107. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1966/2010 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, Rocaforteko (Zangoza) industria eremuan eta haren luzapenean sartzeko biribilguneak ukitutako eremua mugatzeko proiektua onesten duena, desjabetu ahal izateko, baita hark ukitutako titular, ondasun eta eskubideen zerrenda ere.

Enpresako zuzendari nagusiaren uztailaren 6ko 1760/2010 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen aipatutako proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Ebazpen hura 2010eko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 23an.

Jendaurrean egoteko aldia igarota, 2010eko abuztuaren 12an, Viscofan S.A. enpresak alegazio idazkia aurkeztu zuen. Hona hemen alegazio horiei emandako erantzuna:

1.-Viscofan S.A.k honako hau alegatu zuen:

Dirudienez, biribilgunea egiteko lursailaren desjabetzeak eta linea telefonikoaren trazaduraren ordezkatzeak ez dute Viscofan enpresaren airezko linea elektrikoa ukituko; hortaz, aipatutako elkartea ondasun eta eskubideen zerrendatik ken daitekeela uste dute. Halaber, adierazten dute haien linea elektrikoa ukitzea eragiten duen proiektuaren edozein aldaketa beraiek aztertu beharko dutela.

Alegazioari erantzuteko, adierazi da Viscofan enpresak linea elektrikoa dueneko finka hor dagoen telefonia linea zati bat lurperatzearen ondorioz ukituko dela eta behin betiko okupatuko dela biribilgunea egiteko. Lurperatutako zortasuna bateragarria da Viscofan enpresaren linea elektrikoarekin. Biribilgunerako lursailaren desjabetzea kargetatik libre dago eta Viscofan enpresaren linea ez dator bat behin betiko okupatuko den azalerarekin; hala ere, finkaren gaineko eskubide errealak dituzten titular guztiei eman behar zaie desjabetzearen berri, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 6ko Legearen 4. artikuluari jarraikiz. Hortaz, alegazioa, titularren zerrendatik kentzeari dagokionez, ezesten da, eta ukitu gisa jarraituko du, behar diren ondorioetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzeko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariaren irailaren 27ko 285/2007 Foru Aginduarekin bat, organo titularra ez dagoenez,

EBATZI DUT:

1. Behin betiko onestea Rocaforteko (Zangoza) industria eremuan eta haren luzapenean sartzeko biribilguneak ukitutako eremua mugatzeko proiektua, bai eta hark ukitutako titular, ondasun eta eskubideen zerrenda ere, ebazpen honen azalpen zatian adierazi bezala.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Zangozako Udaletxeko iragarki oholean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Industria Lurzorua, S.A.-Nasuinsari, Zangozako Udalari, alegazio-egileari eta ukitutako gainerako titularrei jakinaraztea, eta adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, eta administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko abuztuaren 25ean.-Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Enpresako zuzendari nagusiaren ordezkoa, Iñaki Morcillo Irastorza.

Iragarkiaren kodea: F1014160