Iragarkia
117. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
333/2010 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, "Autoak eta ibilgailu astunak puntuan jartzeko 2010eko plana" izeneko krisiaren aurkako neurriari dagozkion diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak aldatzen dituena.
Garraioetako zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 178/2010 Ebazpenaren bidez, "Autoak eta ibilgailu astunak puntuan jartzeko 2010eko plana" izeneko krisiaren aurkako neurriari dagozkion diru-laguntzetarako deialdia onetsi zen. Deialdia 2010eko 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 4an.
Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak proposatu du alda daitezela deialdi hori arautzen duten oinarriak, eskaeren tramitazioa azkartze aldera, entitate laguntzaileei eta laguntzen onuradunei begira, bai eta diru-laguntzok kudeatzeko entitate laguntzaile gisa aitortzeko aukera emateko ere zenbait konponketa tailerri, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko elektrizitate eta mekanikako erregistro bereziaren edo pneumatikoen konponketako erregistro bereziaren zenbakia aipatutako deialdia argitaratu ondotik lortzen dutenei, hain zuzen. Ildo horretan, entitate laguntzaile gisa atxikitzeko eskaerak aurkezteko epea luzatzen da.
Horrenbestez, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren 28. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Garraioetako zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 178/2010 Ebazpenaren bidez onetsitako "Autoak eta ibilgailu astunak puntuan jartzeko 2010eko plana" izeneko krisiaren aurkako neurriari dagozkion diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak aldatzea. Horien idazketa berria ebazpen honen I. eranskinean jaso da.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Adieraztea ebazpen honen aurka, ez baitu bide administratiboa amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2010eko irailaren 21ean.-Garraioetako zuzendari nagusia, Susana Labiano Bastero.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak, "Autoak eta ibilgailu astunak puntuan
jartzeko 2010eko plana" izeneko krisiaren aurkako neurriari
dagozkion diru-laguntzak emateko
1. oinarria.-Xedea.
Ibilgailuen segurtasuna hobetzea eta krisiak garraioaren sektorean duen eragina murriztea, ingurumenean eragin positiboa izatea eta ibilgailuak konpontzen eta piezak fabrikatzen diharduten enpresetako lanpostuei eustea dira "Autoak eta ibilgailu astunak puntuan jartzeko 2010eko plana" izeneko krisiaren aurkako neurrirako diru-laguntzen helburua.
2. oinarria.-Diru-laguntza har dezaketen elementuak eta haien zenbatekoa.
1. Deialdi honen ondorioetarako, konponketatzat hartuko da eta diru-laguntza jasotzen ahalko dute honako elementu hauetako batekin zerikusia duten ordezko atal hauek bakarrik:
1.1. Segurtasun aktiboko mekanismoak:
a) Balaztak.
b) Direkzioa.
c) Suspentsioak.
d) Motelgailuak.
e) Ardatzak.
f) Argiztapena.
g) Gurpil zorro eta uztaiak.
1.2. Segurtasun pasiboko mekanismoak:
a) Uhalak.
b) Aire poltsak.
1.3. Igorpen mekanismoak:
a) Gasak igortzeko sistemak.
b) Katalizagailuak.
2. 2001/116/EE Zuzentarauan ezarritako kategoria hauetako ibilgailuak konpontzeko ordezko piezetarako bakarrik emanen dira diru-laguntzak:
2.1. M kategoria: bidaiariak eramateko diseinatu eta fabrikatutako ibilgailu motordunak, lau gurpilekoak gutxienez ere.
a) M1 kategoria: bidaiariak eramateko diseinatu eta fabrikatutako ibilgailuak, 8 eserlekukoak gehienez ere (gidariarena kanpo).
b) M2 kategoria: bidaiariak eramateko diseinatu eta fabrikatutako ibilgailuak, 8 eserlekutik gorakoak (gidariarena kanpo), gehieneko masa 5 tonatik gorakoa ez bada.
c) M3 kategoria: bidaiariak eramateko diseinatu eta fabrikatutako ibilgailuak, 8 eserlekutik gorakoak (gidariarena kanpo), gehieneko masa 5 tonatik gorakoa bada.
