107. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Ordenantza, Kultur jardueretarako diru-laguntzak arautzen dituena

Azkoiengo Udalak, 2010eko apirilaren 29an egin bilkuran, hasiera batean onetsi du Kultur jardueretarako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza.

68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 4an argitaratu ondoan, ez da alegaziorik aurkeztu jendaurreko epean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 FLren 325.1 artikuluko azken lerroaldearen arabera, aldaketa hori behin betiko onetsi da.

Argitaratzeko agindu da, NTAFLren 325 eta 326. artikuluetan aurreikusi ondorioetarako.

Azkoienen, 2010eko abuztuaren 5ean.-Alkatea, Juan Jesús Basarte Osés.

ORDENANTZA, AZKOIENGO UDALAREN KULTUR JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEN DITUENA

Zioen azalpena

I

Azkoiengo udalerrian gizarte egitura handitzen ari da egunez egun, bai zenbakiz neurtuta bai, bereziki, alderdi batzuei begiratuta, hala nola, bere burua komunitate gisa ezagutzea, eta parte hartzea eta konpromisoa hartzea bizitza modernoaren arlo korapilatsu guztietan: kultura, elkartasuna, berdintasuna eta espazioen eraketa elkarbizitza sozialerako eta kulturen arteko elkarbizitzarako, parte hartze soziala, herritartasuna eraikitzea eta abar.

Gizartearen bulkada honengatik gero eta jende gehiago dago eskatu eta hartzen dituztenak Azkoiengo udalerrian egiten diren hainbat eta hainbat ekimen sozialeko programa eta jarduera.

Azkoiengo Udala ohartua da egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriko gizartearentzat, hala zuzeneko parte hartzaile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, gero eta kontu-sail handiagoak ematen ditu elkarteen lana erraztu eta, aldi berean, jardueraren balorazio soziala aitortu beharrez.

II

Bestalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta bat etortzea dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordezkatu beharrez laguntza ekonomikoak ematea eta sustatzea arautzen dituenean.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, diru-laguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.

III

Hori dena ikusirik, udal ordenantza honek bere baitan hartu nahi ditu aipatutako esparruetan egiten diren jarduera guztiak, eta aurrerapena dakar Udalaren finantza-sistema hobetzeko eta arrazionalizatzeko bidean; bestalde, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legeak ezarritako printzipioak jasotzen ditu.

Horrenbestez, Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio nagusietan oinarritzen da ordenantza hau. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta eragimena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan aipatuak; orobat, diru-laguntzak emtako esparru zehatzari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta bat etortze printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da irizpideak eta jarraitu beharreko prozedura orokorra finkatzea, Azkoiengo Udalak bere Kultura Batzordearen eskumeneko esparruan, eman edo ezartzen dituen diru-laguntzak eskatu, eman, justifikatu eta ordaintzeko. Helburu batzuk zehaztu nahi dira, eta herritar eta entitateei laguntza hauek baldintza berdinetan eskuratu ahal izateko aukera bermatu. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jardueretarako dira.

Ordenantza hau osatzeko, diru-laguntzaren deialdian berariazko arau erregulatzaileak emanen dira; horiek ezin izanen dira etorri ordenantza honen aurka, eta, betiere, elementu hauek arautuko dituzte:

a) Diru-laguntzaren xedea.

b) Onuradunek bete beharreko baldintzak eta horiek frogatzeko bidea.

c) Berariazko balorazio baremoa.

d) Eskabideak aurkezteko epea.

e) Batzorde kalifikatzailearen osaera.

f) Interes publikoen aldeko bermeak, halakoak komenigarriak direnean.

2. artikulua. Kontzeptua.

Ordenantza honen ondorioetarako, diru-laguntza da tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordezkatu beharrez ematen den zuzeneko edo zeharkako edozein laguntza, ekonomikoki baloratzen dena eta Azkoiengo Udalak funts publikoen kontura egiten duena.

3. artikulua. Printzipio gidariak.

Laguntzak ematerakoan irizpide hauei jarraituko zaie: publikotasuna, lehia, objektibotasuna, tratu berdintasuna eta bitartekoen eta helburuen bat etortzea.

Aurrekoarekin bat, ez dute baliorik izanen diru-laguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

4. artikulua. Salbuespenak.

Ez da publizitaterik beharko eta, beraz, deialdirik eta lizitaziorik gabe zuzenean ematen ahalko dira diru-laguntzak, oinarri hauetako araubide orokorra betetzen bada, honako kasu hauetan:

a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.

b) Lege mailako arau batek agintzen badio administrazioari diru-laguntza emateko edo zenbat eman behar duen.

c) Diru-laguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako.

5. artikulua. Laguntzen izaera.

