101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko uztailaren 28an hartua, "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa. Lekarozko Zentro Funtzioaniztuna" izenekoaren barnean "Lekarozko Enpresen Campusa ekimen eremua ezartzeko proiektua" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta jarduketak ukitutako eremuetako udalei entzunaldia ematen diena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako. Proiektua SPRIM, S.A. sozietate publikoak sustatu du.

I.-Planaren xedea eta helburuak.

Plan sektorial honen helburua da lehen Lekarozko (Nafarroa) Aholku Oneko Andre Mariaren Ikastetxe ospetsuak erabilitako lurretan (ikastetxea 1890ean inauguratu zen, Itsasoz Haraindiko Misioetarako Ikastetxe Serafiko gisa) kulturako, hezkuntzako eta ekonomiako ekimenetarako eremu bat eratzea, halako zerbitzu eta azpiegiturak dituena zeinek ahalbidetuko eta azkartuko duten Baztanen eta, beraz, Foru Komunitateko iparraldean, proiektu bereziak, garapenekoak eta berritzaileak garatzea.

Proposamenak, Nafarroako Inbertsioak eta Azpiegiturak Sustatzeko Sozietateak (SPRIN) sustatu duenak, beste helburu berariazko hauek ere bete nahi ditu:

-Baztanen ekonomia jardueraren gune bat sortzea, lehenetsiz balio erantsi handiko ekoizpen jarduerak ezartzea, ekimen pribatukoak edo administrazio publikoen lankidetza dutenak.

-Ekipamendu berriak ezartzea, lehengo irakaskuntza jarduera beste mugarri kultural bihurtuko dutenak, zeinari bertako elementuak lotzen ahalko zaizkion: arte adierazpenetatik hasi eta eskualdeko kultura egintza tradizional eta herrikoietaraino.

-Lotura bat artikulatzea -proposamenaren bizkarrezurra baita- eremua zeharkatzen duen NA-4404 bidearen eta Baztan ibaiko ibai parkearen artean.

-Baztan ibaiaren ur bazterra eta Fraideen Idoia berreskuratzea, ibai parke bat sortuz hiri ingurune batean.

-Inguruan dauden habitat naturalak bultzatzea, ez bakarrik horiek errespetatuz, baizik eta horiei balioa emanez, kontserbazioa eta zabalkundea uztartuz.

-Lekarozko ikastetxearen oroitzapenari eustea, eta hark egindako gizarte ekarpenari jarraipena ematea, kulturako, hezkuntzako eta enpresako campus berri baten bidez. Giza paisaia eta tokiko oroitzapena birsortzea, eraldaketan galdutako elementuen berrinterpretazio arkitektonikoaren, alderdi sinbolikoen aldarrikapenaren eta lehendik gelditu direnen integrazioaren bidez.

-Barneko egitura hierarkizatu bat sortzea, oinarri hartuta elementu berezien ezarpen estrategikoa eta espazio publiko libreen kualifikazio argia.

II.-Dokumentazioa.

Espedientean agiri hauek aurkeztu dira:

1. Azalpen eta justifikazio memoria.

2. Hirigintzako araudi orokorra.

3. Hirigintzako araudi partikularra.

4. Eraikitzeko eta urbanizatzeko ordenantzak.

5. Dokumentazio grafikoa.

6. Azterlan osagarriak eta eranskinak.

EA.01: Ingurumen eraginaren azterlana.

EA.02: Hidrologiari eta uholde arriskuari buruzko azterlana.

EA.03: Trafikoaren azterlana.

EA.04: Eranskina: konpainia hornitzaileek bidalitako informazioa.

EA.05: Eranskina. Azterlan geoteknikoa.

EA.06: Eranskina. Argazkiak.

EA.07: Eranskina. Hurbileko eguraldi estazioetako datuak.

EA.08: Eranskina. Udalez gaindiko Plan Sektorialeko lurzatien zedulak.

Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren edukia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen ondorioetarako, osotzat jo da.

III.-Esku hartzeko gunearen eta proposamenaren deskribapena.

