101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Deialdia, Uharteko Udalaren zerbitzuko zerbitzu
anitzetako arduradun izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

1.-Xedea.

Aditzera ematen da deialdia egin dela Uharteko Udalaren zerbitzuko zerbitzu anitzetako arduradun izateko lanpostu huts bat, plantilla organikoan 40-17 zenbakia duena, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko.

2.-Aplikatu beharreko arauak.

Lekualdatze lehiaketa hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauek, hura garatu eta betearazteko asmoz lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamenduaren 10. artikuluak, eta deialdiaren oinarriek.

3.-Betebeharrak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko betebeharrak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Uharteko Udaleko funtzionario edo lan-kontratudun finkoa izatea.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua egiaztatzea.

e) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo baliokideren bat izatea.

f) Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean B1 mailako gidabaimenaren jabe izatea.

Bestalde, e) letran adierazitako baldintzaren ordez, administrazio publikoaren zerbitzuan egiazki egindako zortzi urte onartuak froga daitezke.

Oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

4.-Eginkizunak.

-Mantentze lan eta obretako zerbitzuak, zerbitzu anitzak, eta garbiketako nahiz etxezaintzako zerbitzu guztiak koordinatzea.

-Lorezaintzaren arduradunarekin lanak koordinatzea zereginak bi zerbitzuei dagozkienean eta bi zerbitzuetako langileek elkarri lagundu behar diotenean.

-Lanak albienteen buruarekin koordinatzea hala nola obrak, seinalizazioak, pintatze lanak etab.

-Mantentze lanak planifikatzea hala instalazioetan nola eraikin, plaza eta bide publikoetan.

-Udalaren instalazioen (igogailu, berogailu, argi, suteen kontrako sistemen eta abarren) mantentze lanez arduratzen diren enpresen lanak gainbegiratzea. Lanen segimendua egin beharko du, zerbitzu horiek behar bezala egiten direla ziurtatu eta egiaztatzeko.

-Udal langileek egiten dituzten obra txiki nahiz handiei dagokienez, lan horiek koordinatu eta planifikatzea, eta aurrekontuak eskatu, materialak erosi eta makineria edo obrarako behar diren gainerako elementuak alokatu behar direla aurreikustea.

-Langile aski ote dagoen kontrolatzea eta oporretarako, bajetarako eta halako iraupen jakineko lan berezietarako kontratazioak proposatzea.

-Hiri altzari, espaloi eta errepideetan, eta Udalaren eraikin publiko nahiz gainerako instalazioetan dauden akatsez arduratzea eta konponbideak proposatzea.

-Langileen buruari mantentze lanetarako gastuen urteko aurrekontua proposatzea, kontu-sailez kontu-sail, eta aurrekontu hori nola betetzen den begiratzea.

-Udalaren Prebentzio Planean zehazturiko segurtasun neurri zuzentzaileak betetzen eta aplikatzen direla begiratzea, baita segurtasun arloko araudia aplikatzen dela ere.

-Udalaren gainerako alorretako (kultur etxea, aterpea, haurrendako ikastetxea, albienteak) arduradunen obra edo jarduketa eskaerak jasotzea. Alkatearen edo langileen buruaren baimena beharko da obra handietarako.

-Enpresa espezializatuen esku uztea zerbitzuak bete ezin dituen halako lan jakin batzuk.

-Udalaz kanpoko enpresen aurrekontuak balioztatzea.

-Kanpoko enpresek egiten dituzten mantentze arloko obra, lan eta zerbitzuak behar bezala gauzatzen direla begiratzea, eta lanak ikus-onetsi eta sinatzea, obra bukaerako akta eman aurretik.

-Haren esku egonen dira, orobat, elurteen larrialdietarako planari eta uholdeen aurrean jokatzeko protokoloari dagozkion ardurak.

-Egin beharreko lanak baloratu eta zehaztea matxurak, hodien hausturak, objektuen erorketak, zuloak eta abarrak gertatzen direnean

-Lan ordutegiaz kanpoko matxura larriez arduratzea.

