1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
57/2010 FORU AGINDUA, irailaren 16koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak emana, Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2010eko irailaren 29rako dei eginiko greba orokorra dela eta.
CCOO, UGT, USO, CGT eta Confederación Intersindical erakunde sindikalek greba orokorra deitu dute 2010eko irailaren 29rako.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, gizartearen oinarrizko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.
Bidaiari-garraioa oinarrizko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etortzeko aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da funtsezko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.
Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi du 53/1986 eta 26/1981 Epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.
Hortaz, greba orokorrerako deia dela eta, bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu, izan ere, gizarteko beste sektore batzuetan kalte eginen bailuke, garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, gizartearen interes orokorrei eginen litzaizkiekeen gainerako kalte larri guztiez gainera, eta ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.
Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu horretan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Horrenbestez, foru agindu honen xedea da Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak ezartzea, CCOO, UGT, USO, CGT eta Confederación Intersindical erakunde sindikalek 2010eko irailaren 29rako 0:00etatik 24:00ak bitarte dei eginiko greba orokorra dela eta.
Iruñerriko Mankomunitateko zuzendariaren irailaren 14ko 385/2010 Ebazpenaren bidez, garraio zerbitzuaren titulartasuna entitate horri baitagokio, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari proposatu zaio gutxieneko zerbitzuak ezartzeko. Ebazpen horren bidez, aipatu garraio zerbitzuaren egoerak baloratzen dira eta Garraio Arloko zuzendariak horretarako egindako txostenean zehazten dira. Txosten hori aipatutako espedientean dago, eta jarraian haren daturik garrantzitsuenak jaso dira.
Eskualdeko hiriko garraioa Iruñerriko 18 udalerrik osatzen duten eremu batean ematen da. Bertako bizilagunak Nafarroako erdiak baino gehixeago dira eta bertan daude ospitale nagusiak eta bi unibertsitateak. Herri eta lantoki horiek guztiek joan-etorri asko sortzen dituzte egunero. Horietariko asko hiriko garraio publikoaren bidez gauzatzen dira.
Iruñerrian hiriko bestelako garraio kolektiborik ez dago (metrorik, aldiriko trenik, tranbiarik eta abarrik) eskualdeko hiriko garraioan egunero egiten diren joan-etorriak konpontzeko. Hori oso kontuan hartzekoa da, greba honen funtsezko zerbitzuak finkatzerakoan.
Pentsatzekoa denez, taxi zerbitzua ez da alternatiba bat, haren prezioa ez baita konparatzen ahal hiriko garraioarenarekin eta haien gaitasuna, bistan denez, ez da aski izaten diren joan-etorri jendetsuetarako (130.000 bidaiari lanegun batean, gutxi gorabehera).
Deialdiaren xede den grebak 57.000 langile ukituko ditu, beren lantokietara doazenak eta beren lantokietatik datozenak, 19.000 ikasle eta kontsulta medikoak behar dituzten 10.000 pertsona, osasun zentroetatara doazenak eta osasun zentroetatik datozenak. Bestalde, kontuan izan behar da egunero egiten diren bidaietatik 93.000 garraiobide alternatiborik (nork bere autoa edo beste batena) ez daukaten pertsonek egiten dituztela eta ondorioz, modu zuzenagoan jasango dituztela grebaren ondorioak.
Halaber, erabiltzaileei eman beharreko argibide egokiak kontuan hartu behar dira edo, berdin dena, zehazten den zerbitzu mailak erabat ikusgai izan behar du.
Hiriko garraioaren erabilera horren gaineko informazioaren mende dago. Izan ere, egiazko eskaintza benetan dena baino txikiagoa bihurtzen ahal da, informazio eskuragarriaren arabera.
Hori bereziki garrantzitsua da gutxieneko zerbitzuak zehazterakoan, gutxi direnez, erabiltzailea "ezin daitekeelako geralekuan gelditu autobusaren zain" (maiztasun handiko zerbitzuetan ohiko portaera), ordu zehatz eta ezagunetan joan beharra dago eta. Horregatik, gutxieneko zerbitzutzat jotzen den portzentajeak linea bakoitzaren zentzuzko pasatze tarteak ekarri behar ditu eta haien gaineko informazioak ulergarri izan behar du.
