117. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

82/2010 FORU AGINDUA, irailaren 20koa, Osasuneko kontseilariak emana, greba orokorrerako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek egiten dituzten gutxieneko zerbitzu funtsezkoen funtzionamendua bermatzen duena.

Zenbait erakunde sindikalek grebarako deialdia egin dute sektore publikoan, 2010eko irailaren 29rako.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, gizartearen ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Grebarako deia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek egiten dituzten zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko osasun laguntza modu egokian emateko duten zerbitzu osagarrien izaera kontuan harturik, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideak direlako, hau da, erien bizitzeko eta integritate fisikorako eskubideak.

Horrez gain, funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f), 53. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bere gain harturiko eskumenei jarraikiz.

Azaldutakoaren arabera, foru agindu honen helburua da, 2010eko irailaren 29rako deitutako greba dela kausa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek egiten dituzten zerbitzuei dagozkien gutxieneko zerbitzu funtsezkoak arautzea, osasun zerbitzuek modu egokian funtziona dezaten. Zerbitzu horiek ezartzean aintzat hartu da, batik bat, ezinbestekoak direla herritarren osasun beharrei era egokian erantzuteko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzen dira eta, hortaz, beharrezkoa da deitutako grebak dirauen bitartean zerbitzu horiek osorik betetzea.

Gutxieneko zerbitzuak finkatzeko bereizi da, alde batetik, osasun garraioa, larrialdi egoeretan laguntzarako eratutako dispositiboei erantzutea ezinbestekoa baita (Iruñeko, Lizarrako eta Tuterako larrialdi plana, eta Foru Komunitateko zonetan larrialdietan arreta emateko kokalekuak, kasu), bai eta, mugikortasun arazoak direla eta, esku-ohean edo gurpil-aulkian mugitzera beharturik, osasun zentroetara joateko garraio-bide alternatiborik erabiltzen ahal ez duten eriak zaintzeko ere.

Oxigenoterapia zerbitzuei eta etxeko bestelako arnas terapiei dagokienez, eta zerbitzu horien beharra duten erien ezaugarriak, beharrezkotzat jotako zerbitzuak ez emateak ekar litzakeen ondorio larriak kontuan hartuz, bermatu beharko da eguneko 24 orduetan sor daitezkeen presako abisuei arreta emanen zaiela.

Farmazia-produktuak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, ezinbestekotzat jo da farmazia bulegoek eta behar bezala baimendutako farmazia zerbitzuek premiaz eskatzen dituzten sendagaiez hornitzea.

Laginen osasun garraioari dagokionez, beharrezkoa da Nafarroa osoko osasun zentroetatik eta kontsultategietatik erreferentzia laborategietaraino gauzatuko dela bermatzea, presako analisien kasuetan, haien narriadura eta erabiltzaileei eragozpenak ekiditeko.

Azkenik, hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan eta establezimenduetan egiten dituzten gainerako zerbitzuei dagokienez -zehazkiago, Nafarroako osasun zentro eta ospitaleetako garbiketa zerbitzuak, elikadura zerbitzuak, segurtasun zerbitzuak eta mantentze zerbitzuak-, mantendu beharko dituzte jai egunetan bere jarduna gauzatzeko izaten dituzten gutxieneko zerbitzu funtsezkoak.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren 2. idatz-zatian, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.2. artikuluan, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoa,

AGINDU DUT:

1. 2010eko irailaren 29rako deituriko greba orokorraren eskubidea gauzatuko da jarraian zehazten diren gutxieneko zerbitzu funtsezko hauen mantzentzea errespetatuz:

1.1. Nafarroako osasun garraioaren sektorean, gutxieneko zerbitzu funtsezko hauek errespetatuko dira:

a) Iruñeko, Lizarrako eta Tuterako larrialdi planeko ibilgailuek zerbitzuaren ehuneko ehuna bermatuko dute.

b) Iruñeko (2 kokaleku), Tafallako, Zangozako, Izabako, Aurizko, Doneztebeko, Leitzako, Lesakako, Altsasuko, Lizarrako, Azagrako, Zarrakazteluko eta Tuterako (2 kokaleku) larrialdiei erantzuteko, arreta emateko kokalekuetako ibilgailuek zerbitzuaren ehuneko ehuna bermatuko dute.

c) Lekuz aldatzeko esku-ohean eraman behar diren eriei, lekualdatzearen arrazoia edozein izanda ere, zerbitzua ehuneko ehunean bermatuko zaie.

d) Lekuz aldatzeko gurpil-aulkian eraman behar diren eriei, lekualdatzearen arrazoia edozein izanda ere, zerbitzua ehuneko ehunean bermatuko zaie.

1.2. Oxigenoterapia zerbitzuei eta etxeko bestelako arnas terapiei dagokienez, bermatu beharko da eguneko 24 orduetan sor daitezkeen presako abisuei arreta emanen zaiela.

1.3. Farmazia produktuak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, farmazia bulegoek eta behar bezala baimendutako farmazia zerbitzuek premiaz eskatzen dituzten sendagaien horniketa bermatu beharko dute.

1.4. Hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan eta establezimenduetan egiten dituzten gainerako zerbitzuei dagokienez -zehazkiago, Nafarroako osasun zentro eta ospitaleetako garbiketa zerbitzuak, elikadura zerbitzuak, segurtasun zerbitzuak eta mantentze zerbitzuak-, mantendu beharko dituzte jai egunetan bere jarduna gauzatzeko izaten dituzten gutxieneko zerbitzu funtsezkoak.

2. Foru agindu honen 1. atalean bildutako gutxieneko zerbitzu funtsezkoak ukituriko enpresetan horretarako izendatutako langileek egin beharko dituzte, eta horiek ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak langileentzat onartzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau Greba Batzordeari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko irailaren 20an.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F1015430