101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXAURI

Ordenantza, Etxauriko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituena

2010eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 22an, Etxauriko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza hasiera batean onesteko erabakia. Jendaurrean egoteko epea iragan da, haren kontra inork alegaziorik aurkeztu gabe. Hartara, Udalbatzak, osoko bilkuran bildurik, honako hau erabaki du aho batez:

1. Behin betikoz onestea Etxauriko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitaratzea.

Etxaurin, 2010eko uztailaren 30ean.-Alkatea, Esther Rodríguez Ávila.

TESTU ARAU EMAILEA

Zioen azalpena

Etxauriarrek euskaraz hitz egin dute mendeetan barrena.

Horiek horrela, Etxauriko Udalak euskara Etxauriko biztanle guztien kultur ondaretzat jotzen du eta, gaztelaniarekin batera, udalerriaren berezko hizkuntzatzat.

Ondare historiko horrekin batera, bere egiten du ordenantza honetan, herritarren aldeko jarrera euskara sustatu eta normalizatzeari dagokionez, bai Nafarroako Gobernuak bai Etxauriko Udalak berak gaur arte egindako azterlan soziolinguistikoek erakusten dutenez.

Borondate hori agerikoa da eskola eremuan, udalerriko biztanle gehienek euskarazko eredua hautatzen baitute seme-alabendako. Bestalde, azken populazio zentsuak euskaldunen kopurua handituz doala berresten du.

Horrek guztiak, gizartearen zati batek euskararen alde duen borondatearen adierazgarri, Etxaurin, urteak iragan ahala, gero eta herritar elebidun gehiago egon daitezkeela esan nahi du, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Gizartearen zati horrek, ziur aski, legez dituen hizkuntz eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatuko dio Udalari, eta Udalak, zerbitzu publikoa denez gero, era egokian eman beharko ditu.

Beraz, Etxauriko bizilagunek udal zerbitzuak euskaraz izan ditzaten bermatzea da ordenantza honen helburu orokorra.

Udalaren eta herritarren gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat jotzeaz gain, helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskaraz ikasteko eta mintzatzeko, eta hura berreskuratu eta garatzea; lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen die herritarrei eta aukera ematen du zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta halako lanpostu batzuetan baloratua, lanpostu horien eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Ez da ahaztu behar, bestalde, Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa hartutakoa, hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, besteak beste:

"...jendaurrean dauden agenteek erregioetako edo gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin".

"...erregio hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatziz aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)".

Aipatu den araudiarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak ondoko xede bereziak ditu:

1. Herritarrei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazio zein komunikaziorako.

2. Herritarrei bermatzea Nafarroako berezko hizkuntzetatik erabili nahi duten horretan izatea harremana.

3. Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

4. Zehaztea noraino agertuko den euskara Udalaren kanpo irudian.

5. Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz, ikusita zein administrazio prozedura ohikoenetan izaten ahal den laneko hizkuntza eta horretarako batzorde bat osatu.

6. Zehaztea euskara baloratzeko portzentajea, hura jakin behar ez den lanpostuetan, azken horietan euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal den neurrian, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

7. Irizpidea ezartzea kale, auzo eta herriko bestelako elementuen izendegirako.

8. Euskararen sustapenerako bestelako jarduerak bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Etxauriko udal mugapean, Etxauriko Udalean, halakotzat hartuta hura bera zentzu hertsian eta erakundeak, autonomoak izan ala ez, eta zentro mankomunatuak, haren menpe daudenak.

4. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio, hirugarrenek ematen dituzten haietan ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

5. artikulua. Etxauriko Udalak beste administrazio publikoei, entitateei eta erakundeei igortzen dizkien agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboen euskarriak elebitan idatziko dira.

Horretarako, begiratuko da bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala ezberdindurik ager daitezen, testua argi geratzeko moduan banaturik.

6. artikulua. Edozein agiri bidaltzen dioten administrazio publiko, entitate edo erakunde horiei, Etxauriko Udalak elebitan idatz dezatela eskatuko die.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

7. artikulua. Herritarrek Etxauriko Udalarekin euskaraz nahiz gaztelaniaz aritzeko eskubidea dute.

