Iragarkia
110. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
837/2010 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, "Nafarroako Foru Administrazioa" erakundeko akordio kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 1/2010-F).
2010-6-25ean sartu da departamentu honetan Nafarroako Foru Administrazioa erakundearen ordezkariek eta funtzionarioen ordezkariek 2010-3-26an sinatutako dokumentazioa, akordio kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko igorri baitzen. Hain zuzen, enpresaren ordezkariek eta langileen ordezkariek sinatu zuten akordioa eta, bertan, 2010. eta 2011. urteetarako lan baldintzak ezarri ziren.
Estatuaren lan arloko eginkizunak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak du martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarritako lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzeko eskumena eta abuztuaren 30eko 251/2003 Legegintzako Foru Dekretuaren 84. artikuluan adierazitako akordio kolektiboak gauzatzeko eskumena. Horiek horrela, kontuan harturik lan hitzarmen kolektiboen erregistro eta gordailuei buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan ezarritakoa.
Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. "Nafarroako Foru Administrazioa" erakundearen akordio kolektiboa erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.
2. Ebazpen hau negoziazio batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2010eko ekainaren 30ean.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
ADMINISTRAZIOAK ETA SINDIKATUEK NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN LAN BALDINTZEI BURUZ 2010. ETA 2011. URTEETARAKO
SINATU DUTEN AKORDIOA
Iruñean, 2010eko martxoaren 26an.
1. Aplikazio esparrua.
A.-Langileak.
Akordio hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei aplikatuko zaie.
Era berean, bidezkoa den kasuetan eta indarreko arautegiarekin bat, Nafarroako gainerako administrazio publikoetako funtzionarioei ere aplikatuko zaie.
B.-Iraunaldia.
Akordio hau bi urterako sinatzen da, hots, 2010eko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra arte.
2. Langileen erosteko ahalmena mantentzea.
Akordioa indarrean dagoen bitartean bermatu eginen da Nafarroko administrazio publikoetako langileen erosteko ahalmena mantenduko dela. Honako neurriak hartuko dira:
A.-2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, langileen ordainsariak oro har %0,3 igoko dira.
B.-2011eko urtarrilaren 1etik aurrera, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean urte horretarako ezartzen den igoera orokorra aplikatuko zaie langileen ordainsariei. Gainera, egoki denean, funts ekonomikoa zuzkituko da, Nafarroako Aurrekontu Orokorren finantzatzeko ahalmena eta Nafarroako KPI errealak 2010. urtean izan duen igoera (portzentajea) kontuan izanda. Akordio honetan ezarritako Batzorde Paritarioan zehaztuko dira horren zenbatekoa eta banatzeko irizpideak.
C.-Nafarroako 2010 eta 2011 urteetako KPI errealak aurreko bi puntuetan ezarri diren ordainsarien igoerak gainditzen baditu, aldea finkagarria izanen da eta zuzenean aplikatuko zaie langileen ordainsariei 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera. Halaber, 2012ko lehenengo hiruhilekoan, eta egoki bada, atzerapenen ordainketa ez finkagarria ordainduko da, aldearen adinakoa. Ordainketa hori kalkulatzeko 2011. urtean izan diren ordainsarien guztirakoa hartuko da kontuan, aurreko puntuan aurreikusitako funtsa barne.
3. Lan publikoaren egungo kopurua mantentzea.
Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egun dagoen lan publikoaren kopurua mantenduko dela bermatzen da, urteko lanpostu kopurua aintzat hartuta. Beraz, akordioaren indarraldiaren amaieran eta hasieran gutxienez kopuru bera izanen da.
4. Lan publikoaren kalitatea hobetzea.
Honako hau sinatzen duten bi alderdien asmoa da lan publiko egonkorra lortzea eta behin betiko bete daitezkeen lanpostuak betetzea. Hori helburu, akordio honetan ezartzen den Batzorde Paritarioak lan eskaintza publikoan sartu beharreko lanpostu kopurua zehaztuko du (Administrazio-Erroa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Hezkuntza Departamentua), irizpide hauei jarraikiz:
A.-Aldi baterako betetzen ari diren lanpostu hutsak, oro har, sartzea.
