107. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1095/2010 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideak" izeneko proiektuaren informazio azterlanari buruz. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

Proiektuaren ezaugarriak kontuan harturik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B eranskineko C taldeko a) atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

2006ko ekainaren 8an, Herri Lanetako zuzendari nagusiaren idazki bat sartu zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan. Idazki haren bidez "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideak" izeneko proiektuaren memoria-laburpena igorri zen.

Ingurumen arloko tramitazioa has dadin, eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariaren 2006ko ekainaren 20ko idazkiaren bidez, aurretiazko kontsulten tramitea egin zen. 22 entitateri egin zitzaien kontsulta, eta seik erantzun zuten. Jasotako erantzunak Ingurumen eraginaren adierazpen honen 1. eranskinean laburtuta ageri dira.

2006ko abuztuaren 22an, aurretiazko kontsulten erantzunak sustatzaileari bidali zitzaizkion, Ingurumen eraginaren azterlana egiterakoan kontuan har zitezen. Gainera, Ingurumen eraginaren azterlanaren derrigorrezko edukiari erantsi beharreko alderdi batzuk aipatu zitzaizkion.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2007ko apirilaren 13an, "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideak" izeneko proiektuaren informazio azterlanari buruzko Ingurumen eraginaren azterlana igorri zuen, bai eta behar zen Ingurumen eraginaren azterlana ere. Martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 39. artikuluko 2. puntuarekin bat, zerbitzu honetako zuzendariak, 2007ko ekainaren 18an, idazki bat igorri zion, ondorio horietarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariari, eta azterlana aski zela adierazi arren idazki hartan, dokumentazioa alderdi hauetan osatzeko eskatu zen: 3. bidea Probintzietako Errege Altxonbidearekin eta hori Done Jakue Bidearekin gurutzatzen diren puntuetako pasaguneei buruz erabakitako konponbidea. Gainera, zenbait behar bazirela eta proiektuan jaso behar zirela adierazi zen, hala nola, Donapea Institutuaren ondoan zarataren kontrako pantailak jartzea, Elortz ibaiaren erripa babesteko neurri zehatzak, inguruz inguruko berdegunea sortzea oinezkoentzat eta mailegu eta zabortegi eremuak kokatzea.

2. eranskinean laburturik ageri dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta 3. eranskinean, berriz, Ingurumen eraginaren azterlanaren alderik aipagarrienak.

Nafarroako Gobernuak 2007ko azaroaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideen informazio azterlana", Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu eta jendaurrean jarri zen Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako, baita Ingurumen gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako ere. Erabaki hori 2007ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 12an.

Jendaurreko aldian hiru alegazio jaso dira, eta horien edukiak ez dakar aldaketarik proiektuaren ingurumen ukipenetan. Ingurumen arloko edukia duen bakarra Galar Zendeako Udalak aurkeztutakoa da. Alegazio horretan aipatzen da oinezko eta bizikletentzako bide bat proiektuan sartu beharra eta zaratari buruzko araudi eguneratuaren parametro berriak betetzen direla proiektuan justifikatu beharra. Alegazioaren lehenengo zatia ezetsi egin da, oinezko eta bizikletentzako ibilbideak ezarri baitira jarraipena izan dezaketen tokietan. Zaratari buruzko Legearen betetzea Ingurumen eraginaren adierazpen honetako baldintzen multzoan jaso da.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 93/2006 Foru Dekretuaren 51. artikuluarekin bat, 2008ko apirilaren 22an txosten bat igorri zuen, "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideen informazio azterlanari buruzko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko ingurumen eta hirigintza arloetako determinazioei buruz Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak egindako txostena" deiturikoa, Ingurumen eraginaren adierazpena egitearen eta proposatutako alternatiba Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa onestearen ondorioetarako.

Espediente honen tramitazio aldian, Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 23an hartutako Erabakiaren bidez Cordovilla-Galarko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Cordovilla jabeen elkarteak sustatua, onetsi zen. Horretan jatorrizko proiektuaren zati handi bat sartzen da, zehazki 1. eta 2. bideak. Ikuspegi berri hori izanik, beste proiektu bat prestatu da, Iruñeko hegoaldeko sarbideen UPSan beharrezkoak diren aldaketekin, Cordovilla-Galarkoaren konponbidearekin bateragarri eginez.