8. artikulua. Udalari idatziz euskaraz egiten diotenei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna. Horretarako, itzulpen zerbitzua erabiliko da -aurkeztutako idazkiari erantzuteko hizkuntz gaitasuna duen udal langile elebidunik ez dagoenean, betiere-. Zerbitzu horrek herritarrak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du, eta Udalak jakinarazi behar dion erabakia edo erantzuna.

Halaber, Udalak zuzentzen zaizkion pertsona fisikoen komunikazioak onartuko ditu, berriemailearen lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan eginikoak, betiere euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.

9. artikulua. Administrazioari ahoz euskaraz egiten dion herritarrari euskaraz erantzunen zaio, telefonoz zein bertan agertuta.

Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da langileen eta lanpostuen euskara maila, eta hura erabiltzeko pizgarriak ezarriko dira.

10. artikulua. 8. eta 9. artikuluen ondorioetarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egon daitezen bermatzeko, ordenantza honen V. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

11. artikulua. Udalak gaztelania eta euskara erabiliko ditu herritarrentzat, oro har, ari denean.

Horrela, elebitan izanen dira, euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien bitartez emandako ondoko hauek:

a) Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

12. artikulua. Ordenantza honen aplikazio eremuan diren seinaleen ardura duten administrazioei Etxauriko Udalak elebiko formatua erabiltzeko eskatuko die, a), c), e) eta g) puntuetan aurreikusten diren kasuetan.

13. artikulua. Udalak publizitate eta zabalkunderako elementuak prestatzen dituenean ondoko irizpideak hartuko ditu kontuan:

1. Kartelen elementu guztiak elebitan egonen dira.

2. Udal jardueren informazio eta propagandako esku-orriak elebitan egonen dira.

3. Esku-orrien helburua kultura, kirola eta abarreko jardueraren bat iragartzea bada, honela erabiliko dira hizkuntzak:

a) Informazio orokorreko elementuak (tokia, data, ordua ...) bi hizkuntzetan agertuko dira.

b) Delako jarduera batez ere hizkuntza baten ahozko erabileran oinarritzen bada (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak, etab.) hura azaltzeko elementuetan, hala nola esku programetan eta katalogoetan, jarduera zein hizkuntzatan egin, hura erabiltzen ahal da eta laburpen txiki bat egin beste hizkuntzan.

c) Jarduera beste lengoaia batzuen bidez garatzen bada: ikusizkoa, musikala, plastikoa etab., argibideak bi hizkuntzetan emanen dira.

4. Udalaren web orriko testu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira.

5. Udalaren eta haren menpeko erakundeen telefono zerbitzu automatikoa euskaraz eta gaztelaniaz emanen da.

14. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Udalaren jardueraren gaineko publizitate zein zabalkunderako, idatzizko/ikus-entzunezko komunikabideetan -egunkariak, irratia, telebista, internet- bi hizkuntzak erabiliko dira, Udalak horretarako duen kontu saila kontuan hartuz.

15. artikulua. Argitalpenak.

Etxauriko Udalaren eta haren menpeko erakundeen argitalpenak elebitan eginen dira, hau da, euskaraz eta gaztelaniaz.

16. artikulua. Hedabide berekiak: aldizkaria (duenean).

1. Udal aldizkarian, edukiaren %100 euskarara itzuliko da.

2. Iragarkiak paratzen dituztenei aditzera emanen zaie beren iragarkiak ele bitan egiteko aukera dutela, erabat edo hein batean. Horretarako, Udalaren itzulpen zerbitzua eskainiko zaie.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

17. artikulua. Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zein lanpostutan egon behar diren langile euskaldunak, jendearekin harreman gehiago izateagatik edo administrazio prozedura normalduen katearen barnean duten lekuagatik, ordenantza honen I. eranskinean agertzen den proposamenari jarraituz.

Eranskin horretan aztertuko da zein udal esparrutan dagoen, ahoz nahiz idatziz, harreman gehiago herritarrekin; orobat, administrazio prozedura ohikoenak, aipatu esparru edo prozedurei lotutako lanpostuen euskara mailak, herritarrak zerbitzua euskaraz izanen duela bermatzeko zirkuitu elebidunen azterlana eta jarduketa plan bat, non euskara mailak eskuratzeko bitarteko eta baliabideak finkatuko baitira.

