107. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTZUZA

Ordenantza, Altzuzako Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Altzuzako Kontzejuak, 2009ko abenduaren 18an egin batzarrean, hasiera batean onetsi zuen "Altzuzako Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza". Iragarkia paratuta 2010eko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 17an, bai eta iragakien oholean ere, jendaurreko epean bi alegazio idazki aurkeztu dira, Gerardo Ruiz Gómezek eta Hugo de la Fuente Álvarezek sinatuak, hurrenez hurren.

2010eko ekainaren 24an egin bilkuran ezetsi egin dira aipatutakoek aurkeztutako alegazioak, salbu eta Gerardo Ruiz Gómezek aurkeztutako alegazioa, ordenantzaren 45. artikuluari buruzkoa, baietsi egin baita.

Hortaz, behin betikoz onetsitako testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraituz.

Altzuzako Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Altzuzako Kontzejuaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Altzuzako Kontzejuari dagokio herrilurretako ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Altzuzako Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Altzuzako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

Herri ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Altzuzako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Altzuzako Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Altzuzako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Altzuzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Altzuzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Altzuzako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Altzuzako Kontzejuak, herrilurrei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Altzuzako Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Altzuzako Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

-Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua.

-Herrilarreen aprobetxamendua.

-Etxerako egurraren aprobetxamendua.

-Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Altzuzako Kontzejua herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. Onuradunak.

1. Orokorrean, Altzuzako Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Altzuzako Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea gutxienez urtebeteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak ordainduta izatea.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Altzuzako Kontzejuaren osoko bilkurak argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

17. artikulua. Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan esleitzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Kontzejuak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

18. artikulua. Onuradunak.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60aren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

19. artikulua. Loteak.

1. Honako azalera hau ezarri da lote tipoarentzat modalitate honetan:

-Lehorreko lurra: 60 erregu (5,39 hektarea).

2. 18. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio lote tipoari:

a) 3 kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea; hots, lote bat.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, bi lote.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea, hau da, hiru lote.

d) 9 kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea; hots, bost lote.

20. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Altzuzako Kontzejuak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 18 eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Kontzejuak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

21. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Laborantza urteanitzak badira, eta Kontzejuak baimendu ondoan, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatu ahalko da.

22. artikulua. Herrilurretako lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

-Lehorreko lurrak: 200,00 euro/hektarea/urtea.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira nekazaritzako KPIaren igoera gehituz gehienez ere. Edonola ere, kanonak Altzuzako Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez.

23. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

24. artikulua. Erregelamendu honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Altzuzako Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurrak norberak zuzenean lantzen ahal ez baditu, 25. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte adieraziko den Kontzejuaren kontuan.

26. artikulua. Altzuzako Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahal ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Kontzejuko Osoko Bilkuraren ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honetako 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatzen den bezala, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 bederen lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenak.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

27. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean.

28. artikulua. Kontzejuak erabakiko du zein den herritarrendako esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenendako esleipena egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.

29. artikulua. Esleipenaren epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.

30. artikulua. Aprobetxamendu modu horren bidez herrilurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

-Lehorreko lurrak: 250 euro/erregua/urtea.

Zenbateko hori proposaturiko kanonari dagokio eta urtero eguneratuko da, gehienez ere nekazaritzako K.P.I. aplikatuz.

31. artikulua. Esleipen-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

32. artikulua. Baldin eta Kontzejuaren mugapean herrilur egokirik bada, toki entitateak familia baratze izateko edo antzekorako lurzatiak ematen ahalko ditu, zozketa bidez, eskaera aurkezten duten herritarren artean, haiek halako lurrik ez badute.

Baratze horien azalera, kanona eta aprobetxamendu baldintzak hauek izanen dira:

-Lotearen azalera: lotearen azalera osatuko dute Kontzejuko Osoko Bilkurak, eskabideak aurkezteko epea irekitzean, zehazten dituen lurren azalerek.

-Kanona: 100 euro erreguko, urtean.

-Aprobetxamenduaren baldintzak:

A) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da 23 eta 24. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

B) Esleipena bost urterako izanen da.

Epea amaitzean, berriz ere zozketa eginen da eskatzaileen artean.

Helburu horietarako bideratzen den azalera osoa ez da inola ere laborantzako herrilurretako azalera osoaren ehuneko hamarretik gorakoa izanen.

3. ATALA

Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

33. artikulua. Altzuzako Kontzejuak, Lehen eta Bigarren Ataletan aplikaturiko prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Udalak/Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek nekazaritzako KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

34. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

35. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez bost urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai Kontzeju honen mugapean bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal mugape honetan bai besteetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Altzuzako Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

36. artikulua. Kontzejuak, osoko bilkuran bildurik, esleipen modu bakoitzera -lehentasuna duten herritarrena nahiz esleipen zuzenekoa- onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

37. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean jarriko da hamabost egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

38. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

39. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honen 19. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak esleituko dira.

Laborantzako herrilurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatien esleipena burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki oholean. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

40. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

41. artikulua. Altzuzako Kontzejuaren herrilarreen aprobetxamendua bi modu hauetan eginen da, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrendako esleipen zuzenaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraituz.

c) Enkante publikoan esleituz.

42. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nafarroako Gobernuan dagokion Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

43. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

44. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da.

45. artikulua. Altzuzako Kontzejuak kalkulatu duenez, herrilarreetako hektarea bakoitzak jasan dezakeen abere-zama hau da:

-10 ardi buru.

Honi dagokionez, Altzuzako Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:

-Behor buru 1 da 5 ardi buru adina.

-Behi buru 1 da 5 ardi buru adina.

46. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (abeltzaintzako KPI) kontuan hartuz.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

47. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Altzuzako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

48. artikulua. Altzuzako Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

49. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

50. artikulua. Egurra banatzerakoan Altzuzako Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.

51. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Altzuzako Kontzejua irizpide objetiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 18. artikuluan islatzen den bezala.

52. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Kontzejuak aurrekontu arruntean.

53. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere landazainek eta Kontzejuak ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

54. artikulua. Esleipen prozedurari dagokionez, Kontzejuaren osoko bilkuraren erabakiaren ondotik eta iragarki oholean ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek etxerako egurraren aprobetxamendurako eskabidea aurkez dezaten.

V. KAPITULUA

Herrilurren bestelako aprobetxamenduak

55. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

56. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Altzuzako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

57. artikulua. 1. Altzuzako Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurretako ondasuna hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

58. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalean ebatzi beharko dira.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

59. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Udalak esleitu gabe, herrilurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

60. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

-a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

-g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.

-Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 200 eurotik 3.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Altzuzan, 2010eko abuztuaren 17an.-Kontzejuko burua, María Carmen Abascal Rubio.

Iragarkiaren kodea: L1013794