101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ANDOSILLA

Deialdi publikoa, Andosillako Virgen de la Cerca ikastetxe publikoko eskolazain izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Andosillako Udalak, Alkatetzaren 2010eko ekainaren 26ko ebazpenaren bidez, onetsi ditu Andosillako Udalaren zerbitzuko eskolazain izateko lanpostu bat (D maila), Virgen de la Cerca ikastetxe publikoan aritzeko, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak.

Horren ondorioz, ondoko deialdi hau ematen da argitara:

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Andosillako Udalaren zerbitzuko eskolazain izateko lanpostu bat (D maila), Virgen de la Cerca ikastetxe publikoan aritzeko, oposizio-lehiaketaren bidez eta lan araubide finkoan betetzea.

1.2. Bete beharreko lanpostua lanaldi osoaren %75erako da, egun lanpostua betetzen duenak erretiro partziala eskatu baitu, eta pertsona horrek 65 urte bete eta nahitaezko erretiroa hartu ondoren (2013ko martxoaren 24a), lanaldi osoan aritzeko.

1.3. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Andosillako Udaleko lan-kontratudun finko bihurtuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanen zaio.

1.4. Lanpostuak izanen ditu D mailari dagozkion ordainsariak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako hartan) eginiko sailkapenaren arabera, bai eta, hala balegozkio, Andosillako Udaleko plantilla organikoko eskolazainaren lanpostuari dagozkion osagarriak ere.

2013ko martxoaren 24ra arte, hautatuak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan zehaztutako D mailaren oinarrizko soldataren %75 jasoko du, benetan egiten duen lanaldiarekin egokitu dadin, gainerako %15 erretiro partziala hartu duen langileak jasoko baitu.

1.5. Lanaldiaren araubidea, hasiera batez, bete beharreko lanposturako ezarri den lanaldi osoaren %75ekoa izanen da, erretiro partziala eskatu duen Jesús Huarte Gardek 65 urte bete arte (2013ko martxoaren 24a), nahitaezko erretiroa hartzeko adina baita. Handik aurrera lanaldiaren %100 eginen du.

Edonola ere, lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da une oro, betiere urtero onesten den egutegia errespetatuz, nahiz eta biak aldatzen ahal dituzten noiznahi organo administratibo eskudunek.

1.6. Laneko udalerrian ez bizitzeak ez du salbuesten lanera orduan iristetik eta karguari dagozkion eginkizunak eta lanaldia behar bezala ez betetzetik, eta ez du kalte-ordainik ekarriko laneko tokira joateagatik.

1.7. Besteak beste, lanpostu horretan aritzekoa denak betebehar hauek izanen ditu:

-Eskolazaintzari dagozkion egitekoak beteko ditu, ikastetxean jarduna dagoen orduetan eta eskolaz kanpoko jarduerak egiten direnean; horien artean sartzen dira atezaintzaz eta berogailuaz arduratzea.

-Ikastetxe publikoko altzari, makina, instalazio eta lokalak zaintzea.

-Bulegoetako eta geletako giltzak zaintzea.

-Ikastetxearen kanpoko ateak eta, halaber, geletakoak eta instalazioetakoak irekitzea eta ixtea, garaiz egin ere, bertan egin beharreko jarduerak egin ahal daitezen.

-Ate nagusian atezaintzako zerbitzuaren arreta orokorra izatea; berandu etortzen diren ikasleak eta hainbat arrazoirengatik ikastetxera joaten den kanpoko jendea hartzea, haien eskaerak jasotzea, eskaera horiei erantzuteko ardura dutenei abisatzea eta informazioa ematea ordutegi orokorraz eta ikastetxearen funtzionamenduari buruzko gainerako kontu guztiez.

-Ikastetxea itxita edukitzeaz arduratzea, zuzendaritzaren arauei jarraikiz, ikasleak, behar ez denean eta inor ohartu gabe, kanpora joan ez daitezen eta sartu beharreko pertsonak sar daitezen.

-Bere esku utzitako dokumentu, gauza eta gutunak hartu, zaindu eta banatzea.

-Ikastetxeko telefonoguneaz eta faxaz arduratzea, eta baita erosgai eta paketeak kontrolatu, jaso eta entregatzeaz ere.