18. artikulua. Etxauriko Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea.

19. artikulua. Euskara baloratuko da, merezimendua dela ezartzen denean, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Hala, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako behar diren merezimenduak eta haien artean euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen denean, aipatu eskubide hori bermatzeko asmoarekin.

20. artikulua. V. kapitulu honetan ezarritakoari dagokionez, euskararen ezagutza egiaztatzeko I. eranskinean agertzen diren jakite mailen proposamenari jarraituko zaio.

Nolanahi dela ere, proba baten bidez euskara maila egiaztatu behar bada, proba hori NAPIko akreditazio unitateko teknikariek eginen dute.

21. artikulua. 1. Euskaraz ikasten lagunduko zaie udal langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

2. Udalak hizkuntz prestakuntzarako planetan parte hartuko du, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

3. Udal langileak hizkuntz prestakuntzako plan horietan sartuta badaude edo, Udalean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, haien ezagutza erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Etxauriko udal administrazioan egiten duten lanean.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

22. artikulua. Etxauriko Udalak zerbitzu publikoen kontratazioak egiten dituenean, zeharka, irizpideak ezarriko dira zerbitzu horien erabiltzaileen eskubidea, Nafarroako bi hizkuntza berezkoak erabiltzekoa, bermatze aldera, ordenantza honetan aurreikusitako eran.

VII. KAPITULUA

Euskararen sustapena

23. artikulua. Etxauriko Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

24. artikulua. Etxauriko Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan hartuko du parte eta, beste udal entitate batzuekin koordinatuz, D ereduko eskolatze kanpainan, helduen irakaskuntzako matrikulazio kanpainan, euskara familian irakasteko kanpainan, euskara Udalean erabiltzeko kanpainan eta euskarazko aldizkarietan edo hura sustatzekoetan, eta udako kanpaldietan eta halaber sor daitezkeen gainerako ekimenetan.

25. artikulua. Etxauriko udal ludotekan eta gaztetxean euskarazko jarduera eta jarduketa bultzatuko dira, udal ordenantza honetan ezarritakoaren ildotik.

Etxauriko Udalak euskaldunek euskaraz irakur dezaten sustatuko du liburutegi publikoan (egiten denean).

26. artikulua. Etxauriko Udalak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan euskarazko ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat. Horretarako deialdia urtero argitaratuko da.

27. artikulua. Udal zerbitzuek 3-18 urte bitarteko herritarrentzat eskaintzen dituzten jardueretan era egokian erantzunen zaio euskaldungoaren eskariari eta proportzioa gordeko da euskaraz eskolaturiko biztanleagoarekin. Halaber, euskarazko kultur eta kirol jarduerak eskainiko zaizkie helduei, euskaldunen zentsuaren datuetan oinarrituta.

28. artikulua. Ordenantza honek ezarritako helburuak betetzeko, kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira, eta Etxauriko elkarte eta taldeek sustatutakoak diruz lagunduko dira.

29. artikulua. Etxauriko Udalak berarekin lan egiten duten edo bera sartuta dagoen zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei Etxauriko bezeroendako jarduketak (jakinarazpenak, fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, informazio eta seinalizazio errotuluak ...) elebitan izatea eskatuko die.

30. artikulua. Teknologia berriekin loturiko programek eta udal bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok, ahal den neurrian, euskaraz eta gaztelaniaz funtzionatzeko prestatuta egon behar dute.

31. artikulua. Euskaldunak.

1. Etxauriko Udalak, aldian behin, azterlana eginen du herritar euskaldunen portzentajea jakiteko, udalerriaren egoera soziolinguistikoa hobeki ezagutu eta horiendako kanpaina berariazkoak hobeki egin beharrez. Orobat, borondatezko izen emateen bidez, Etxauriko Udalak etorkizunean euskaldunen zentsua eginen du, berme guztiekin egin ahal izateko kanpaina berariazkoak.

2. Abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 20.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, euskaldunen zentsuko fitxategiak ezaugarri hauek izanen ditu:

a) Aurreikusitako xede eta erabilerak: udal esparruan lanabesa eskura izatea euskara sustatzeko, hizkuntz programa berariazkoak, kanpainak, ikastaroak, jarduerak eta bestelakoak erabiliz.

b) Ukitutako norbanakoak eta taldeak: Etxauriko herritarrak.

c) Datuak biltzeko prozedura: datuak interesdunak emanen ditu, edo haren legezko ordezkariak, inprimaki bat betez.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak:

1.-Identifikazio datuak:

-Izen-deiturak.

-Helbidea.

-Telefonoak.

-Helbide elektronikoa.

2.-Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak:

-Jaiotze eguna eta tokia.

-Sexua.

3.-Ikasketen eta lanbideen gaineko datuak:

-Prestakuntza.

e) Datu pertsonalen lagapena: fitxategiko datuak ez zaizkio inori ez inolako entitateri lagako edo jakinaraziko, interesduna ez bada, eta ez da haiekin nazioarteko transferentziarik eginen.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa: Etxauriko Udala.

g) Zer unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Etxauriko Udala: Zaldualdea plaza, 1, PK: 31174 Etxauri (Nafarroa). Telefonoa: 948 329310. Faxa: 948 329377. Helbide elektronikoa: udala@etxauri.es.

h) Segurtasun neurriak: Etxauriko Udalaren segurtasun agirian oinarrizko mailako datuetarako ezarritako neurriak hartuko dira.

VIII. KAPITULUA

Toponimia

32. artikulua. Herriko toponimo xehe ofizialak finkatzea Udalbatzari dagokio eta erabili ahalko ditu izena emateko kale, plaza, eraikin eta herriko gainerako elementuei, eta era guztietako entitateei. Normalizatzeko oinarrizko irizpidetzat hartuko da Nafarroako Gobernuak euskal toponimoendako ezarritako printzipioa: hau da, euskaraz erabilitakoak, edozein izanik haien jatorria, euskal grafian idatziko dira, eta erromantzekoak, edo euskal toponimoak ez diren bestelakoak, gaztelaniaren grafian. Betiere, Euskaltzaindia, gaian eskumen gorena baitu, izanen da Udalaren organo aholku-emailea.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Etxauriko Udalak egin du V. kapituluko 17. artikuluan aipatzen den plantilla organikoari buruzko azterlana, eta eranskin moduan agertzen da ordenantza honetan.

Etxauriko Udalak sartuko ditu Euskalduntze Plangintzetan lanposturako behar den euskara maila betetzen ez duten langileak, beti haien borondatea errespetatuz.

Bigarrena.-Etxauriko Udalak, 2010eko plantilla organikoa prestatzen duenean bertan ezarriko du zein lanpostutan den beharrezkoa euskaraz jakitea.

Hirugarrena.-Halaber, plantilla organikoan zehaztuko da halako lanpostu batzuetan behar den euskara maila, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Laugarrena.-Ordenantza hau onesten denean haren gaineko azalpena emateko materiala argitaratuko da, ordenantzak ezartzen duen hizkuntza formatuan, eta postontzietan banatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Bigarrena.-Etxauriko Udaleko Euskara Zerbitzuak gaitasuna izanen du ordenantzaren betetze mailari buruzko jarraipena egiteko eta betetze hori bermatuko duen edozein gairi buruzko proposamenak egiteko. Horretarako, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Euskara Zerbitzuak informazio txostena eginen du, ordenantzaren betetze mailari buruzkoa, eta kasua bada egoki ikusten dituen neurriak proposatuko ditu, bilatzen diren helburuak zuzen gauzatzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra: bertan behera gelditzen dira behe-mailako edo gradu berean Ordenantza honen kontra egiten duten udal araudi guztiak edo ordenantza honetan arautzen diren gaiei dagokien xedapenak dituztenak.