Plan honetan jaso den eremua Lekaroztik hurbil dago, Baztanen. Iparraldean Elizondo-Irurita etorkizuneko saihesbidearen trazadurarekin egiten du muga, hegoaldean Baztan ibaiarekin, ekialdean "Lekaroz-Elizondo" Bigarren Hezkuntzako Institutuarekin eta Lekarozko "Baztan" Gazteen Aterpetxearekin eta mendebaldean funtsean nekazaritzakoak diren finka partikularrekin. Eremu horrek 130.452 m² inguru ditu. Azalera horren barnean aita kaputxinoen ikastetxearenak ziren finkak daude, eta beste zenbait lurzati han-hemen, gehienak Nafarroako Gobernuarenak.

Hona hemen azalera horretatik hirigune hurbilenetara gutxi gorabehera dauden distantziak: 200 m Gartzaingo Etxarri auzora, 300 m Lekaroza, 400 m Elizondora eta 650 m Iruritara.

Gaur egun N-121B errepidetik iristen da eremu horretara: NA-4403 tokiko errepidetik, Elizondotik Lekarozko hirigunera doan horretatik, eta NA-4404 tokiko errepidetik, Lekaroz eta Irurita lotzen dituen horretatik. Nolanahi ere, Planak beste sarbide berri bat jaso du, Elizondoko etorkizuneko saihesbidearen bitartez. Bide horrek, arestian adierazi bezala, muga egiten du jarduketa eremuarekin, haren iparraldean, eta trazadura onetsia eta desjabetzeko aldian dago.

Erabileren arabera, proposamena sei zatitan banatzen da:

A) Harrera eremua.

Gune kulturala izanen da, erabilera askotakoa, eta lehengo elizaren ondoan egonen da. Hartan harrerarako edo sarbiderako plataforma handi bat sortuko da, eta, iraganbide baino, atseden hartzeko eta elkartzeko egokitutako lekua dela nabarmentzen da Proiektuan.

Gune honetan proiektatzen da, NA-4403 eta NA-4404 eskualdeko errepideen elkargunean, sartzeko biribilgune bat, 28 metroko diametroa duena. Biribilgune horrek lotzen ditu kanpoko bide sarea eta jarduketako zatietarako sarbideak. Haren ondoan izanen dira bisitarien aparkalekua eta harrera egiteko eraikina.

Harrera egiteko eraikinaren (enpresa gunearen "fatxada" gisa proiektatzen da, eta ikastetxe zaharraren presentzia sinbolikoki "berrezarri" nahi da haren bidez) barnean kokatuko dira, batetik, eremua kudeatzeko eta baliabideak zentralizatzeko lan administratiboak, eta, bestetik, "enpresen mintegi" bat, non barne hartuko diren enpresa ekimen berriak eta/edo neurri txikiagoa dutenak.

B) Hezkuntza zerbitzuen jendegunea.

Eremuko iparraldean egonen da. Bolumen arkitektoniko txikiak erabiliz eratuko da; modu organikoagoan antolatuko dira lurraldean, eta denera 4.000 bat metro koadro eraiki izanen dira. BS+1+T-ko altuera izanen dute bolumen horiek, eta, hala, ikuspegi garaikide bat erabiliz Baztango eraikinen tipologia berrinterpretatuko da. Eraikin bakoitzak programako zati bat hartuko du: irakaskuntza, josteta edo zerbitzuak. Eta ez da baztertzen egoera hoberenean dauden lehengo eraikinetatik baten bat zaharberritzea.

Eremu honetan dago Fraideen Idoia izeneko gune naturala. Naturaren ikuspegitik eta didaktikarako dituen aukerengatik oso interesgarria da, eta hartan konpentsazio neurriak aplikatuz esku hartzea erabaki da, hezegunea ingurumenaren aldetik lehengoratzeko. Zehazki, planteatzen da idoia dragatzea, haren berezko lehengoratzeari laguntzeko, eta proposatzen da haren inguruan ibilbide sare bat egitea, flora eta fauna ikusteko behatokiak izanen dituena. Halaber, katastroko 307. lurzatian, 15. poligonoan, planteatzen da basoa bertako espezieekin lehengoratzea eta, horrela, inbasio moduan zabaldu diren akaziak ordeztea.

C) Kultura ekipamendua.

"Kultura gune" berri bat, Aholku Onaren Andre Mariaren elizari loturik. Hiru lurzati izanen ditu, eta han dagoen magnolia baten inguruan antolatuko da. Modu horretan, lehengo klaustroa berreginen da.