-Langileak koordinatzea hala herriko jaietan nola kontzertu, erakusketa, kirol ekitaldi eta abarretan.

-Udalaz kanpoko enpresetako langileak argi, ur eta gas sareak aurkitzen laguntzea.

-Halako lan jakin batzuk egiteko makinak edo ibilgailuak eskuratu, erosi edo alokatzea.

-Udal zerbitzuak eskatzen dituzten bizilagun taldeen eskariei erantzutea eta irtenbidea aurkitzea.

-Udalaz kanpoko enpresen azterlanak balioestea.

-Lanak antolatu eta kontrolatuko ditu, langile guztien eginkizunak banatuz eta, aldi berean, eginkizun horiek betetzeko erabiltzen duten materialaren erantzulea izanen da.

-Langileak garaiz etortzen nahiz lanera agertzen ote diren kontrolatuko du eta ikusitako hutsen berri emanen dio langileen arduradunari, eta langileei eta agindutako eginkizunei dagozkien lan-gaztiguak egin beharko ditu.

-Segurtasun eta garbitasun arauak betetzen direla begiratuko du.

-Zerbitzu anitzetako ofizialari dagozkion lanak.

-Bere mailaren eta kategoriaren barrenean manatzen zaizkion guztiak.

5.-Arau orokorrak.

5.1. Izendatzen den langileak indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten lansariak jasoko ditu.

5.2. Aplikatu beharreko araudian ezarrita dago lanaldiaren araubidea, baita opor, jaiegun, sari-ordainketa eta gainerako eskubideen araubidea ere. Hala ere, lanaldia noiznahi alda dezakete administrazio organo eskudunek; betiere, zerbitzuaren beharren arabera.

6.-Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute Uharteko Udaleko erregistro orokorrean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 idatz-zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabortz egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta beraietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean. Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

b) Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala kautoturik.

7.-Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Uharteko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo hamar egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsak zuzen ditzaketela.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Uharteko Udaleko alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea burutu eta haiek ebatzirik, Uharteko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

8.-Epaimahaiko kideak.

8.1. Honako hauek izanen dira epaimahaiko kideak:

Mahaiburua: Uharteko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.

Mahaikide idazkaria: Esperanza Subiza Espinal, Uharteko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.

Mahaikidea: Uharteko udal arkitektoa.

Ordezkoa: noren eskutan uzten duen, huraxe.

Mahaikidea: Uharteko udal aparejadorea.

Ordezkoa: teknikari aditu bat, izendatzekoa.

Mahaikidea: Uharteko Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Uharteko Udaleko langileen ordezkaria.

8.2. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

8.3. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba guztietarako edo batzuetarako.

9.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

9.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

9.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa. Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.

9.3. Lehiaketaldia.

9.3.1. Lehiaketaldian 5 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztergarria izanen.

Bakarra) Euskaraz jakitea:

EGA titulua edo baliokidea izateagatik, 5 puntu.

Beste agiri bat aurkeztu nahi bada (Nafarroako Gobernuaren egiaztagiria, Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria edo euskaltegiren baten ziurtagiria), era proportzionalean emanen dira puntuak, baina azken lau urteetan egindako ikastaroak baino ez dira onartuko.

Dokumentaziorik aurkezten ez dutenek euskara proba bat egiten ahalko dute, ahozkoa eta idatzizkoa.

Oposiziogileren batek agiriak aurkezteaz gain euskara proba egiten badu, azterketaren puntuazioa lortuko du. Salbuespen bakar batekin: titulazio ofiziala aurkeztea eta azterketan maila baxuagoa ematea. Kasu horretan, tituluaren puntuazioa hartuko da kontuan.

Euskara proba oposizioaldia bukatu ondoren eginen da.

9.4. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

A.-Lehen ariketa: proba bat edo gehiago egin beharko dira, teorikoak eta/edo praktikoak, epaimahaiak zehaztuko dituenak, deialdiko lanpostuaren gaineko eginkizunez izangaiek dituzten ezagutzak neurtu beharrez.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du. Biak egun berean egiten ahal dira, epaimahaiak erabakitzen duen bezala egin ere.

