101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

ERRIOXA JATORRIZKO DEITURA
KALIFIKATUAREN KONTSEILU ARAUTZAILEA

7/2010 ofizio-zirkularra. Mahats-biltzearen kanpainarako arauak

Inskribatutako guztiei aditzera ematen diegu mahats-biltzearen kanpainarako arauei buruzko 7/2010 ofizio-zirkularra ikusgai dagoela Kontseilu Arautzaile honen iragarki oholean, Logroñoko Estambrera kaleko 52an.

7/2010 ofizio-zirkularra.

Mahats-biltzearen kanpainako arauak.

Mahastiari eta Ardoari buruzko 24/2003 Legearen 26. artikuluak kudeaketa organoari esleitzen dizkion eginkizunetako bat da hainbat alderdi ezartzea kanpaina bakoitzeko, kalitatearen babesa eta hobekuntza irizpidetzat hartuta eta haren erregelamenduan zehaztutako mugen barruan, besteak beste: errendimenduak, ekoizpen eta eraldaketaren gehieneko kopuruak, ureztatzeko modu eta baldintzen baimena, eta kanpaina bakoitzean prozesu horietan eragina izan dezakeen beste edozein gai.

Horren haritik, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuari buruzko Erregelamenduak ere berresten du arestikoa: 7. artikuluan, berriz aipatzen du ekoizpenen kalitatea ahal den onena bermatzeko beharra; 7.bis artikuluan, mahastizain txartelaren erabilera ezartzen du, eta 8. artikuluan, kanpaina bakoitzeko gehieneko ekoizpena aurreikusten du.

Ezarritako neurriak betetzeko, Mahastiari eta Ardoari buruzko 24/2003 Legeak ere, 26. artikuluan, ahalmena ematen dio kudeaketa organo horri babespeko ardoen ekoizpen, elaborazio eta merkaturatze faseetako bakoitzean inskribatutako operadore bakoitzak bete beharreko gutxieneko kontrol beharkizunak proposatzeko, betiere arau horren beraren 14. artikuluan aurreikusitakoarekin bat; izan ere, artikulu horretan aipatzen da babestutako ardo bakoitzak (ekoizpenetik hasita babestua, lege horren 18. artikuluaren arabera) bereak baizik ez dituen izen geografikoen erabilerarako eskatuko diren baldintzak eta, bereziki, hori kontrolatzeko sistema ezarriko dituen araudia izanen duela, orokorra eta berariazkoa. Planteamendu horrek errepikatu egiten du nekazaritzako merkatu bateratua sortu zuen 1234/2007 (EE) Erregelamendua aldatu zuen 2009ko maiatzaren 25ean Kontseiluak emandako 491/2009 (EE) Erregelamenduan jasotzen dena.

Azaldutako arauen babesean eta Kontseilu Arautzailearen osoko bilkuran erabakitakoari jarraikiz, 2010eko mahats-biltzearen kanpainarako arau hauek onetsi dira:

1. Mahastizain txartela.

1.1. Kontseilu Arautzaileak ezarri duenez, nahitaezkoa da memoria-txipa duen txartel bat erabiltzea, mahastizain txartela deitutakoa (aurrerantzean txartela), Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuan inskribatutako mahastien titularitatea frogatzen duena.

1.2. Txartela pertsonal eta besterenezina da, titularraren erabilerarako, inskribatutako mahastietan ekoitzitakoa entregatzeko baizik ez da erabiliko, hortaz, debekaturik dago txartela erabiltzea beste titular batzuek ekoitzitakoaren eragiketetarako, tartean ahaidetasun, apartzeria edo antzeko arrazoirik egonik ere. Egoera horien berri eman behar zaio nahitaez Kontseilu Arautzaileari mahats-biltzea egin aurretik, mahastizain bakoitzaren txartelean portzentajeak adierazteko.

1.3. Txartelak aktibatuta egon beharko du eta mahatsa entregatzen den aldiro aurkeztu beharko da nahitaez. Upategian ez da mahatsik onartuko txartela aurkezten ez bada. Txartela erabiltzeko betebeharra bete ezean, kasuan kasuko mahats partida babesik kanpo geldituko da.

