104. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1429/2010 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beherako haurrei 2010ean diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.

2010eko ekitaldirako, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legeak "Garun-perlesia izanik Petö metodoko tratamendua hartzen duten haurrendako diru-laguntzak" ezarri zituen.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratu ahal izateko.

11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beherako haurrei 2010ean diru-laguntzak ematea da, garun-perlesia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituztenei, hain zuzen ere.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Petö metodoaren tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beherako haurrei, garun-perlesia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituztenei, 2010ean osorik edo hein batean finantzatzeko diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea.

2. Gehienez ere 76.365,00 euroko gastua baimentzea, 2010eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Garun-perlesia izanik Petö metodoaren bidezko tratamendua hartzen duten haurrendako laguntzak" izeneko 51120-511002-4809-313902 kontu-sailetik.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Osasun Laguntzako Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegora eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu Hartzailetza Delegatura, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2010eko abuztuaren 6an.-Osasuneko zuzendari nagusia, Isabel Martín Montaner.

ERANSKINA

Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beherako haurrei, garun-perlesia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituztenei, 2010ean diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Diru-laguntzaren xedea.

Deialdiaren babesean banatzen diren diru-laguntzak garun-perlesia izanik Petö metodoko tratamendua hartzen duten hamasei urtetik beherako haurrek 2010ean izaniko gastua osorik edo hein batean finantzatzeko erabiliko dira.

2. Onuradunak bete beharreko baldintzak.

-Garun-perlesiak edo antzeko prozesu neurologikoek jotako 16 urtetik beherako haurrak, fakultatibo batek diagnostikatuak, izatea.

-Ohiko bizilekua Nafarroan izatea.

-Tratamenduaren beharra Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatibo espezialista batek agindu izana.

3. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

Eskatzaileek (adingabearen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak) agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Haurra laguntza eskatu baino lehenagoko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen agiri ofiziala.

b) Tratamenduaren beharra erakusten duen txosten klinikoa.

c) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

d) Petö metodoarekin proposaturiko errehabilitazio tratamenduaren azalpena, zer zentrotan eginen den adierazita.

e) Petö metodoaren bidezko errehabilitazio tratamenduaren kostua, familiak ordaindu behar duena.

f) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak beteak izan beharko ditu eskatzaileak. Osasun Departamentuak egiaztatu eginen du betebehar hori betetzen ote den, eskatzaileak aldez aurretik baimena eman eta gero.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) eta c) ataletan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira.

4. Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

4.1. Tratamenduaren kostuaren zenbatekoa ordaintzen duen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdian ezartzen diren laguntzak.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2010eko urriaren 1ean bukatuko da.

4.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan (Amaia kalea, 2 A, Iruña) aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea igorririk. Eskabidearekin bat deialdiaren 3. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira.

4.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun Laguntzaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela.

4.5. Diru-laguntzaren eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdia arautzen duten oinarriak onartzea.

5. Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez banatuko ditu diru-laguntzak, ebaluazio batzorde batek proposaturik. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Osasun Laguntzaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Organo Birlandaketen eta Elkarteen Koordinaziorako atalburua, idazkari lanetan ariko dena.

-Osasun Laguntzako Zerbitzuko teknikari bat, bertako zuzendariak izendatuko duena.

5.2. Ebaluazio Batzordeak egiaztatuko du onuradunak betetzen dituztela diru-laguntzak kobratzeko betebeharrak eta parametro hauei jarraituz proposatuko ditu zenbatekoak.

-Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, familiak, tutoreak edo legezko ordezkariak finantzaturiko tratamenduaren kostua hartuko da kontuan.

-Zehazteko, kontuan hartuko da zenbat diru dagoen erabilgarri aurrekontuetan, laguntzak eginiko gastuarekin proportzionalak izan daitezen (aurrekontuko dirua hainbanatuko da).

-Diru-laguntza, gutxienez ere, onuradun bakoitzari tratamenduaren ziklo bat finantzatzeko adinakoa izanen da.

-Diru-laguntzak ezin izanen du behin ere gainditu onuradunaren familiak, tutoreak edo legezko ordezkariak finantzaturiko tratamenduaren kostu osoa.

5.3. Ebaluazio batzordearen proposamena lotzailea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, batzordeak ematen duen proposamenarekin bat.

6.2. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, deialdiaren 9. puntuan aipatzen diren agiriak egiaztatu ondoren. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7. Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emanikoaren zenbatekoak behin ere ezin izanen du gainditu familiak guztira ordaindutako kostua.

8. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Osasun Departamentuari jakinarazi beharko dizkiote beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo diru-laguntza guztiak.

Halaber, onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren beste eginbeharrak bete beharko dituzte.

9. Justifikazioa.

9.1. Justifikazio ekonomikoa Osasun Departamentuaren Erregistroan jatorrizko fakturak aurkeztuz eginen da. Horietan gutxienez datu hauek agertuko dira:

-Haurraren izen-deiturak.

-Tratamendua ematen duen entitatea.

-Harturiko tratamendua, aldiak zehaztuz.

-Familiak guztira ordaindutako zenbatekoa.

9.2. Halaber, urteko tratamendua bukatzean, tratamenduak haurraren bilakaeran izaniko emaitzei buruzko ebaluazio zehatza aurkeztu beharko da Osasun Departamentuan.

9.3. Egindako gastuen frogagiriak 2010eko abenduaren 7ko 14:30 baino lehen aurkeztu beharko dira Osasun Departamentuaren Erregistroan, Iruñeko Amaia kaleko 2Ako 2. solairuan.

10. Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza osoa batera ordainduko da, agiriak egiaztatu ondoren.

11. Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdian aurreikusitako diru-laguntzaren onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

12. Datuen babesa.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesdunek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.

13. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaileotan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

14. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1013704