1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1066/2010 EBAZPENA, uztailaren 16koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Atezko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Atezko Udalak sustatzen du plana.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, 2005eko urriaren 17an, Atezko Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduaren dokumentazioa ikusirik, txosten bat eman zuen, eta Ingurumen ondorioen azterlanean txertatu eta Udalaren Hirigintza Plana egiterakoan kontuan hartu beharko ziren ingurumen alderdiak adierazi zituen.
Atezko Udalaren Hirigintza Plana bi aldiz onetsi da hasiera batez, eta plan orokorra eta Ingurumen ondorioen azterlana Nafarroako Aldizkari Ofizialean jarri dira jendaurrean, 2006ko 82.an, uztailaren 10ean, eta 2008ko 121.ean, urriaren 3an.
2009ko urtarrilaren 26an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman zuen osatu beharreko zenbait alderdiri buruz: Urepel ibaiak har ditzakeen eremua, hiri garapenak paisaian txertatzea, lurzoru urbanizaezineko eraikinak, udalerriak ingurumena arloan dituen baliozko elementuak eta gai horien gaineko araudia. 2010eko urtarrilaren 26an sartu zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan Aurizko Udalaren Hirigintza Planaren dokumentazio osoa.
Atezko Udal Plan Orokorraren helburu behinenak dira egungo hiri bilbea bermatu eta gordetzea, kultur ondarea babestea, eta hedapen berrikieko lotura egokia izatea, dauden guneetako hiri/landa paisaiari eusteari uko egin gabe, etxebizitzarako, ekipamenduetarako eta jarduera ekonomikoetarako lurzoru beharrei erantzutea. Eta udalerriko ingurumen arloko balioei dagokienez, Batasunaren intereseko habitatak eta ibaiak eta horien urek har ditzaketen eremuak identifikatu eta babestea.
Hiri lurzorua eta lurzoru urbanizagarria handitzeko proposamenean tratamendu desberdina ezartzen da guneen ezaugarrien eta Iruñera bitarteko distantziaren eta hark duen eraginaren arabera; hiri lurzorua sendotzen da bizigune txikietan, Beuntza-Larrea, Amalain, Labaso, Hiriberri eta Egillorren, etorkizunean garapenik aurreikusi gabe bertan, eta garapen horiek beste bizigune hauetara bideratuz: Aroztegi, Beratsain, Beuntza, Ziganda, Eguarats eta Eritze.
Ingurumen ondorioen azterlanean industriagune bat ezartzeko bi aukera baloratzen dira, irizpide hauek aintzat hartuz: zentralitatea, komunikazio bideetarainoko distantzia txikiena, hazkunderako aukerak eta ingurunearen faktoreak, hala nola airearen kalitatea, geologia, edafologia, sare hidrologikoa, uren kalitatea, landaretza, habitatak, fauna, paisaia eta kultur ondarea. Azterketa hori planaren dokumentazioan jsota dago, etorkizuneko balizko eskaeretarako orientabide gisa baliatzeko.
Atezko Udal Plan Orokorrean egindako azterketak, diagnostikoak eta proposamenek 27,1 km²-ko udal esparru osoan dute eragina, eta sarturik daude bertan ingurune fisikoari buruzko datuak: klimaren ezaugarriak, ezaugarri geologikoak, edafologikoak eta hidrologikoak, lurzoru mota eta erabilerekin lotuak.
Udalerri osoa isurialde mediterraneokoa da, Larraun ibaiaren azpiarroaren -Iregi erreka da ur-ibilgu nagusia (ipar-mendebaldean)- eta ultzama ibaiaren azpiarroaren bitartez -Urepel errekak bustitzen du-. Atezko udalerria Aralarko unitate hidrogeologikoan dago sartuta, eta lurpeko bi ur-masaren parte da, bata Basaburua-Ultzama deitzen dena (udalerriaren ekialdeko bi herenak hartzen ditu), iturburutik zuzeneko ur-hargunerik gabea, eta bestea Goi Arga-Iratikoa, kareharritik sortzen diren iturri asko dituena, Eguaratsen eta Aroztegin horniduratarako erabiltzen direnak.
Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, eremu azpiatlantiko honetan berezkoa den landarediaren serieak eta geoserieak identifikatu dira. Basogintza eta abeltzaintzarako egokia da ibarra; bertako baso kaduzifolioek azalera handia hartua dute inguru maldatsuetan, eta belardiekin okupatu eta landu dira, berriz, ibar-zuloak. Pagadi azidofilo eta kaltzikolek (9120 eta 9150 habitatak), haritz kankudunek eta ameztiek (9230 habitata) eta ametz ilaundunek udalerriaren azaleraren erdia hartzen dute. Nabarmenak dira ameztiak San Andres, Abrakoeta eta Mendurrako mendi mazeletan Beuntzan eta Larraintxar Hiriberrin, Nafarroako ameztien %8 egiten dutenak. Ibai bazterreko landaredia dago Urepel eta Gascueralde erreken inguruetan, kontserbazio maila desberdinekin.
Inguruko paisaia iparretik hego-ekialderako norabideko ibarrek osatzen dute ekialdean eta hegoaldetik iparraldeko norabidekoak hegoaldean. Hiru paisai unitate identifikatzen dira: basoak, ibarren inguruko gainetan, 600-900 metrotan, belardiak eta soroak ibar-zuloetan, malda apalekoak, eta hiriguneak, herri eta baserriek osatuak. Elkarikuspen urrikoa da ibarra, eta eremu handiena ospela da, mendi gainak eta goi aldeko belardiak kenduta. Kalitate handiko eta giza-eragin txikiko paisaia da.