1.4. Txartelaren titularitatea mahatsa jasotzen duenaren aurrean frogatu beharko da salmenten kasuan eta, kasu guztietan, Kontseilu Arautzaileko mahats-biltzearen laguntzailearen aurrean (mahatsaren pisaketa eta entrega kontrolatzeko Kontseilu Arautzaileak baimendutako pertsona), beraz, mahatsa eramanen duenak mahastizain txartela eta NAN/IFZ (fotokopia ere onartuko da) aurkeztu beharko ditu hura entregatu aurretik. Gogorarazi behar da mahatsaren titularra edo eramalea beharturik dagoela bi agiri horiek aldean izatera.

1.5. Mahats entrega bakoitzean bi tiket emanen dira, bata txartelaren titularrarentzat eta bestea upategirako, eta horietan hau jasoko da: titularraren kodea, mahatsa jaso duen upategia, entregatutako mahats kopurua, mahatsaren kolorea, ordura arte entregatutako mahats kopuru osoa (koloreen arabera), eta onartutako gehieneko kopurua osatu arte gelditzen den saldoa.

1.6. Txartelak kanpaina baterako ez ezik hurrengoetarako ere balioko du, beraz titularrak gorde beharko du mahats-biltzea amaitu eta gero ere. Nahitaezko kuota ordaindu ondoren eguneratu eta aktibatuko da, besterik gabe, hurrengo kanpainako lehendabiziko entregarekin batera.

Mahastizain txartela galduz gero, titularrak berehala jakinarazi beharko dio Kontseilu Arautzaileari.

Kontseilu Arautzaileak edozein unetan eguneratu ahal izanen du mahastizain txartelean dagoen informazioa, Mahastien Erregistroan aldaketarik gertatzen bada, horri buruzko informazioa gordetzen baitu txartelak.

2. 2010eko ekoizpen eta eraldaketa errendimenduak.

2.1. Kanpaina honetan, titular bakoitzeko babestu daitekeen gehieneko kopurua izanen da hektarea emankor gisa inskribatutako hektareei kopuru hauek aplikatzearen emaitza: 5.850 kilo mahats hektareako, mahats barietate beltzendako, eta 9.000 kilo hektareako barietate zuriendako, horiek baitira Kontseilu Arautzailearen osoko bilkurak 2010eko martxoaren 8an kanpaina honetarako ezarritako errendimenduak, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Babestutako ekoizpena errendimendu horien barruan egon beharko da.

2.2. Kontseilu Arautzailearen osoko bilkurak 2010eko martxoaren 8an kanpaina honetarako hartutako erabakiarekin bat, eta Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Erregelamenduan ezarritakoa aplikatuz, babespeko gehieneko errendimendua entregatu ondoren, mahastizainak gehienez ere beste 650 kilo entregatu ahal izanen ditu hektareako, mahats barietate beltzena, berak hala nahi izanez gero eta upategia ados baldin badago. Bolumen hori stock kualitatiboa izanen da. Mahats horretatik lortutako ardoa upategian geldituko da Kontseilu Arautzaileak harekin zer egin erabaki arte.

Stock hori egin ahal izateko, mahastizainak lehenbailehen, irailaren 10a baino lehen, eta betiere mahats-biltzea hasi aurretik, adierazpen bat aurkeztu beharko dio Kontseilu Arautzaileari, interesdunen eskura jarriko den inprimaki normalizatuan, mahastizainak berak eta stock-a entregatzen den upategiak ados jarrita izenpetuko dutena.

Kanpainako babespeko mahatsik ez duten operadoreek ezin izanen dute stock kualitatiborik egin. Upategiko stock kualitatiboa, gehienez ere, mahats babestu, jaso eta/edo berbidaliaren ehuneko 20koa izanen da. Aurreikuspen hauek ez dira aplikatuko elaborazioko upategien titularrentzat, beren uztari dagokion stock-aren ehuneko 10 sartzeko ez beste ondorioetarako.