-Ikastetxearen barruan, behar diren materialak, altzariak eta tresnak garraiatzea.

-Zerbitzuari loturiko enkarguak egitea, bai eraikinaren barrenean bai kanpoan.

-Ikastetxeko zuzendaritzari eta irakasleei beharrezko laguntza emanen die ikasleek eskola jardueretan prestaturiko lanak paratzeko, zernahi euskarri mota erabilita ere (kartulina, panelak, kortxoak...), baita eskolan ekitaldiak eta festak ospatzeko ere.

-Erreprodukzioko makinak, multikopiagailuak, fotokopiagailuak, koadernagailuak eta antzeko beste batzuk erabiltzea, ikastetxeko zuzendaritzak horretarako baimena emandakoan.

-Argiak, berogailuak, iturgintzako elementuak eta oro har ikastetxeko instalazio guztiak zaintzea, bere gain harturik prestakuntza berezirik eskatzen ez duten konponketa txikiak; beharrezkoa bada, udal zerbitzuei edo kanpokoei deituko die, ahalik eta lasterren.

-Bereziki zaintzea higiene zerbitzuek egokiro funtzionatzen dutela eta zuzen erabiltzen direla; behar denean garbiketa puntualak egitea, eta paperak eta behin erabiltzeko beste gai batzuk ipintzea, gastatzen direnean.

-Informatika, elektrizitate, igeltserotza eta bertze lan batzuetan aritzen diren gremioetako langileei kasu egin eta laguntzea.

-Eskolako patioen, haur jolastokien eta iturriaren ohiko garbiketa egitea, paperontziak, eta abar garbitzea eta zaborra edukiontzietara eramatea, beharra dagoenean.

-Eskolako altzariak eta lokalak garbitzea, edozein arrazoirengatik zikintzen direnean eta berehala garbitzea premiazkoa denean.

-Garbiketako langileen lana zaindu eta haiei kontu hartzea.

-Botika ontziaz arduratzea eta istripua izandako haurrei laguntzea, osasun zerbitzuei, tutoreei, familiei eta abarri istripuaren berri emanez, beharra badago.

-Fotokopiak eta koadernatze txikiak egitea, erakunde eta enpresetara joatea etab.

-Ikastetxeko Zuzendaritzak edo udal zerbitzuek, ikastetxea oro har zaintzeko eta mantentzeko, agintzen diotena aintzat hartzea, bereziki Zuzendaritzak lana banatzeari buruz agindutakoa, ordu egokia zein den eta beste inguruabar batzuk kontuan izanik; bere gain uzten diren beste lan batzuk ere egitea, ikastetxearen jarduerekin zerikusia badute: gauzak toki hurbil batera lekualdatzea edo garraiatzea, gelak bileretarako eta beste jarduera batzuetarako prestatzea, eskolako edo kiroletako materiala kontrolatzea eta banatzea eta laguntza eskatzen zaion alor guztietan laguntzea.

-Oporraldia beti izanen da eskola-egutegitik kanpo.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondotik ematen diren baldintzak bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte:

a) Nazionalitate espainiarra izatea edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo Europar Batasunak egin eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera izaten ahal diren estatuetakoa, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik goragokoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

f) B1 gidabaimena izatea.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Andosillako Udalaren Erregistro Orokorrean (San Cosme y San Damián plaza) aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Epearen azken eguna jaieguna bada, Udalaren bulegoak jendearentzat irekita dauden hurrengo eguna arte luzatuko da. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

Orobat, azterketarako eskubideak izateko, Udalaren diruzaintzan 10 euro sartu izanaren ordainagiria aurkeztu beharko da, eskaera edo eskabidearekin batera. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

3.2. Desgaitasunen bat aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera elbarriak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NANaren fotokopia.

b) Deialdian eskatutako titulazioaren fotokopia.

c) Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak frogatzeko agiriak.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Andosillako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Andosillako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan, oposizioa noiz, non eta zer ordutan hasiko den adieraziko da.

4.4. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtu ahalko da berehala, izangai bat ere ez bada baztertzen.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Juan Enrique Sanzo Andrés, Andosillako Udaleko alkate udalburua.

-Ordezkoa: Jesús Pardo Gurpegui, Andosillako Udaleko lehen alkateordea.

