104. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Planeamendurako hirigintza hitzarmena,
Etxebakar sektoreari dagokionez. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2010eko ekainaren 29an egin bilkura berezian, erabaki zuen behin betikoz onestea planeamendurako hirigintza hitzarmena, Etxebakar sektoreari dagokionez.

2010eko apirilaren 6an egin bilkura berezian onetsi zen hasiera batean, eta 2010eko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14an. Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Argitara ematen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 76 eta 151. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Berriobeitin, 2010eko uztailaren 27an.-Alkatea, José María Irisarri Ollacarizqueta.

ETXEBAKAR SEKTOREAREN KONPENTSAZIO
BATZORDEAREN ETA UDALAREN ARTEKO HITZARMENA

Batzarturik:

-Alde batetik, José María Irisarri Ollacarizquieta, Berriobeitiko Udaleko alkate udalburua, .......................(e)an Udalbatzak hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako ahalmena emana.

-Beste aldetik, Juan Las Navas Lacalle, NANa 15.910.141-Y duena, Etxebakar sektorearen Konpentsazio Batzordeko burua, ...........................(e)an Batzorde horrek hartuta erabakiaren bidez egintza honetarako ahalmena emana.

Bi alderdiek hitzarmen hau sinatzeko bezainbat gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun aitortzen diote elkarri, eta

ADIERAZI DUTE:

Lehena.-Etxebakar sektoreko Plan Partziala behin betiko onetsi zenetik gaur arte, higiezinen sektorearen egoera aldatu da funtsean. Horrenbesteraino non, Etxebizitza eta hirigintza arloko presako neurriei buruzko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legea onetsi behar izan duen Nafarroako Parlamentuak, sektorearen krisiak eragindako ondorioak arindu nahian. Neurri horien artean, Lehen Xedapen Iragankorrekoak dira erradikalenak, birzatitutako planeamenduetan eraikigarritasuna handitzea baimentzen baitute %30eraino, ekipamenduen estandarrak aldatu gabe.

Bigarrena.-Beste alde batetik, eraikuntzari buruzko beste araudi batzuek, batez ere Kode Tekniko berriak, indarra hartu izanak handitu du bizitegitarako azalera eraikiaren eta bizitegitarako azalera erabilgarriaren arteko proportzioa, Etxebakar sektoreko Plan Partzialean kontuan hartu zirenen aldean.

Hirugarrena.-6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorraren babesean, Iruñerriko planeamendu andana aldatzeak oreka berri bat bilatzen du ukitutako sektoreen bideragarritasunari dagokionez, krisiaren ondorioak leuntzeko, hein batean bada ere, eta etxebizitzen prezioa jaisteko, etxebizitza babestuen portzentajea igo edo bere horretan utziz, kasuaren arabera; hori guztia higiezinen sektorea bultzatzeko asmoz, 6/2009 Foru Legearen zioen azalpenean espresuki adierazten den bezala.

Laugarrena.-Higiezinen merkatuaren egoerak eta Kode Tekniko berriak indarra hartu izanak eragina izan dute Etxebakar sektorean, Iruñerriko gainerako eremu antzekoetan izan duten bezalaxe. Nolanahi ere, 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorraren bidez gainerako sektoreei eraikigarritasuna handituz haien bideragarritasuna orekatu bazaie ere, Etxebakar sektoreari ez zaio horrelakorik egin zenbait arrazoi direla medio, eta, hortaz, beste sektoreak baino okerrago geratu da.

Bosgarrena.-Bi aldeek badakite ezen, neurririk hartu ezean Etxebakar sektorea bideragarri bihurtzeko, hura ez dela lehiakorra izanen gainerako sektoreen aldean, eta, ziurrenik, geldirik geratuko dela auskalo noiz arte. Hori dela eta, jakinda sektorea bideragarri izateko, edo urbanizazio kargak murriztu behar direla edo eraikigarritasuna handitu, bi aldeek bigarren aukera horren alde egiten dute.

Nolanahi ere, xedea ez da behin-behineko neurriak erabiltzea estandarrak egokitu gabe, baizik eta planeamendua aldatzea 6/2009 Foru Legearen babesean; hau da, eraikigarritasunak eta aprobetxamenduak handituko dira, baina, jakina, eraikigarritasun berrien lagapenak eta ekipamenduak egokituta, indarra duen legediarekin bat, eta horrela, laga beharreko ekipamenduen estandarrak legez ezarritakoak baino handiagoak izanen dira.

Seigarrena.-Artikako Etxebakar sektorearen Plan Partziala gauzatzeko, Konpentsazio Batzordeak sektore hori urbanizatzeko proiektua onetsi ondoren Berriobeitiko Udalari igorri zion. Horrek hasiera batean onetsi zuen 2009ko maiatzaren 5eko erabakiaren bidez. Beste aldetik, birzatitzeko proiektua behin betiko onetsi zen 2009ko uztailaren 1eko erabakiaren bidez, eta testu bategina aurkeztea falta zen, hura argitaratzeko eta jakinarazteko.

Zazpigarrena.-Etxebakar sektorerako Plan Partzialean dagoen antolamenduak bi alderdi ditu, ongi bereiziak: etxebizitzen blokeei dagokiena, trenbidearen hegoaldean, eta San Kristobal parkeari dagokiona, iparraldean. Dena dela, bestela ezin baita izan, urbanizazio proiektuan aurreikusten da urbanizatzeko lanak bi eremuan eginen direla.

