116. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1219/2010 EBAZPENA, abuztuaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Milagroko saihesbidearen (Milagroko udalerrian, Nafarroan) obretarako den "La Facería" maileguari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2010eko maiatzaren 19an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak ebazpen honen idazpuruan azaldutako espedientea aurkeztu du.

Proiektuaren ezaugarri teknikoak, bolumena eta erauzketarako aurreikusitako epea kontuan harturik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3.B eranskinean sartuta dago. Beraz, haren Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa tramitatzen da. Aipatutako dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 51. artikuluan xedatutakoa betez, 2010eko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 23an, argitaratutako iragarkiaren bidez, mailegu horren dokumentazio teknikoa eta ingurumenekoa jendaurrean jarri zen, 30 egun baliodunean. Nahitaezko epe hori iragan eta ez da haren aurkako alegaziorik jaso.

Aurkeztutako dokumentazioak erauzketa proiektua eta dagokion Ingurumen eraginaren azterlana biltzen ditu. Azken horrek ingurumenean gako diren elkarreraginak aztertzen ditu, eta ingurumenerako beharrezkoak diren zaintza neurriak eta neurri zuzentzaileak proposatzen ditu.

Dokumentazio horretan proposamenaren justifikazio egoki bat jaso da, Milagroko saihesbidearen proiektuaren diseinuarekin bat datorrena, eta erauzketarako lekuen alternatiben azterketa bat egin da.

Erauzketak ekarriko du "La Facería" eskualdean dauden Milagroko 2. poligonoko 301. eta 302. lurzatietan 234.300 m² okupatzea. Ureztatzekoak dira, eta saihesbidearen ekialdeko bazterraren mugakide, Funesen eta Milagroren arteko muga inguruan doan tartean. Gutxi gorabehera, lehen lurzatiaren erdia eta bigarrena ia osorik okupatuko dira (23.500 bat metro koadro). Proiekturako 205.000 eta 235.000 metro kubiko bitarte material lortu nahi dira. Obrak egiaz duen garapenaren araberakoa izanen da azkeneko kantitatea; horregatik, sustatzaileak aurreikusi du bigarren lurzatiari dagokion erauzketa gauzatuko dela soilik behar-beharrezkoa baldin bada.

Eskualde horretatik oso hurbil, Funesko 10. poligonoko 279. eta 280. lurzatietarako, saihesbidearen trazaduraren mendebaldean mugakide diren horietarako, beste erauzketa bat tramitatu da, 150.000 m³-koa, obra bererako, eta 2010eko ekainaren 24an aldeko Ingurumen ukipenetarako txostena izan du.

Emandako dokumentazioak bi proposamenak baloratu ditu, eta adierazten du horiek aukeratu direla, eskualdea aztertu ondoren, zeren eraikuntza proiektuan aurreikusitako 9. mailegua baztertu da eremua berriki urbanizatu delako, erabiltzekoak ziren landa bideak nekazaritzarako asko erabiltzen direlako eta obratik urruti samar dagoelako.

Hortaz, bien ingurumenaren gaineko eraginak pilatu eginen dira, elkarren ondoan egoteagatik eta aldi berean egiteagatik. Hala ere, ez da espero eragin horiek nabarmen handitzea, lehen mailegurako ebaluatutakoaren aldean, salbu obrako makina eta ibilgailu gehiagok sortzen dutena, eta hori ez da oso garrantzitsua, kontuan izanik obra eta erauzketa tokia elkarren ondoan daudela.

Ildo horretan, adierazi behar da naturaren aldetik balioa duten eskualdeen okupazioa ez dela handituko. Topografian eta paisaian egiten den ukipena ez da handitzen, saihesbidearen trazadurak bi erauzketak bereizten dituelako eta Ingurumen eraginaren adierazpen honen xede den maileguak lurzatiaren zelaitzea ekarriko duelako bakarrik. Erdialdeko zatia hiru metro jaitsiko da, eta gainerakoa metro bat baino gutxiago. Beraz, ez da sortuko landu ezin den ezponda handirik. Aurreikusi da jarduketaren ondoren landaketarako itzuliko dela, eta horretarako erauzketaren aurretik ureztatzerako erabiltzen ziren ur-harguneak lehengoratuko dira.

"La Faceríako" maileguaren ekialdeko bazterrean batera doaz Ebroko Iraganbide Nagusia altxonbidea eta Milagro-Aezkoa altxonbidearen hasiera, landa bide batean, Milagroko 2. poligonoko 305. lurzatian. Lurzati hori ez da ukituko, izan ere ez da proiektua dela-eta okupatuko, obrako ibilgailuek ez dute erabiliko eta haren zortasun eremuan ez da erauzketarik eginen.

Erauzketaren barnean, bi lurzatiak bereiziz, Rincón de Sotoko bidea doa: asko erabiltzen da nekazaritza lanetan, eta Ebroko bide natural GR 99 gisa markaturik dago. Saihesbidearen trazadurak bat egiten du harekin, baina ez da erauzketarako erabiliko, eta, horregatik, erauzketa dela-eta haren ukipenak ez dira nabarmen aldatuko.

Maileguaren zortasuneko eremuan sasiak garbitzen direnean, proiektuaren ohiko segimendu arkeologikoa eginen da.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa osorik dagoela iritzita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduarekin bat (haren bidez Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitu ziren),

EBATZI DUT:

1. Milagroko saihesbidearen (Milagroko udalerrian, Nafarroan) obretarako "La Facería" maileguaren aldeko Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2. Ingurumena Begiratzeko Programak bermatuko du jarduera gauzatuko dela idazpuruan azaldutako espedientera ekarritako dokumentazio teknikoko baldintzarekin bat, batez ere hauei dagokienez: abelbideak babestea, segimendu arkeologikoa eta tokiko trafikoan, eremuko landa bideetan, izanen diren ukipenak txikitzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Milagroko Udalari, Funesko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abuztuaren 11n.-Ingurumeneko zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1013861