-Mahaikidea: Andosillako Virgen de la Cerca ikastetxe publikoko irakaslea.

-Ordezkoa: Ikastetxe publikoko irakaslea.

-Mahaikidea: Andosillako Virgen de la Cerca ikastetxe publikoko irakaslea.

-Ordezkoa: Ikastetxe publikoko irakaslea.

-Mahaikidea: José Antonio Moreno Villar, Andosillako Udaleko obra arduradun nagusia.

-Ordezkoa: Francisco Fabo Ezquerro, Andosilla Udaleko udaltzaina.

-Mahaikidea: Aitor Laparra Navarro, Andosillako Udaleko kontu-hartzailea.

-Ordezkoa: Pilar Barricarte Zudaire, Azagrako Udaleko kontu-hartzailea.

-Idazkaria: María Flor Laparte Rodríguez, Andosillako Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Miren Edurne Chasco Garralda, Martzillako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan iragarriko da oposizio-lehiaketa zein egun, ordu eta tokitan hasiko den; probak 2010eko urrian hastea dago aurreikusita.

Horren ondotik, epaimahaiak behar denean eta erregelamenduari jarraikiz emanen ditu aditzera gainerako proben iragarkiak.

6.1. Lehiaketaldia:

Lehiaketaldian 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztergarria izanen.

3.3 atalean ezarritakoari jarraikiz alegatu eta frogatutako merezimenduak ondoko baremoaren arabera puntuatuko dira:

-Esperientzia: ikastetxeetan atezain lanean emandako zerbitzuengatik: 2 puntu urte edo zati bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu.

Etxezaintza zerbitzutzat hartuko dira lan-kontratuarekin, funtzionario moduan edo zerbitzu errentamenduaren ondorioz emanak, betiere izangaiak delako zerbitzua zuzenean eta egiazki egin badu.

-Prestakuntza izatea sorospenaren eta lehen laguntzen alorrean: gehienez ere 10 puntu, honako honekin bat:

a) Sorospeneko diploma (prestakuntzako 40 ordu edo gehiago): 6 puntu.

b) Lehen laguntzen eta desfibriladore semiautomatikoen diploma (prestakuntzako 20 ordu edo gehiago): 4,5 puntu.

c) Lehen laguntzetako diploma (16-20 ordu): 3 puntu.

d) 15 ordu baino gutxiagoko hitzaldiak edo ikastaroak: 1,5 puntu.

Hemengo b), c) eta d) atalengatik emandako puntuazioa ezin izanen da pilatu.

Lehiaketaldia bukatutakoan, Andosillako Udaletxeko iragarki oholean argitara emanen da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa. Oposizio-lehiaketako puntuazio osoa, lehiaketaldian lortutako puntuazioaren eta oposizioaldian lortutakoaren batura izanen da.

6.2. Oposizioaldia.

Hauek izanen dira oposizioko probak eta ariketak:

6.2.1. Lehen ariketa: Teorikoa.

a) Lehenbiziko proba: galdera sorta teoriko-praktiko bati idatzita erantzun beharko zaio. Erantzun laburreko edo test motako galderak izanen dira II. eranskineko gaiei buruz.

Proba honetan izangaiek ezin dute ez hiztegirik ez kalkulagailurik erabili.

b) Bigarren proba: Erantzun laburreko eta/edo test motako galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie, III. eranskineko gaiei buruz.

Epaimahaiak, probak hasi baino lehen, haien gehieneko iraupena finkatuko du. Biak egun berean egiten ahal dira, epaimahaiak erabakitzen duen bezala egin ere.

6.2.2. Bigarren ariketa: Praktikoa.

Proba praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, epaimahaiak zehaztuta, deitutako lanpostuaren gaineko eginkizunez izangaiek dituzten ezagupen praktikoak neurtzeko, III. eranskineko zerrendan sarturik dauden gaien inguruan.

6.2.3. Hirugarren ariketa: Proba psikoteknikoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak prestatutako zenbait proba psikotekniko izanen dira, izangaiak deialdiaren xedeko lanpostuari eta haren ezaugarriei nola egokitzen zaizkien baloratzeko. Oposizioko epaimahaiak onartu egin beharko du zerbitzu horrek izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa.

