instrukzioa

6. artikulua. Alkateak edo zinegotzi nahiz funtzionario eskuordeak finkatuko ditu hileta zibilerako eguna eta ordua, aldez aurretik espedientea abiatuta.

Eskaerak zein ordenatan aurkeztu diren kontuan hartuko da, eta, ahal den neurrian, eskatzaile bakoitzak adierazitako lehentasunen ordena errespetatuko da. Gerta liteke eskaeren aurkezpen-ordena ez errespetatzea, betiere aparteko eta urgentziazko arrazoi objektiboak egonez gero. Nolanahi ere, aparteko eta urgentziazko behar hori behar bezain justifikatua izan beharko du, eta haien eskubidean kaltetuta gertatu direnei entzun egin beharko zaie.

7. artikulua. Eskaera ikusita, alkateak edo zinegotzi nahiz funtzionario eskuordeak erabakiko du hileta zibila egiteko zer udal egoitza erabiliko den. Oro har, Leitzako Udaletxeko osoko bilkurako aretoa izanen da. Aparteko egoeratan, beste egoitza batzuk erabiltzeko baimena eman ahalko da.

8. artikulua. Hileta zibilak astelehenetik igandera eginen dira, eta beharrezkoak diren udal-baliabideak prestatuko dira horretarako.

9. artikulua. Hileta zibiletarako ordutegia 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izanen da. Ospakizuna ez da hirurogei minututik gorakoa izanen.

10. artikulua. Hileta zibilaren ospakizunean Leitzako udaleko funtzionario bat edo lan-kontratua duen langile bat joanen da, eta ospakizunak irauten duen bitartean bertan izanen da ekintzaren garapena bermatzeko.

III. kapitulua

Eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua. Aretoaren egoera behar bezalakoa izan dadin, ospakizunean parte hartzen dutenek ez dute deus eginen barrenean Udalaren aretoari kalte egin diezaiokeenik.

12. artikulua. Ekitaldiaren handitasunak eskatzen duen modukoa izanen da aretoa. Hala ere, familiartekoek edo adiskideek modu berezian apaindu edo egokitu nahi badute, Udaleko arduradunari garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta interesdunaren kontura izanen dira arrazoi hori dela-eta sortzen diren gastu guztiak. Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia ospatzeko zerbitzu osagarriez. Dena dela, Leitzako Udalak zerbitzu horiek ikuskatuko ditu.

13. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Udaleko arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

Xedapen iragankorra

Beste egoitzarik prestatzen ez den bitartean, hileta zibilak Udaletxeko osoko bilkuretako aretoan eginen dira. Ezin da gorpua bertan dela ospakizuna egin, baina errautsen kutxatilak bertara ekartzea baimenduta egonen da.

Azken xedapena

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta espres aldatu edo indargabetzen den arte jarraituko du indarrean; horretarako, Leitzako Udalaren Osoko Bilkuraren akordioa beharko da.

ERANSKINA

Zerbitzua erabiltzeko tasak:

a) Udalean erroldatutakoak: 50 euro.

b) Udalean erroldatuta ez daudenak: 100 euro.

Iragarkiaren kodea: L1015573