107. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1864/2010 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, Nafarroarentzat interesgarri diren atzerriko merkatuen arloko teknikariak prestatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena, 2011rako.

Erreferentzia: Esp.: 00001101-2010-0032 RCSA: 2784.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzua.

Telefonoa: 848 42 77 37. Faxa: 848 42 35 96.

Helbide elektronikoa: lmirandb@cfnavarra.es.

Enpresak nazioartera ateratzea gaur egun beharrezko estrategia da enpresa sendotzeko eta lehiakortasunari eusteko.

Nafarroako Enpresak Nazioartera Ateratzeko 2008-2011 aldiko Planak, Nafarroako Nazioarteko Planaren zati bat den aldetik, giza baliabideen berariazko programen garapena biltzen du 5.1.2 ekintzan.

Deialdi honek ekintza hori garatzen laguntzen du, intereseko merkatuak ezagutzen dituzten profesionalak prestatuz, Espainiak atzerrian dituen ekonomia eta merkataritza bulegoetan egin beharreko praktiken bidez.

Interes estrategiko handieneko lau merkatuak Estatu Batuak, Txina, Brasil eta India dira. Hortaz, Enpresa Zuzendaritza Nagusiak lau postu eskatu eta lortu ditu teknikariak prestatzeko Shangaiko (Txina), Los Angelesko (Estatu Batuak), Sao Pauloko (Brasil) eta New Delhiko (India) Merkataritza Bulegoetan. Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko Estatuko Merkataritza Idazkaritzakoak dira bulego horiek.

Prestakuntzaldian, hautaturiko pertsonek azterlanak eginen dituzte, Nafarroako enpresa interesdunen esku utziko dituztenak.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroarentzat interesgarri diren atzerriko merkatuen arloko teknikariak prestatzeko 2011ko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 128.480 euroko gastua baimentzea, aurrekontuko kontu-sail hauen kargura:

-14.000 euro, 2010eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko 850001/81400/4819/431302 kontu-sailaren kargura.

-114.480 euro, 2011ko gastuen aurrekontuko kontu-sail baliokidearen kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2010eko abuztuaren 4an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

2011ko diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, Nafarroarentzat interesgarri diren atzerriko merkatuen arloko teknikariak prestatzeko

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauek Nafarroarentzat interesgarri diren atzerriko merkatuen arloko teknikariak prestatzeko diru-laguntzak arautzen dituzte.

Merkatu jakin batzuei buruzko espezializazio horri esker, teknikariak hobekiago txertatuko dira lanbidean eta, zein enpresatan ematen dituzten zerbitzuak, haiek hobeki prestatuak egonen dira nazioartean jarduteko.

2. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Prestakuntza Shangaiko (Txina), Los Angelesko (Estatu Batuak), Sao Pauloko (Brasil) eta New Delhiko (India) Ekonomia eta Merkataritza Bulegoetan eginen da. Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko Estatuko Merkataritza Idazkaritzakoak dira bulego horiek.

Hautatzen diren pertsonek 2011ko urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra bitartean hasi beharko dute dagokien postuetan, eta 2011ko azaroaren 15etik abenduaren 31ra bitartean bukatuko dute egonaldia.

Diru-laguntzak ondoko kontzeptu hauek izanen ditu:

1. Hilero diru-kopuru bat, prestakuntzarako laguntza gisa, honako hau:

BULEGOA

HILEKO KOPURUA

Shangai

2.700 euro

Los Angeles

2.500 euro

Sao Paulo

2.100 euro

New Delhi

2.000 euro

2. Destinoko hirira joan eta itzultzeko bidaia txartela; gehienez ere, 1.500 euro, postu bakoitzerako.

3. Destinoko tutoreak proposatzen dituen jardueretan izena ematetik eta jardueretan parte hartzetik heldu diren gastuak, joan-etorrietakoak, ostatu hartzekoak, mantenukoak etab.; gehienez ere, 2.000 euro postu bakoitzerako.

4. Shangaiko posturako txinera klaseak, 160 euro hilabetean gehienez egonaldi osoan, eta portuges klaseak Sao Pauloko posturako, 160 euro hilabetean gehienez egonaldiko lehen 6 hilabeteetan.

3. oinarria. Onuradun izateko baldintzak.

Onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak. Eskabidearen inprimakiarekin batera aurkeztuko den aitorpenaren bidez frogatuko da horiek betetzen direla.

2. Horiez gainera, interesdunek berariazko baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

b) Nafarroan erroldaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

c) Unibertsitateko goi mailako titulua izatea, ahal dela Zuzenbidekoa edo Ekonomiakoa, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bost urteetan eskuratua. Atzerrian ateratako tituluak onartuko dira, baldin eta Hezkuntza Ministerioak homologatu baditu.

d) Atzerriko merkataritzari buruzko master baten eskolaldia, gutxienez, gainditua izatea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko hiru urteetan.

e) Ingelesez jakitea ahoz eta idatziz, hala nola gaztelaniaz, nazionalitate espainiarra ez duten izangaien kasuan.

f) Edozein administrazio publikok helburu bererako emaniko beste edozein laguntzaren onuradun ez izatea.

4. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak www.navarra.es web orrian lor daitekeen ereduaren araberakoak izanen dira, eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea 1; 31005-Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutuak eta guzti) adierazita. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira (Fc7.07.18 inprimakia):

a) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia. Beste estatuetako herritarrek balio bereko agiriak aurkeztuko dituzte.

c) Nafarroan erroldaturik dagoela frogatzen duen agiria, noiztik dagoen erroldatua azalduta.

d) Unibertsitate tituluaren eta egindako masterraren ziurtagirien fotokopiak. Titulua atzerriko unibertsitate batek eman baldin badu, Hezkuntza Ministerioaren homologazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

e) Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota agertzen duena.

f) Kanpoko merkataritzaren inguruko arloetan bestelako prestakuntza eman duen ikastetxeak luzatutako ziurtagiriaren fotokopia, eskola orduak aipatuta.

g) Ingelesez dakiela frogatzen duen agiriaren fotokopia, noiz eskuratu zen zehazturik.

h) Txineraz dakiela frogatzen duen agiriaren fotokopia, noiz eskuratu zen zehazturik. Txineraz jakitea Shangaiko postua nahi dutenen kasuan eskatuko da bakarrik.

i) Portugesez dakiela frogatzen duen agiriaren fotokopia, noiz eskuratu zen zehazturik. Portugesez jakitea Sao Pauloko postua nahi dutenen kasuan eskatuko da bakarrik.

j) Ikasten zein lanean emandako egonaldiak frogatzen dituzten agiriak, datak eta iraupenak zehazturik.

3. Eskatutako dokumentazioak baldintzak betetzen ez baditu edo osorik ez badago, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak 10 eguneko epean osatzeko eskatuko dio interesdunari, eta aditzera emanen dio horrela egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta interesdunari jakinaraziko zaio.

Halaber, zerbitzu horrek eskabidea tramitatu eta hari buruzko ebazpena emateko behar dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi. Diru-laguntza ukatzeko arrazoia izanen da eskabidea ebaluatu ahal izateko informazioa ez ematea.

5. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Ongi frogaturiko merezimenduak baloratuko dira bakarrik.

Hona hemen eskaerak baloratzeko irizpideak, diru-laguntza eman edo ez eman erabakitzeko:

1. Ikasketa espedientea: gehienez 8 puntu. Zuzenbide zein Ekonomia arloarekin loturiko titulazioek atal honetako balorazioa %25 handituko dute, eta gehienez 10 puntu lortzen ahalko dira.

2. Atzerriko merkataritzari lotutako arloen gaineko prestakuntza:

20 ordu baino gehiagoko jardunaldi, ikastaro edo mintegietan parte hartzeagatik: gehienez 10 puntu. Kreditu bakoitzeko (10 eskola ordu) 0,10 puntu emanen dira.

3. Ikasten edo lanean beste herrialde batzuetan egoteagatik: gehienez 25 puntu.

Lau hilabetetik gorako egonaldiak bakarrik baloratuko dira. Puntu bat emanen da hilabete bakoitzagatik.

4. Ingelesez jakitea: 30 puntu arte. Gutxienez 20 puntu lortu behar dira.

Txineraz jakiteagatik, Shangaiko postua nahi dutenen kasuan: gehienez 5 puntu.

Portugesez jakiteagatik, Sao Pauloko postua nahi dutenen kasuan: 5 puntu bitarte.

5. Buruz buruko elkarrizketa: gehienez 20 puntu; gutxienez 10 lortu behar dira.

Elkarrizketan alderdi hauek baloratuko dira: atzerriko merkataritzari buruzko ezagupenak, erantzunen argitasuna eta ordena eta gai desberdinak lotzeko gaitasuna. Elkarrizketaren zati bat ingelesez egin daiteke. Elkarrizketak egiteko, Ebaluazio Batzordeak kanpoko aditu independenteen laguntza eska dezake.

Elkarrizketa egiteko tokia eta eguna aldez aurretik jakinaraziko zaizkie hautatutako izangaiei.

6. oinarria. Ebaluazio Batzordearen osaera.

Ebaluazio Batzordea betebeharrak egiaztatu eta bekak eskatzen dituztenen merezimenduak ebaluatzeko kide anitzeko organoa da.

Kide hauek osatuko dute:

1. Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburua izanen dena.

2. Nazioartekotze Ataleko ordezkari bat, idazkari lanetan ariko dena.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioko ordezkari bat.

Ebaluazio Batzordeak eskaerak aztertuko ditu haien artean lehentasunak ezartzeko, 5. oinarrian aipatutako balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpen bat prestatuko du.

Irizpena lotzailea izanen da instrukzio organoarentzat, Ebaluazio Batzordeak eginiko ebaluazioa ikusirik prestatuko baitu ebazpen proposamena.

7. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskabideak, eta diru-laguntza emateko ebazpen proposamena igorriko du, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza hori lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresako zuzendari nagusia da diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria. Postuak eman gabe uztea.

Aurkeztutako eskaerak aztertu ondoren posturen bat betetzeko eskatzen den puntuazioa gainditzen duen izangairik ez badago, eskaera 4. oinarrian ezarritako epea bukatu ondoren aurkezten dutenei eslei dakieke, betiere deialdian eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

9. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza honako modu eta epe hauetan ordainduko da:

1. Hautaturiko pertsona bakoitzak prestakuntzarako jaso beharreko laguntzaren zenbateko osoa kalkulatuko da, eta laguntza ematen den une berean ordainduko da, aurrerakin gisa, onuradunak prestakuntza eginen duen hirian bizitzen hasteko gastuei aurre egin diezaien. Hona haren zenbatekoak:

BULEGOA

AURRERAKINA

Shangai

4.000 euro

Los Angeles

4.000 euro

Sao Paulo

3.000 euro

New Delhi

3.000 euro

Laguntzaren gainerako zenbatekoa hilabetero ordainduko zaie zati berdinetan, hilabetea bukatu ondoren.

2. Txartelak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu eta hurrengo hilabetean ordainduko dira joan-etorrietako bidaiei dagozkien diru-laguntzak.

3. Destinoko tutoreak agindu eta aldez aurretik Departamentuak baimendutako jardueretan parte hartzetik heldu diren bestelako kontzeptuen gastuei dagozkien diru-laguntzak frogatu eta ondoko hilabetean ordainduko dira, hileko zenbatekoarekin batera.

4. Txinera eta portugesa ikasteko eskolak justifikatu ondoko hilabetean ordainduko dira, hileko zenbatekoarekin batera.

Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako diru-laguntzarik jaso ez bada, eskatzaileak "transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia (jatorrizkoa)" aurkeztu beharko du.

10. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek betebehar zehatz hauek izanen dituzte:

a) Atxikitzen diren ekonomia eta merkataritza bulegoaren egituran sartuko dira, eta ordutegia, arauak eta diziplina betetzeko konpromisoa hartuko dute. Bulego horretan tutore bat esleituko zaie.

b) Halaber, konpromisoa hartuko dute hiru hilabetetik behin txosten bat egiteko, eta prestakuntza bukatutakoan, beste bat, egindako jarduerei buruz.

c) Interesdunek bulegoko beste bekadunek adina egun izanen dituzte baimen eta oporretarako. Egun horiek nahi dutenean hartzen ahalko dituzte, betiere tutoreari behar besteko denboraz eskatzen badiote, eta hark baimena emanen du baldin eta bulegoaren funtzionamenduari loturiko premia larriak oztopatzen ez badira.

d) Herrialdetik atera nahi izanez gero, baita asteburuetan nahiz lanegunak ez diren egunetan ere, horren berri eman beharko diote tutoreari aldez aurretik.

e) Postua esleitzeko ebazpenean jartzen duen data baino lehenago onuradunak bere egonaldia bukatutzat ematen badu, hilabeteroko ordainketekin konpentsatu ez zaion aurrerakina itzuli beharko du.

f) Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak onuradunentzat bigarren prestakuntza aldia ezartzen badu, onuradunak behartuta daude hartan gutxienez sei hilabetez parte hartzera.

g) Los Angelesko eta Sao Pauloko postuetarako diru-laguntza hartzen dutenek ordenagailu bat eramanen dute, sare informatikoan integratzeko behar diren gutxieneko hardware ezaugarriak izanen dituena.

2. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko betebeharrak eguneratuta dituela egiaztatzeko, eskabide-orrian eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari betebehar hori frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezean, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honen diru-laguntzak bateraezinak dira eskatzaileak jarduera bererako hartzen dituen bestelako laguntzekin, horiek Foru Komunitateko Administraziotik, beste administrazio publiko batzuetatik edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik edo partikularretatik hartu.

Era berean, bateraezinak izanen dira langabezia prestazioarekin edo edozein lanetan jarduteagatik jasotzen den ordainsariarekin.

12. oinarria. Lan edo administrazio harremanik eza eta istripu-asegurua.

Diru-laguntza hau jasotzeagatik ez dago lan edo administrazio harremanik egotea onuradunaren eta Ekonomia eta Merkataritza Bulegoaren edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean. Era berean, ez da horregatik Gizarte Segurantzan sartuko.

Onuradunek osasun laguntzarako eta istripuetarako aseguru poliza baten estaldura izanen dute, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak kontratatua.

13. oinarria. Lanen jabetza.

Onuradunek egindako lanak dagokion ekonomia eta merkataritza bulegoaren jabetzara pasako dira, baina Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak zilegi izanen du haiek erabili edo argitaratzea.

14. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

15. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egozten zaien, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1013357