104. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Igogailuak jartzeko espedientearen izapideak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2010eko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Igogailuak jartzeko espedientearen izapideak arautzen dituen ordenantza, 2010eko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 24an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Altsasun, 2010eko abuztuaren 16an.-Jarduneko alkatea, Iñaki Miguel Martiarena.

IGOGAILUAK JARTZEKO ESPEDIENTEAREN IZAPIDEAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Gero eta ohikoagoa da oztopo arkitektonikoak kentzeko eta igogailuak paratzeko lanak egiteko eskaera, halakorik ez badago.

Zalantzarik gabe, jarduketa mota horiek hobekuntza handia ekartzen diote eraikinean bizi direnen bizi-kalitateari, eta, beraz, administrazioak bultzatu eta erraztu egin behar ditu, orain arte egin den bezala.

Beste aldetik, lan horiek egiteak traba ugari topatzen ditu oso maiz, etxabeak eskuratu behar izateagatik eta horrelakoa egitea zaila izaten delako eraikinaren bolumenaren barrenean, besteak beste. Ildo horretan, epaileek horren alde egiten duten interpretazioa nabarmentzekoa da, etxabeen okupazioari eta partaidetzari dagokienez oztopo arkitektonikoak kentzeko eta igogailuak paratzeko lanak egiterakoan, batik bat desgaitasuna duen bat tartean dagoenean.

Beste aldetik, zenbaitetan igogailua paratzeko beharrezkoa da eraikigarritasuna handitzea, fatxada nagusiaren edo atzekoaren lerrokadurak aldatuz, fatxadetan aldaketak eginez etab. Hori guztia eraikigarritasuna agortua duten eraikinetan, eta, hortaz, hirigintzako araudia zorrotz aplikatuz gero, lan horiek ezin lirateke baimendu, eta, edozein kasutan, xehetasun azterlan bat egin beharko litzateke, Udalbatzak onetsi beharko lukeena, bolumenak antolatzeko, lerrokadurak aldatzeko etab.

Horrek guztiak bultzatu du ondotik ematen den ordenantza onestera, jarduketa horiek arautzeko asmoz, emaitzak ahalik eta hoberenak izan daitezen.

Oztopo arkitektonikoak kentzea
eta igogailuak paratzea

Eraikigarritasuna agortua duen eraikin batean igogailu bat paratzeko, beharrezkoa bada fatxadak aldatzea haietatik irteten den gorputz bat eraikitzeko, dauden lerrokadurak aldatuz eta, hortaz, eraikigarritasuna handituz, jarduketa hori baimentzen ahalko da ondoko baldintza hauek betetzen badira:

-Jarduketak ez badakar eremu publikoaren okupazioa, xehetasun azterlan bat onestea, ondoko alderdi hauek behar bezala arrazoituta:

  • Ezin bete izatea eraikinaren barrenean araudian ezarritako parametroak, ezta irisgarritasunari buruz indarra duen legeria ere, edo teknikoki egokiak diren neurri alternatiboak hartu ezin izatea eraikinaren elementu komunetan.
  • Etxebizitza guztietarako irisgarritasun handiena eskaintzen duen soluzioa izatea igogailua jartzeko aukeratu den proiektua. Salbuespen gisa, beharkizun hau kendu ahalko zaie behe solairuko etxebizitzei bizitegi kolektiboko eraikinetan.
  • Instalazioak bermatu dezala oztoporik gabe etxebizitzetan sartu ahal izatea eta hobekuntza nabarmena dela higiezinaren baldintzetan. Ahal izanez gero, igogailuak eta sarbideek Irisgarritasunari buruzko araudiari jarraituko diote.
  • Egin gogo diren obra eta instalazioek eraikina errespetuz tratatzea, kontuan hartuta fatxadako konposizioa, baita hiri eszenaren alderdi funtzionalak eta bistarakoak ere. Horretarako, bereziki zainduko da instalazioen tratamentu integratzailea eraikinen fatxadekin eta haien ingurunearekin.
  • Esku-hartzearen xedeko eraikina etxe-sail edo eremu komun baten parte denean edo beste batzuekin antzekotasun arkitektonikoak baditu, multzoaren batasuna bermatzearren, gainerakoek eredutzat hartzea horrelako jarudeketa bat egiten den lehen eraikinerako hartzen den soluzioa. Kasu horietan, etxe-sail hori edo eremu komuna osatzen duten eraikin guztiak hartu beharko ditu xehetasun azterlanak.
  • Okupatu gogo den eremuan ezkutuan geldi litekeen funtsezko zerbitzurik ez izatea. Ezinezkoa bada, instalazioaren onuradunak behartuta daude, haien kargura, zerbitzu horiek beste toki batera eramatera, instalaziorako aurreikusitako eremutik kanpo.

-Aipatu xehetasun azterlana tramitatu aurretik, Hirigintzako Aholkularitzan, Udalaren zerbitzu teknikoek baldintza horiek bete diren baloratuko dute. Hirigintzako Aholkularitzaren ebazpenak baldintza horietako bat betetzen ez dela adierazten badu, aipatu hirigintza tresna tramita dadin galaraziko da.

Iragarkiaren kodea: L1013705