110. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

462/2010 EBAZPENA, abuztuaren 9koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Lesakako udal mugapean banda zabaleko hari gabeko sarea eraikitzeko Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena. Sustatzailea Servicios de Txingudi, S.A. da.

2010eko apirilaren 23an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako proposamenari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko M letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren xedea da bost antena paratzea, hiru metroko altuerako mastetan eutsita, eta hiru rack-unitate, egun dauden egituren barrenean kokatuta (Agiñako errepikagailuaren etxola, Domikoko minizentral hidroelektrikoa eta Endarako urtegiko galeria), Domiko eta Endarako urtegien inguruan ura kudeatzeko instalazio batzuen funtzionamendua eta kontrola urrutitik kontrolatzeko helburuz.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta aipatu 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluaren bidez esleitutako eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera nire esku baitaude,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea banda zabaleko hari gabeko sarea eraikitzeko, Lesakako udal mugapean. Sustatzailea Servicio Txingudi, S.A. da.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

-Obra amaitutakoan, ongi garbituko da eremua. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira berriz erabili ezin diren hondar eta material guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

-Proiektua gauzatzean uki daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Lesakako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abuztuaren 9an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1013545