117. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

58/2010 FORU AGINDUA, irailaren 16koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko hiriarteko bidaiari-garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2010eko irailaren 29rako dei eginiko greba orokorra dela eta.

CCOO, UGT, USO, CGT eta Confederación Intersindical erakunde sindikalek greba orokorra deitu dute 2010eko irailaren 29rako.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, gizartearen oinarrizko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiari-garraioa oinarrizko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etortzeko aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da funtsezko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi du 53/1986 eta 26/1981 Epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, greba orokorrerako deia dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu, izan ere, gizarteko beste sektore batzuetan kalte eginen bailuke, garraio publikoa behar-beharrezkoa duten erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, gizartearen interes orokorrei eginen litzaizkiekeen gainerako kalte larri guztiez gainera, eta ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu horretan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, foru agindu honen xedea da gutxieneko zerbitzu horiek ezartzea, CCOO, UGT, USO, CGT eta Confederación Intersindical erakunde sindikalek 2010eko irailaren 29rako, 0:00etatik 24:00ak bitarte, dei eginiko greba orokorra dela eta.

Horiek zehazteko, kontuan hartu behar da bereziki greba lan eta eskola egun baterako antolatu dela, Nafarroako Foru Komunitate osoan. Beraz, autorik gabeko pertsonak, pertsona adindunak, mugikortasun murriztuko pertsonak eta herri isolatuetako erabiltzaileak ukituko ditu gehienbat, garraio kolektiboaren mende daudenak, hain zuzen ere. Gainera, aintzat hartu behar da garraio publikoaren bide alternatiboak ez direla aski.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularreko 38 kontzesioren titulartasuna du, eta 21 enpresari esleituta daude.

Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak kalkulatu du kontzesio horien bidez 164.000 bidaia egiten direla urte osoan, 3.200.000 bidaiari baino gehiago garraiatzen direla eta hamar milioi kilometro eta erdi baino gehiago egiten direla.

Hortaz, hiriarteko autobusa 9.000 lagunek erabiltzen dute egunean, batez beste.

Joan-etorrien arrazoiak ezberdinak dira (osasun etxeetara, eskoletara, lantokietara, administrazio zentroetara eta abarrera joatea), hortaz, horien estaldura faltak kalte handiak eraginen lizkie erabiltzaileei.

Nafarroako Foru Komunitatean, joan-etorri horiek eskuarki errepidez egiten dira; hortaz, joan-etorrietako behar horiei aurre egiteko garraio publikoaren bidezko beste baliabiderik aski ez dagoenez, komenigarritzat jotzen da %40ko gutxieneko zerbitzuak ezartzea erabiltzaile guztientzako errepide bidezko garraio erregularraren zerbitzuetan, gutxienez joaneko bidaia bat eta itzuliko beste bat bermatuta kontzesio bakoitzeko. Bidaia horiek kontzesio tituluan baimentzen diren trafiko guztiei erantzun beharko diete.

Erabiltzaile guztientzako garraio erregularreko kontzesio horien bidez egiten diren joan-etorriei erabilera mugatuko zerbitzu erregularen bidez egiten direnak gehitu behar zaizkie.

2009-2010 ikasturtean zehar, ikastetxe eta institutu publikoetan, Nafarroa osoko 11.600 ikaslek erabili dute Hezkuntza Departamentuak kontratatutako eskola-garraioa. Kopuru horri ikastetxe itunduetan zerbitzu hori erabiltzen duten ikasleena gehitu behar zaio.

Eskola-garraioa babes berezia merezi duen biztanle sektore batez arduratzen da. Babes hori merezi dute adina dela-eta autonomia pertsonalik ez izateak eragindako babesgabetasuna dutelako, eta Ikasleen eta Adingabeen Garraioaren Segurtasun Baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuan eskatzen diren segurtasun baldintzak betetzen dituzten bestelako garraiobideak gutxi direlako.

Gaur egun 44 enpresa dira laneko garraioko baimenen titular. Grebarako eskubidea edo lanerako eskubidea askatasunez aukeratu ahal izateko, langileen garraio guzti-guztiak jotzen dira gutxieneko zerbitzutzat.

Halaber, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen dira desgaitasun fisikoa edo psikikoa dutenak ikastetxeetara eta lanerako zentroetara eramateko garraio zerbitzu guztiak.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2009ko urriaren 5eko epaiaren bidez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 46/2009 Foru Aginduaren aurka ezarritako adiministrazioarekiko auzi errekurtsoa ezetsi zuen -gutxieneko zerbitzu berak ezartzen zituen 2009ko maiatzaren 21erako deitutako greba orokorrerako- uste zelako "bete behar dituzten oinarrizko premia askotarako neurritsuak eta egokituak direla". Hau da, bazen "korrelazio egokia gutxieneko zerbitzu horiek aurre egin beharreko premia askoren eta greba egiteko zilegizko eskubidearen artean".

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. idatz-zatia, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluak kontuan harturik, Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. CCOO, UGT, USO, CGT eta Confederación Intersindical erakunde sindikalek 2010eko irailaren 29rako, 0:00etatik 24:00ak bitarte, dei eginiko greba orokorrak gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko ditu:

a) Erabiltzaile guztientzako garraio erregularra:

-Hiriarteko kontzesio erregularrak eta administrazio baimen bereziak: zerbitzuen %40.

Edonola ere, gutxienez, joan-etorri bana eginen da egunero kontzesio bakoitzean. Bidaia horiek kontzesio tituluan baimentzen diren trafiko guztiei erantzun beharko diete.

b) Erabilera mugatuko garraio erregularra:

-Eskola-garraioa: etxea-eskola eta eskola-etxea bidaia egiten duten zerbitzu guztiak.

-Laneko garraioa: zerbitzu guztiak.

-Desgaitasun fisikoa edo psikikoa dutenak ikastetxeetara eta lanerako zentroetara eramateko zerbitzuak: zerbitzu guztiak.

c) Autobus geltokiak: aipatu diren gutxieneko zerbitzuei erantzuteko ezinbestekoak diren jarduerak mantenduko dira.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko idatz-zatietan xedaturikoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan dauden langileei aitortzen dizkien eskubideei.

4. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau CCOO, UGT, USO, CGT eta Confederación Intersindical erakunde sindikalei eta Asociación Navarra de Empresarios de Transporte por Carretera y Logística (ANET) elkarteari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2010eko irailaren 16an.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.

Iragarkiaren kodea: F1015215