Zortzigarrena.-Jarduketa sistema konpentsaziorena izanik, jabeak dira, Konpentsazio Batzordean bildurik, sektore osoaren urbanizazioa egin eta ordaindu behar dutenak, bai etxebizitzen eremuari dagokionez bai San Kristobal parkeari dagokionez.

Bederetzigarrena.-Nahiz eta Konpentsazio Batzordeak bere gain hartzen duen urbanizazio osoa egin eta ordaintzeko beharra, logikoa den bezala, Berriobeitiko Udala aztertzen ari da San Kristobal parkea berriz planeatuko duen, hura hobetzeko edo parkeari emateko jabeei eskatzen ezin zaizkien instalazioak, berdeguneak eta eremu libreak urbanizatzeari dagokionez.

Hamargarrena.-Aurrekoarekin bat etorrita, bi aldeek uste dute beharrezkoa dela Etxebakar sektorea bideragarri bihurtzea, haren aprobetxamendua eta eraikigarritasuna handituz, eta ez dela bidezkoa Batzordeak San Kristobal parkearen urbanizazioa egitea, gero Udalak hein handi batean aldatu behar badu; hortaz, biek izenpetzen dute hitzarmen hau Konpentsazio Batzordeak urbanizatzeko beharra bete dezan, sektorea bideragarri bihurtu ondoan, eta Udalak San Kristobal parkea ahalik eta egokien egin dezan, denen intereserako, lurzoru urbanizagarriaren jabeen urbanizatu beharraren zamarik eduki gabe; hona hemen.

Zehaztapenak:

Lehena.-Etxebakar sektorearen Konpentsazio Batzordeak egiturazko aldaketaren proiektu bat aurkeztuko du Berriobeitiko Udalean, Berriobeitiko Udal Planeko Etxebakar sektoreari dagokionez, hitzarmen hau sinatu eta bi hilabetean gehienez ere, eraikigarritasuna eta aprobetxamendua handitzeko, bizitegitarako orubeetako garaiera igoaz, eta, hala balegokio, gehieneko lerrokadurak egokituz. Aldaketa-proiektu horrek handituko ditu, behar izatera, berdeguneen, eremu libreen, ekipamenduen eta aparkalekuen azalerak, 6/2009 Foru Legean aurreikusten diren gutxieneko estandarrak errespetatzeko.

Bigarrena.-Konpentsazio Batzordeak onartzen du planeamenduko aldaketa horiek ez dakartela birzatitzeko proiektua halabeharrez aldatzea, nahiz eta planeamendua aldatzeak ez duen ondoriozko orube guztietan ondorio berberak sortzen, eraikigarritasuna berdintsu handituko baita orube bakoitzean.

Hirugarrena.-Berriobeitiko Udalak, bere eskumenen esparruan, Udal Planeko Etxebakar sektoreko egiturazko aldaketa tramitatu eta onetsiko du, ahalik eta lasterren, eta espedienteari lehentasuna emanen dio, baldin eta hark antolamendu juridikoarekin bat egiten badu.

Laugarrena.-Planeko aldaketa behin-behinekoz onetsi ondoan, Berriobeitiko Udalak ahal den azkarren onetsiko du behin betikoz, baldin eta urbanizazio proiektuak indarra duen legediarekin bat egiten badu.

Bosgarrena.-Konpentsazio Batzordeak urbanizatzeko lanak urtebetean hasiko ditu, gehienez ere, urbanizazio proiektua behin betiko onesten denetik hasita.

San Kristobal parkeari dagozkion lanak, urbanizazio proiektuan 3.413.420,68 euroko aurrekontua dutenak, atera eginen dira urbanizazio obraren esleipenetik, eta zenbateko hura emanen dio Konpentsazio Batzordeak Berriobeitiko Udalari San Kristobal parkea urbanizatzeko.

Seigarrena.-Konpentsazio Batzordeak ordainduko dio Berriobeitiko Udalari ezarritako zenbateko hura, urbanizatzaileari obren ziurtagirien abonamenduarekin batera, eta proportzio berean zenbateko osoari dagokionez; horrela, urbanizazio obraren likidazioak eta Udalarekin duen zorraren likidazioak bat eginen dute.

Zazpigarrena.-Berriobeitiko Udalak urbanizatuko du San Kristobal parkea Etxebakar sektorean, eta hiru hilabeteko epean hasiko da urbanizazioa etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzien %50 ematen denetik aurrera.

Zortzigarrena.-Aurrekoarekin bat etorrita eta Konpentsazio Batzordeak Udalari hitzarmen honen bosgarren zehaztapenean jasotzen den zenbatekoa eman ondoan, jabeek, edo bestela esanda, Batzordeak, gainerakoa urbanizatu beharko du, besterik ez, eta eraikitze lanen aurretik edo haiekin batera egiten ahalko da hori.

Bederatzigarrena.-San Kristobal parkea urbanizatzeko lanak egin edo bukatu gabe egoteak ez du galaraziko etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia ematea, ezta Udalak sektorea urbanizatzeko gainerako lanak jasotzea ere.

Hamargarrena.-Hitzarmen honek izaera juridiko administratiboa du, ondorio guztietarako.

Eta bat etorrita daudela, bi aldeek izenpetzen dute hitzarmen hau, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

Iragarkiaren kodea: L1012760