Eliza egokituz eta egonkortuz eta hari sakratutasuna kenduz, ahalbidetuko da barneko espazioa eraldatzea, erabilera askotako gune interesgarri bat lortzeko. Gune hori kultura ekipamenduko lurzatiari lotzen zaio, haren albo batean baitago. Lurzati horrek B+2-ko gehieneko altuera izanen du. Ondoan enpresa jarduerako lurzati bat egonen da, beste bi lurzatien azalera antzekoa duena.

D) Enpresen campusa.

Jarduera ekonomiko berriak ezartzeko eremua. Batez ere hirugarren sektoreko erabileretarako eta zerbitzu profesionaletarako erabiliko da, baita bertako ekoizpen jardueretarako ere. Malgutasuna da eredu honen kontzeptu sortzailea. Hortaz, saihesten da jarduerak lurzati edo antolamendu aurrez finkatu batean ezartzea, eta erretikulen bilbe bat planifikatu da, eraikitzeko 18.652 bat metro koadroko azalera duena, 7,5 x 7,5 m-ko unitateetan azpizatiturik. Unitate horiek malgutasunez multzokatzen ahal dira, eta, hala, okupazio modulu mugakideak erantsiz, ezarri beharreko jarduera bakoitzaren morfologia eta azalera beharretara egokituko dira. Sistema horren bidez, gune berean enpresa txikiak eta handiak egon daitezen bilatzen da.

Eremu horretako eraikinen altuera handitik txikira joanen da, B+2-tik B+1era, eta eremua iparretik hegora doan ardatz baten inguruan hedatzen da. Ardatza oinezkoendako da, eta berdegunea du, eta haren bidez harrera eremua edo zelaia eta Baztan ibaiko ur bazterreko aldea zuzenean lotuko dira. Ardatz horren bidez bidea aldatuko zaio Labaderoko Errekari: gaur egun duen desbideratzea ezabatuko da, eta estali gabe joanen da.

E) Lourdesko Ama Birjinaren Harpe zaharraren ingurua.

Planteatzen da Lourdesko Ama Birjinaren Harpearen ingurua finkatzea eta hari balioa ematea, ingurumenari eta balio sinbolikoari dagokienez. Proposatzen da harpearen ondoan eta egoera kaskarrean dagoen kapera zaharraren ordez eraikin berri bat ezartzea, erabilera askotako ekipamendua duena.

F) Lurzoru urbanizaezina.

Jarduketa eremuko mendebaldeko eta iparraldeko aldeetan lurzoru urbanizaezineko perimetro bat mugatuko da, etorkizunerako. Haren azaleraren gunerik iparrekoenean, Elizondoko saihesbidearen proiektuak ukitzen duen horretan, azpiegitura horren ukipenei konpentsazio neurriak aplikatuko zaizkie, proiektuan aurreikusitakoak.

Perimetro horretan aurkeztuttako ekosistemetan, oro har, proposatutako neurriak bideratu dira haien kudeaketak lurraldearen gaitasuna mantendu eta handitzeko landare, fauna eta gizaki komunitate guztiarentzat.

Azkenik, proposatzen da Lekaroz DBHaren eta gazte aterpetxearen inguruetako saneamendu, hustuketa, hornidura, hornidura elektriko eta telefono sareetara lotzea.

III.1.-Azalera antolatuak, eraikigarriak eta aparkalekuak.

UPSaren azalera osoa: 130.452 m².

Lurzoru urbanizagarria: 61.215 m².

Lurzoru urbanizaezina: 69.237 m².

ERABILERAK

KOKAPENA

GEHIENEKO OK.

(m²)

GEHIENEKO ERAIK.
(m²)

GEHIENEKO ALT.

APARK.

(plazak)

Hezkuntza

Hezkuntza zerbitzuen jendegunea

3.306

4.132, 50

B+1+T

20

Enpresa

jarduera

Harrera eremua

1.687,50

5.062,50

B+2

Enpresen campusa

8.325

18.562,50

B+2/ B+1

355

D lurzatia. Kultura ekipamenduko eremua

1.130

3.084,20

BS+2

Erabilera askotako

ekipamendua

Kultura ekipamendua

919,14

Ez da finkatu

BS+2

Lourdesko Ama Birjinaren "Harpearen" ingurua

221, 44

Ez da finkatu

BS+1

GUZTIRA

15589,08

30.841,70

375

III.2.-Hirigintzaren kudeaketa eta garapenaren egutegia.

