107. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

463/2010 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Kulturako zuzendari nagusiak emana, Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren liburutegi espezializatua Nafarroako Liburutegien Sisteman sartzea onesten duena.

Nafarroako Liburutegien Sistema arautzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legearen 21. artikuluak liburutegi espezializatuak honela definitzen ditu: "Funts berezia dutenak dira, batez ere jakintzaren arlo berezi baten barrenean." Eta honako hau zehazten du: "Nafarroako Liburutegiaren bitartez koordinatzen dira gainerako liburutegien sistemarekin".

Mota horretako liburutegiak Nafarroako Liburutegien Sisteman sartzeko, sarrera-eredu bat prestatu da. Eredu horretan agertzen dira liburutegi espezializatuaren titularra den entitateak eta Liburutegien Zerbitzuak hartu behar dituzten konpromisoak. Liburutegi honen baldintzei dagokienez, eredu hori ebazpen honen eranskinean agertzen da.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren liburutegi espezializatua Nafarroako Liburutegien Sisteman sar dadila onestea, ebazpen honen eranskinean azaltzen den bezala.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hezkuntza Departamentuko eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiei eta Liburutegien Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko uztailaren 23an.-Kulturako zuzendari nagusia, Pedro Luis Lozano Úriz.

ERANSKINA

Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren liburutegi espezializatua Nafarroako Liburutegien Sisteman sartzea

Nafarroako Liburutegien Sistema arautzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legearen 21. artikuluak liburutegi espezializatuak honela definitzen ditu: "Funts berezia dutenak dira, batez ere jakintzaren arlo berezi baten barrenean." Eta honako hau zehazten du: "Nafarroako Liburutegiaren bitartez koordinatzen dira gainerako liburutegien sistemarekin".

Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuaren liburutegi espezializatua (aurrerantzean LE) Nafarroako Liburutegien Sisteman sartuko da jarraian azalduko diren baldintzekin:

1.-Informazioa errazago eskuratzeko oinarrizko zerbitzuak.

-Dokumentuak edozein euskarritan kontsultatu eta eskuratzeko zerbitzua.

-Liburutegien arteko mailegu zerbitzua.

-Orientazio eta informazio bibliografikoko zerbitzua liburutegiaren espezialitatean.

-Erabiltzaileentzako arreta zerbitzua.

-Erreprografia zerbitzua, hori egiteko tasak edo prezio publikoak ezarrita dauden kasuetan.

Liburutegiak jendaurrean jarriko du irakurleek dokumentuak eskuratzeko duten aukera, eta aukera hori liburutegien arteko maileguaren bitartez gauzatuko du. Horretarako, astean gutxienez 10 orduko irekiera ordutegia eskainiko du katalogoan. Aldez aurretiko hitzorduaren formula erabiltzen ahalko da.

2.-Bibliografia-funtsa.

Liburutegiak, gutxienez, 2.000 dokumentu espezializatu izanen ditu. Dokumentu horiei esker, Nafarroako Liburutegi Publikoen Katalogo Kolektiboak eskaintza bereizgarria eta interesgarria izanen du.

LE mendean duen zerbitzu edo unitatea arduratuko da hasierako dokumentu-funtsaren horniduraz, eta urtero aurrekontuko kontu-sail bat gordeko du dokumentuen mantentze-funtsa erosteko eta funts hori alderdi teknikoan behar den bezala prozesatzeko, baita liburutegien arteko mailegua kudeatzeko ere.

3.-Irakurle txartela.

LE mendean duen unitatetik kanpoko erabiltzaileen kasuetarako, Nafarroako liburutegi publikoetako irakurle txartelarekin eta irakurlearen barra-kodea daraman hiritar txartelarekin LEren funtsak eskuratzeko eta mailegu zerbitzua eta liburutegia erabiltzeko aukera bermatuta egonen da.

4.-Dokumentuen mailegua.

Erabiltzaileei mailegu pertsonalaren zerbitzua eskainiko zaie, Nafarroako Liburutegi Publikoen "Mailegurako araudian" ezartzen diren baldintzetan.

Mailegatu ezin diren funtsen kasuan, liburutegien arteko maileguaren formula irekita geratuko da, Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemako liburutegietan funtsak kontsultatzeko.

5.-Kudeaketarako aplikazioa.

LEren funtsak kudeatzeko aplikazioa Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemarako erabiltzen dena izan beharko da, eta aplikazioaren administratzailea Liburutegien Zerbitzua izanen da.