Stock kualitatiboa ez da operadoreen artean besterenduko, non ez diren enpresa talde bereko instalazioak.

Deiturak stock kualitatiboko ardoa babestu ahal izateko, stock-a eratu ondoko urtean dela ulertuta, bi hauen arteko zatiketak emandako kozientetik lortzen den ratioa 2,85etik beherakoa izan beharko da: batetik, babestutako ardoaren izakin guztiak, urtarrilaren 1ean, azken hamabi hilabeteetan (urte artekoa), irailaren 30ean, merkaturatutakoa kenduta, behin aurreko urte naturalean deklaratutako murriztapen guztiak kenduta, gehi kasuan kasuko urteko uztak ekarritako bolumen erreala, teorian babesteko modukoa, eta bestetik, azken hamabi hilabeteetan ateratako guztia, irailaren 30ean (hau da, azken hamabi hilabeteetako urte arteko merkaturatzea, irailaren 30ean, eta kasuan kasuko urtean deklaratutako murriztapen guztiak batuta). Ratioa 2,85etik 3ra bitartekoa bada, stock kualitatiboko ardoaren erdia produktu kualifikatua izanen da. Azkenik, ratioa 3tik gorakoa bada, lortutako ardoa babestu gabeko produktu bihurtuko da, gehiegizko ekoizpen eta/edo eraldaketagatik, eta upategiko instalazioetatik atera beharko da urteko martxoaren 31 baino lehen, destilazioan erabiltzeko.

Egoera horretan dauden ardoek, betiere, erregelamendu honen 15. artikuluan aipatzen den kalifikazio prozesua gainditu beharko dute.

2.3. Kontseilu Arautzailearen osoko bilkurak mahats ekoizpenerako finkatutako errendimenduak bereizirik kontatuko dira, mahats barietateen arabera, alde batetik beltzak eta bestetik zuriak. Banakako tratamendu horren ondorioz, ez da koloreen arteko konpentsazioagatiko babesik izanen, ez mahatsean ez eraldaketaren ondorioz lortutako ardoan.

2.4. Ardo babestua lortzeko mahats eraldaketaren gehieneko errendimendua lehendabiziko 69 litroena izanen da 100 kiloko mahats beltz, eta lehendabiziko 70 litroena mahats zuriaren kasuan, horiek baitira Kontseilu Arautzailearen osoko bilkurak 2010eko martxoaren 8an kanpaina honetarako ezarritako errendimenduak, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Erregelamenduaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2.5. Kontseilu Arautzailearen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, erregelamendu horren beraren 10. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, bildutako 100 kiloko gehienez ere 74 litro ardo lortu ahal izanen dira, horixe baita mahats-biltzearen kanpaina honetarako finkatu den eraldaketaren gehieneko errendimendua.

2.6. Lortutako ekoizpenerako Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatua erabiltzeko eskubidea izateko, lege indardunak eta Kontseilu Arautzailearen osoko bilkurak horren inguruan ezarritako erabakiak bete beharko dira, kanpainako arau hauek barne, eta titularraren ustiategia ez da egoera irregularrean egon beharko.

3. Errendimenduen kontrola.

3.1. Erregelamenduan aurreikusi gabeko gehiegizko ekoizpenak dituzten lurzatietatik datozen mahats partidek babeserako eskubidea galduko dute. Horretarako, Kontseilu Arautzailearen zerbitzu teknikoek ikuskapenak eginen dituzte, kanpaina honetarako ezarritako ekoizpen karga gainditzen duten mahastiak zein diren jakiteko.

Mahastiak irizpide aleatorioak eta ekoizpenekoak nahasiz aztertuko dira, frutaren kolore-aldaketa gertu den garaian, mahats mordoen bakantzea hasieran egiteko, horixe baita unerik egokiena bakantzeak uztaren kalitatean ondorio positiboak izan ditzan.