Planak proposatzen du bere esparruan sartutako lurrak honela sailka daitezela: finkatu gabeko hiri lurzorua, lurzoru urbanizagarri sektorizatu eta antolatua eta lurzoru urbanizaezina.

Finkatu gabeko hiri lurzoru gisa eta lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatuko lirateke esparru horretan xede hauek dituzten lurzoruak:

a) Harrera eremua.

b) Hezkuntza zerbitzuen jendegunea.

c) Kultura ekipamendua (Aholku Onaren Andre Mariaren elizari lotua).

d) Enpresen campusa, jarduera ekonomiko berriak ezartzeko.

e) Lourdesko Ama Birjinaren "Harpearen" ingurua.

Horientzat ezarri den erabilera orokorra jarduera ekonomikoei dagokiena da, eta jarduera baimenduak, berriz, hezkuntza eta enpresa jarduerak izanen dira.

Lurzoru urbanizaezinetarako edo UPSaren esparruko gainerakoetarako, "Lurzoru urbanizaezina babesteko arau" batzuk ezarri dira, Baztango Udal Plan indardunean ezarritakoak baino zorrotzagoak.

Finkatu gabeko hiri lurzoruak eta lurzoru urbanizagarriak sektore bat eta banaketa eremu bakar bat osatzen dute, 0,445451 AU/m²-ko eredu-aprobetxamenduarekin, eta erabilera orokorreko 30.841,70 m²-ko gehieneko aprobetxamenduarekin. Halaber, homogeneizazio koefiziente hauek ezarri dira:

-Enpresa jardueraren erabilera xehakatua: 1.

-Hezkuntzako erabilera xehakatua: 1.

UPSa garatzeko egutegiak zenbait etapa ditu:

1. Urbanizazio proiektua prestatzea: 3 hilabete, UPS honen behin betiko onespenetik hasita.

2. Urbanizazioa gauzatzea: 12 hilabete, urbanizazio proiektuaren behin betiko onespenetik hasita.

3. Jardueren ezarpenaren hasiera: 2012ko urtarrila.

III.3.-Ebaluazio ekonomikoa.

Inbertsio orokorren zenbatekoa 6.653.917,92 eurokoa da guztira (horren barnean sartzen dira lurrak eskuratzea, aurretiazko eraispenak, laguntza tekniko eta juridikoa, proiektuak prestatzea, urbanizazio obrak eta ingurumen jarduketak, gastu orokorrak eta industria mozkina, merkaturatze gastuak eta beste). Lurzati garbiko m² bakoitzaren gaineko ondorea 199,28 eurokoa da.

IV.-Lurralde eta hirigintza arloko balorazioa.

IV.1.-Nafarroa Atlantikoko Lurraldearen Antolamendu Plana (POT2).

Nafarroa Atlantikoko Lurraldearen Antolamendu Planak (POT2), berriki jendaurrean egon baita, esparru horretarako hiri sistema bat bultzatzen du eta, horren arabera, "Nafarroa Atlantikoko eskualdeazpiko interesa duten gune egituratzaileen" artean Elizondo-Irurita hirigunea ageri da (non, ezbairik gabe, Lekarozko gunea sartzen den), Baztango gainerako jendeguneei dagokienez erdigune funtzionala osatzen duena eta, gainera, ibarrean kontzentrazio demografiko handieneko eremua dena. Hori hala, Lekarozko guneak maila horretako dotazioak, zerbitzuak eta/edo jarduera ekonomiko eta produktiboak biltzeko profil egokia du.

