107. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Tafallako 0-3 urtekoendako Haur Eskola arautzen duen udal ordenantza ez-fiskaleko aldaketa. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2010eko maiatzaren 25ean egin osoko bilkuran, erregelamenduzko quoruma bildurik, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Tafallako 0-3 urtekoendako Haur Eskola arautzen duen udal ordenantzako aldaketa (2010eko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 21ekoa).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2010eko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 21ean, baita Tafallako Udalaren ediktu oholean ere.

Jendaurreko epean ez da haren aurkako alegaziorik izan.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka -xedapen administratibo bat baita- ez dela administrazio bidean errekurtsorik aurkezten ahal, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1.992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz; hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tafallan, 2010eko abuztuaren 3an.-Alkatea, Cristina Sota Pernaut.

TAFALLAKO 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Tafallako 0-3 urtekoendako Haur Eskolan umeen izen emate eta onarpena arautzea du xede, baita haren funtzionamenduko hainbat alor arautzea ere.

2. artikulua. Norendako eta zenbat toki.

Gurasoek edo tutoreek eskatzen ahal dute tokia Haur Eskolan, baldin eta hezkuntzako lehen zikloko adineko umeak (0-3 urte) badituzte edo ikasturtea hasi baino 16 aste lehenago jaio edo jaiotzeko badira.

Ume onartuek 16 astebete izan beharko dituzte, gutxienez ere, haur eskolan hasteko.

Ikastetxe baten barrenean maila batetik beste batera iragateko ez da onarpen prozesurik egin behar.

Urtero zehaztuko dira Haur Eskolan aurreikusita dauden plaza hutsak.

Hautapen Batzordea izendatuko da, Haur Eskolarako onarpen prozesurako beharrezkoak diren inprimaki ofizialak prestatzeko eta deialdia ebazteko.

3. artikulua. Eskabideak, epeak eta agiriak.

a) Tokia gordetzeko eskabideak.

Aurreko ikasturtean Eskolan izan diren umeen gurasoek edo tutoreek hurrengo ikasturterako tokia gordetzeko eskabidea aurkeztu beharko dute Haur Eskolako Zuzendaritzan urtero erabakitzen den epean, eredua eskolan berean eskuratuta.

b) Bete beharreko plazen berri ematea.

Tokia gordetzeko eskabideak jaso ondoan, 3086/2001 Ebazpenean finkatutako ratioak kontuan hartuz, Hautapen Batzordeak argitara emanen ditu, Udalaren iragarki oholean, bete beharreko tokiak eta onarpen prozesuan aplikatuko den baremoa, baita ikasturtean aplikatuko diren tarifak ere.

c) Lehen aldiz sartzeko eskabideak.

Lehen aldiz sartzeko eskabideak Udalaren Bulego Bakarrean jasoko dira, eta bertan aurkeztuko dira hartarako jarritako epean.

d) Dokumentazioa.

Lehen aldiz sartzeko agiriak eredu ofizialean egin beharko dira, eta dokumentazio hau erantsiko zaie:

d.1) Lan egoera eta/edo ikasketak frogatzeko dokumentazioa.

-Eskaera egiten den urteko martxoko nomina, aitarena eta amarena, edo lan egoera erakusten duen ziurtagiria edo gizarte segurantzan -dela araubide orokorrean dela autonomoenean- kideturik daudela frogatzen duena. Lanaldi partzialean jardunez gero (lanaldi erdia bitarte), haren ziurtagiria.

-Autonomoa izanez gero, urteko martxoko kuotaren ordainagiria eta zinpeko aitorpena, lanaldia zehazten duena.

-Ikasten arituz gero, matrikularen frogagiria, ikasturteko egutegia eta ordutegia.

-Kasu berezietan, alegia, jardueraren egoera frogatzea ezinezkoa bada, behar den dokumentazioa erabiliz, eskatzaileak zinpeko aitorpena egin beharko du eta haren benetakotasuna Udalak egiaztatuko.

d.2) Familiaren osaera frogatzeko agiriak.

-Familia liburuaren fotokopia (gurasoak eta seme-alabak).

-Familia ugariaren dokumentu ofizialaren fotokopia.

-Haurra kenduta, familia-unitateko beste edozein kideren minusbaliotasunaren ziurtagiria.