Kontseilu Arautzaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak ikuskatu, eta ekoizpen altuak espero daitezkeenean, mahastien titularrei eskatuko die adierazitako epean ekoizpena doi dezaten kanpaina honetarako ezarritako gehieneko errendimenduarekin, beranduenik ere bigarren bisita egiteko aurreikusi den egunaren bezperan; bigarren bisita hori aldez aurretik jakinaraziko zaio eta bertara mahastiaren titularra bera edo haren ordezkaria joanen da, teknikari eskudunak lagunduta, egokitzat jotzen badu.

Ekoizpen altuak izateko aukerak bere horretan irauten badu, ikuskatzaileak akta eginen du, bertan ekoizpenaren egoera jasotzeko, eta behar diren neurriak hartuko dira ukitutako lurzatiari babesik eman ez dakion.

3.2. Mahats mordoen bakantzeak dakarren uzta murrizketa ez da kontuan hartuko Kontseilu Arautzailearen Zerbitzu Teknikoen bigarren bisitaren ondotik egiten bada.

3.3. Kontseilu Arautzaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak ikusten duenean lurzati batek edo batzuek kalte handiak jasan dituztela aparteko arrazoi meteorologikoengatik eta horien ondorioz ekoizpenaren murrizketa handia gertatu dela, babespean sar daitekeen gehieneko errendimendua berrikusiko du, ekoizpena lehengoratzeko aukeren arabera; errendimendua finkatu eta titular bakoitzari jakinaraziko zaio, hurrengo mahats-biltzeari begira, eta mahastizain txarteleko datuak eguneratuko dira. Titularra ados ez badago finkatutako gehieneko errendimenduarekin, idatziz eskatu beharko du Kontseilu Arautzaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak mahastien berrikuspena egin dezala. Desadostasunak irauten badu, titularrak lurzatietako mahats-biltze kontrolatua eska dezake, lortutako egiazko errendimendua zein den jakiteko, bertatik datorren ekoizpena babespean jartzeko ezinbesteko baldintza baita.

4. Mahats-biltzearen eta elaborazioaren hasiera jakinaraztea.

4.1. Kanpaina honetan mahatsa elaboratu behar duten inskribatutako upategi guztiek, mahats-biltzea eta elaborazioa egiten dutenek ere, nahitaez jakinarazi beharko diote Kontseilu Arautzaileari idatziz, 48 ordu lehenago gutxienez, 72 ordu lehenago mahatsa asteburuan zehar jasotzen hasten bada; jakinarazpenean mahats-biltzearen hasiera eguna adierazi beharko da, baita non edo zein tokitan eginen den, jasotzeko guneak barne.

4.2. Era berean, Kontseilu Arautzaile honi jakinarazi beharko zaio zein den mahatsa jasotzeko ordutegia, eguerdiko atsedenaldia barne, horrelakorik badago. Upategi elaboratzaileei eskatzen zaie jasotzeko ordutegiak ahal den hobekien bete ditzaten, kontuan hartuta mahats-biltzearen laguntzaileek bertan egon behar dutela nahitaez. Salbuespenez, ordutegia zabaldu edo murriztu behar bada matxuren edo baldintza klimatologikoen ondorioz, derrigorrezkoa da Kontseiluko Zerbitzu Teknikoei jakinaraztea, behar diren neurriak hartzeko. Ez da ahaztu behar da mahats-biltzearen laguntzailea egon beharreko tokietan mahats guztia pisatu behar dela haren aurrean eta hark ikus-onetsia emanda, eta ez dela onartuko baldintza hori betetzen ez duen mahats entregarik.

5. Mahatsa entregatzeko prozedura.

5.1. Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuan inskribatutako upategian, mahatsa entregatu aurretik Kontseilu Arautzaileko mahats-biltzearen laguntzailearen aurrean pisatu beharko da. Bere mahatsa elaboratzen duen mahastien titularrak, bere upategian baskularik ez badu, upategia kokaturik dagoen herriko udal baskulan pisatuko du mahatsa; halakorik ez badago, herriko beste baskula batean edo herri hurbileneko udal baskulan, betiere mahats-biltzearen laguntzailea aurrean dela.

