119. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FONTELLAS

Eremu publikoa ostalaritzarako erabiltzea arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Fontellasko Udalak, 2010eko ekainaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eremu publikoa ostalaritzarako erabiltzea arautzen duen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza onetsia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2010eko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, abuztuaren 6an, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betikoz onetsirik gelditu da, eta testua osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Fontellasen, 2010eko irailaren 16an.-Alkatea, Andrés Agorreta Arriazu.

ORDENANTZA FISKALA, TOKIKO EREMU PUBLIKOA OSTALARITZAKO ERABILTZEA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da erabilera publikoko lurzorua okupatzea mahai, aulki eta ostalaritzarako erabiltzen diren bestelakoen bidez (tabernetako terrazak).

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean edo eskatzean sortzen da, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da edozein kasutan.

Udalaren nahitaezko lizentziarik edo baimenik aurretik izan gabe erabilera edo aprobetxamendua hasten bada, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa pagatzeak ez ditu izandako erabilera edo aprobetxamenduak legeztatuko eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

Ordenantza honen xede den erabilera edo aprobetxamenduak tasa aldizka sortzea eskatzen badu, tasa urtero sorraraziko da, urtarrilaren 1ean, eta zergaldiak urte naturala hartuko du.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta, toki entitateko jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria, gehienetan, zehaztuko da aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako eremu publikoaren luze-zabalaren arabera. Toki entitateko organo eskudunak finkatuko ditu, urtero, tasak eta tarifak.

Hasieran, honela ezarriko dira: 9 euro metro koadro okupatu bakoitzeko, gehienez ere 5 hilabete jarraituan, urte naturalaren barruan. Okupazioa 5 hilabete horiek baino handiagoa edo txikiagoa denean, okupazio horren iraupenaren arabera kalkulatuko da tarifa.

7. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean herriko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, horiek zenbakietara ekartzeko Udalaren irizpen teknikoaren ondotik.

8. artikulua. Udalak jabari publikoa okupatzeko baimena bere osotasunean balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake arrazoi bidezko, obra, konponketa eta abarrik badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala itzultzea bertze beharkizunik ez du izanen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.-Ordenantza fiskal orokor hau edo toki entitate honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren tramite berdinak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztietan xedatzen direnak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Iragarkiaren kodea: L1015259