Hasieran proiektatutako hiru bideetatik, tramitazioan dagoen proiektuan Donapea institutuaren hegoaldean zeharkako bide bat egitea besterik ez da agertzen (3. bidea). Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proposatu du aldaketa hori eta, beraz, 2010eko otsailaren 16ko idazkiaren bidez eskatu dute jarrai dadila Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedurarekin eta Ingurumen eraginaren adierazpena egin dadila.

Tramitearen ondoriozko agiriak azterturik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aditzera eman du proiektua ingurumen eragin nabarmenik sortu gabe gauzatu daitekeela, eta aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak ezarri ditu Ingurumen eraginaren adierazpena honetan.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osorik dagoenez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Ingurumenaren arloko eskumenak eskuordetzeko urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren 1.d artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideak" izeneko proiektuaren informazio azterlanari buruz (Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du proiektu hori), ingurumenaren aldetik bideragarria dela iritzirik, betiere Ingurumen eraginaren azterlanean eta proiektuan jasotako neurri zuzentzaileez gain honako baldintza hauek ere betetzen badira:

1.-Zabortegien eta instalazio osagarrien kokapena.

Eraikuntza proiektuan zabortegirako proposamen bat jaso beharko da, lehengoratze proiektua barne (aurkeztutako dokumentazioan ageri den lurren balantzearekin bat, ez da beharrezkoa mailegu materiala).

Obrak hasita daudela, soberakinek aurreikusitako bolumena gainditzen badute eta lurren zabortegi gehiago behar badira edo proposatutakoa handitzea komeni bada, horretarako beharrezkoa den Ingurumen ukipenetarako baimena tramitatu beharko da, 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, arau horren 2C eranskineko O atalean ageri den jarduketa bat baita.

Obrak bukatutakoan lehengoratu eginen da jarduketa osagarriek ukitutako eremua. Zerbitzuan segitu behar dutenetan paisaiaren integrazio lanak eginen dira inguru hurbilarekin fisiografikoki egokituz, landare lurra hedatuz, substratua prestatuz, ereinez, hidroereintza eginez eta ukitutako zuhaitz eta zuhaixken landaketak eginez.

2.-Elortz ibaiaren erripa babestea.

1+400 - 1+500 KPen artean, trazaduraren okupazio zerrenda ahalik eta gehien urrunduko da Elortz ibaiaren erripatik, 10 metroko zabalerako babes zerrenda bat utziz ezpondaren burualderaino. Tarte horretan, ongi ikusiko den zintarekin balizatuko da errepidearen trazadura. Erripa horren burualdean lur-erauzketa egitea eta makineria eta ibilgailuak pasatzea saihestuko da ezegonkortasun arazoengatik, higadura arriskuagatik eta ibaira iristen ahal diren isurketengatik.

3.-Higaduraren kontrako babesa, ingurumena lehengoratzea eta paisaiaren integrazioa.

Obrak hasi aurretik, obrek ukitutako eremuak berriz landareztatzeko proiektu bat aurkeztuko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, eta proiektu horren barnean memoria, baldintzen agiria, neurketak eta aurrekontua jasoko dira.

Ahal dena eginen da lur-erauzketako eta lubetako ezpondek ahalik eta malda gutxien izateko, espedienteko dokumentazioan ageri den moduan, 2H/1V malda gehienez, non ez den eraginik izaten lurzoruaren okupazioagatik (abantailak konpentsatzen ez dituena), hala nola trazadura Elortz ibaiaren erriparantz handitzea. Kasu guztietan, lur eremuarekiko gurutzaguneko ertza biribildu eginen da, lur eremu naturalaren jarraipen itxura izateko.

Aldez aurretik landare lurra kentzen denean, 30 cm-ko geruza kenduko da gutxienez; lurzoruaren profila sakonagoa izatea aurreikusten den eremuetan 50 m artekoa izaten ahal da. Hala lortzen diren lurzoru emankorrak pilatu eginen dira eraikuntza aldian, gehienez ere 1,5 m-ko altuera izanen duten pilatan, horrela errazago aireztatzeko eta ez trinkotzeko. Ondorengo kolonizazio prozesuak errazteko, horren propietateak mantentzeko sistema bat ezarriko da ereite lana eginez, ureztatuz eta aldian behin ongarrituz. Oro har, substratu hori erabiliko da, lehentasunez, berriz landareztatu beharreko eremuetan.

Obrek ukitutako eremuak ingurumenaren aldetik lehengoratzeko jarduketak bidea eraikitzeko jarduketekin batera eginen dira. Horretarako, obren plan bat prestatuko da, zeinean bi jarduketak eremu eta denbora aldetik nola koordinatuko diren azalduko baita, euriaren ondoriozko higadura arriskuak saihesteko eta lehengoratze neurrien eraginkortasuna ziurtatzeko.