2.2. N kategoria: salgaiak garraiatzeko diseinatu eta fabrikatutako ibilgailu motordunak, lau gurpilekoak gutxienez ere.
a) N1 kategoria: salgaiak garraiatzeko diseinatu eta fabrikatutako ibilgailuak, haien gehieneko masa 3,5 tonatik gorakoa ez bada.
b) N2 kategoria: salgaiak garraiatzeko diseinatu eta fabrikatutako ibilgailuak, haien gehieneko masa 3,5 tonatik gorakoa eta 12 tonatik beherakoa bada.
c) N3 kategoria: salgaiak garraiatzeko diseinatu eta fabrikatutako ibilgailuak, haien gehieneko masa 12 tonatik gorakoa bada.
2.3. O kategoria: atoiak (erdiatoiak barne).
a) O1 kategoria: gehieneko masa 0,75 tonatik beherakoa duten atoiak.
b) O2 kategoria: gehieneko masa 0,75 tonatik gorakoa eta 3,5 tonatik beherakoa duten atoiak.
c) O3 kategoria: gehieneko masa 3,5 tonatik gorakoa eta 10 tonatik beherakoa duten atoiak.
d) O4 kategoria: gehieneko masa 10 tonatik gorakoa duten atoiak.
3. Laguntzak zenbateko hauetakoak izanen dira:
3.1. M1, N1 eta 01 kategorietako ibilgailuak: oinarri arautzaile honen 1. atalean aipatu ordezko piezen zenbatekoaren %15; 100 euro arte ibilgailu bakoitzeko.
3.2. M2, M3, N2, N3, O2, O3 eta O4 kategorietako ibilgailuak: oinarri arautzaile honen 1. atalean aipatu ordezko piezen zenbatekoaren %15; 150 euro arte ibilgailu bakoitzeko.
4. Gehienez ere, eskaera hauek izanen dute diru-laguntza:
4.1. Deialdi honen 3. oinarriko 1.1 atalean sartutako onuradunak: ibilgailu bat.
4.2. Deialdi honen 3. oinarriko 1.2 atalean sartutako onuradunak: 3 ibilgailu.
4.3. Deialdi honen 3. oinarriko 1.3 atalean sartutako onuradunak: 5 ibilgailu.
5. Deialdi honetako laguntzak konponketa bakar baterako izanen dira ibilgailu bakoitzeko, eta ordainagiri bakar baten bidez frogatu beharko da.
6. Diru-laguntzatik baztertzeko arrazoiak:
6.1. Ez da inoiz diru-laguntzarik emanen bermea edo asegururen baten babesa duten elementuak ordezteko.
6.2. Orobat, ezin dira laguntza hauen onuradun izan entitate laguntzaile gisa onartuta dauden tailerrak.
7. "Autoak eta ibilgailu astunak puntuan jartzeko 2010eko plana" izeneko krisiaren aurkako neurriaren babesa izan dezakete 2010eko ekainaren 22tik deialdia amaitu arte egiten diren konponketek. Ondorio horietarako, fakturazio eguna izanen da konponketaren eguna.
3. oinarria.-Onuradunek bete beharreko baldintzak.
1. "Autoak eta ibilgailu astunak puntuan jartzeko 2010eko plana" izeneko krisiaren aurkako neurriaren laguntzen onuradun izaten ahal dira honako hauek:
1.1. Pertsona fisikoak, adinez nagusiak badira eta bizilekua Nafarroan badute. Baldintzak betetzen direla frogatzeko, NANaren edo AIZren kopia aurkeztu beharko dute eta, NANean edo AIZn adierazten ez bada bizilekua Nafarroan dutela, Nafarroan 2010eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik bizi direla egiaztatzen duen erroldaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute.
1.2. Nafarroan diharduten profesional autonomoak. Hori frogatzeko, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren azken ordainagiriaren kopia aurkeztuko dute edo, ordainagiririk igorri ez bazaie, zerga horren erregistroan alta emanda egotearen frogagiria.
1.3. Nafarroan diharduten mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak), baldintza hauek betetzen badituzte:
a) 250 langiletik behera izatea.
b) Urteroko negozioaren bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea eta urteroko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
c) Beste enpresa batzuetan parte ez hartzea eta beste enpresa batzuek bertan parte ez hartzea, Batzordeak 2008ko abuztuaren 6an eman 800/2008 EE Erregelamenduaren 1. eranskinean xedatutakoarekin bat.