Horretaz gainera, lurraldearen antolamendurako tresna honek, hark proposatutako eta garrantzitsuentzat jotako proiektu estrategikoen artean, Lekarozko (Baztan) Zentro Funtzioaniztuna sortzea jasotzen du. Horren barnean sartzen dira, besteak beste, "Eremu Atlantikoaren" esparruko hezkuntza eta kultura arloko goi mailako erabilerak; bestalde, Aholku Onaren Andre Mariaren ikastetxe zaharraren instalazioak lehengoratu eta zaharberritu eginen dira. Era berean, "Lekarozko aukera eremu" honen definizioaren arabera (plan edo proiektu sektoriala ezarri da proiektua garatzeko tresna gisa), gune horretan ostalaritzarako, bileretarako eta biltzarretarako eremuak ez ezik, hezkuntza eta ikerketarako eremuak ere ageri dira, industria jarduera aurreratu eta loturadunak barne.

IV.2.-Udal planeamenduaren aipamena.

Baztango Udal Plan indardunak (Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 6ko 1000/2002 Ebazpenaren bidez onetsia) ikastetxe zaharraren eremua, Lekarozko BHIa bezala, honela sailkatzen du: hiri lurzoru finkatua, ekipamendu erabilerakoa, eta berdegune publikoa -katastroko 114. lurzatia edo Baztan ibaiaren eskuinaldea-. Bestalde, Lekarozko NA-4403 errepidearen iparraldean dagoen zatia oihan lurzoru urbanizaezina eta nekazaritza eta abeltzaintzako produktibitate ertainekoa da.

Baztango Udal Plan horren araudi partikularrak, gaur egun ekipamenduetarako soilik diren eremuetarako (5. artikulua), gehieneko okupazio bat ezartzen du eta UPSa ez da horretara iristen, eta, besteak beste, antolamendu arau hauek ezartzen ditu:

-Debekatuta dago etxegainetan terrazak eta era guztietako estalki lauak jartzea.

-Fatxaden tratamendua bat etorriko da inguru horretako ezaugarri arkitektonikoekin osagaiei, materialei, koloreei eta akaberei dagokienez.

Alde horretatik, beharrezkoa da plan sektorial honetan justifikatzea udal arau horiek kontuan ez hartzea unitate morfologiko bakoitzerako definitzen dituen baldintza estetikoetan.

IV.3.-Lagapenak eta erreserbak lurzoru urbanizagarrian.

Udalez gaindiko Plan Sektorialaren garapenean aurreikusi beharko da udal ukituei laga behar zaiela ondasun higiezinen salerosketarako bideratu daitekeen irabazizko aprobetxamenduaren 100eko 10, urbanizazioko kargarik eta bestelakorik gabe. Toki entitateentzako lagapena kasuan kasuko kudeaketa tresnen bitartez eginen da, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren jarduketa eremuan sartuta dagoen udal mugapeko azaleraren arabera. Ez dira irabazizko aprobetxamendutzat joko erabilera edo zerbitzu publikorako diren ekipamendu eta dotazio publikoak.

Udal ukituari "ondasun higiezinen salerosketarako bideratu daitekeen irabazizko aprobetxamenduaren 100eko 10, urbanizazioko kargarik eta bestelakorik gabe, lagatu beharrari" dagokionez (LAHFLren 43.2 artikulua), planean enpresa jardueraren D lurzatiari buruz agertzen da lagapen hori, hirigintzako gehieneko aprobetxamendua 3.084,20 AU-koa dela.

Ekipamendu eta zerbitzuen eremuetarako erreserbei eta lagapenei dagokienez (LAHFLren 53. artikuluak eskatuak), planak hiru lurzati jarri ditu erabilera askotako ekipamendurako (horien artean Aholku Onaren Andre Mariaren elizak hartzen duena), guztira 3.053 m²-ko azalera. Kopuru horrek arauzko estandarra betetzen du.

Jabari eta erabilera publikoko berdegune handiei dagokienez, aipatu behar da ekipamendu hori berrikusi egin beharko dela, ez baita betetzen, kasu guztietan, LAHFLa garatzeko Erregelamenduak eremu horietarako ezartzen duen 15 metroko gutxieneko zabalera. Hori hala, iradoki daiteke komenigarria dela oinezkoendako eremu handi bat sortzea elizaren ondoan, eremuko sarrerari garrantzia emateko.

Beste alde batetik, aparkatzeko 375 toki planifikatu dira, proiektuko memoriaren arabera, erabilera publikoko lurzoru pribatuan. Kopuruak arauzko estandarra betetzen badu ere, ekipamendu hori jabari eta erabilera publikokotzat jo beharko da, LAHFLren 53. artikuluaren arabera.