-Banantze edo dibortzioko akordioa.

d.3) Errenta mailak frogatzeko dokumentazioa.

-Aitaren eta amaren azken errenta aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egitera beharturik ez izatera, horren frogagiria aurkeztu beharko da eta azken urte fiskalaren diru-sarreren gaineko zinpeko aitorpena.

-Oinarrizko Errenta hartuz gero, horren frogagiria.

d.4) Aitaren edo amaren etxearen edo lantokiaren frogagiriak.

-Aitaren edo amaren erroldatze agiria, baita umearena ere, Udalean eskuratua.

-Enpresa Tafallan bada, aitaren edo amaren lantokiaren gaineko dokumentazioa.

d.5) Zuzenean sartzeko baldintza bereziak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

-Nafarroako Gobernuaren zaintzapeko edo babespeko haurrak: hori frogatzen duen txostena edo dokumentua.

-Arrisku sozialean dauden umeak: Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren edo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen txostena.

-Bestelakoak: haurraren minusbaliotasuna kalifikatzeko ziurtagiria eta/edo profesional batek egindako txostena, dituen ezaugarriengatik hezkuntza berezia behar duela dioena.

d.6) Jaio gabeko haurrak: gutxi gorabehera noiz jaiotzekoa den zehazten duen ziurtagiria (gehienez ere 16 aste, ikasturtea hasi baino lehen).

d.7) Beste edozein inguruabar berezi baloratzeko, medikuaren, psikologoaren, gizarte-langilearen edo zerbitzu espezializatu ofizialen txostena aurkeztu beharko da, inguruabar hori frogatzeko.

Alegatzen den egoerari buruzko ziurtagiriak aurkezten ez badira, 0 bat jarriko da onarpen baremoan dagokion atalean.

Eskabidean edo gainerako dokumentazioan jarritako datuak faltsuak badira, emandako plaza kendu ahalko da.

Izen emateko epea bukatua bada eta oraindik agiriren bat aurkeztu ez bada, 10 eguneko epean aurkezteko eskatuko da.

Hautapen Batzordeak zilegi izanen du edozein unetan ziurtagiri gehiago eskatzea hautapen baremoan puntuazioa duten egoerei buruz.

4. artikulua. Lanpostuen esleipena: hautatzeko irizpideak eta baremoa.

Eskabideak baloratu eta tokiak esleitzeko, haurren guraso edo tutoreek aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Hautapen Batzordeak ondoko baremoa aplikatuko du:

Baremoa.

a) Gurasoen lan egoera (15 puntu gehienez):

a.1) Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean, 15 puntu.

-Gurasoak edo tutoreak lanaldi osoan biak.

-Guraso edo tutoreetako bat lanaldi osoan eta bestea dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, eguneko ordutegian, behar bezala frogaturik.

-Aita eta ama dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egunez egiten ari direnean, behar bezala frogaturik.

-Guraso bakarreko familietan, adin txikikoaren hezkuntzaz eta mantentzeaz arduratzen dena lanaldi osoan lanean ari denean.

a.2) Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean, 11 puntu.

-1. atalean zehaztutako egoeretan, baina dedikazio partziala izanik.

-Aita edo ama lanean edo ikasten, bata jardunaldi osoan eta, bestea, partzialean.

a.3) Aita edo ama lanean edo ikasten, eta bestea lan bila egiazki: 7 puntu.

b) Familiaren osaera (gehienez ere 8 puntu).

-Bikiak, hirukiak, laukiak..., edo 6 urtez beherako hiru seme-alaba edo gehiago: 6 puntu.

-Guraso bakarreko familiak: 6 puntu.

-Adin desberdineko bi anai-arrebarentzat edo gehiagorentzat tokia eskatzea deialdi berean (tokiaren erreserba sartzen da): 4 puntu.

-Familia larria izatea: puntu 1.

-Haurraz aparte, familia unitateko edozein kideren elbarritasuna onartua izatea: puntu 1.

c) Errenta mailak (12 puntu, gehienez): Urteko per capita errentaren arabera baloratuko dira ***.

2.324,99 eurotik beheitiko per capita errenta: 12 puntu.

2.325 eurotik 2.987,99 euro bitarteko per capita errenta: 11 puntu.