Sukurtsalen lizentziak eta aplikazioaren erabiltzaileenak nahiz mantentze-lanen eta laguntza teknikoaren kostuak finantzatzeaz LEren titularra den zerbitzua arduratuko da.

Behar izanez gero, aplikazioaren sistema eragilearen eta datu-basearen lizentziak, nahiz mantentze-lanen eta laguntza teknikoaren kostuak finantzatzeaz LEren titularra den zerbitzua arduratuko da.

6.-Funtzionamendurako eta antolaketarako irizpideak.

Nafarroako Liburutegi Publikoen Katalogo Kolektiboan LEak kudeatzeko liburutegi arloko irizpideak sartuko dira, gainerako liburutegi publikoetarako egiten den bezala, eta Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuak ezarriko ditu. Ildo horretan, zerbitzu horrek "bigarren mailako" aholkularitza lana eginen du liburutegiko langileentzat. Langile horiek hurrengo 7. puntuan azaltzen dira.

Halaber, LEan dokumentuak Nafarroako Liburutegi Publikoen Katalogo Kolektiboan sartzeko jarraitu beharreko laneko metodologia bat etorriko da bibliografia sailkatu eta deskribatzeko sistemekin nahiz Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuaren arau eta zuzentarauekin.

Liburutegi Zerbitzuak LEri katalogatzeko eta eguneratzeko prozeduren eskuliburuak emanen dizkio.

7.-Liburutegiko langileak.

LEko arreta, instalazioen eta zerbitzuen kudeaketa egokia eta funtzionamendu normala bermatzeko beharrezkoak diren liburutegiko langileek egin beharko dute, erabiltzaileei instalazio eta zerbitzu horiek eskuratu eta erabiltzeko baldintzarik onenak ematea helburu dela.

Liburutegiko langileak arduratuko dira LEen zuzendaritza teknikoaz eta haren zerbitzuen eta baliabideen kudeaketaz.

LEren titularra den zerbitzuak liburutegia kudeatzeko beharrezkoa den prestakuntza teknikoa emanen du.

8.-LEren zabalkundea.

LEren katalogoa Nafarroako Liburutegi Publikoen Katalogo Kolektiboan txertatuko da eta horrekin batera zabalduko da, jakina, espezialitateak zein diren adierazita. Zabalkunderako irizpideak Liburutegi Zerbitzuak ezarriko ditu.

Katalogoa argitaratu aurretik, LEren titularra den zerbitzuak Liburutegi Zerbitzuari txosten bat eman beharko dio. Txosten horretan honako hauek zehaztuko dira: funtsak sartzeko egin den prozesu teknikoa, alta emanda duten bibliografi erregistroen eta aleen kopurua, eta gehitu behar izan diren egileen izenak azaltzen dituen zerrenda. LEak erregistroen edo egileen zuzenketak egiteko konpromisoa hartuko du, Liburutegi Zerbitzuak hori egitea iradokitzen badio.

Halaber, erabiltzaileek dokumentuak errazago eskura ditzaten, web gunean Nafarroako Liburutegi Espezializatuen Direktorioa argitaratu beharko da. Direktorio horretan helbidea, telefonoa eta posta elektronikoko helbidea agertuko dira, eta erabiltzaileen arretarako ordutegia eta dokumentuak eskuratzeko baldintzak ere bai.

9.-Kalitate-kontrola.

Nafarroako Liburutegien Sisteman jarraitu ahal izateko, uneoro mantendu beharko dira "eskakizun" hauetan agertzen diren kalitate-estandarrak. Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eskumena Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuarena da. Beraz, zerbitzu horrek zerbitzuaren kalitate-kontrolak ezartzen ahalko ditu, baita Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemako gainerako ataletarako kalitate-kontrolak ere.

Kudeaketari dagokionez irregulartasunak antzematen badira eta irregulartasun horiek arrazoizko epe batean konpontzen ez badira, Liburutegi Zerbitzuak LE Nafarroako Liburutegi Publikoen Katalogo Kolektibotik baztertuko du. Ondorioz, kudeaketako aplikazioa erabiltzeari dagokionez baja emanen da, eta sartzeko baimenak murriztuko dira.

10.-Lokala, altzariak eta ekipamendua.

LEren titularra den zerbitzuak liburutegiaren funtzionamendu normalerako beharrezkoak diren lokala, altzariak eta ekipamendua jarri beharko ditu. Halaber, instalazio informatikoa eta konexioak emanen ditu.

Iragarkiaren kodea: F1012677