Puntu honetan adierazitako irizpideek diru-laguntza eskatu aurretik itxitako azken kontabilitate ekitaldikoak izan beharko dute. Deialdi hau argitaratzen denean, enpresak ez badu ekitaldirik itxi, laguntza eman eginen da baldin eta itxialdiko lehen datan aipatu mugak betetzen baditu.
1.3 ataleko baldintzak honako hauek aurkeztuz frogatuko dira: jarduera ekonomikoen gaineko zergaren azken ordainagiriaren kopia eta enpresa txiki edo ertaina dela dioen erantzukizuneko aitorpenarena, eskabideari erantsia.
2. Onuradunek ordainduta izan beharko dituzte zein ibilgailutarako eskatzen duten laguntza haietako bakoitzeko zirkulazio zerga eta nahitaezko asegurua. Hori eskabidearekin batean doan erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da. Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak eskatzaileari eskatzen ahalko dio, edozein unetan, baldintza hori betetzen duela frogatzen duen dokumentazioa.
3. Zein ibilgailutarako eskatzen den laguntza, haien tilularrak izan beharko dute onuradunek, eta ibilgailu horien zirkulazio baimenak Nafarroan aterata egon beharko du. Hori frogatzeko, agiriaren kopia aurkeztuko da.
4. Eskatzaileek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren baldintza orokorrak bete beharko dituzte. Hori eskabidearekin batean doan erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da.
4. oinarria.-Entitate laguntzaileak: baldintzak eta atxikipen prozedura.
"Autoak eta ibilgailu astunak puntuan jartzeko 2010eko plana" izeneko krisiaren aurkako neurrirako diru-laguntzak kudeatzen, entitate laguntzaile gisa aritzen ahalko dira ibilgailuak Nafarroan irekitako establezimendu batean konpontzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen badituzte eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko elektrizitate eta mekanikako erregistro bereziaren zenbakia badute, eta deialdiaren 2. oinarriko 3.2 atalean aipatutako ibilgailuen kasuan, aipatutako departamentuko pneumatikoen konponketako erregistro bereziarena.
Entitate laguntzaile gisa atxikitzeko dokumentua, horretarako prestatutako inprimaki normalizatuen bidez tramitatuko da. Inprimaki horiek Nafarroako Gobernuaren web orrian eta Ibilgailuak Konpontzeko Nafarroako Tailerren Elkartean (ANTRV) eskuratzen ahalko dira.
Konponketa tailerrak atxikitze agiria inprimatu beharko du eta, sinatu ondotik, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko erregistroan aurkeztuko du (San Ignazio etorbidea, 3; 31001 Iruña) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean. Agiri hori deialdiaren indarraldi osoan aurkezten ahalko da.
Atxikipen agiriari sinatzailearen NANaren edo AIZren kopia erantsi beharko zaio, baita jarduera ekonomikoen gaineko zergaren azken ordainagiriaren kopia (691.2 epigrafea) eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren ziurtagiriarena ere, non adieraziko baita baduela elektrizitate eta mekanikako erregistro bereziaren zenbakia, edo pneumatikoen konponketako erregistro bereziarena. Aipatu sinatzaileak tailerraren ordezkaria izan beharko du, ordezkaritza horretarako legezko ahalmenen jabe dela.
Ibilgailuak Konpontzeko Nafarroako Tailerren Elkarteak bitartekari lana egiten ahal du konponketa tailerrek, entitate laguntzaile gisa, atxikipen eskaerak aurkezteko unean. Interesdunen eskutik hartuko ditu eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan erregistratuko; eskabide orokor bat erabiliko du, non eskaeren kopurua eta eskatzaileen zerrenda agertuko baitira, eta atxikipen agiriak eta nahitaezko dokumentazioa erantsiko dizkio.
Entitate laguntzaile izateko eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren egiaztatuko du Garraio Zuzendaritza Nagusiak, eta aurkeztutako eskaerak ebatziko ditu.
Dokumentazioa osorik ez badago, edo ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, zuzentzeko eskatuko da, eta ohartaraziko, 10 egun iraganik zuzendu gabe, tailerrak atxikipen eskaerari uko egin diola ulertuko dela.
Atxikipen agirian ezarrita daude "Autoak eta ibilgailu astunak puntuan jartzeko 2010eko plana" izeneko krisiaren aurkako neurrirako diru-laguntzen deialdiko entitate laguntzaileen eskubide eta betebeharrak.