2.988 eurotik 3.642,99 euro bitarteko per capita errenta: 10 puntu.

3.643 eurotik 4.314,99 euro bitarteko per capita errenta: 9 puntu.

4.315 eurotik 4.979,99 euro bitarteko per capita errenta: 8 puntu.

4.980 eurotik 5.642,99 euro bitarteko per capita errenta: 7 puntu.

5.643 eurotik 6.962,99 euro bitarteko per capita errenta: 6 puntu.

6.936 eurotik 8.298,99 euro bitarteko per capita errenta: 5 puntu.

8.299 eurotik 9.625,99 euro bitarteko per capita errenta: 4 puntu.

9.626 eurotik 10.952,99 euro bitarteko per capita errenta: 3 puntu.

10.953 eurotik 12.280,99 euro bitarteko per capita errenta: 2 puntu.

12.281 euroko per capita errentak edo handiagoak: puntu 1.

d) Tafallan bizitzea (gehienez ere 70 puntu).

-Aita eta/edo ama Tafallan bizi baldin bada, Haur Eskolan izen eman baino bost urte lehenagotik edo are lehenagotik: 65 puntu.

-Aita eta/edo ama Tafallan bizi baldin bada, haur eskolan izen eman baino hiru urte lehenagotik edo are lehenagotik: 45 puntu.

-Aita eta/edo ama Tafallan bizi baldin bada, haur eskolan izen eman baino bi urte baina gutxiago: 35 puntu.

-Aitaren eta/edo amaren lantokia Tafallan bada: 5 puntu.

e) Beste irizpide batzuk. Hautapen Batzordeak beste premia batzuk, pertsonalak, familiakoak edo sozialak, behar bezala frogatuak eta aurreko ataletan bildu gabeak hartzen ahal ditu kontuan, eta haiei 10 puntu eman gehienez.

f) Baremoaren ataletan xedatutakoa gorabehera, arriskuan eta babesik gabe dauden haurrak eta hezkuntza premia bereziak dituztenak zuzenean sartuko dira 03 urte bitarteko haur eskoletan.

g) Baremoa aplikatuta, adin talde bakoitzeko azken tokia eskaintzean berdinketa gertatuz gero, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen ondoren:

-Per capita errenta txikiena.

-Adinik handiena.

5. artikulua. Ebazpenaren fasea.

1. Behin-behineko zerrendak.

Udalaren iragarki oholean argitaratuko dira onartuen behin-behineko zerrenda eta behin-behineko itxaron zerrenda, betiere baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuazioaren ordenaren arabera.

2. Erreklamatzeko epea.

Erreklamazioak egiteko epea 10 egunekoa izanen da, behin-behineko zerrendak argitaratzen diren egunetik hasita.

Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira Herriko Etxean, behar bezala arrazoituak, Hautapen Batzordeari zuzenduta, eta bertan behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko zergatik eskatzen den azalduko da.

3. Behin betiko zerrendak.

Onartuen eta itxaron zerrendan daudenen behin betiko zerrendak Udalaren iragarki oholean argitaratuko dira, erreklamazioak egiteko epea bukatu eta ondoko zazpigarren egunean. Zerrenda horiek ere, izan daitezkeen erreklamazioak ebatzi ondotik lortutako puntuazioaren arabera eginen dira.

6. artikulua. Matrikula egitea, bajak eta epez kanpoko eskabideak.

a) Matrikulak Udalaren Bulego Bakarrean eginen dira, agintzen den epean. Matrikula egiteko honako hauek aurkeztu beharko dira:

-Aitaren eta amaren NANaren, IFZaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia.

-Gizarte Segurantzako kartillaren fotokopia, haurra inskribatua dela frogatzeko.

-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken urte fiskaleko aitorpenaren fotokopia, aitarena eta amarena. Agiri hori aurkezteko epea uztailaren 1era arte luzatzen ahal da.

-Ordainagiriak helbideratuko dituen banku entitateko kartilla orriaren fotokopia, titularra eta zenbakia agertuz.