Aurrekontuko kontu-sail bat sartu beharko da proiektuan, zurezko landare estaldura mantentzeko lanak eginen direla bermatzeko, hasierako ezarpen aldian (landaketa egin ondoko 2-3 urte), landareak ongi sustraitu eta behin betiko ezar daitezen. Ureztatu egin beharko da ur gutxiko aldietan, landare hilak berritu, zurkaitzak eta oinarriko babesleak berritu, ongarritu, inausketak egin, etab.

Hidroereintza eginen da ezponda berrietan, malda bat edo beste izan. Lubetako ezpondetan pasaldi bakarreko hidroereintza eginen da, eta lur-erauzketako eremuetan bi pasaldikoa.

4.-Zarata.

Eraikuntza proiektuan beharrezkoak diren neurriak sartuko dira, bide berriak sortuko duen zarata aztertu ondoren (Ingurumen eraginaren azterlanean ez dira zehazki baloratzen hautaturiko alternatiba eta bidea), Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 3. eranskinean ezarritako kalitate akustikoaren helburuak bete daitezen, kontuan harturik ukitutako eremuaren sektorean irakaskuntzarako eta kulturarako erabiltzen den lurzorua dela nagusi, eta berariaz babestu behar dela kutsadura akustikotik. Zehazki, bide azpiegitura berriei aplikatzen zaizkien zarata mugak ezarri dira, hau da, 55 dB (A) egunez eta 45 dB(A) gauez.

5.-Ondare historiko eta kulturala babestea.

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2008ko urtarrilaren 28ko txostenetan xedatutakoarekin bat, jarraibide hauek beteko dira:

-Oro har, jarraipen arkeologikoa eginen da obra aldian, hau da, belar-sastrakak kenduko dira landare lurrean oinarriko maila geologikoetara iritsi arte; hala, obran berean eginen dute kontrola arkeologiako teknikariek lurra mugitzen den jarduketa guztietan, obrak egin bitartean ezartzen diren mailegu berriak, pilaketak edo zabortegiak barne. Obrak gauzatzeko proiektu teknikoetan jasoko da neurri hori, eta beharrezkoa den kontu-saila edukiko da horretarako.

-Egitura edo aztarna arkeologiko ukitu gabeak eta identifikatu gabeak aurkitzen badira azaleran, mugatu eta balizatu eginen dira eta Ondare Arkeologikoaren Bulegoari horien berri emanen zaio 48 orduko epean gehienez, ukitutako eremuetan lanak aldi batez geldi daitezen eta indusketa sistematikoa egin dadin. Aurkikuntza horien azken xedea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen berariazkoaren menpe egonen da; horrexek finkatuko du lanak nola eta zer baldintzarekin eginen diren, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

-Gainera, obra hauei lotutako mailegu guztiek (beharrezkoak badira) eta zabortegi guztiek, proiektuan zehaztuta daudenean, Arkeologia Atalak ematen duen aldeko txostena beharko dute, bai eta jarraipen arkeologikoa ere.

-Neurri horiek guztiak arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek gauzatuko ditu, proiektuko sustatzailearen kargura, legeak hala aginduta. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez arautu baitziren Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko Ondare Arkeologikoaren Bulegoak ikuskatuko ditu jarduketa horiek.

6.-Ingurumena zaintzeko plana.

Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideak egiteko proiektuaren informazio azterlanean jasotako alderdiei buruzko jarraipenaz gainera, trafikoak Donapea institutuan eta Goroabe ikasleen egoitzan sortuko duen zaratari buruzko azterlan bat eginen da.

7.-Ingurumen eraginaren adierazpen honetan ageri diren determinazioak betetzea.

Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideak egiteko proiektua prestaturik, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak zerbitzu honetara igorri beharko du Ingurumen eraginaren adierazpen honetan ezarritako determinazioak betetzen direla frogatzeko agiria, bereziki zarataren kontrako babesari, maileguei eta zabortegiari buruzko neurriei dagokienez; halaber, Done Jakue Bidean eta Probintzietako Errege Altxonbidean lehengoratze lana egiteko behin betiko hartutako eraikuntza soluzioak egiaztatzeko ere balioko du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea gauzatzeko Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, eta Iruñeko eta Zizurko udalei eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko uztailaren 23an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

1. ERANSKINA

Aurretiazko kontsulten tramitearen emaitza

Aurretiazko kontsulten tramitean kontsultatutako erakundeen zerrenda (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 38. artikuluaren arabera), Ingurumen eraginaren azterlana prestatzerakoan kontuan hartu ahal izateko:

-Iruñeko Udala.