1. ERANSKINA

IZEN-ABIZENAK

SAILA

LANPOSTUA

MOTA

MAILA

ANTZINATASUNA

ORAINGO
EZAGUTZA

MEREZI-
MENDUA

DERRIGORREZKOA

HIZKUNTZA
ESKAKIZUNA

DÍAZ DE CERIO YÁNIZ LUIS M.ª

IDAZKARITZA

IDAZKARIA

FUNTZIONARIOA

A

1981/09/06

0

X

C1

SÁNCHEZ IMAZ BEATRIZ

IDAZKARITZA

ADMINISTRARI LAGUNTZAILEA

FUNTZIONARIOA

D

1995/11/15

3. urratsa

X

B2

JAUREGUI GOÑI, DAVID

ZERBITZU ANITZAK

PEOIA

FUNTZIONARIOA

D

1997/02/11

0

X

B1

IMAZ GALLEGO ARÁNZAZU

GARBIKETA

GARBITZAILEA

LABORALA BEHIN BETIKOA

E

1997/02/11

0

X

B1

LARRAÑEGUI AZCÁRATE, OSKIA

IDAZKARITZA

ADMINISTRARI OFIZIALA

BEHIN-BEHINEKO KONTRATUA

C

2005/01/02

11. urratsa

X

C1

2. ERANSKINA

Mailen definizioa

Txosten honetan erabili diren mailak, Hizkuntzen Ikaskuntzarako, Irakaskuntzarako eta Ebaluaziorako Erreferentzi Marko Europarraren maila bateratuak dira.

Hona hemen maila horien garapena:

Erabiltzaile gaitua:

-C2:

  • Erraz ulertzen du entzuten edo irakurtzen duen ia guztia.
  • Iturri desberdinetako, ahozko eta idatzizko, informazioa laburtzeko gauza da, argudioak eta txostenak berreraikitzen ditu, aurkezpen koherentea eginez.
  • Zailtasunik gabe eta berez hitz egiten du, jariotasun handiz eta zuzentasunez, ñabardurak bereiziz egoera konplexuetan ere.

-C1:

  • Ulertzen ditu testu luzeagoak eta konplexuagoak, eta atzematen adierazpenen zentzu inplizitua.
  • Jariotasunez eta zailtasunik gabe hitz egiten du, adierazpenen bila ibili gabe.
  • Hizkuntza malgutasunez eta eraginkortasunez erabiltzen du helburu akademikoetarako, profesionaletarako eta sozialetarako.
  • Testu argiak, ondo antolatuak eta zehaztuak ekoizten ditu gai konplexuei buruz, erabilera kontrolatua erakutsiz egituretan, lokailuetan eta kohesio-mekanismoetan.

Erabiltzaile bere kasakoa:

-B2:

  • Ulertzen ditu gai zehatzei eta abstraktuei buruzko testu konplexuetako ideia nagusiak, bere espezialitateko eztabaida teknikoak barne.
  • Gai da solasean jariotasun aski onez eta zailtasun handirik gabe parte hartzeko; horrek ahalbideratzen du jatorrizko hiztunekin tentsiorik sortu gabe hitz egiteko.
  • Testu argiak eta zehatzak ekoizten ditu gai askori buruz eta gauza da gai baten inguruan bere ikuspuntua azaltzeko, beste aukeren alde onak eta txarrak azalduz.

-B1:

  • Ulertzen ditu jasotzen duen informazio normal eta argi baten ideia nagusiak zenbait alorretako gauzetan: lana, estola, aisialdia, eta abar.
  • Gai da erabiltzen duen hizkuntza mintzatzen den lekuan sor daitezkeen egoerei aurre egiteko.
  • Testu errazak eta egituratuak ekoizten ditu bere interesguneari edo gai arruntei buruz.
  • Gai da esperientziak deskribatzeko, ametsak, itxaropenak eta gurariak, eta azalpen laburrak adierazten ditu planak eta motiboak argitzeko.

Oinarrizko erabiltzailea:

-A2:

  • Ulertzen ditu maiz erabiltzen diren esaldiak eta adierazpenak hurbileko gai garrantzitsuetan (adibidez, oinarrizko informazioa pertsonala eta familiakoa, erosketak, bertako geografia, lana).
  • Gai da jarduera errazetan eta ohikoetan jarduteko, trukaketa sinplea eta zuzena eskatzen denean, egunero gai arruntetan.
  • Gauza da hitz errazekin zenbait gai adierazteko: jatorri kulturala, bere testuinguruko gauzak, eta berehalako premiekin zerikusia duten gaiak.