IV.4.-Beste ohar batzuk.

-UPSaren esparruan mugatutako lurzoru urbanizaezinean azpikategoria bat edo azpikategoriak bereizi beharko dira, LAHFLren 94.3 artikuluan ageri direnen arabera, sailkapen hori edo urbanizazio prozesutik baztertzea justifikatzen duen arrazoia kontuan hartuta. Horrenbestez, UPSeko Hirigintza Araudi Orokorraren 15. artikulua berrikusi beharko da (planak mugatutako lurzoru urbanizaezina babesteko arauak biltzen ditu), egokitu egin beharko baita balio babestuaren edo ezartzen diren lurzoru urbanizaezineko azpikategorien arabera.

-UPSeko memoria deskribatzaile eta justifikatzailean aurreikusitako jarduketei heldu ahal izateko, hau da, oinezkoendako eta bizikletendako pasealekuak erabilera publikorako egokitu eta sortzeari buruzko jarduketei heldu ahal izateko, Lourdesko Ama Birjinaren harpera gaur egun doan bidea sartu beharko da jarduketa esparruaren barnean. Horrekin batera, egokitzapena landu beharko da. Orobat, eta Nafarroako Lurralde Estrategiak ezarritako irizpideei jarraikiz, banakako mugikortasuna eta interes kolektiboa bateragarriak izan daitezen, plana osatu beharko da oinezkoendako eta bizikletendako sare bat definituz, bai eta hirigune hurbilenekin lotura eginez ere: Lekaroz, Elizondo, Etxerri auzoa -Baztan hotela-.

-Planak, hobeki aplikatzeko, ezartzen dituen erabilera moten definizioa jaso beharko du eta, bereziki, erabilera baimendu eta onartuena, horien esleipen mailarena eta enpresa jarduerarena.

-Erabilera askotako ekipamenduko lurzatietarako ezarri diren erabilera onartuek (betiere sektorearen zerbitzura egonen dira), bat etorri behar dute LAHFLren Erregelamenduko 15. artikuluan ezarritakoekin. Alde horretatik, kendu egin behar dira bizitegi-zerbitzu erabilera eta ostalaritzakoa.

-UPSean ibaiaren ekosistemari buruz ageri den memoria deskribatzaile eta justifikatzailean zenbait jarduketa aurreikusten dira, ibaiaren ingurunea egokitzeko eta ES2200023 BILeko ibilbide berdea egokitzeko xedez. Hori horrela, Hirigintza Araudiko ZV.5 lurzatiaren fitxako "5. Aurreikusitako jarduketak" atala osatu beharko da.

-"PL02 Lurzoruaren sailkapena" planoa zuzendu egin behar da, eta eremu horretan sartzeko proposatu den biribilgunearen azalera sektorearen azalera osoarekin batera zenbatu.

-Autobusendako aparkalekuak jartzeko aukerarik baden aztertuko da.

-Araudian, Memoria dokumentuan aipatzen den moduan, azaldu beharko da urbanizazio proiektuak toki horretan dauden balio sinboliko handiko elementu hauen kokalekua aurreikusi beharko duela, eremu libre publikoetan:

-Ikastetxe zaharreko ataria, eraikina eraitsi ondoren kontserbatu dena.

-Jorge Oteizak aita Llavanerasi egindako eskultura, gaur egun Zangozan dagoena.

-Mendeurrenaren monolitoa, gaur egun ondoko institutuan dagoena.

-Osatu eginen da hornidurarako azpiegituren eskema, bertako sarearekin lotzeko punturaino. Lotura egiteko azpiegitura horietarako behar diren lurrak planari atxikitako sistema orokortzat joko dira.

V.-Ingurumenari buruz kontuan hartu beharrekoak.

Ekainaren 22an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten hau eman zuen:

Baztango "Lekarozko Enpresen Campusa ekimen eremua" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialak, Sprin, S.A.k sustatuak, Ingurumen ebaluazio estrategikoa beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, foru lege horren 3. eranskineko A) 4 atalean sartuta baitago.

Sustatzaileak Ingurumen ondorioen azterlana aurkeztu du. Horren edukia nahikoa dela uste da eta, hala, jendaurrean jar daiteke, UPSeko gainerako dokumentazioarekin batera.