B-Bigarren ariketa: proba psikoteknikoa.

Izangaiak lanpostuaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien zehaztea dute helburu proba psikoteknikoek.

Proba psikoteknikoak hasi aitzin, Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, langile batzordearekin kontsulta egin ondotik, lanpostuaren eskakizunei buruzko proposamena igorriko dio Alkatetzari. Langile batzordeak eskakizun horiek onetsi eta epaimahaiari jakinaraziko dio.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, behar diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du izangai bakoitzari buruz; hura lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko du txostenak. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat. Nafarroako Psikologia Aplikatuaren Institutuko langileek prestatuko dute proba hori.

Epaimahaiak, probak hasi baino lehen, haien gehieneko iraupena finkatuko du. Biak egun berean zein egun ezberdinetan egiten ahal dira, epaimahaiak erabakitzen duen bezala egin ere.

9.5. Oposizioko ariketen balorazioan 95 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

A.-Lehen ariketa: 0tik 80 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 40 puntu beharko dira.

B-Bigarren ariketa: 0tik 15 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 7,5 puntu beharko dira.

9.6. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira horietako ariketaren batean gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

9.7. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Udaletxeko iragarki oholean, azterketa gainditzen duten izangaien zerrenda haien kalifikazioekin, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere.

9.8. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira. Probetan iruzurra egiten bada, edozein delarik ere, izangaia segituan baztertuko da, etor daitezkeen jarduketa penalak ukatu gabe.

9.9. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren egokitzapenak eginen dira, denbora eta baliabideen aldetik, eskaeran azaldutakoaren arabera.

10.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Uharteko Udaleko iragarki oholean. Gero, zerrenda hori Uharteko alkateari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Berdinketa izanez gero, lehen ariketan puntuazio altuagoa erdiesten duenaren alde jokatuko da. Berdinketak badirau, bigarren ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak badirau, zozketa bat eginen da.

10.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Uharteko Udalaren erregistroan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren hirugarren oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izanaren zinpeko aitorpena edo aitorpen irmoa.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, esandako agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen dute izendatu eta, beraz, bere jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira; betiere, eskabidearen faltsukeriagatik dagokiokeen erantzukizuna ukatu gabe.

10.4. Aurreko 10.3 atalean ezarritako kasuan, 10.1 atalean aipatzen den zerrenda horretan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta horrekin aurreko idatz-zatietan adierazi den gisara jokatuko da.

10.5. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio bere izendapenari, probak gainditzen dituztenen zerrendako hurrengoa sartuko da izendapen proposamenean.

11.-Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Uharteko Udaleko alkateak, ebazpen bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Uharteko Udaleko langile izendatuko du, zerbitzu anitzetako arduradunaren lanpostuan ari dadin.

11.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

11.3. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Uharteko Udaleko langile izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 10.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

12.-Aurkeztutako agiriak.

12.1. Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori izendapenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.

12.2. Aurreko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak eramaten ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkeztea aukeratzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Uharten, 2010eko uztailaren 30ean.-Alkatea, Javier Basterra Basterra.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ....................................... adinez nagusi. NAN/nortasun agiria: ............. Jaioteguna: ............ Jaioterria: ................ (herria/probintzia) ....................... Nazionalitatea: ..................... Egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): .............................................. Posta kodea/herria: .................... Telefonoa: ............ Sakelako telefonoa: .............

ADIERAZTEN DUT:

Hona hemen deialdi honetara aurkezteko datuak:

-Administrazio egoera.

a) Egungo lanpostua: .....................

-Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

-Merezimenduak baloratzeko frogagiriak dakartzadala.

[ ] Behar den euskara maila dudala frogatu dut.

[ ] Euskarazko aukerako proba egin nahi dut.

ESKATZEN DUT:

Zerbitzu anitzetako arduradun izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea. Deialdia ... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .....(e)ko ...........aren ...(e)an.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Uharteko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Antsoaingo Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu.

Uharten, 20....(e)ko .............aren ............(e)an.
(Sinadura)

UHARTEKO UDALEKO ALKATEA.

Iragarkiaren kodea: L1013064