Lehen eta bigarren probak saio bakarrean eginen dira.

6.3. Oposizioko ariketak egiteko, egokitzapenak jarriko dira denbora eta baliabide aldetik urritasunen bat dutenentzat, eskabidean eskatutakoaren arabera.

6.4. Ariketen balorazioa.

Oposizioko ariketen balorazioan 70 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuta:

-Lehen ariketa, lehen proba: gehienez 20 puntu.

-Lehen ariketa, bigarren proba: gehienez 20 puntu.

-Bigarren ariketa: gehienez 30 puntu.

-Hirugarren ariketa: izangaiak gai edo ez gai kalifikazioa izanen dute.

Oposizioko ariketa guztiak baztergarriak dira. Esleitutako puntuazioaren erdia bederen eskuratzen ez duten izangaiak baztertu eginen dira haietako bakoitzean.

Izangaiak lehen ariketako lehen proban epaimahaiak eskatutako gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez badu, epaimahaiak ez du bigarrena kalifikatuko.

6.4.1. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Azterketan azaltzen ez direnak edo haien nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.4.2. Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Andosillako Udaletxeko iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Andosillako Udalaren iragarki oholean eta proba egin den tokian argitaratuko du hura gainditzen dutenen zerrenda, lortutako kalifikazioak barne, eta espediente osoa igorriko dio Cascanteko Udaleko alkate udalburuari, baita oposizioa gainditzen dutenen zerrenda eta puntuazio handieneko izangaia izendatzeko proposamena ere. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Oposizioaren azken emaitzan diren berdinketetan, bigarren proban, praktikoa baita, puntu gehien lortzen dituztenen alde joko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiriok aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Udalak izendatzen dituen zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Izangaiak degaitasunen bat alegatu badu, gainera, desgaitasun mailaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, hala nola desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Zinpeko edo hitz emandako aitorpena, inongo estatu, erkidego autonomo, probintzia, udal edo toki entitateren inolako kargu edo lanpostutatik egotzia ez dela izan dioena.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra errateagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra aparte utzirik.

7.4. Aitzineko atalean aurreikusitako kasuan, Andosillako Udalak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko du.

8.-Izendapena, esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrietan xedatua bete ondoren, Andosillako Udalak kontratatuko du Andosillako Udaleko lan-kontratudun finko gisa, Andosillako Virgen de la Cerca ikastetxe publikoan eskolazain (D maila) aritzeko.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza.

8.4. Epe horretan jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, deialdiaren xede den lanpostuari loturiko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 7.1 atalean aipatzen den zerrendan (oposizioa gainditzen dutenena) hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea Andosillako Udalak.

9.-Aldi baterako kontratazioen zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuko 42.2 artikuluan xedatuari jarraikiz, gainditu bai baina lanpostua eskuratzen ez duten izangaiak zerrenda batean sartuko dira; zerrenda hori erabiliko da eskolazain gisa aritzeko aldi baterako kontratuak egiteko, Andosillako Udalen sortzen diren kontratazio beharrak asetzeko. Lortutako puntuazioak zehaztuko du zerrendako lehentasuna.

Zerrendak gehienez ere 4 urteko indarraldia izanen du.

10.-Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra, honako errekurtso hauetako bat jartzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Andosillako Udalaren alkate udalburuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten edo argitaratzen denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Andosillan, 2010eko uztailaren 26an.-Alkatea, Juan Enrique Sanzo Andrés.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ......................................., adin nagusikoa. Nortasun Agiri Nazionala: ....................... Sorteguna: ........................ Sorlekua: ................ (.............). Nazionalitatea: ............... Egungo bizilekua: ................. (.............). Karrika: ........................... Posta kodea: ............ Telefonoa: ............

Andosillako Udalaren aurrean agertu eta adierazten dut:

-Onartua izatea eskatzen dudala Andosillako Udalaren zerbitzuko eskolazain izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian (.......... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, data: ...........................).

-Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

-Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

-Ez naizela inongo estatu, erkidego autonomo, probintzia, udal edo toki entitateren inolako kargu edo lanpostutatik egotzia izan.

-Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

-Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

-Desgaitasuna dudala (hala bada) eta, beraz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak). Desgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Horiek horrela,

Onartua izatea eskatzen dudala Andosillako Udalaren zerbitzuko eskolazain lanpostua oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian.