5.2. Stock-a egitea ukatu gabe, mahastiaren ziklo begetatiboaren amaieran eragina izan dezaketen baldintza klimatologikoak kontuan hartuta, inskribatutako mahastizainek inskribatutako upategian egindako entrega hauek justifikatutzat hartuko dira: 650 kilo arte mahats hektareako, barietate beltzen kasuan, eta 900 kilo mahats hektareako barietate zurien kasuan, babestu daitekeen gehieneko errendimenduaren gainetik, zein den ere stock kualitatiboa eratzeko entregatutako kopurua edo stock hori eratzeko itunik egon ezean. Aipatutako horietatik, lehendabiziko 325 kiloak hektareako, mahats beltzen kasuan, eta 450 kiloak hektareako mahats zurien kasuan, deiturak babestu gabekoak izanen dira, eta gainerakoen eraldaketa, hektareako 650 kilo egin arte mahats beltzetan eta hektareako 900 kilo egin arte mahats zurietan, destilaziorako izanen da, kopuru horiek ere ez baitira babesean sartzen, Kontseilu Arautzaileak 2010eko martxoaren 8ko osoko bilkuran hartu zuen erabakian aurreikusitako baldintzetan.

5.3. 24/2003 Legearen 16.2 artikuluari eta Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Erregelamenduaren 8.4 artikuluari jarraikiz, baimendutako errendimendua baino handiagoa duten lurzatietatik datorren mahats guztiak deituraren babeserako eskubidea galduko du, eta ez da erabiliko ardo babestuak egiteko; Kontseilu Arautzaileak behar diren neurriak hartuko ditu artikulu horiek bete daitezen.

Arau hau betetzen dela ziurtatzeko, Kontseilu Arautzaileko Ikuskatzaileen Zerbitzu Baimenduak neurketak eginen ditu mahasti lurzatietan, Errendimenduen Kontrolari buruzko atalean ezarritako prozeduraren arabera.

Edozein kasutan, Kontseilu Arautzaileak ustiategi bakoitzean eginen du kontrol hori, hau da, titular batek Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatua duen ekoizpen eremuan dituen mahasti guztien gainean.

5.4. Mahatsaren gradua kontrolatuko da jasotzeko guneetan entregatzen denean, eta erregelamenduzko gutxienekora iristen ez denak babeserako eskubidea galduko du. Mahastizain txartelaren titularra ados ez badago neurketaren emaitzarekin, kontraesaneko analisia eska dezake. Kontraesaneko proba aski den metodoaren bidez eginen da, eta horretarako Kontseilu Arautzaileak baimendutako eskuko refraktometro edo dentsimetro bat emanen dio Ingurumen eta Landa eta Itsas inguruneko Ministerioak baimendutako ikuskatzaileari, lehen emaitza lortzeko erabili zenaz beste bat, toki berean egin dadin deskargatu gabeko mahats partidaren kontrasteko analisia. Bigarren analisi horretan, aukera egonen da interesdunak teknikari eskudun baten laguntza izateko.

Karga mahastizain txartelean erregistratu ondoren, jasotzaileak aukera izanen du deskarga egin eta ondoren bereizita elaboratzeko edo mahatsa upategian ez sartzeko. Bigarren aukera hautatzen badu, mahatsa zertarako erabiliko den adierazi beharko du.

5.5. Upategian sartzen den mahats partida bakoitzeko banakako pisaketaren tiketa luzatu beharko da, mahats klasea (beltza edo zuria) eta jatorriko herria zehaztuta. Mahatsa barietate zuriak eta beltzak bereizirik entregatuko da.

5.6. Mahats-biltzea mekanikoa denean, hala dela jakinaraziko zaio mahats-biltzearen laguntzaileari, eta pisaketa bakoitzean ehuneko 3 gehituko da pisua, eta kopuru hori jasoko da.

Era berean, inskribatutako upategiek elkarri bidaltzen diotenean txortena kendu ondoko mahatsa, Berbidalketaren txartelean jasoko den kopurua bidalitako kopuru garbia %5 gehituta izanen da.