-Galarko Udala.

-Zizurko Udala.

-Noaingo Udala.

-Zizur Nagusiko Udala.

-Ezkirotz Galarko Kontzejua.

-Vianako Printzea Erakundea.

-Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendaria.

-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria.

-Ebroko Ur Konfederazioa.

-LAB.

-UGT.

-Nafarroako Unibertsitatea.

-ELA.

-Unión de Agricultores y Ganaderos.

-Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

-E.H.N.E.

-Gorosti.

-Gurelur.

-Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.

-Nafarroako Ehiza Federazioa.

-ADECANA.

-CCOO.

Entitate hauen erantzunak jaso ziren:

1.-Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua.

2.-Ondare Historikoaren Zerbitzua. Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalarena.

3.-Ebroko Ur Konfederazioa.

4.-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua. Plangintza eta Laguntza Atala.

5.-Iruñeko Udala.

6.-Zizur Nagusiko Udala.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak, kontsultaren emaitza aztertzean, hautaturiko soluzioak eta ukituriko udalerrien planeamendu indardunek, HEAk eta trenbide berriaren UPSak duten bateragarritasunaren inguruko gaietan jartzen du arreta. Horretaz gainera, adierazten du 3. bidea Elortz ibaiaren ondoko tartean txertatzea zaila dela, eta trazadurak azken tartean, Elortz eta Sadar ibaien bateratze gunean, uholdeak izateko duen arriskua ebaluatu behar dela.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak adierazi du Sadar eta Donapea izeneko aztarnategietan (ondareko 3. kategoria) eragina izan dezaketela 1. eta 3. bideek, baina ukipen maila hori ebaluatzerik ez dago, horiei buruzko informazio estratigrafikorik eta bideen proiektu teknikoaren xehetasunik ez dagoelako. Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da kultur ondarearen gaineko eraginari buruzko azterlana egitea, jarraibide metodologiko batzuetan oinarrituta.

Ebroko Ur Konfederazioak ohar hauek egin ditu:

-Bideen trazadura proiektuaren alternatibak sartzea diseinuaren irizpideetan, baita eremu ahuletan esku hartzea saihesteko neurriak ere.

-Ibai, erreka edo erretenetan ahalik eta ukipen geomorfologiko txikiena izatea.

-Saihesbidearen proiektuaren trazaduran ukipen hidrogeologikoa ahalik eta txikiena izatea edo saihestea, iturburu eta errekarga puntu edo eremuei dagokienez.

-Azpisistema hidrikoari lotutako ekosistema biotikoa ahalik eta gutxien ukitzea, ziklo biologikoei egokituz eta, hala denean, esku hartzeko irizpideak ezarriz.

-Exekuzio aldian zeharkako ukipena ahalik eta txikiena izatea arrazoi hauek direla-eta: materialen pilaketa, makineriaren parkea, aurrefabrikatuen parkea, hormigoi plantak, zabortegiak eta edozein instalazio osagarri eta hondakinen sortzaile, eremu ahulak (ibai-ibilguak, ibai-bazterrak eta ibaiertzak bereziki) ezetsiz.

-Proiektua gauzatzen aritzen diren pertsonei ahalik eta prestakuntza handiena ematea ingurumen arloan.

-Beste determinazio orokorrago batzuk.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalak adierazi du 1. eta 2. bideak bat datozela Probintzietako Altxonbidearekin. Horren trazadura Europako Aferen eta Plangintzaren zuzendari nagusiaren irailaren 29ko 581/2004 Ebazpenaren bidez zehaztu zen. Altxonbidearen batez besteko zabalera 22 metrokoa da ukitutako tartean. Horregatik, altxonbidea ongi lehengoratzeko beharrezkoa den lurra erreserbatu beharko du proiektuak. Gainera, zerrenda hori 3. bidearekin gurutzatzen den gunerako gomendioak egiten ditu txostenak.

Iruñeko Udalak proiektua Iruñeko Udal Planarekin bat etortzeari buruzko oharrak soilik egin ditu. Era berean, Zizur Nagusiko Udalak adierazi du bideen trazadurak EHAetan ageri diren "Irizpide orokorrak" errespetatu beharko lituzkeela.

2. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Obren bidez bide berri bat eginen da, NA-6000 Zizur Txikia errepidetik abiatuko dena eta, Donapea institutuaren atzetik, NA-6001 Ezkirotz errepidera iritsiko dena, zeina Cordovillako UPSak eraldatuko baitu.

Bideak 1.300 m-ko luzera izanen du gutxi gorabehera, eta bertan dagoen bidearekin biribilgune itxien bitartez lotuko da.

Eredu-sekzioa 7 metroko galtzada bikoitzekoa izanen da (2 lerro norabide bakoitzean), 2,5 m-ko erdibitzailea izanen du eta 2,5 m-ko ertz eta bazterbideak alde bakoitzean. Iparraldean, 2,8 m-ko zabalerako berdegune zerrenda bat izanen da, areka hormigoiztatuarekin, eta ondoren oinezkoentzako bidea eta bizikletentzako eremua, 4 m-ko zabalerakoa, zoladuraduna eta metro bateko zabalerako bermaduna.

Obra horretako lur mugimenduetan 60-70.000 m³-ko bolumena sortuko da lur-erauzketak eta lubetak direla-eta. Lur konpentsazioa dagoenez, landare lurraren eta material ez-egokien soberakinak soilik espero dira.

Drainatzeei dagokienez, galtzadaren drainatzea eta azaleko uren hustuketa soilik izanen dira kontuan.

NA-6001 errepidea Donapeako urbanizazio berriko bide bat bihurtuko da eta, hortaz, garbi dago lehengoratu eginen dela; NA-6000 errepidea, berriz, biribilgune berriaren eremuan soilik ukituko da. Done Jakue Bidea proiektuaren hasierako eremuan lehengoratuko da, eta biribilgunearen kanpoko aldetik inguratzen ahalko da. Probintzietako Errege Altxonbidea gaur egungo trazadura beretik lehengoratuko da.

3. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlana

Ingurumen eraginaren azterlanak, jatorrizko proiektuan oinarrituta prestatu denak, zerrenda bat du nagusi, eta horrek iparraldean Nafarroako Unibertsitatearen Campusarekin eta Sadar ibaiarekin egiten du muga eta hegoaldean Elortz ibaiarekin.

Errepide berriak hiri inguruko eremu bat ukitzen du; eremu horretan lehorreko alorrak dira nagusi, eta landaredia natural eta fauna gutxi dago. Ez da naturgune babesturik ukitzen. Ikus-kalitatea ertaina-altua da, eta ikuspena altua izanen da Donapea institututik eta txikiagoa Goroabe ikasleen egoitzatik. Ukitua suertatzen ahal den aztarnategi arkeologikoa Donapeakoa da (09-31-201-0005). Hasierako eta bukaerako tarteetan, bide berriak Done Jakue Bidea eta Probintzietako Errege Altxonbidea ukitzen ditu, hurrenez hurren.

Eragin nagusien identifikazioa hasiera batean planteatutako hiru alternatiben gainean egin denez, azterlanak balorazio "altuko" eraginak atzeman ditu dagoeneko baztertu diren alternatibetako batzuetan. Orokorrean, eragin nagusiak hauek izanen direla esan daiteke: trafikoaren hotsa, bereziki Donapea institutuari dagokionez, nekazaritzako lurra galtzea, Elortz eta Sadar ibaien kutsadura trafikoagatik eta paisaiaren kalitatea murriztea.

Azterlanak aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak azaltzen dituen kapitulu bat dauka. Lehenengoen artean, garrantzitsuenak obra zedarriztatzea, obren jardueratik baztertutako eremuak zeintzuk diren adieraztea eta hondakin arriskutsuak kudeatzea dira. Neurri zuzentzaileak, berriz, landare lurra atera, gorde eta erabiltzea, prospekzio arkeologikoa eta zundaketak egitea aztarnategietan, Done Jakue Bidea egokitzea, Probintzietako Errege Altxonbiderako bidea egokitzea, sarbideak, ezpondak eta fabrikako obrak zuzen diseinatzea urak ongi zirkulatzeko, zabortegiak, eta ezpondak, biribilguneak eta bide bazterrak landareztatzea.

Azkenik, Ingurumena Zaintzeko Programak babes neurrien eta neurri zuzentzaileen jarraipena eginen du eta honela banatuko da: obrak egin bitarteko Ingurumen Zaintza (makineria, hondakinak, landare lurren pilaketak, zedarriztatzeak, landareztatzea...) eta errepidea funtzionamenduan jarri ondoko Ingurumen Zaintza, sartutako landareen zaintza gainbegiratuko duena.

Iragarkiaren kodea: F1012919