B.-Behin betiko bete daitezkeen egiturazko lanpostu iraunkorrak, gaur egun daudenak, plantilla organikoan agertzea eta lan eskaintza publikoan sartzea, batez ere Hezkuntza Departamentuko irakasleen eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun langileen lanpostuak.
C.-Titularra, indarreko araudiaren arabera, gordetzeko eskubidea ematen duten arrazoietako bat dela medio, ez bada lanpostuan benetan ari, baina lanpostua beterik dagoen kasuetan, lanpostu horien portzentaje bat (zehaztuko dena) lanpostuak betetzeko prozesuetan eta lan eskaintza publikoan sartzea.
Aurreko B) eta C) puntuetan zehaztutakoa betetze aldera, zorrotz aztertuko dira Hezkuntza Departamentuak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak plantillak kudeatzeko eta aldi baterako lanpostuak betetzeko gaur egun erabiltzen dituzten sistemak.
Lan eskaintza publikoa 2011ko lehenengo hiruhilekoan onetsiko da eta sartzeko deialdiak urte horretan zehar argitaratuko dira.
5. Funtzio publikoan sartzeko eta aldi baterako kontratatzeko neurriak.
A.-Funtzio publikoan sartzeko dauden sistemak aztertuko dira, lanpostuak lehenbailehen betetzen direla bermatzeko. Horrenbestez, kudeaketa errazteko behar diren berrikuntzak ezarriko zaizkie sistema horiei, hala nola:
a) Hautapen prozesua baino lehenagoko administrazio izapidetza erraztea; eskabideen aurkezpena eta onartuen zerrendak.
b) Baloratu beharreko merezimenduak mugatu eta zehaztea, hala dagokionean, merezimenduen baremoetan.
c) Egin beharreko hautaprobak murriztea eta proba bakoitzean lortutako puntu gehienari lotestea puntuazioa.
d) Deialdietako gaien enuntziatuak aldez aurretik argitaratzea eta, posible denean, gaiok prestatzeko erreferentziako bibliografia ere bai.
e) Hurrengo ariketa egin dezakeen hautagai kopurua zehaztea, hautapen prozesuaren ezaugarriak aintzat hartuta hautagaien kopuru handia dagoenean.
B.-Administrazio Erroko esparruan aldi baterako kontratatzeko dauden kudeaketa arauak aldatuko dira, besteak beste, bi alderdi hauek jasotzeko: Nafarroako Mendekotasun Agentziara zabaltzea aplikazio esparrua eta sartzeko hautapen prozesuen ondoriozko zerrendak gehitzea.
C.-Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan langile jakin batzuei lehentasuna emanen zaien aztertuko da: kontratua amaitzean 55 urte baino gehiago izan eta gutxienez Foru Komunitateko Administrazioan hamabost urtetan zehar lan egin dutenei.
D.-Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan beste beharrizan batzuekin beteko da lanaldia, kontratazio esparru berean bete behar direnekin, baldin eta kontratuan horrelakorik egin badaiteke eta interesduna ados badago.
6. Gazteek lan publikoa lor dezaten sustatzea.
Krisi garaian langabezia gehitu egiten da eta, ondorioz, gazteek lehenengo enplegua lortzeko zailtasun handiagoak izaten dituzte. Batzorde Paritarioan negoziatu eginen da tituludun gazteak Administrazioko lanpostuetara sartzen laguntzeko neurriak ezartzea, lan munduan lehenengo aldiz sar daitezen; bestalde, neurri horien bidez, Administrazioak herritarren onura zuzenerako gauza ditzakeen proiektuak eta zerbitzuak erraztuko dira, lan eremuan dagoen prestakuntza kontratuaren irudiaren bitartez.
7. Desgaitasuna duten pertsonak lan publikoan sartzea erraztuko duten neurriak.
Azken urteotan gauzatu diren jardunen ildotik, desgaitasuna duten pertsonak lan publikoan sartzea erraztuko duten neurriak garatuko dira batez ere, berariaz ezarritako Batzorde Mistoaren bitartez. Besteak beste, deialdi jakin batzuetan lanpostu kopuru gehiago gordeko zaizkie eta hautaprobak egiteko egokitzapenak eginen dira; horrela, lan eskaintza publikoetan desgaitasuna duten pertsonentzat gordetzen diren lanpostuen kopuru handiena bete dadin.