-A1:

  • Ulertzen ditu eta erabiltzen eguneroko esapideak, eta oso oinarrizko esaldiak, eguneroko beharrak asetzeko.
  • Gai da bere burua eta besteak aurkezteko; eta gai galderak egiteko eta erantzuteko zenbait datu pertsonalei buruz: non bizi den, ezagutzen dituen pertsonak eta egiten dituen gauzak.
  • Era sinplean hartzen du parte solasetan, solaskideak mantso hitz egiten badu eta argi, eta laguntzeko prest badago.

Jakite mailak akreditatzeko moduak

Euskara derrigorrezkoa ez den lanpostu bakoitzari, Marko Europarraren erreferentzia-mailek definitzen duten hizkuntz eskakizunetako bat esleituko zaio euskara merezimendutzat hartu behar baita; lanpostuaren hizkuntz eskakizuna akreditatzen duen hautagaiak deialdian ematen den puntuaziorik altuena lortuko du eta baxuagoa den maila akreditatzen duen hautagaiak proportzioan dagokion puntuazioa lortuko du (esate baterako, puntuaziorik altuena B2-k emango balu, esan dezagun 10 puntu, B1 mailak 7,5 puntu emango lituzke, A2 mailak 5 puntu emango lituzke eta A1 mailak 2,5 puntu emango lituzke).

Euskaran eskatzen diren jakite mailak, derrigorrezkoa denean zein merezimendua denean, bi modu ezberdinetan akredita daitezke:

-NAPIk antolatuko duen berariazko proba gaindituz (salbuespen moduan, data-arazoak edo antzekoak daudenean, Euskara Udal Zerbitzuak euskararen jakite-maila akreditatzeko probak diseinatu eta burutu ahal izango ditu).

-Ofizialki balioa duten tituluak aurkeztuz (EGA, Hizkuntz Eskolakoak, ...) edo Nafarroako Gobernuak antolatu dituen ikastaroetariko bat gainditu dela dioen ziurtagiria aurkeztuz.

Mailen baliokidetza

Hemen definitutako mailak beste titulazio batzuekin eta Nafarroako Gobernuak antolatzen dituen ikastaroekin baliokidetzeko orduan, honako baliokidetza hauek hartuko dira kontuan:

-A1:

  • Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroak: 2. urratsa gainditua.
  • HEO.: 1. maila gainditua (2007-08 ikasturtetik aurrera: Oinarrizko maila 1. kurtsoa).
  • NAPIk antolatutako akerditazio-probak: 1. maila gainditua.

-A2:

  • Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroak: 4. urratsa gainditua.
  • HEO.: 2. maila gainditua (2007-08 ikasturtetik aurrera: Oinarrizko maila 2. kurtsoa).
  • NAPIk antolatutako akreditazio-probak: 2. maila gainditua.
  • A ereduko ikasleen Batxilergoko titulua.

-B1:

  • Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroak: 6. urratsa gainditua.
  • HEO.: 3. maila edo Oinarrizko Zikloa gainditua (2007-08 ikasturtetik aurrera: Tarteko maila).
  • HABE: 1. maila gainditua.
  • IVAP: 1. HE gainditua.
  • NAPIk antolatutako akreditazio-probak: 3. maila gainditua.

-B2:

  • Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroak: 9. urratsa gainditua.
  • HEO.: 4. maila gainditua (2007-08 ikasturtera arte, hura barne).
  • HABE: 2. maila gainditua.
  • IVAP: 2. HE gainditua.
  • NAPIk antolatutako akreditazio-probak: 4. maila gainditua.

-C1:

  • HEO.: 5. maila gainditua (2007-08 ikasturtera arte, hura barne).
  • HABE: 3. maila gainditua.
  • IVAP: 3. HE gainditua.
  • NAPIk antolatutako akreditazio-probak: 5. maila gainditua.
  • EGA titulua (eta baliokideak diren beste batzuk).

-C2:

  • HABE: 4. maila gainditua.
  • IVAP: 4. PL gainditua.

Iragarkiaren kodea: L1013181