Lehen esandakoa eta hiriko garraioak Iruñerrian duen eskaintza eta eskariaren ezaugarriak, Garraio Arloko zuzendariaren txostenean zehazten direnak, kontuan hartuz, Iruñerriko Mankomunitateak gutxieneko zerbitzuen proposamen hau egin du:
-Eguneko sarean, gutxieneko zerbitzuen banaketa aldakorra proposatzen da, eskariarekin bat datorrena.
Prozedura hori gauzatu ahal izateko, denbora tarte hauek zehaztuko dituzte gutxieneko zerbitzuak puntako orduetan eta ordu lasaietan:
- Goizeko puntako ordua: 6:30etik 9:30era.
- Eguerdiko puntako ordua: 13:00etatik 15:30era.
- Arratsaldeko puntako ordua: 17:00etatik 20:30era.
- Ordu lasaiak gainerakoak izanen dira.
Bidaien %60 baino gehixeago nahitaezkoak direnez (lana, medikua etab.) eta puntako orduetan biltzen direnez, puntako orduko gutxieneko zerbitzua, ohiko zerbitzuaren portzentaje gisa definitua, neurri horretakoa izan beharko litzateke.
Portzentaje hori zehazteko, zerbitzu operatiboetan adierazita, 71 autobus finko eta erreserbarako autobus bat beharrezkoak dira. Kontuan hartuz lanegun batean 119 autobus finko gehi erreserbarakoak izaten direla, definitutako funtsezko zerbitzua lanegun bateko zerbitzuaren %60 izanen da. Bestalde, beharrezkoak izanen dira errefortzuko ibilgailuen %60, 6 autobus, alegia.
Funtsezko zerbitzu hau jaiegunetakoa bezalakoa da 10 lineatan (1, 7, 8, 9, 13, 14, 15, 16, 19 eta 20 zenbakietakoetan), 7 lineatan jaiegunetakoa baino txikiagoa da (3, 5, 6, 10, 11, 21 eta 24 zenbakietakoetan) eta 7 lineatan zertxobait handiagoa da (2, 4, 12, 17, 18, 22, eta 23 zenbakietakoetan).
Ordu lasaietako gutxienekoa ezartzeko, ordu lasaiaren eta puntako orduaren arteko erlazioa hartzen da kontuan, eta puntako orduan ezarritako gutxienekoei aplikatzen zaie. Horrela izanen litzateke: 6.618/10.549 bidaiari-ordua=puntako orduaren %62,7. Erlazio hori puntako orduko gutxienekoari aplikatuta ondokoa ateratzen da: %62,7x%60=%37,6.
Portzentaje hori zehazteko zerbitzu operatiboetan adierazten bada, 47 autobus finko eta erreserbako autobus 1 beharko dira, hau da, laneguneko zerbitzuaren %40. Kasu honetan ez dago errefortzuko autobusik.
Hortik ateratzen dira %60ko gutxieneko zerbitzuak puntako orduetan (6:30-9:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30), %40koak ordu lasaietan (9:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta. Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira.
Puntako ordutik ordu lasaira pasatzen den uneetan (9:30, 15:30 eta 20:30), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo burualderaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik geratutakoan, biltokira itzuliko da.
-Gaueko sareak zerbitzu murriztua du berez, eta gehienetan 30 eta 60 minutu arteko pasatze tarteak ditu. Horregatik, Iruñerriko Mankomunitateak funtsezko zerbitzu hauek proposatu ditu:
Gaueko linea bakoitzeko azken bidaia (joan-etorria) eginen da, eguneko azken bidaiak eginen direla bermatzeko.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2009ko uztailaren 24ko epaiaren bidez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 45/2009 Foru Aginduaren aurka ezarritako administrazioarekiko auzi errekurtsoa ezetsi zuen -proposatutakoen antzeko gutxieneko zerbitzuak ezartzen zituen 2009ko maiatzaren 21erako deitutako greba orokorrerako- uste zelako "adierazitako portzentajeek ordeztu ezin diren zerbitzuen maila finkatzen dutela; bestela, eragin larria izanen litzateke Iruñerriko hiriko garraioa bezain funtsezkoa den zerbitzuari lotutako komunitatearen interesetan".
