107. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

451/2010 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena 13,2 kV-eko goi tentsioko linea elektrikoaren proiekturako, Zangozako udalerrian hiri hondakinen transferentzia planta elikatzeko. NILSA da sustatzailea.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko dokumentazioa. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinaren I) idatz-zatian sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Zangozako hondakinen transferentzia planta berria energia elektrikoz hornitzea da proiektuaren xedea. Linea Iberdrola konpainiaren 13,2 kV-eko beste bati lotuko zaio 14 m altuko metalezko zutabe batean, 403 euskarrian zegoenaren tokian.

Lineak bide zuzena egiten du, sei euskarri ditu eta 727,90 m luze da. Azken euskarriak (5 zenbakikoa) ebakigailua, joko bat autobalbula eta 100 kVA-ko transformadore bat, aire zabalean, izanen ditu. Linearen ibilbide guztian kale bat izanen da, 14 m zabal.

Aurkeztu den dokumentazioa ikusita eta bertaratu ondoren, argi dago ingurumenaren gaineko ukipen handiena lanerako kalea irekitzen denean gertatuko dela landatutako pinudi heldu batean Santa Margaritako muinoan, Jesus Bihotzaren ondoan. Gero, behin linea funtzionamenduan dela, baso hori lotarako erabiltzen duten hegaztiek linea berria jotzeko arriskua izanen dute, edo bertan elektrokutatzeko. Bestetik, 2 euskarria 43 iraganbidearen mugan dago, eta horrek Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean jasotako determinazioak betetzera behartzen du.

Espedientean jasota dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea 13,2 kV-eko goi tentsioko linea elektrikoaren proiekturako, Zangozako udalerrian hiri hondakinen transferentzia planta elikatzeko. NILSA da sustatzailea.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

-2 euskarria 43 iraganbideko mugatik 3 metro baztertu beharko da kanpo aldera.

-Hegaztiak babesteko baldintzak betetzeko eta linea berriarekin elektrokutatzeko arriskua murrizteko, euskarrien loturazko kate horizontalek hiru isolagailu izan beharko dituzte, gutxienez, eta 0,70 m-ko segurtasuneko tartea gutxienez. Neurri horretan ezin da kontuan hartu luzagailuaren luzera; halakorik jartzen bada, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan ezarritako segurtasun tartea, 0,70 m-koa, baino handiagoa utzi beharko da. Halaber, lerrokadura euskarrietan 1,5 metroko tartea utzi beharko da gutxienez eroaleen artean.

-Linearen amaierako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta XS zirkuitu-etengailuak lotzeko zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Orobat, deribazioaren euskarrian, linea nagusiko zubi lokak isolatuko dira, baita linea nagusia eta linea deribatua lotzen dituzten zubiak ere, esekidurako grapak barne. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Tximistorratz autobalbulak esekita jarriko dira edo, bestela, aurremoldeatutako BCAC ("Bushing connection animal cover") estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

-Obra amaitutakoan, ongi garbituko da eremua. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira berriz erabili ezin diren hondar eta material guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

-Proiektua gauzatzean uki daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko diote hilabetean Nafarroako Gobernuari.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Zangozako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abuztuaren 2an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1013232