Ordenantza honetako diru-laguntzak finalistak izanen dira; gainera, itzuli behar ez direnak, borondatezkoak eta ebentualak; oinarri hauetan ezarritako arrazoiak direla medio, noiznahi kentzen edo murrizten ahalko dira; hurrengo urteetan beste diru-laguntza batzuk eskuratzeko eskubiderik ez dute sortuko; ez dago eskubiderik, diru-laguntza handitzera edo berrikustera behartzeko; eta ezin izanen dira aurrekaritzat hartu.

II. KAPITULUA

Eskatzaileak eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak

6. artikulua. Eskatzaileak.

Honako entitate hauek eskatu ahal dituzte zerbitzuak eman eta jarduerak egiteko diru-laguntzak:

a) Irabazi asmorik gabeko entitateak eta elkarteak, kultur arlokoak, Azkoienen helbideratuak eta udal intereseko zerbitzuak edo kultur jarduerak egiten dituztenak.

7. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Kultura arloko jarduerek edo antzeko beste edozein jarduerak jasotzen ahal du diru-laguntza, baldin eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25etik 28.ra bitarteko artikuluetan eta bat heldu den gainerako legerian arautzen diren eskumenei lotutako udal zerbitzuak osatu edo ordezkatzen badituzte, edo herriaren interesekoak badira.

III. KAPITULUA

Eskaera egiteko prozedura

8. artikulua. Hastapena.

Deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan agertzen diren baldintza zehatzez gain, diru-laguntza eskaera egiteko, betiere bakoitzari buruzko eskabide bat aurkeztuko da, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetza duenak. Deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan aipatzen den dokumentazioa eman beharko da eskabidearekin batera.

Eskabidean azalduko da sinatzaileak noren izenean diharduen.

Deialdiaren oinarri partikularretan zehazten diren agiri eta argibideak aurkeztuko dira eskabidearekin batera.

Eskabidearekin kopia bat aurkeztuko da. Kopia horretan zigilua ezarri eta eskatzailearen frogagiri gisa balioko du.

9. artikulua. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Eskabidea edo dokumentazio osagarria okerrak edo osatu gabeak badira, kultura zerbitzu arduradunak interesdunari eskatuko dio zuzentzeko edo falta dena ekartzeko hamar eguneko epean; gainera, adieraziko dio hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertu eta espedientea ofizioz artxibatuko dela, beste tramiterik gabe.

10. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea.

Diru-laguntza emateko deialdi bakoitzaren oinarri partikularretan ezarriko da eskabideak aurkezteko epea zein den.

IV. KAPITULUA

Diru-laguntzak emateko baldintzak eta aplikazio printzipioak

11. artikulua. Kontzesioaren printzipioak.

Legean xedatzen denari jarraituz emanen dira diru-laguntzak, honako printzipio orokor hauek kontuan izanik:

-Itzuli behar ez direnak, borondatezkoak eta ebentualak izanen dira.

-Arau orokor gisa, ordenantza honen babespeko jardueretarako diru-laguntzen zenbateko osoa, elkarteak funtzionamendu orokorrerako dituen gastuen gutxinereko bat estaltzeko izanen da.

-Ezin izanen da eskatu diru-laguntza handitu edo berrikusi, baina Udalak diru-laguntza osagarri bat eman ahalko du, hori egitea egoki dela irudituz gero.

-Deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan, berariazko balorazio baremoa ezarriko da; alegia, diru-laguntza emateko lehentasunezko irizpideak zehaztuko dira, behar bezala baloratuak; betiere honako hauek oinarrizko irizpide izanen dira: jarduerak Udalean duen interes orokorra, egindako kultur jardueren kalitatea, haien kopuru osoa eta herritarrek programa hauetan era aktiboan parte hartzea.

V. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak

12. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzaren onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Azkoiengo Udalean jarduerak egin direla frogatzea.

b) Eman edo jaso diren diru-laguntzen inguruan, organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

13. artikulua. Helburua aldatzeko debekua.

Diru-laguntza onarturik, ez da baimenik emanen beste deusetarako erabiltzeko.

14. artikulua. Zerga arloko betebeharrak betetzea.

Diru-laguntzaren onuradunek, berau jaso baino lehen, Azkoiengo Udalarekiko tributu betebeharrak egunean daudela frogatu beharko dute.

15. artikulua. Eskaeraren ondorioak.

Diru-laguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak jakin eta onartzea.

16. artikulua. Ez betetzea.

Hartutako diru guztia edo zati bat itzuli beharko da eta dagokion berandutza korritua diru-laguntza ordaindu zenetik aitzina ordaindu, honako kasu hauetan:

a) Diru-laguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

b) Diru-laguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik.

c) Jasotako dirua zertan erabili den erakutsi beharra ez betetzea.

d) Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzea edo ez betetzea.

e) Ordenantza honetan aipatzen diren egiaztapen egintzei trabak jartzea eta horiei men egin beharra ez betetzea.

f) Beste kasu batzuk, berariazko arau edo oinarrietan arautuak.