5.7. Mahatsa entregatzen den aldiro, garraiorako ibilgailuaren tararekin osatuko da pisaketa.

5.8. Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribatutako upategietan inskribatutako mahastietatik datorren mahatsa baizik ez da sartuko (Erregelamenduaren 27. artikuluaren 1. atalean).

5.9. Mahatsa entregatzean gertatzen den edozein gorabehera, aurrerago erreklamazioa ekar dezakeena, idatziz jakinarazi beharko zaio Kontseilu Arautzaileari espresuki, gertatu eta 48 ordu iragan baino lehenago. Azaldutako prozedura erabiliz jokatu ezean ez da erreklamaziorik onartuko.

6. Pisaketa jatorrian eta destinoan.

6.1. Derrigorrezkoa izanen da mahatsa mahats-biltzearen laguntzailearen aurrean pisatzea jatorrian eta destinoan, mahastizainak entrega edo deskarga mahatsa elaboratu behar den tokian bertan egin behar ez badu (adibidez, jasotzeko guneak). Baldintza hori bete beharko da, halaber, zenbait titularrek partekatzen duten karga bat egiten denean, eta ezinbestekoa izanen da mahats kopuru bakoitza identifikatzea.

Mahats hori garraiatzeko nahitaezkoa izanen da garraioko txartel magnetikoa.

6.2. Era berean, nahitaezkoa izanen da beste upategi batera berbidali behar den mahatsa jatorrian eta destinoan pisatzea, eta kasu horretan beharrezkoa da bidalketaren agiria luzatzea, mahats-biltzearen laguntzaileak ikus-onetsi beharrekoa, eta Kontseilu Arautzaileari aldez aurretik baimena eskatzea lekualdatzea egiteko.

6.3. Zerbitzu teknikoek mahastia kokaturik dagoen herriko mahats-biltzea amaitutzat ematen duten egunetik aurrera ere mahats-biltzearen laguntzailearen aurrean egin beharko da pisaketa jatorrian eta destinoan, mahatsak herrian bertan ez badira elaboratzen.

7. Mahats-biltzearen laguntzailearekiko betebeharrak.

7.1. Inskribatutako guztiei, mahastizain nahiz elaboratzaileei, gogorarazten zaie mahats-biltzearen laguntzaileen lana erraztu behar dutela, Kontseilu Arautzaile honen langileak baitira, eta haien eginkizunak galaraztea edo trabatzea arau-hauste arina, larria edo oso larria izanen dela, kasuan kasukoa, Mahastiari eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen 38.1.p), 39.1.n) eta 40.1.e) eta g) artikuluetan xedatutakoarekin bat.

7.2. Jasotzeko ohiko ordutegia edozein arrazoirengatik aldatzen bada, mahats-biltzearen laguntzaileari jakinarazi beharko zaio, baskularen ondoan egin behar duen denbora mahatsa jasotzeko ordutegiarekin bateratzeko.

8. Mahats-biltzea amaitutzat ematea.

Kontseilu Arautzaileko Zerbitzu Teknikoek mahats-biltzea aurreratuta ikusten dutenean udalerri ia osoan, Kontseilu Arautzaileak ohiko mahats-biltzea amaitutzat eman dezake herri horretan, eta mahats-biltze berezia abian jarri, bilketa egin gabe dauden mahastiak kontuan hartuta; kasu horretan, interesdunak, mahatsa ebaki aurretik, Kontseilu Arautzaileko Zerbitzu Teknikoei jakinaraziko die, mahastiari buruzko datuak adieraziz: kalkulatutako ekoizpena, herria, poligonoa eta lurzatia. Mahats-biltzea egokitzat jotzen diren egiaztapenen menpe geldituko da. Mahats-biltzea amaitutzat ematen denetik aurrera arau hauetako 6.3 atala aplikatuko da.

Era berean, Kontseilu Arautzaileko Ikuskapen Zerbitzuek ikusten badute herri batean, zenbait gorabeherarengatik, errendimenduaren murrizketa handia gertatu dela, mahats-biltze aurreratu baten parekoa, hasieratik erabaki ahal izanen da mahats-biltzea amaitutzat eman eta mahats-biltze berezia abian jartzea.