-Jateko edo osasun aldeko behar bereziak izanez gero, medikuaren txostena horien gainean.

b) Ezarritako epean egiten ez diren matrikulen ondorioz, beste esleipen bat eginen da itxaron zerrendako ordenari jarraituz.

c) Haurren gurasoek edo tutoreek idatzita jakinaraziko dizkiote ikastetxeko zuzendaritzari eta/edo Udalari ikasturtearen barrenean gertatzen diren borondatezko bajak, kuotak ordaintzeari noiztik aitzinera utziko dioten finkatzeko.

d) Ikasturtea hasi eta hamabost egun natural iraganik ikastetxera azaltzen ez den haurrari baja emanen zaio; orobat, ikastetxean hasi eta, jakinarazpen edo frogagiririk gabe, hamabost egun naturalean jarraian agertzen ez denari.

Aurreko egoera horietan, Zuzendaritzak idatziz jakinaraziko dio familiari ikastetxean baja eman zaiola haurrari. Hamar egun iragan eta ez badago familiaren jakinarazpenik, hutsik gelditu den tokia beteko da, itxaron zerrendako ordenari jarraikiz.

e) Matrikula gauzatzearen ondorioz haurrak ikastetxera etorri behar du eta ikasturteko hamaika hilabetekoak ordaindu behar dira matrikulan hautatutako modalitatean, non ez den borondatezko bajarik tartean. Matrikula ikasturtea hasita dela egiten bada, haurra ikastetxean hasten den unetik aitzina ordainduko dira tarifak.

f) Ohiko epeaz kanpoko eskabideak aurkezten ahal dira baldin eta eskabidea egiten denean haurrak 16 aste beteak baditu. Eskabide horiek kontuan hartuko dira tokiren bat hutsik gelditzen bada, onarpen prozesu arruntean sortutako itxaron zerrenda agortu ondoan. Eskabidea zein egunetan aurkeztu zen, horren ordenaren arabera esleituko dira plazak.

7. artikulua. Egutegia eta ordutegia.

a) Haur Hezkuntzako ikastetxeko kurtsoaren jarduna irailean hasiko da eta bukatu, berriz, uztailaren 31n.

Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera arte.

b) Tokia eskatzeko epean galdetu dezakete gurasoek ikasturteko ordutegiak.

c) Umeak 7 orduz egonen dira ikastetxean, gehienez ere.

8. artikulua. Tarifak.

Tarifak Udalak onetsiko ditu, Udalaren 0-3 urtekoendako Haur Eskolako zainketa eta egonaldi zerbitzua emateko prezio publikoak arautzen dituen arau fiskalean.

Diru-bilketaren arduradunak gehienez ere hilabeteko epean eman beharko dio ordaindu gabeko kuoten berri Hautapen Batzordeari, eta horrek haurrari ikastetxetik ofiziozko baja emateko erabakia hartzen ahal du.

Delako baja espresuki eginen da eta jakinaraziko Hautapen Batzordeak familiari eta Alor ekonomiko-finantzarioari. Aita, ama, tutoreak edo legezko ordezkariak beharturik egonen dira ordaintzera likidaturiko kuotak, baita baja noiz gertatzen den, haren hilabete osoari dagozkionak ere.

Bi kuota ordaindu gabe utziz gero, idatziz eginen zaio errekerimendua familiari.

Hiru kuota ez ordaintzeak besterik gabe ekarriko du haurraren ofiziozko baja ikastetxean.

Behin hartarako onartua izanez gero, jantokiagatik ordaindu beharra zerbitzua egitetik beretik sortzen da, erabili ala ez.

Jantoki zerbitzuak noizbehinka erabiltzeko eskabidea egiten dutenek zuzendaritzari jakinarazi beharko diote bi egun lehenagotik. Tarifa bat aplikatuko da halakoetan, hurrengo hileko kuotarekin batera ordainduko dena.

Ikastetxean matrikulaturik dauden haur guztiek behar den kuota ordaindu beharko dute, baita justifikaturiko arrazoiengatik ikastetxera joaten ez badira ere. Matrikula egiteak ikastetxera etortzera eta ikasturteko hamaika hilabeteko ordaintzera behartzen du, borondatezko bajetan izan ezik.

9. artikulua. Hautapen Batzordea.

Hautapen batzordeak zein onartu eta zein ez erabakiko du, baremoan ezarrita dauden irizpideei jarraikiz.