8. Lan publikoa antolatzeko neurriak.
A.-Neurri orokorrak:
Akordio hau indarrean dagoen bitartean zilegi izanen da Administrazioaren jarduera modernizatu eta arrazionalizatzeko neurriak hartzea, besteak beste: langileen berresleitzea, kudeaketa adierazleak ezartzea administrazio unitateetan, lanpostuak birmoldatzea eta ukitutako langileak birziklatzea beste eginkizun batzuetan aritzeko.
Neurri horietako bat hartu baino lehen akordio honetan ezarritako Batzorde Paritarioan negoziatu beharko da, Langileen Estatutuaren 83. artikuluan finkatutako irizpideei jarraikiz.
B.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtzio publikoa antolatzeari buruzko legezko arautzea:
Akordio hau indarrean dagoen bitartean, honako helburuak dituen foru legearen proiektua izapidetu ahal izanen da Nafarroako Parlamentuan: gaur egun dauden lanpostuen katalogoa antolatu eta arrazionalizatzea; eta Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileak sartzeko, lanpostuz aldatzeko eta mailaz igotzeko sistemen arau orokorrak ezartzea. Foru legearen proiektu hori lehenbizi akordio honetan ezarritako Batzorde Paritarioan negoziatu beharko da eta akordioko Batzorde Paritarioak 2006. eta 2007. urteetarako lan baldintzei buruz egin zuen zirriborroa, gero Negoziazio Mahai Orokorrean sinatu zena, hartuko du oinarri gisa.
Gai honetako legezko arautzearen proposamena egiteko, besteak beste, alderdi hauek hartuko dira kontuan:
a) Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatuko zaie, hezkuntza eta osasuneko langileei eta Foruzaingoko kideei izan ezik.
b) Mailaz igotzeko prozeduren barruan, administrazio laguntzaileen eta antzekoen D mailako lanpostua duten langileak C mailara igotzeko sustapen murriztua ahalbidetuko duen arautzea, baita E mailako lanpostua dutenak D mailara igotzeko eta egin daitezkeen bestelako sustapenak ere.
c) Administrari (C maila) eta administrari laguntzaile (D maila) lanpostuak betetzen dituzten langileen lekualdatze lehiaketak batera gauzatuko dira.
C.-Kokatze mailak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutura egokitzea.
Aurreko puntuan adierazi den foru legearen proiektuan jasoko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan ezarri diren kokatze mailak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutura egokitzea, unibertsitateko ikasketen, lanbide heziketaren eta derrigorrezko hezkuntzaren antolaketa berriaren ondorioz.
9. Lana, bizitza pertsonala eta familiakoa bateratzen laguntzeko neurriak.
A.-Langileen lana, bizitza pertsonala eta familiakoa bateratzeko, dagoeneko ezarrita dauden neurriei honako hauek gehituko zaizkie:
a) Aitatasun baimen ordaindua lau astekoa izanen da, araudi orokorrean auureikusitakoaren arbera.
b) Aitatasun baimena amak ospitalean alta jasotzen duenetik aurrera hartzeko aukera emanen da.
c) Amatasun lizentzia eta aitatasun baimena ematen direnean oporrak eten ahal izanen dira.
d) Senideren baten kirurgia handi anbulatorioaren zioz gaur egun ezarrita dagoen ordaindutako baimena aplikatuko zaie, inguruabar desberdinak direla medio, ospitaleratuta egon behar duten gaixoei.
e) Tratu berdina emanen zaie kontratatzeko zerrenden kudeaketan amatasun lizentzia duten baina kontrata daitezkeen emakumeei.
f) Eszedentzia bereziak aldi bat baino gehiagotan hartzeko aukera aztertuko da.
B.-Langileen lana eta familiako bizitza bateratzeko asmoz araudi orokorrean ezartzen diren neurriak sartuko dira lanaldia murrizteari buruzko araudian. Besteak beste, lanaldia 1/6 murrizteko aukera ezarriko da, baldin eta zerbitzuaren beharrizanen ondorioz ordezkapenik ezarri behar ez bada.
