110. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1859/2010 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, Neo Sky 2002, S.A.k aurkeztu duen Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeak zehazten duenez, operadoreek azpiegiturei buruzko lurralde plan bat aurkeztu behar dute, onets dadin. Plan horrek lehendik dauden estazio finkoak, ezartzekoak direnak eta sare osoaren garapena bilduko ditu.

Nafarroako Gobernuaren 2010eko martxoaren 15eko Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, Neo-Sky 2002, S.A.k aurkeztua, jendaurrean jartzeko eta, aldi berean, ukitutako udalei entzunaldia emateko tramiteak hasi ziren. Jendaurrean paratutako planak kokapen bakarra du: Basoko dorreko teilatu laua, Antso Azkarra etorbidea, 71. zenbakia, Iruña.

Helburua da inguru hori Internet bidezko estalduraz hornitzea, LMDS teknologia instalatuz 3,5 GHz-ko bandan.

Aipatu den erabakia 2010eko 39. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 29an, eta espedientea jendaurrean egon den denboran ez da alegaziorik jaso.

Nafarroako Gobernuaren 2010eko ekainaren 21eko Erabakiaren bidez, izapide horiek ebatzi dira, telekomunikazioen arloan eskumena duen departamentuak espedientea onets dezala ezarri da eta honako hau zehaztu da:

-Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasun Publikoaren Institutuak 2010eko urtarrilaren 27an egindako txostena betez, lurralde planean agertzen diren oinarrizko estazioen berariazko baimenei buruzko prozesuan, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen I. eta II. eranskinetan ezarritakoa eta sentikortzat jotako gune edo lekuetarako ezarritako berariazko xedapenak betetzen direla justifikatu beharko da.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Neo Sky 2002, S.A.k aurkeztu duen Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana onestea. Planak kokapen bakarra du, ebazpen honen azalpen zatian jasotzen denez: Basoko dorreko teilatu laua, Antso Azkarra etorbidea, 71. zenbakia, Iruña.

2. Azpiegituren lurralde plan hau onestearekin ondorioztatzen da hartan baztertu ez diren kokalekuak bat heldu direla maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritako baldintzekin.

Dena dela, aipatutako foru legearen 12. artikuluan ezarritakoari jarraituz, onespenak ez die lizentzia emateko eskumena ukatzen udalei.

3. Aldatutako plana eguneratzeko edo aldatzeko eskaeren berri eman beharko dio operadoreak telekomunikazio arloan eskudun den departamentuari.

Aldaketek kokaleku berriak ekarriz gero, egungo azpiegiturak lekuz aldatu behar badira edo ukipen berri garrantzitsuak eraginez gero, lurralde planaren aldaketa gisa tramitatu beharko dira.

Gainontzeko aldaketak, aurreko paragrafoan aurreikusitako aldaketez bestelako zerbitzu berriak barne, telekomunikazioen arloko departamentu eskudunari aurkeztu beharko zaizkio, hilabete lehenagotik gutxienez ere, planaren datu teknikoak eguneratzeko eta kontrolatzeko.

4. Operadoreari ohartaraztea, egin asmo diren instalazioak (ur-ibilbide publikoen polizia eremua, errepideen eragin eremua, mugarri geodesikoak, zortasun aeronautikoak, lurzoru urbanizaezina, etab.) ukitu edo baldintzatzen ahal dituzten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko dituela.

5. Ebazpen hau iruñeko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

6. Ebazpen hau honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari; Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasun Publikoaren Institutuari; Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari; eta Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Neo-Sky 2002, S.A.ri, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko uztailaren 28an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1013184