1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
73/2010 FORU AGINDUA, abuztuaren 3koa, Osasuneko kontseilariak emana, Sexu eta Ugalketa Osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren 15.c) artikuluan ezarritako arrazoi medikoak direla-eta haurdunaldia eteten ahal den kasuetan esku hartuko duen batzorde klinikoa eratzen duena.
Sexu eta Ugalketa Osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren 15. artikuluaren c) idatz-zatian xedatzen denez, salbuespenez, haurdunaldia eteten ahalko da, arrazoi medikoak medio, fetuak oso gaixotasun larria eta sendaezina duela antzematen bada diagnostikoa egiten den unean eta hori berresten badu batzorde kliniko batek.
Bere aldetik, aipatutako lege organikoaren 16. artikuluan adierazten denez, batzorde klinikoa diziplina anitzeko lantalde batek osatuko du: ginekologiako eta obstetriziako bi mediku espezialistek edo erditu aurreko diagnostikoko adituek eta pediatra batek. Emakumeak espezialista horietako bat hautatzen ahalko du. Autonomia erkidego bakoitzean batzorde kliniko bat egonen da gutxienez, osasun sare publikoari dagokion zentroren batean. Osasun arloko agintari eskudunek izendatuko dituzte batzordeko kideak, titularrak eta ordezkoak, eta esleitutako lanean jardun beharko dute urtebetez gutxienez. Izendapena kasuan kasuko autonomia erkidegoaren aldizkari ofizialean argitaratuko da. Halaber, xedatzen du batzorde klinikoaren jardunaren espezifikotasunak erregelamendu bidez arautuko direla.
Garapen hori ekainaren 25eko 825/2010 Errege Dekretuaren bidez egin da; dekretu horrek Sexu eta Ugalketa Osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoa hein batean garatzen du.
Hari jarraikiz, batzorde klinikoa kide anitzeko organo aholku-emailea eta tekniko-fakultatiboa da, eta haren esku-hartzeak berretsi edo ezetsiko du aldez aurreko diagnostikoa, emakumeari haurdunaldian arreta egin dion/dioten medikuak/medikuek oso gaixotasun larria eta sendaezina dela adierazten duena.
Aipatutako martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoan ezarritakoaren antzera, ekainaren 25eko 825/2010 Errege Dekretuak xedatzen du gutxienez ere osasun sare publiko bat egonen dela, bai eta autonomia erkidego bakoitzeko batzorde kliniko bat ere, eta batzordeko titularren eta, gutxienez ere, bakoitzaren ordezko baten izendapena autonomia erkidego bakoitzeko aldizkari ofizialean argitaratuko dela. Haurdun dagoen emakumeak eskubidea du martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren 16.1 artikuluan aipatutako mediku espezialisten edo adituen arteko bat hautatzeko. Bere eskubidea erabiliz, autonomia erkidegoko agintari eskudunei proposatuko die hark hautatutako mediku bat, sektore publikoko nahiz pribatukoa, izenda dezatela.
Arestian aipatutakoa gorabehera, Sexu eta Ugalketa Osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoan eta lege hori garatzen duen ekainaren 25eko 825/2010 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Sexu eta Ugalketa Osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren 15.c) artikuluan ezarritako arrazoi medikoak direla-eta haurdunaldia eteten ahal den kasuetan esku hartuko duen batzorde klinikoa eratzea.
2. Batzordeak kide hauek izanen ditu:
Ginekologiako eta obstetriziako mediku espezialistak edo erditu aurreko diagnostikoko adituak.
Titularra: María Ángeles Pardo Callao andrea.
Ordezkoa: Isabel Huarte Sala andrea.
Titularra: José Javier Pérez Dettoma jauna.
Ordezkoa: Carlos Larrañaga Azcárate jauna.
Pediatrak.
Titularra: Enrique Bernaola Iturbe jauna.
Ordezkoa: Concepción Goñi Orayen andrea.
3. Batzordearen jarduketa epea bi urtekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.
4. Jarduketa prozedura eta funtzionamendurako araubidea ekainaren 25eko 825/2010 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoa izanen da; hona hemen:
-Batzorde klinikoaren jarduketa bidezkoa izanen da haurdun dagoen emakumeak fetuaren gaixotasunaren aldez aurreko diagnostikoa duenean.
Horretarako:
a) Behin lehenengo diagnostikoa eginda, haurdun den emakumeak ebakuntza eginen deneko autonomia erkidegoko organo eskudunari eskatuko dio espedienteari hasiera eman diezaiola. Hark batzorde klinikoari esleituko dio kasua, gehienez ere 24 orduan, dagokion txostena egin dezan. Batzordean sartuko da emakumeak hautatu duen espezialista, eta hura izanen da osasun agintariek kasuan-kasuan eta inongo publizitate beharrik gabe zehazten dutenaren ordezkoa.
b) Batzorde klinikoak gehienez ere 10 eguneko epean eman beharko du txostena, salbu eta, arrazoi bidez azalduta frogatzerik badu proba diagnostikoetarako edo egin beharreko bestelakoetarako epe handiagoa behar dela.
c) Batzordeak diagnostikoa berretsi ondoren, hura 12 orduko epean igorriko dio autonomia erkidegoko organo eskudunari, interesdunari berehala jakinaraz diezaion, eta, hala, prozedurarekin jarraitu nahi izanez gero, haurdunaldia eten ahal izateko, lehentasunez, horretarako behar bezala prestatutako osasun sare publikoko zentro batean. Zentro hori edozein autonomia erkidegotako osasun sarekoa izaten ahalko da, kontuan hartu gabe zeini dagoen atxikia batzorde klinikoa.
d) Batzordearen txostena aldez aurreko diagnostikoarekin bat etorri ez arren ere, autonomia erkidegoko organo eskudunari igorriko dio, interesdunari jakinarazteko, eta aditzera emanen dio ez dagoela legeak haurdunaldia etetea ahalbidetzen duen kasuetako batean.
-Kasu horretan haurdunaldia eteteko baimena lortzeko prozeduran bil daitezkeen datu eta informazio pertsonal, asistentzial eta klinikoak isilpekoak izanen dira eta datuen isilpekotasuna eta intimitatea babesteko eta horiek tratatzeko araubideari lotuko zaizkio, martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren 20. eta 21. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
5. Foru agindu hau igortzea Osasunbidea/Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzaileari, Nafarroako Ospitaleguneko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko zuzendariari eta interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2010eko abuztuaren 3an.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.
Iragarkiaren kodea: F1013242