101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza fiskala, Tuterako Udalaren jantoki sozialaren zerbitzua emateko tasak arautzen dituena. Hasierako onespena

Udalak, 2010eko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, aipatu ordenantza onetsi zuen hasiera batean, eta argitaratu, berriz, 2010eko maiatzaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Jendaurreko epea erreklamazio, kexa eta oharrik gabe iragan denez, aipatu ordenantza behin betikoz onetsita gelditu da eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/2008 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, osorik argitaratzen da. Hona hemen:

Ordenantza, Udalaren jantoki sozialaren zerbitzua emateko tasa arautzen duena

Oinarria

1. artikulua. Tasa hauek martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.5 artikuluari jarraituz ezarri dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu baitzuen, tasen eta prezio publikoen gaietan.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da Udalaren jantoki soziala, zehatz-mehatz otordu zerbitzuari dagokiona, eskatzen dutenei zerbitzu ematea, betiere onuradun izateko baldintzak betetzen badituzte Tuterako Udaleko jantoki sozialaren funtzionamendua arautzen duen ordenantzaren arabera.

Subjektu pasiboak

3. artikulua. Subjektu pasiboak dira zergapeko egintza hori osatzen duten zerbitzuak eskatzen dituztenak.

Tributu kuota

4. artikulua. Tasaren zenbatekoa ondoko tarifa honetan zehaztutakoa izanen da:

a) Tuterako halako bizilagun sektoreak, alegia, larrialdi sozialaren egoeran daudenak eta urritasun ekonomikoaren mendean daudenak edota bizirauteko gutxieneko diru-sarreren prestazio baten zain daudenak, horiek guztiek euro 1 ordainduko dute otorduko eta eguneko.

b) 65 urtetik goitiko pertsonek, erretiroaren nahiz baliezintasunaren ondorioz pentsiodunak diren eta 60 urte beteak dituzten pertsonenek, edota alarguntasunaren ondorioz pentsiodunak diren eta 55 urte beteak dituzten pertsonek, baita haien ezkontideek edo bikotekide egonkorrek ere, honako tarifa hau ordaindu beharko dute:

-LGSaren %75 bitarte: emandako otorduaren kostuaren %80 ordaindu beharko dute.

-LGSaren %75etik %100era bitarte: emandako otorduaren kostuaren %85 ordaindu beharko dute.

-LGSaren %100dik %120ra bitarte: emandako otorduaren kostuaren %90 ordaindu beharko dute..

-LGSaren %120tik %140ra bitarte: emandako otorduaren kostuaren %95 ordaindu beharko dute.

-LGSaren %140tik %160ra bitarte: emandako otorduaren kostuaren %100 ordaindu beharko dute.

c) Tuterako bizilagunen gainerako sektoreetakoek zerbitzuaren kostuaren %100 ordainduko dute, otorduko eta eguneko.

Emandako otorduaren kostua kalkulatzeko, oinarritzat Udalak egiten duen esleipena hartuko da, eta hori janariaren kostutik gehi janari hori jantokira eramatetik aterako da.

Zerbitzuaren kostuaren barrenean izanen dira jantoki sozialaren zerbitzua emateko behar diren kostu guztiak eta Udalak egiten duen esleipenetik heldu dena.

Salbuespenak, murriztapenak eta hobariak

5. artikulua. Ez da inolako salbuespenik edo hobaririk eginen ordenantza honek arautzen duen tasari dagokionez, salbu eta maila bereko legean edo arauan ezarritakoak badira, edo behar bezala arrazoituriko kasu bereziak direnean, Gizarte Gaietako Alorrak larrialdi sozialetako kasutzat hartzen baditu.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Zein den ere arrazoia, zerbitzua hartzen ez bada, edozein motatako bonoa duten onuradunek ez dute eskubiderik jasoko ez eta itzulketarik hartuko, salbu eta aldez aurretik gutxienez 24 ordu lehenago horren gaztigua ematen bada.

Zerbitzu hori eteten bada, bai norberaren borondatez bai Udalaren ofizioaren bidez, onuradunei jakinaraziko zaie. Horrela bada, onuradunak ordaindu egin beharko du dagokion zenbatekoa, zerbitzu hori benetan eten arte.

Tasaren sortzapena eta diru-bilketa

7. artikulua. Zerbitzu hau emateko tasa ordaindu beharra sortzen da aipatu zerbitzua ematen hasten den unetik beretik.

8. artikulua. Tasa hilabetero ordaindu beharko dute, hilabetea bukatutakoan ordaindu beharko ere (hurrengo hilabeteko 1. egunetik 10. egunera bitarte), aldiro-aldiro zerbitzu hori erabiltzen duten guztiek.

Kuotak hilabetero ordaindu beharko dira, bankuko helbideratzearen bitartez, hilabetea bukatu eta hurrengoaren lehenbiziko hamar egunetan.

Tasaren likidazioa administrazio unitateko langileek eginen dute, alegia, Udalaren jantoki sozialaren kudeaketaren arduradun direnek.

Azken xedapenak

Lehena.-Ordenantza honetan aurreikusia ez dagoen orotan, aplikatuko dira Tuterako Udalaren jantoki soziala arautzen duen ordenantza, Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorra eta aplikagarri diren gainerako xedapen guztiak.

Bigarrena.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz, eta ohartarazten da behin betiko onespen honen aurka jotzen ahal dela bide hauetakoren bat erabiliz:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza/erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean egintza/erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2010eko uztailaren 8an.-Ogasuneko zinegotzi delegatua, José María Navarro Fandos.

Iragarkiaren kodea: L1012004