Andosillan, 20.........(e)ko ..........................aren ..........(e)an.

(Sinadura)

ANDOSILLAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehenbiziko zatia: kultura orokorreko gaiak.

II.1.-Komunikazio alorra:

1.-Ohiko testu idatziak (informaziokoak, literaturakoak...) ulertu, ideia nagusiak laburtu eta haien arteko loturak aztertzea. Hainbat testu motaren alderdi erraz batzuen analisia (egitura, hitzak, puntuazio zeinuak...).

2.-Hainbat motatako testu errazak (kontakizunak, deskripzioak, elkarrizketak, txostenak...) idaztea testuari dagokion egitura erabiliz, ortografiako arauak betez eta testua lotzen duten oinarrizko prozedurak (juntagailuak, aditzaren denbora, puntuazio zeinuak...) erabilita.

3.-Sinboloak, irudiak, planoak eta grafiko sinpleak ulertzea.

4.-Alfabetoaren ordena menderatzea, hiztegia, gida, telefonoa, zerrendak aise erabiltzeko.

5.-Inprimakiak, galdera sortak eta formulario sinpleak ulertu eta betetzea: NANa, telegramak, igorpenak, bankuko agiriak, eskabideak, etab.

II.2.-Matematiken alorra:

1.-Zenbaki natural eta hamartarrak irakurri, idatzi eta ordenatzea.

2.-Eguneroko bizitzan aurkitzen ditugun problema txikiak konpontzea oinarrizko lau eragiketak (batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa) erabiliz, zenbaki naturalekin zein hamartarrekin.

3.-Luzera, azalera, masa, kapazitate eta denbora neurriak. Multiplo eta azpimultiplo erabilienak. Unitateen konbertsioa.

4.-Irudi lau eta gorputz geometriko ezagunenak bereiztea. Oinarrizko osagaiak (aldea, angelua, erpina, aurpegia, oinarria eta altuera) zein diren jakitea.

II.3.-Alor juridiko-soziala:

1.-Andosillako Udalaren egitura eta gobernu organoak.

2.-Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileria: kontzeptua eta motak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak.

3.-Andosilla.-Erliebea, klima, kokapen geografikoa, fauna eta landaredia.

III. ERANSKINA

1.-Elektrizitateko oinarrizko tresnak (bihurkinak, aizturrak, aliketak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua...) ezagutu, erabili eta mantentzea.

2.-Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.

3.-Oinarrizko argi-zirkuituak eta fluoreszenteak: etengailuak, konmutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

4.-Hots egiteko zirkuituak (pultsadoreak, txirrinak...).

5.-Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak, telebistako zirkuitu itxia...).

6.-Iturgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea.

7.-Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak airez betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

8.-Zurgintzako oinarrizko erremintak (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta osagarriak: lixak, lekedak...) ezagutu, erabili eta mantentzea.

9.-Zurgintzako oinarrizko eragiketak: ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak.

10.-Oinarrizko ezagupenak, telefono banagunea, faxa, fotokopiagailuak, koadernagailuak, ikus-entzunezko materiala eta agiriak suntsitzeko gailuak erabiltzeko.

11.-Segurtasun eta higiene arauak eraikinetan. Iturgintza, zurgintza eta elektrizitateko mantentze eta konponketa lanetan hartu beharreko babes neurriak.

12.-Sinboloak, irudiak eta grafiko sinpleak ulertzea; inprimakiak, galde-sortak, formulario errazak, bankuko agiriak, eskabideak eta postako inprimakiak ulertu eta betetzea.

13.-Iragarki ohol ofizialen mantentze eta kontrol lana; orobat, bulegoko materialak, altzariak eta garbiketa gaiak.

14.-Kartazaletan sartzea, etiketak paratzea, paketeak eta korrespondentzia eraikinean barrenean eta eraikinetik kanpoan banatzea, baita korrespondentzia ofizialaren frankeoa edo zigilatzea ere.

15.-Gidak, zerrendak, telefonoak aise erabiltzeko hurrenkera alfabetiko eta numerikoak jakitea eta menderatzea, kontrol xumeak egitea eta dokumentuak artxibatzea.

Iragarkiaren kodea: L1013130