107. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1067/2010 EBAZPENA, uztailaren 16koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Sorladako Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Sorladako Udalak sustatzen du plana.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Zerbitzuak, Sorladako Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua ikusita, txostena eman zuen 2009ko otsailaren 4an, eta bertan aipatu, Udalaren Hirigintza Planean sartu beharko liratekeen udalerriko ingurumen alderdi garrantzitsuenak.

Ingurumen ondorioen azterlanari nahikotasuna emanik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera eta Sorladako Udalak 2010eko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14an, argitaratu iragarkiaren bidez jarri ziren jendaurrean udal plana eta Ingurumen ondorioen azterlana.

Lurraldea okupatzeko eredua landa giroko garapen bati dagokio, oraingo egoera hobetzeko helburuz, alde andeatuak urbanizatuta, hiriguneko ertz finkatu gabeak errematatu eta taxututa, bide historiko eta turistiko nagusietan eusten den garapen trinko bati aukera emanez eta ibarraren gaineko begiratoki gisako kokaleku estrategikoa indartuko duten oinezkoen bide sareak sortuta. Bizitegien garapenak lau sektoreko egitura du, eta 45 etxebizitzako prebisioa.

Hirigintzako Udal Planeko proposamenek udalerri osoa ukitzen dute (6,41 km²). Lurzoru urbanizaezinerako azterketa eta proposamenetan ingurumenaren gaineko informazio garrantzitsua bildu da, lurraldea garatzeko eredua gauzatzen laguntzen duena. Berrotza ibarreko luzetarako korridorearen hegoaldeko mendilerroen oinetan dago Sorladako hirigunea.

Ingurunearen analisian klimari, geologiari, geomorfologiari eta hidrogeologiari buruzko datuak sartzen dira. Odrón eta Las Lombas ibaiek eta San Gregorioko mendilerroaren hegoaldeko mazelak ureztatzen dituzten erreka-zuloek osatzen dute sare hidrologiko nagusia. Udalerriak sakonunea du iparraldean, buztin lurretan hondoratua; mendilerroak, hareatsu eta harrizkoak eta gorriak (Berrotzako ibarraren kolorea) herriaren babesgarri dira hegoaldetik; alde horretan, Oligozenoko igeltsuak agertzen dira gandor itxuran.

Sorladak ez dauka lurrik Nafarroako Naturgune Babestuen Sarean, ezta Natura 2000 sarean ere. Hala ere, natur balioak daude; horien artean, aipagarriak dira San Gregorio mendilerroko karraskal eta artadiak (9340 habitata), mosaikoa eginez kokatzen diren sastraka igeltsuzaleak Las Lombas alderdian (1502* habitata) eta Sierrako hegoaldeko mazeletako sastraken mosaikoak (4090 habitata).

Ingurumen unitate hauek bereizten dira: belarki laboreak lehorreko lurretan, zurezkoen laboreak lehorreko lurretan, basogintza zuhaitzik gabea, basogintza zuhaiztuna, laboreen mosaikoa, ibai sistema, abeltzaintzako eremua eta eraikuntzako lekunea.

Hirigunearen inguruan, paisaiaren ingurumen kalitateagatik aipatzeko modukoak dira ibarraren gaineko begiratokia hirigunearen ipar-mendebaldean eta San Gregorioko mendilerrora igotzen den bidea, planeamenduan sistema orokortzat joak.

Lurzoru urbanizaezinaren trataera Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 94. artikuluari lotuta dago. Ingurumen balioko lurzoru babestuaren kategorian Odrón eta Las Lombas ibaien ubideak sartzen dira. Mugatutako altxonbideak (49-bis iraganbidea) azpiegituretarako lurzoru babestutzat joko dira; aldiz, mugatu gabeko tarteak (P-19 iraganbidea eta 49-bis iraganbidea) gutxi gorabeherako trazaduraz adierazten dira, eta babeseko lurzoruaren azpikategorian sartzen dira, lurraldea garatzeko ereduaren barrenean. Aztarnategi arkeologikoak, San Gregorio Ostiakoaren basilika eta Guardako Andre Mariaren ermita lurzoru babestuaren parte dira haien kultur balioagatik.

Udal mugapearen gainerakoa zaindu beharreko lurzoru urbanizaezina da, zenbait azpikategoriatan banatuta. Paisaia aldetik duten balioagatik, Las Lombas alderdiko bizkarrak sartzen dira, udalerriko hegoaldeko muturrean, eta elementu berezi gisa, Guardako ermitaren inguruan zutitzen diren harriak. Baso eremuak (karraskalak, landaketak eta larre eta sastraken mosaikoa) ingurumen balioko lurzoruan sartzen dira, baita Odrón eta Las Lombas ibaien ingurunea ere. Arriskuei aurrea hartzeko lurzoruak kontuan hartzen ditu uholde eta suteen arriskuak, eta 100 m-ko babes zerrenda ezartzen du ibai nagusietan eta 15 m-koa erreka-zuloetan. Bizitegirako aurreikusitako lurzoruaren eta baso eremuen arteko trantsizioan, 50 m-ko babes zerrenda zehazten da aurreneurri gisa. Abeltzaintzako eremuak eta nekazaritzako produkziokoak ustiatze naturaleko balioa duen lurzoruaren parte dira.

Urbanizazioen gaineko ordenantzen bidez erantsi da gaueko ingurumena babesteko argiteriaren antolamenduari buruzko araudia, eta udalerria bi eremutan banatu da: E3 eremua, "distira ertainekoa", bizitegien eremuak, multzo historikoa eta katalogatutako eraikinak (San Gregorio Ostiakoa, Kalbarioko ermita eta Guardako ermita, Labaderoko iturria eta Cabaña) hartzen dituena; eta E2 eremua "distira murriztukoa", udalerriaren gainontzekoa hartzen duena.

Ingurumen ondorioen azterlanak lurzoruaren gaineko ukipenak eta erabilerak, hidrologia, hidrogeologia, landaredia, fauna, paisaia, interes ekologikoko eremuak eta ondare historiko-kulturala eta hirilurreko ereduaren gaineko ukipenak balioesten ditu, eta eragin apaleko gisa agertu da ukipenen balorazio orokorrean, eta bateragarritzat jo da. Lurralde eredua zuzentzeko neurri gisa sailkapena bera eta lurzoru urbanizaezinaren tratamendua ezartzen ditu. Hirilurreko ereduari dagokionez, planak zenbait determinazio egin ditu bere, hirilurreko garapenak lurreko topografiari behar bezala egokitzeko, bistarako eragina gutxitzearren (3. sektorea); orobat, bistaren integraziorako neurri zuzentzaileak hartu dira 4. sektorean.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta ingurumen baldintzak Sorladako Hirigintzako Udal Planari nola gehitu zaizkion ikusita, aldeko txostena egin du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Sorladako Udal Plana onesteari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta ingurumen aldetik egokia dela adieraztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Sorladako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko uztailaren 16an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1012609