9. Jarduketak, araudiaren ez-betetzeak direla eta.

9.1. Araudi indarduna eta Kontseilu Arautzailearen erabakiak ez betetzeak berarekin ekarriko du mahatsaren babeserako eskubidea galtzea, arau-haustearen ondorioz sortutako zehapen espedientearen tramitazioak ekar dezakeen zehapenaz gain.

9.2. Mahatsaren pisaketarako ezarritakoa ez betetzeak, halaber, hura ez babestea eta kasuan kasuko espedientea irekitzea ekarriko du.

9.3. Era berean, ez du babesik izanen erregelamenduan aurreikusirik ez dauden gehiegizko ekoizpenak dituzten lurzatietako errendimendu osoak. Ez eta erregelamenduzko gutxieneko gradura iristen ez diren mahats partidek ere.

9.4. Kontseilu Arautzaile honek bertan inskribaturik daudenei egiten dien kontrolak ustiategi osoa hartzen du, hau da, titular batek Errioxa Jatorrizko Deitura Kualifikatuak hartzen duen ekoizpen eremuan dituen mahasti guztiak.

Inskribatutako guztiei gogorarazi behar diegu nekazaritzako merkatu bateratua sortu zuen 1234/2007 (EE) Erregelamendua aldatzeko 2009ko maiatzaren 25ean Kontseiluak emandako 491/2009 (EE) Erregelamenduaren 85. bis eta 85. ter artikuluek ezartzen dutela Batasuneko edo nazioko xedapenak hautsiz landatutako mahastietatik datorren mahatsarekin lortutako produktuak destilerietarako baizik ez direla zirkulazioan jarri ahal izanen.

Kontseilu Arautzaile honek, bere erregelamenduaren 3., 36., 37.1 eta 38. artikuluetan xedatutakoarekin bat, kontrol sistema bat du ezarria erregelamendu hori eta Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Mahastien Erregistroan titular gisa inskribatutako mahastizainei, aldi berean Batasuneko edo nazioko xedapenak hautsiz landatutako mahastien titular direnei eragiten dien legeria indarduneko gainerako arauak betetzeko. Errendimenduaren kontrola egiteko, inskribatutako titular horiei eskatzen zaie Kontseilu Arautzaile honetan aurkez ditzaten Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsean (NBEF) nahitaez aurkeztu behar duten ekoizpenaren aitorpenaren kopia eta egoera irregularrean dituzten mahastietatik datorren produktua destilazioan erabili dela frogatzen duen agiria.

10. Mahats-biltzea amaitzean eskatzen diren betebeharrak.

10.1. Mahastizain txartelaren titularrei gogorarazten zaie txartelak hurrengo kanpainetarako ere balio duela eta beraz gorde beharko dutela mahats-biltzea amaitu ondoren. Nahitaezko kuota ordaindu ondoren eguneratu eta aktibatuko da, besterik gabe, hurrengo kanpainako lehendabiziko entregarekin batera.

10.2. Mahastizain bakoitzari emanen zaizkio mahats entregari buruzko datu prozesatuak txartelarekin, eta hori izanen da, elaboratzaile ez diren titularrentzat, Kontseilu Arautzaileari eman beharreko uzta aitorpena.

10.3. Uzta osoa edo zati bat elaboratzen duten mahastizainek Uzta eta Elaborazio Aitorpena eman beharko diote Kontseilu Arautzaileari, Errioxa Jatorrizko Deitura Kualifikatuaren Erregelamenduaren 34.1.b. artikuluan ezartzen den moduan.

10.4. Upategi kooperatibek, uzta aitorpenaz gain, bazkideen izen zerrenda ere igorriko dute erakunde horretara, mahatsa nongoa den, mahats zuriaren kilo kopurua, mahats beltzarena eta guztira zenbat den adierazita.

10.5. Merkataritza enpresa elaboratzaileek, uzta aitorpenaz gain, bazkideen izen zerrenda ere igorriko dute Kontseilu Arautzailera, mahatsa nongoa den, mahats zuriaren kilo kopurua, mahats beltzarena eta guztira zenbat den adierazita.

