110. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1854/2010 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, instalazioak eraikitzeko administrazio baimena eman eta ondoko proiektuaren onura publikoa onartzen duena: "Galar Zendeako (Nafarroa) udal mugapeko Galarko kontzejuko hirigunean gas naturala banatzeko sarea".

Gas Navarra, S.A. enpresak 2010eko maiatzaren 14an eskatu zuen "Galar Zendeako (Nafarroa) udal mugapeko Galarko kontzejuko hirigunean gas naturala banatzeko sarea" proiektuko instalazioak eraikitzeko administrazio baimena eta haren onura publikoa onar zedila. Proiektuak Galar Zendeako udal mugapea ukitzen du.

Administrazio baimena lortzeko eskaera hori jendaurrean jarri zen, iragarkia paratuz 2010eko 74. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 18koan, eta "Diario de Navarra" eta "Diario de Noticias" egunkarietan, 2010eko ekainaren 1ekoetan, bai eta Galar Zendeako kontzejuko iragarki oholean ere. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

sare banatzailea MOP saretik (0,4 bar) abiatuko da Espartza Galarko Kontzejuaren kale Nagusian dagoen hoditik, Espartzako errepidearen azpitik, haren parean joanen da 0,53 k.p.raino; hortxe, bide baten azpitik eta ubide baten paraleloan jarraituko du, Euntzeberriko erreka gainetik gurutzatu eta Galar Zendeako kontzejuko lurzati publiko batean den erregulazio armairu bateraino iritsiko da. Sareak dentsitate altuko polietilenozko adar nagusi bat izanen du (UNE 53333-90 araua), 110 DN-koa, eta hirigunean 90 DN-ko eta 63 DN-ko adarren bidez zabalduko da.

Eraiki beharreko sarea, guztira, 2.581 m.l. luze da. Banaketa sarearen diseinuaren presioa 4 bar-ekoa da, harguneko hornidura presioa 0,1 bar-ekoa gutxienez, tenperatura 15ºC-koa eta gasaren gehieneko abiadura 20 m/seg-koa.

Aurrekontuak ehun eta hogeita hemezortzi mila hirurehun eta hamairu euro eta hogeita zortzi zentimo egiten du (138.313,28 euro).

Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Gas Navarra, S.A.k ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik, enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Galar Zendeako (Nafarroa) udal mugapeko Galarko kontzejuko hirigunean gas naturala banatzeko sarea" izeneko proiektua onestea, eta Gas Navarra, S.A. enpresari proiektu horren instalazioak egiteko administrazio baimena ematea.

2. Baimendutako instalazioen onura publikoa adieraztea, nahitaez desjabetzearren eta bide zorra ezartzearren.

3. Gas Navarra, S.A. enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

4. Administrazio baimena baldintza hauetara egokituko da:

Lehena.-Enpresak bi hilabeteko epean 2.766,27 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren %2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.

Bigarrena.-Instalazioetan eta beren muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta bere jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa beteko da. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Hirugarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraituko zaio.

Laugarrena.-Enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legearen 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, berdintasun baldintzetan, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.

Bosgarrena.-Administrazio baimenaren titularrak abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu, banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, baita instalazioak baimentzeko prozedurak ere.

Seigarrena.-Baimen honek ez du zerbitzua erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Zazpigarrena.-Gas Navarra, S.A. beharturik dago beste batzuk gas naturaleko sarera lotzeko kontratuak egitera, abuztuaren 3ko 949/2001 Errege Dekretuan eta abenduaren 28ko ITC/3863/2007 Aginduan eta ondoko berrikuspenetan ezarritakoari jarraikiz.

Zortzigarrena.-Instalazioak eraiki eta gero, Energiaren, Meategien, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ikuskatuko du lan eta muntatzeak nola egin diren eta, horiek bukatutakoan eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria, eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia, kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarreko xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor eta partzial guztien berri eman beharko dio banatzaileak aipatutako zerbitzuari, behar den denborarekin.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.

Bederatzigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako eran eta epean ez jartzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, zuzendaritza nagusi honek baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarra duten xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo indarreko erregelamenduak pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

5. Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko uztailaren 28an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1013186