Plan horri atxikitzeko eskatzearen ondorioz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako eskubide eta betebeharrak bereganatuko dira, baita laguntza hauen ondoriozkoak ere; horretarako, Nafarroako Gobernuaren web orriko laguntza fitxan eskura daitekeen inprimakia erabiliko da.
5. oinarria.-Jarduteko prozedura.
1. Diru-laguntza eskatzen dutenek eta entitate laguntzaileek prozedura honekin bat jardun beharko dute:
Bezeroak entitate laguntzaile batengana joko du eta ibilgailua aztertzeko eskatuko du. Horretarako, "Entitate laguntzaileen zerrenda" kontsultatzen ahal du bezeroak Nafarroako Gobernuaren web orriko laguntza fitxan eta Ibilgailuak Konpontzeko Nafarroako Tailerren Elkartearen web orrian.
Entitate laguntzaileak egiaztatu beharko du bezeroak ez duela lehendik diru-laguntza eskatu ibilgailu bererako. Horretarako prestatutako aplikazio informatikoan egiten ahalko da egiaztatze lan hori, edo Ibilgailuak Konpontzeko Nafarroako Tailerren Elkarteak helburu horretarako eskura jartzen duen dei-zentroan.
2. Entitate laguntzaileak, bezeroak diru-laguntzaren onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, laguntzaren gehieneko kopurua erreserbatuko du 7 egun naturaleko epean, gehienez ere. Epe horretan ibilgailua dohainik aztertuko du, eta epe horretan berean konpondu beharko da. Azterketa hori deskribatzen duen ereduzko dokumentu batean jasoko da, eta tailerraren ordezkariak zein eskatzaileak sinatuko dute.
3. Deialdi honen 2. oinarrian aipatu elementuetako bat ordeztu edo konpontzen bada, aplikazio informatikoan erregistratuko da eskaera eta diru-laguntzaren erreserba baliozkotuko da, eta haren zenbatekoa finkatuko. Entitate laguntzaileak deialdi honen 2. oinarrian ezarritako diru-laguntzaren zenbatekoa deskontatuko du konponketaren preziotik.
Bestetik, entitate laguntzaileak diru-laguntzarako eskabidea beteko du horretarako prestatutako inprimaki normalizatuetan. Inprimaki horiek Nafarroako Gobernuaren web orritik eta Ibilgailuak Konpontzeko Nafarroako Tailerren Elkartearenetik (ANTRV) eskuratzen ahal dira. Eskabide hori bikoiztuta tramitatuko du, eskatzaileak sina dezan; aleetako bat hari emanen dio. Halaber, egiaztatuko du eskatzailea dela laguntza zer ibilgailutarako eskatzen den haren titularra eta ibilgailuak zirkulazio baimena duela, Nafarroan eskuratua. Azkenik, bezeroari diru-laguntza jasotzeko eskubidea frogatzeko eskatutako dokumentazioaz arduratuko da, zehazki honako honetaz:
-Pertsona fisikoak: NANaren edo AIZren fotokopia, bai eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena ere. NANak edo AIZk bizitokia Nafarroan duela adierazten ez badu, horrez gainera, Nafarroan 2010eko urtarrilaren 1etik bizi dela frogatzen duen jatorrizko errolda agiria.
-Profesional autonomoak eta ETEak: jarduera ekonomikoen gaineko zergaren azken ordainagiriaren kopia edo, ordainagiririk igorri ez bazaio, aipatutako zergaren erregistroan alta emanik dagoela frogatzen duen agiria. Horrekin batera zirkulazio baimenaren fotokopia aurkeztu beharko dute.
4. Konponketa bakoitzeko espedientean dokumentazio hau sartuko da, gutxienez ere:
a) Diru-laguntzaren eskaera, 3. oinarrian aipatu erantzukizuneko aitorpenak barne, eta oinarri honen 3. atalean ezarritako dokumentazioa.
b) Ordainagiriaren kopia, datu hauek jasotzen dituena: bezeroaren deiturak eta NANa edo AIZ, ordeztu diren elementuak, prezioa (BEZa eta zergak zehaztuta), ibilgailuaren matrikula eta kategoria.
5. Gehienez ere hilabeteko epean, entitate laguntzaileak dokumentazio guztia igorriko dio Ibilgailuak Konpontzeko Nafarroako Tailerren Elkarteari, hura aztertu eta egiazta dezan.