Organo emaileak hartuko du diru-laguntza itzultzeari buruzko erabakia, aldez aurretik espedientea instruiturik, aplikatzekoa den legeria orokorrarekin bat.

Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta horiek kobratzeko, diru-bilketari buruz indarra duen araudian xedatzen dena aplikatuko da.

VI. KAPITULUA

Justifikazioa eta ordainketa

17. artikulua. Hitzarmen baten esparrutik kanpo.

Diru-laguntzaren onuradunak justifikatu egin beharko du, laguntza zertarako eman zioten, helburu hura lortzeko erabili duela. Justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Egindako jardueren memoria zehatza.

b) Entitateko buruak edo eskatzaile partikularrak sinatutako eskabidea, Udalaren Kultura Patronatuari zuzendua, diru-laguntzaren ordainketa eskatu beharrez. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adierazi behar da, hartara transferentzia egiteko.

c) Onuradunaren zinpeko aitorpena, justifikatzeko aurkeztu dituen fakturak diru-laguntza izandako jardueretan aplikatu direla dioena.

d) Emandako diru-laguntzaren kopuru osora iristen diren fakturak. Fakturek baldintza hauek izanen dituzte:

-Jatorrizkoak edo Udaleko Idazkaritzak konpultsatutako fotokopiak izatea.

-Jaulkitzailearen NANa edo IFZa, izena eta helbide soziala edukitzea.

-Fakturaren zenbakia eta jaulkipen eguna; egun hori jarduerak garatu diren aldikoa izanen da, ezinbestean.

18. artikulua. Justifikazioa aurkezteko epea.

Aurreko artikuluan aipatzen diren justifikazio agiriak aurkeztuko dira berariazko deialdiaren oinarri partikularretan ezarritako epean.

19. artikulua. Ebazpena.

Kultur Patronatuak espedientea aztertuko du eta, hala bada, diru-laguntza onesteko eta ordaintzeko proposatuko dio Tokiko Gobernu Batzordeari, betiere egin beharreko gastua bere eskumenen barrenean badago edo aurrekontua betearazteko oinarrietan aurreikusten den organoaren eskumenen barrenean badago. Proposamen hori baino lehen, Kultur Alorreko zerbitzu teknikoek txostena emanen dute.

20. artikulua. Justifikazio agirietako hutsak zuzentzea.

Dokumentazioa aurkeztu eta ikusten bada osatu gabea dela edo akatsak daudela, Udalak hamar egun balioduneko epea emanen du zuzentzeko, eta aldi hori igaro ondoan ez bada egin, jarduketa guztiak artxibatuko dira eta eskatzaileak onuradun izateari utziko dio.

21. artikulua. Diru-laguntza justifikatzen ez denean.

Onuradunak ezin badu behar bezala justifikatu diru-laguntzaren zenbateko osoa, ardura duen zerbitzuak diru-laguntzaren zenbatekoaren murrizketa tramitatuko du, ofizioz; justifikatu beharreko zenbatekotik ongi justifikatutako zenbatekora dagoen tartea murriztuko da.

22. artikulua. Egiaztatzeko jarduketak.

Zertarako eman diren, diru-laguntzak helburu horiexek lortzeko eta egokiro erabili direla egiaztatzen ahalko du, noiznahi, Azkoiengo Udalak, egoki iruditzen zaizkion prozedurez baliaturik.

Diru-laguntza ez bada horretarako erabiltzen edo modu desegokian aplikatuz gero, Azkoiengo Udalak eskatzen ahalko du zenbatekoa itzultzeko, legeak ezarritako prozedurei jarraikiz; are onuraduna titular aktiboa eta Administrazioa hartzekoduna deneko kredituez konpentsazioa eginda ere.

VII. KAPITULUA

Prozeduraren iraupena eta berariazko ebazpenik
ez ematearen ondorioak

23. artikulua. Ebazpena emateko epea.

Diru-laguntzen ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

Zuzeneko kontzesioa denean, diru-laguntza eskaera aurkeztu eta biharamunean hasiko da epe hori.

24. artikulua. Ebazpena espresuki ematen ez denean.

Aipatu hiruhilabeteko epea iraganik ez bada ebazpena berariaz eman, aurkeztutako eskaerak ezetsi direla esan nahiko du.

25. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri hauetan eta deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan zehazten ez den orotan, egungo legedian ezarritakoa beteko da.

Azken xedapena

Oinarri hauek indarra izanen dute harik eta organo eskudunak, legeak ezarritako prozedurarekin bat, aldatu edo baliogabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L1013277