Identifikatu diren ingurumen unitateak dira hostozabalen basoak, larreak, soroak eta belardiak nahasian, koniferoen sailak eta hiriguneak, eta haien ingurumen balorazioa altutik oso txikira bitartekoa da, hurrenez hurren, hainbat ezaugarri kontuan hartuta: ezaugarri geomorfologikoak, landaredia, fauna, naturgune babestuak egotea edo ez eta kutsatzaileen sakabanatze gaitasuna.
Lurzoru urbanizaezinaren trataera Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 94. artikuluari lotuta dago. Ingurumeneko balioa duten babespeko lurzoruaren kategorian sartuta daude erabilera publikoko mendiak, ur ibilguak eta haien zortasun eremua eta ibai bazterreko landaredia eta zenbait habitat: ameztiak (9230), pagadiak (9120 eta 9150), txilardiak (4030), sastrakadi mediterraneoak eta larreak nahasirik (4090 eta 6212) eta ibai bazterreko haltzadiak (91E0*). Erabilera publikoko mendietan sarturik dauden eta nekazaritza eta abeltzaintzarako probetxamendua duten lurrak natur ustiapenerako balioaren azpikategorian daude. Arriskuen prebentziorako lurzoru dira, berriz, 100 urteko birgertatze-aldiarekin urak har ditzakeen lurrak. Eremu hori mugatu ahal izateko azterlan hidrologikorik ez dagoenez, ulertzen da mugaketa grafikoa orientabiderako dela eta azterlan horren menpe egonen dela. Inbentario arkeologikoko aztarnategi arkeologikoak, Auzaldiko trikuharria eta Auzaldigañeko tumulua, adibidez, babeseko lurzoruan sartuta daude kultur balioagatik.
Udal mugapearen gainerakoa zaindu beharreko lurzoru urbanizaezina da, zenbait azpikategoriatan banatuta. Hiriguneetatik gertuko ingurunean eremu batzuk identifikatzen dira paisaia aldetik duten balioagatik, hirigune horien irudia eta soslaia arriskuan ez jartzeko. Nekazaritzarako kalitatea duten lurzoruak, abeltzaintza estentsiboak baliatzen dituen belardiak eta larreak natu ustiapenerako balioaren kategorian sartuta daude, landa paisaiak hain berezkoak dituen arboladi txikiak gordeta, besteak beste Itargoien, Iturzar eta Aldabe alderdietan daudenak.
Ondorioen azterlanak mota askotako ukipenak baloratzen ditu: atmosferaren gainekoak (airearen kalitatea, soinu-erosotasuna eta argi kutsadura), hidrologia (erregimen hidrikoa eta uren kalitatea), hidrogeologia (maila freatikoa eta uren kalitatea), geologia, lurzoruak, flora eta landaredia, fauna, paisaia, erabilera publikoko mendiak, ingurune sozioekonomikoa, azpiegiturak eta ekipamenduak eta ondare historiko-artistikoa. Faktoreek ingurunean dituzten ondorioak bateragarriak dira. Prebentzio eta zuzenketa neurri batzuk planteatzen ditu, Udala Plan Orokorraren aurreikuspenen garapenean aplikatu beharrekoak.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak jakinarazi du Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta aldeko txostena eman du, baldintza berezi batzuk ezarriz ingurumen aldetik interesa duten eremu batzuk zehazteari, ingurumen integrazioko neurriak aplikatzeari eta udalerria soinu-aldetan banatzeari. Espedientean sartu dira Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren eta Uraren Zerbitzuaren aldeko txostenak.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Atezko Udal Plana onesteari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta ingurumen aldetik egokia dela adieraztea.
2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau emanen da, betiere, determinazio hauek betez gero:
-Kasuan kasuko hirigintza fitxetan zehaztukod ria hiri garapen berriak paisaian txertatzeko eta ibai sistemara egokitzeko neurriak. Inguruko ingurumen kalitatearen babesa bermatuko duten prebentzio, babes eta zuzenketa neurriak jasoko dira. Ildo horretan, UE-ARO-4 eta UE-ARO-6 unitateak Aroztegin eta AA-4 unitatea Eguaratsen garatzean, kontuan hartuko da zein diren urak har ditzakeen eremuak eta errekak ibilgu ireki gisa txertatu behar direla hiri bilbean, bi bazterretan babes zerrenda bat utzirik eta ur bazterreko landaredia babestuz. Malda moderatu eta handiko lurretan (UE-8, UE-9 (1. eremua) eta UE-7 (2. eremua) Aroztegin, UE-3 Beratsainen (2. eremua), UE-1, AA-5 eta UE-6 (2. eremua) Zigandan), paisaian txertatzeko eta bertako topografiara egokitzeko neurriak zehaztu beharko dira.
-Zehaztu beharko da natur ustiapenerako balioa duen lurzoruaren eta ingurumeneko balioa duen lurzoruaren mugaketa, zehazki 34B (6. poligonoa), 76C (8. poligonoa), 6A, 5E, 10C, 11, (1. poligonoa) azpilurzatietan, 16B, 12K eta 12S (11. poligonoa) lurzatiak eta 61. lurzatia 2. poligonoan. Bestetik, paisaia aldetik balio duen lurzoruaren eta garapen eredua babesteko araubidea horiek hartzen dituzten helburu eta balioetara egokituko da.
-Berariaz sartuko da udalerriko soinu-eskualdeen banaketa, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikulua. Eskualde banaketa egin ondoren, soinu kalitaterako helburuak 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoak izanen dira.
-Udal hirigintza planean jasotako garapen plan eta proiektuen sustatzaileek Ingurumen ondorioen azterlanean sartuko dituzte identifikatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak, eta zein modutan sartu diren justifikatuko dute.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Atezko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko uztailaren 16an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F1012619