6. Ibilgailuak Konpontzeko Nafarroako Tailerren Elkarteak dokumentazio hori aztertu eta eskatzaileak diru-laguntzaren onuradun izateko deialdian zehaztu baldintzak betetzen dituela egiaztatuko du. Jasotzen duenetik 15 eguneko epean, gehienez ere, igorri zaion dokumentazioa bidaliko du Garraio Zuzendaritza Nagusira.
6. oinarria.-Eskatzeko epea.
Diru-laguntza eskatzeko epea 2010eko ekainaren 22an hasiko da, eta 2010eko abenduaren 31n bukatuko, edo deialdiarentzat aurreikusitako aurrekontua agortzen den unean. Garraio Zuzendaritza Nagusiak neurriaren aldez aurreko amaiera erabakitzen ahalko du, haren erabilgarritasuna kontuan hartuta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean aldez aurreko amaiera onesten duen ebazpena argitaratu aurretik aurkeztutako eskaeren gaineko ebazpena emanen du.
7. oinarria.-Diru-laguntzak emateko irizpideak.
Diru-laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontu kreditu nahikoa badago.
Horrenbestez, 5. oinarriaren 3. atalean aipatu baliozkotzearena izanen da eskaerak aurkezteko ordena.
8. oinarria.-Diru-laguntzak ematea.
1. Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko ditu eskaerak, eta onuradunei diru-laguntza emateko eta entitate laguntzaileei zenbatekoa, diru-laguntzaren adinakoa, aldez aurretik ordainagiritik deskontatua, ordaintzeko proposamena igorriko du. Ebazpen proposamen horretan aipatuko da onuradunek betetzen dituztela eskatutako baldintzak.
2. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Garraioetako zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie entitate laguntzaileei, eskaera Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Era berean, ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko da.
Epe horretan ebazpenik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, hilabeteko epean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariari zuzendua.
3. Entitate laguntzaileak ez baditu bere eginbeharrak zuzen bete, ez zaio diru-laguntzaren zenbatekoa, erosketaren ordainagirian deskontatua, emanen, eta tailerrek ezin izanen diote hura bezeroei kargatu. Egiaztatzen bada laguntzaren eskatzaileak ez dituela bete erantzukizuneko aitorpenean ezarritako baldintzak, entitate laguntzailea edozein erantzukizunetatik salbuetsita egonen da, eta onuradunei eskatuko zaie diru-laguntzaren zenbatekoa ordain dezatela.
9. oinarria.-Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntza honen onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan orokorrean ezarritako betebeharrak dituzte zor.
2. Onuradunak eginbeharren bat betetzen ez badu, diru-laguntza itzuli beharko du, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.
10. oinarria.-Aurrekontuetako diru-kopurua.
Aurrekontuko diru-kopurua 1.490.000 eurokoa izanen da, "Krisiaren aurkako neurria-28. Autoak eta ibilgailu astunak puntuan jartzea" izeneko 630000/62100/4809/441100 kontu-sailaren kargura, 2010eko gastuen aurrekontuetatik. Hasteko, 745.000 euro deialdi honen 2. oinarriko 3.1 ataleko ibilgailuetarako izanen dira, eta 745.000 euro 2. oinarri horretako 3.2 ataleko ibilgailuetarako. Kopuru horietako bat agortu eta bestean soberakinik bada, bata handitu eta bestea murrizten ahal da, eskaeraren eta Garraio Zuzendaritza Nagusiaren irizpidearen arabera.
11. oinarria.-Diru-laguntzaren jarraipena eta kontrola.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen jarraipen eta kontrol jarduketak eginen ditu, onuradunek eta entitate laguntzaileek deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko.
12. oinarria.-''De minimis" laguntzak.
Deialdi honetako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako de minimis laguntza osoa, gehienez ere, 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa, errepideko garraioko sektorean diharduten enpresentzat, hiru zergaldiko edozein denboralditan. Horretarako, enpresek beren eskaeretan adierazi beharko dute "de minimis" laguntzei buruzko Erregelamendu horretan ezarritako mugak ez dituztela gainditzen.
13. oinarria.-Bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Halaber, bateragarriak izanen dira entitate laguntzaileek beren bezeroentzako ezartzen ahal dituzten deskontuekin.
Dena dela, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
14. oinarria.-Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, baldin administrazio publikoak ez badira, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
15. oinarria.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Iragarkiaren kodea: F1015553
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