Proposamenaren ingurumen integrazioa hobetzeko, beharrezkoa da "Artesiagako errekaren ahoa" izeneko ES220023 BILaren aldameneko zerrendan berdegune publiko bat sortzea, ahalik eta handiena, ibaiaren inguruko paisaia sor dadin, eta, hala, lurzoruaren zigilatzea edo iragazgaiztea gerta ez dadin eta ibilgailuen zirkulazioa eta hots kutsadura saihets daitezen. Horrenbestez, enpresa jardueren eremuan ibaitik hurbilen dagoen bide berria aldatzea proposatu da, erabat kenduz edo iparralderantz paraleloan eramanez, eta, orobat, hego-mendebaldean diseinatutako aparkalekua.

Batasunaren Intereseko Lekuan sartutako UPSaren azalerak babestu beharreko lurzoru gisa agertu beharko du. Hortaz, aldatu egin behar dira, besteak beste, Lurzoruaren Sailkapeneko Planoa (PL02) eta Hirigintzako Araudi Orokorra eta Partikularra "ZV.5 lurzatiaren fitxan".

Ingurumen ondorioen azterlaneko "16. planoa-habitatak" izenekoak akats bat dauka (geruzen edo mailen lekualdatzea)".

VI.-Emandako txostenak, eskatutakoak eta beste batzuk.

Espedientearen azterketa osatzeko, sustatzaileak, espedientea ebatzi aurretik, txosten hauek aurkeztu beharko ditu:

-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarena, Elizondoko saihesbidea egiteko proiektuaren gaineko ukipenari dagokionez bereziki.

-Hezkuntza Departamentuarena.

-Turismo Zuzendaritza Nagusiarena.

-Kantauriko Ur Konfederazioarena.

-Udalerriari dagokion mankomunitatearena, ukitzen diren mankomunitateko zerbitzuei dagokienez.

-NILSArena.

Txosten horien ondorioak kontuan hartuko dira espedienteari buruzko ebazpenean.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Lekarozko Enpresen Campusa ekimen eremua ezartzeko proiektua" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritako ondorioak izan ditzan. Proiektua Sprin, S.A.k sustatu du.

2. Entitate sustatzaileari adieraztea Plan Sektorialean jaso beharko direla erabaki honen "Lurralde eta hirigintza arloko balorazioa" eta "Ingurumenari buruz kontuan hartu beharrekoak" ataletan azaldu diren gaiak, txosten sektorialen ondorioz sortzen direnez gainera.

3. Entitate eskatzaileari eskatzea honako txosten hauek aurkez ditzala, espedientea ebatzi baino lehen:

-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarena.

-Hezkuntza Departamentuarena.

-Turismo Zuzendaritza Nagusiarena.

-Kantauriko Ur Konfederazioarena.

-Udalerriari dagokion mankomunitatearena, ukitzen diren mankomunitateko zerbitzuei dagokienez.

-Nilsarena.

4. Oro har, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 100 c) artikuluko zehaztapenekin bat, jarduketatik kanpoko sistema orokorrekin konektatzeko azpiegituren kostua sustatzailearen kontura izanen da eta, behar izanez gero, berak egin beharko ditu azpiegitura horiek, eta, jarduketaren ezaugarrien ondorioz beharrezkoa bada, aipatu sistemak handitzeko edo sendotzeko obrak egin beharko ditu, bai UPSean sartutakoak bai aurreragoko azterlan edo beharren ondorioz sortzen ahal direnak.

5. Egin asmo diren instalazioek ukitu edo baldintzatu ditzaketen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez (ubide publikoetako polizia eremua, eta abar), entitate sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

6. Espedientea jendaurrean jartzea eta planteatu diren jarduketek ukitutako lurretako udalari entzunaldia ematea, 30 egunean, gutxienez. Bi tramiteak aldi berean eginen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1, -1. solairua, 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Halaber, Ingurumen eraginaren azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea 7 - 31005 Iruña).

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza Departamentuari, Turismo Zuzendaritza Nagusiari, Enpresa Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Kantauriko Ur Konfederazioari, Nilsari, Baztango Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko uztailaren 28an.-Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1012940