Arestian esandako guztia Errioxa Jatorrizko Deitura Kualifikatuaren Erregelamenduan eta haren Kontseilu Arautzailearenean xedatutakoa betez eman da.

Kontseiluko burua, Víctor Pascual Artacho.

I. eranskina

Errioxa Jatorrizko Deitura Kualifikatuan mahats-biltzearen
eta elaborazioaren arloan indarra duten parametroak

-Babestutako ardoak elaboratzeko kalterik gabeko mahats partidak erabiliko dira, bolumeneko ehuneko 10,5eko gutxieneko graduazio naturala dutenak, mahats beltzaren kasuan eta bolumeneko ehuneko 10ekoa mahats zurietan, mahats beltza eta zuria bereizirik entrega partzial bakoitzean edo baskulako pisaldi bakoitzean (Erregelamenduaren 7. artikulua, 1. idatz-zatia).

-Ekoizpen hektarea bakoitzeko babestu daitekeen gehieneko ekoizpena 5.850 kilokoa izanen da hektareako, mahats barietate beltzen kasuan, eta 9.000 kilokoa hektareako, mahats zurietan, horiek baitira Kontseilu Arautzailearen osoko bilkurak 2010eko martxoaren 8an kanpaina honetarako ezarritako errendimenduak, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat.

-Ardoa egiteko mahatsa eraldatzean, presio egokiak erabiliko dira, eta ahalegina eginen da errendimendua, gehienez ere, 69 litrokoa izan dadin 100 kiloko, mahats beltzetan, eta 70 litrokoa 100 kiloko mahats zuriaren kasuan, horiek baitira Kontseilu Arautzailearen osoko bilkurak 2010eko martxoaren 8an kanpaina honetarako ezarritako babespeko errendimenduak, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Erregelamenduaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat.

-Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuak babestutako ardo motak hauek dira: beltzak, gorriak eta zuriak, hartutako graduazio alkoholikoa, gutxienekoa, 11,5ekoa dutenak ardo beltzetan eta 10,5ekoa ardo zuri eta gorrietan.

Berariaz debekatzen da ardo mota horien edozein nahasketa, horietakoa ez den beste mota bat lortzeko xedearekin egina. (16. artikulua, 1. idatz-zatia).

-Ardo beltzak egitean onartu daitekeen mahats zuriaren gehieneko kopurua ehuneko 5 da txortena kendutako mahatsaren kasuan eta ehuneko 15 mahats osoan (11. artikulua, 1. idatz-zatia). Azken kasu horretan beharrezkoa izanen da aldez aurretik Kontseiluari jakinaraztea idatziz elaborazio mota hori eginen dela eta haren bolumena (2001eko ekainaren 8ko 6/2001 ofizio zirkularra).

-Ardo gorrien elaborazioan erabili ahal izanen den mahats zurien gehieneko kopurua ehuneko 75ekoa izanen da (Erregelamenduaren 11. artikulua).

-Babestutako ardo beltzek kolore parametro hauek bete beharko dituzte (2001eko ekainaren 8ko 6/2001 ofizio zirkularra).

. Kolorantearen gutxieneko intentsitatea (A420 + A520 + A620) 3,5 hartzidura malolaktikoa egina den kasurako (gehienez ere 0,5 gramo azido maliko litroko).

. Kolorantearen gutxieneko intentsitatea (A420 + A520 + A620) 4 hartzidura malolaktikoa egina ez den kasurako.

. Polifenol guztien gutxieneko indizea: 30.

-Babestutako ardo gorrien kolore intentsitatea 0,2tik 1,8ra bitartekoa izanen da, A420 + A520.+A620 parametroen baturaren ondorioz. (2010eko apirilaren 9ko Osoko Bilkuraren Erabakia).

Aditzera ematen dugu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Logroñon, 2010eko abuztuaren 11n.-Lehendakaria, Víctor Pascual Artacho.

Iragarkiaren kodea: E1013569