101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko uztailaren 28an hartua, "Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren barruan" Zabaltzako P28 eta P29 pasabideen arteko tartearen trazadura onesten duena. Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea da.

Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, "Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala" onetsi zen, Iruñerriko Mankomunitateak sustaturik, eta jendaurrean jarri zen IEAn egindako proposamena, hau da, Arga ibaiaren meandroaren ondoko pasealekuaren ibilbidea laburtzea, Zabaltzako udal mugapeko "La Torna" alderdian. Zehazki, IEAk proprosatzen du P28 eta P29 pasabideak zuzenago lotzea, lurzatien mugan barrena, zuhaixken zerrenda bat diseinatuta. Erabaki hori 2010eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 3an.

Ondorio horretarako, ibaiko pasealekuaren trazaduraren aldaketa zehazteko beharrezkoa zen dokumentazio grafikoa aurkeztu zuen Iruñerriko Mankomunitateak.

Proposamen berri hori jendaurrean egon den denboran ez da alegazio idazkirik aurkeztu.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren barruan" Zabaltzako P28 eta P29 pasabideen arteko tartearen trazadura onestea. Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea da.

2. Sustatzaileari eskatzea "Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko" UPSaren testu bategina presta dezala, P28 eta P29 pasabideak lotzen dituen tartearen trazaduraren aldaketa hau jasotzeko, bai eta Nafarroako Gobernuaren 2010eko martxoaren 29ko Erabakian ezarritako zehaztapenean eskatzen zen dokumentazioa ere, zeinaren arabera UPSean sartuko baitira alegazioen ebazpenaren ondoriozko zuzenketak; aipatu erabakiaren III.3 epigrafean jasotzen direnak, hirigintzako araudiari buruzkoak; eta Ingurumen eraginaren adierazpenaren ondoriozkoak.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau jakinaraztea Ebroko Ur Konfederazioari, Namainsa enpresa publikoari, Odieta, Olaibar, Ezkabarte, Esteribar, Eguesibar, Uharte, Aranguren, Noain (Elortzibar), Beriain, Galar Zendea, Zizur Zendea, Iruña, Zizur Nagusia, Barañain, Oltza, Etxauri, Ziritza, Zabaltza, Etxarri eta Bidaurretako Udalei eta Iruñerriko Mankomunitateari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko uztailaren 28an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1012941