C.-Foru Komunitateko Administrazioko unitate batzuetan ere, langileen lanaldia malgutzeko neurriak ezarriko dira. Alde horretatik, saiatuko da sistemak eguneroko lanaldia bete beharra malgutzeko aukera jaso dezan.
10. Langileen estatutuko arauak toki entitateetako langileei ere aplikatuko zaizkie.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua garatzeko araudia aplikatuko zaie toki entitateetako funtzionarioei, gaur egun aplikatzen ez zaizkien gai hauei dagokienez: lanaldiaren murrizketa, aldi baterako ezintasuna edo ezarrita dauden ordu eta diru konpentsazioak. Nolanahi ere, gai horietako bakoitzari lotuta toki entitateetan izan daitezkeen banako kasuak errespetatuko dira.
11. Erretiro partzialari buruzko konpromisoa.
Akordio hau sinatzen dutenek konpromisotzat hartu dute Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan erretiro partziala ezarriko dutela Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko kide diren langileentzat, Administrazio Publikoetako langileei aplikatzea ezarri duen araudi orokorra argitaratzen denetik hiru hilabeteko epean. Horretarako, alabaina, lehenbizi administrazioko sektore desberdinetan ematen diren inguruabarretara behar bezala egokitu beharko da, akordio honetan ezarritako Batzorde Paritarioan negoziatuta.
12. Laneko arriskuen prebentziorako neurriak.
A.-Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileak, erregimen orokorrean sartuta daudenak, Gizarte Segurantzaren laguntzailea den gaur egungo autoaseguratzailean sartzeko aukera aztertuko da.
B.-Berrogeita hamabost urtetik gorako langileak gaueko txandan borondatez lanik ez egiteko aukera aztertuko da, eremu bakoitzean ukituriko langile motak aztertu ondoren, eta betiere zerbitzuetako antolaketak ahalbidetzen badu, kostu gahigarririk ekarri gabe.
C.-Arrisku biologikoak eta bestelakoak izan ditzaketen langileen ordainsarien egungo egoera aztertuko da, batez ere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lan egiten dutenena, modu orokorrean arautzeko, eta, behar izanez gero, plantilla organikoan egoki diren neurriak sartzeko.
D.-Gaixotasuna edo istripua dela medio langileak birkokatzeko prozeduran aldaketa batzuk sartuko dira. Era berean, irakasleak beste nonbaiten birkokatzeko asmoz indarreko araudia aldatzeko aukera aztertuko da, betiere horien kidegoak berez dituen zereginak aintzat hartuta.
E.-Laneko arriskuak prebenitzeari buruzko araudia aldatuko da, edozein langilek edukitzeko Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako prebentzio ordezkari izateko aukera, haien eremua edozein dela ere.
13. Lanbide eta administrazio karrera.
Lan baldintzei buruzko akordio honen indarraldian, ezarritako Batzorde Paritarioak lanbide eta administrazio karrera baten proposamena aztertu eta prestatuko du, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko guztiei aplikatzekoa.
Lanbide eta administrazio karrerarako proposamenaren azterlanak oinarritzat hartuko du 2006. eta 2007. urteetarako Negoziazio Mahai Orokorrean sinatu zen lan baldintzei buruzko akordioko Batzorde Paritarioak egin zuen zirriborroa. Gainera, honako irizpide hauei lotuko zaizkio:
A.-Gaur egun indarrean den ordainsarien egitura berrikusi eta bateratuko da eta, nolanahi ere, hori ezartzen den momentuan langile bakoitzak finkatuak dituen lansariak bermatuko zaizkio.
B.-Lanbide eta administrazio karreraren sistemak (ezartzen diren mailen arteko igoerari dagokionez) batez ere aktibitate eta errendimendu helburuak betetzearekin loturiko elementuak hartuko ditu kontuan, indibidualak ez ezik baita bakoitzaren unitatekoak ere eta, orobat, enplegatuak zinez ematen dituen zerbitzuei buruzko irizpideak.
Batzorde Paritarioaren baitan akordiorik lortzen bada, adosten den proposamen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen enplegu baldintzak 2012. urterako eta ondorengoetarako negoziatzeko prozesuan sartuko da, kasua bada, onetsia izan dadin aipatu negoziazio prozesuaren esparru ekonomikoan eta akordioan zehazten den egunetik aurrerako eraginarekin.