Hona hemen Hautapen Batzordearen osaera: Haur Eskolako Zuzendaritza, Udalaren talde politiko bakoitzeko ordezkari bat eta Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko teknikari bat.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Tafallako Udalak epea eta prozedura ezarriko ditu ikasturte bakoitzean ikastetxera datozen haurrei tokia gordetzeko. Orobat, epeak egokituko ditu eskaera berriei, tokien esleipenari, matrikulari eta baremoari dagokienez. Nolanahi ere, baremoan atal hauek aipatuko dira:

-Gurasoen lan egoera.

-Familiaren osaera.

-Errenta mailak, matrikula egiten den unean familia unitateko kideen kopuruaren arabera.

-Tafallan egiazki bizitzea.

-Aitaren eta/edo amaren lantokia, Tafallan.

Baremoaren aplikazioari buruzko jakingarriak:

1.-Lan egoera:

1.1. Gizarte Segurantzan kidetu gabe edo lizentzia fiskalik izan gabe egindako lana ez da kontuan hartuko.

1.2. Nominarik edo Gizarte Segurantzarik ez duten lanbide liberalen kasuan, lanbidean aritzeari buruzko frogagiria edo lizentzia fiskala aurkeztuko da.

1.3. Martxoko nominarik edo hilabete horretan eginiko lanaren ziurtagiririk ez bada, onartuko da apirileko lan jarduerari dagokiona: lan kontratua, Gizarte Segurantza edo, bestela, lan bizitzaren ziurtagiria.

1.4. Eszedentzian egonez gero, eszedentziaren jakinarazpena aurkeztuko da eta idatziz azalduko da lanera itzuliko dela ikasturtea hasteko aurreikusitako data baino lehen. Seme-alaba baten jaiotzagatik lanera ez itzultzea, lanpostu finkorik ez dela, hau da, ordezkapenen zerrendetan eta antzeko kasuetan, ez da eszedentziatzat hartuko.

1.5. Lanaldi mota baloratzean, lanaldi osotzat hartzen da lanaldi erdia baino gehiago hartzen duena.

1.6. Ikasketak baloratzean, titulu akademiko ofizialak eskuratzera bideratuak daudenak hartuko dira ikasketa araututzat (DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, unibertsitateetako titulazioak...).

2.-Familiaren osaera.

2.1. Familia unitateko kideen kopurua familia liburuaren bidez egiaztatuko da. Familia gunean Familia liburuan ageri ez diren seme-alabak baldin badaude, bestelako dokumentuen bidez egiaztatu beharko dira, adibidez, jaiotza agiri, banantze edo dibortzioko epai eta abarren bidez.

2.2. "Bi anai-arrebaren edo gehiagorendako tokia eskatzea deialdi berean" kontzeptuagatik emandako puntuazioa galdu eginen da matrikula egitean berresten ez bada.

3.-Errenta mailak.

3.1. Kasu guztietan, aitaren eta amaren aitorpenak hartuko dira aintzat, salbu eta bereizi nahiz dibortziatzeko epaia edo ezkontzaz kanpoko seme-alabarendako legezko neurriak daudenean. Kasu horietan haurraren zaintza eta ardura duen gurasoaren aitorpena hartuko da aintzat, eta haren zerga-oinarriari epaian ezarritako urteko diru kopurua erantsiko zaio.

3.2. Aitorpenik ez bada, Ogasuneko bulegoaren agiria aurkeztuko da, aitorpena aurkeztera beharturik ez dagoela egiaztatzeko eta, gainera, matrikula egin aitzineko urte fiskalean izandako diru-sarreren frogagiria (nominak, oinarrizko errenta, zinpeko aitorpena...).

3.3. Urteko per capita errentatzat hartuko da familia-unitatearen (aitaren eta amaren) diru-sarrera garbi guztiak familiako kide kopuruaren artean zatitzetik ateratzen dena. Dirusarrera garbitzat hartzen da P.F.E.Z.aren aitorpeneko zerga-oinarria (zerga-oinarriaren oinarri orokorra gehi, horrelakorik bada, oinarri likidagarri berezia).

4.-Zuzeneko sarbidea.

4.1. Zuzeneko sarbidea izateko, edozein kasutan, beharrezkoa izanen da Hezkuntza Departamentuak baiezko txostena ematea, alde batera utzita eskabidearekin batera aurkeztu diren txostenak.

Iragarkiaren kodea: L1013197