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f) artikulua kontuan harturik, Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. CCOO, UGT, USO, CGT eta Confederación Intersindical erakunde sindikalek 2010eko irailaren 29rako, 0:00etatik 24:00ak arte, dei eginiko greba orokorrak gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko ditu Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularrean:
-Eguneko sarean: %60 puntako orduetan (6:30-9:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30), %40 ordu lasaietan (9:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta. Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.
Puntako ordutik ordu lasaira pasatzen den uneetan (9:30, 15:30 eta 20:30), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo burualderaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik geratutakoan, biltokira itzuliko da.
-Gaueko sarean, gaueko linea bakoitzeko azken bidaia (joan-etorria) eginen da, eguneko azken bidaiak eginen direla bermatzeko.
2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.
3. Aurreko idatz-zatietan xedaturikoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan dauden langileei aitortzen dizkien eskubideei.
4. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.
5. Foru agindu hau eta eranskina CCOO, UGT, USO, CGT eta Confederación Intersindical erakunde sindikalei, Transports Ciutat Comtal, S.A.ri eta Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
6. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute horren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek administrazio bidea amaitzen du administrazio publikoentzat. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2010eko irailaren 16an.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.
eranskina 2010eko irailaren 29rako gutxieneko zerbitzuak |
LINEA | ZERBITZUA LANEGUNETAN | Ordu lasaietako gutxieneko zerbitzua: %40 | Puntako orduetako gutxieneko zerbitzua: %60 |
(9:30etik 13:00etara; 15:30etik 17:00etara; 20:30etik 22:30era) | (6:30etik 9:30era; 13:00etatik 15:30era; 17:00etatik 20:30era) |
Autobus finkoak | Pas. Tartea (Min.) | Bidaia (Min.) | Autobusak | Pas. Tartea (Min.) | Bidaia (Min.) | Autobusak | Pas. Tartea (Min.) | Bidaia (Min.) |
L-1 | 4 | 20 | 80 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-2 | 6 | 10 | 50-60 | 2 | 30 | 60 | 4 | 15 | 60 |
L-3 | 8 | 10 | 80 | 4 | 20 | 80 | 6 | 15 | 90 |
L-4 | 17 | 6 | 102 | 7 | 15 | 105 | 10 | 10 | 100 |
L-5 | 4 | 15 | 60 | 1 | 60 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-6 | 4 | 15 | 60 | 1 | 60 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-7 | 10 | 10 | 100 | 5 | 20 | 100 | 6 | 15 | 90 |
L-8 | 4 | 12 | 48 | 1 | 45 | 45 | 3 | 20 | 60 |
L-9 | 5 | 12 | 60 | 2 | 30 | 60 | 3 | 20 | 60 |
L-10 | 3 | 30 | 90 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-11 | 6 | 15 | 90 | 3 | 30 | 90 | 4 | 25 | 100 |
L-12 | 7 | 10 | 70 | 3 | 20 | 60 | 5 | 15 | 75 |
L-13 | 1 | 60 | 60 | 0 | 0 | 0 | 1 | 60 | 60 |
L-14 | 2 | 15 | 30 | 1 | 30 | 30 | 1 | 30 | 30 |
L-15 | 3 | 20 | 60 | 1 | 60 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-16 | 9 | 12 | 108 | 3 | 30 | 90 | 5 | 20 | 100 |
L-17 | 4 | 20 | 80 | 1 | 60 | 60 | 3 | 30 | 90 |
L-18 | 8 | 12 | 96 | 5 | 20 | 100 | 6 | 15 | 90 |
L-19 | 5 | 15 | 75 | 2 | 30 | 60 | 3 | 20 | 60 |
L-20 | 2 | 20 | 40 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-21 | 2 | 30 | 60 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
L-22 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-23 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-24 | 1 | 30 | 30 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
Erreserbak | 2 | | | 1 | | | 1 | | |
Guztira | 119 | | | 48 | | | 72 | | |
| %100 | | | %40 | | | %61 | | |
| | | | | | | | | |
Errefortzuak | 10 | | | 0 | | | 6 | | |
F1015214 |
Iragarkiaren kodea: F1015214