14. Prestakuntza.
A.-Akordio hau indarrean dagoen bitartean, langileek lanorduetan lanbide prestakuntza eta trebakuntzarako ikastaroetan parte hartzeko irizpideak negoziatuko dira Batzorde Paritarioan. Ikastaroak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo beste erakunde nahiz entitate batzuek antolatu ahal izanen dituzte. Besteak beste, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:
a) Zerbitzuaren beharrizanak.
b) Prestakuntza ikastaroetako edukiek langileak duen lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin duten lotura.
c) Nolabaiteko oreka mantendu beharra kasuko unitate organikoetako langileen artean prestakuntza ikastaroak hartzeari dagokionez.
B.-Orokorrean, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroetara joateak ez du berekin ekarriko ordu edo diru konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik. Langileak Administrazioaren aginduz joaten denean ikastaroa egitera, orduan bakarrik kontatuko zaizkio ordu horiek lanordu gisa, lanaldiaren urteko konputuaren ondorioetarako, eta zerbitzua dela-eta, egindako gastuengatik erregelamenduz ezarritako kalte-ordainak kobratzeko eskubidea izanen du.
C.-Batzorde Paritarioan negoziatu ostean, prestakuntza ikastaroak merezimenduen baremoetan egun duten trataera aldatuko da.
15. Onura sozialak.
Aldi baterako kontratatzen diren langileak sartuko dira langile finkoentzat sinatutako bizi aseguruaren polizan.
16. Bestelakoak.
A.-Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek zerbitzuaren arrazoiak direla-eta egiten dituzten bidaiengatiko dieten eta kilometroen kalte-ordainak eta gastuen ordainketa arautuko dira.
B.-Abenduaren 24an eta 31n gaueko txandan lan egiteagatik konpentsazio bereziak ezarriko dira.
C.-Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan dauden lanaldi eta ordutegi desberdinak arautuko dira; alabaina, berdin utziko dira urteko konputua eta horren araberako ordu konpentsazioak.
D.-Berdintasunaren Batzordea eratuko da Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremuan. Paritarioa izanen da eta eratzeko unean adostasunez zehaztuko diren antolakuntza eta eginkizunak izanen ditu.
E.-Oro har gatazken judizioz kanpoko ebazpenerako sistema ezartzen bada Administrazio Publikoetan, langileen lan baldintzak erreklamatzeko eta Negoziazio Mahaietan sinatu diren itunak eta akordioak interpretatu eta aplikatzeko, Batzorde Paritarioan negoziatuko da Nafarroako Administrazio Publikoetan nola ezarriko den.
17. Mahai sektorialen eskumenak.
Langileen Estatutuaren 83.3 artikuluan esleitutako eskumena erabiliz, akordio honen sinatzaileek Mahai Orokorraren eskuetan eta ez beste inon uzten dute Nafarroako Aurrekontu Orokorretako I. kapitulua, langileen gastuei buruzkoa, handitzea ekartzen duten lan baldintzen negoziazioa. Hortaz, akordio honek indarrean dirauen bitartean, mahai sektorialetan, akordioan aipatu ez eta negoziatu beharrekoak diren lan baldintzen alderdiak jorratuko dira bakarrik, betiere dagokion sektorekoak badira eta dagokion sektoreko langileen gastuak handitzea ekartzen ez badute.
18. Batzorde Paritarioa.
Akordio hau sinatu eta hurrengo hilabetean, Batzorde Paritario bat eratuko da. Batzorde hori Administrazioaren eta akordio hau sinatu duten sindikatuen ordezkariek osatuko dute eta akordio honetan jasotakoa interpretatu, jarraitu, begiratu eta garatzea izanen dute eginkizun.
Akordio honetan jasotako gaiak interpretatu eta garatzeko neurriak (arauzkoak nahiz bestelakoak) ezarri baino lehen, Batzorde Paritarioko sindikatu gehienak egon beharko dira ados.
19. Akordioa formalizatu eta argitaratzea.
Administrazioak kasuan-kasuan egokitzen den arau-indarra emanen die akordio honetako atalei eta bai ondorengo garapenei ere, formalki onetsi eta indarra har dezaten.
Hori horrela bada ere, Akordioa oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.
Iragarkiaren kodea: F1012438
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
