101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1024/2010 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Berekiak eta Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak arautzen dituzten arauetako 26. artikulua aldatzen duen erabakia onesten duena. Gobernu Kontseiluak 2010eko uztailaren 28an hartutako erabakiaren bidez onetsi zen.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2010eko uztailaren 28an Gobernu Kontseiluak onetsi zuen erabakia, Unibertsitate Publikoko Ikasketa Berekiak eta Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak arautzen dituzten arauetako 26. artikulua aldatzen duen erabakia onesten duena, argitaratzea agintzen dut. Hona hemen hitzez hitz:

"Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitate-master titulu ofizialak eta ikasketa berekiak arautzen dituzten arauetako 26. artikulua aldatzen duena.

Gobernu Kontseiluak 2009ko uztailaren 28ko bileran hartutako erabakiaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Berekiak eta Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak arautzen dituzten Arauak onetsi ziren.

Aipatu arauetako 20. artikuluan aurreikusten da masterren oroitidazkietan irakasgaien egokitzapen taula bat azalduko dela, irakasgai horiek orain arte eman diren beste irakasgai batzuk ordezten dituztenean; eta 26. artikuluan, master bakoitzaren irakaskuntza eskaintza bermatzen da bi ikasturtetan, iraungitzen denetik.

Heldu den 2010-2011 ikasturteko master titulu ofizialen eskaintza osoa 1393/2007 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat egingo da. Irakaskuntza eskaintzaren sakabanatzeak zailtasunak dakartza irakaskuntza eman ahal izateko aldi berean titulu berrietan eta iraungitzen ari diren gaur egungo tituluetan.

Beraz, ondoko hau da Gobernu Kontseiluak, 2010eko uztailaren 28ko bileran, Irakaskuntzako errektoreordeak hala proposaturik, hartu duen:

ERABAKIA:

Lehena.-Gobernu Kontseiluak 2009ko uztailaren 28ko bileran hartutako erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Berekiak eta Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak arautzen dituzten Arauen 26. artikuluari beste bi idatz-zati eranstea, honela gelditzen dela:

"26. artikulua. Irakaskuntza eskaintzaren bermea.

1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren ardura duen Ikastegiak, matrikulatutako ikasleei bermatuko die masterra ikasturte batean osatu ahalko dutela 60 kredituko ikasketak direnean, edo bi urtetan, 120 kreditura arteko ikasketak direnean.

2. 20. artikuluaren 4. idatz-zatian ezarritakoa kaltetu gabe, Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat emateari uzten zaionean beste master batekin ordeztu gabe, ardura duen ikastegiak, oraindik bukatu ez duten ikasleei bukatzeko ezinbestekoak dituzten irakasgaiak eman beharko dizkie. Eskaintza hori Unibertsitate Masterra behin betiko iraungi ondoren, hurrengo bi ikasturteetarako ere izango da.

3. Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat emateari uzten bazaio beste batek ordeztu duelako, master hori bukatu ez duten ikasleak zuzenean sartuko dira master berrian, gainditutako irakasgaiak egokituz 20. artikuluaren 4. idatz-zatian aipatutako irakasgaien egokitzapen taularekin bat.

4. Hala ere, Master berria ezartzearen ondorioz ikasleak kaltetuta ateratzen direnean, titulua lortzeko kreditu gehiago egin behar dituztelako edo bestelako irakaskuntza arrazoiengatik, masterraren ardura duen Ikastegiak bukatzeko ezinbestekoak diren irakasgaiak eskaini beharko dizkie oraindik bukatu ez duten ikasleei. Eskaintza hau bakar-bakarrik luzatuko da Masterra behin betiko iraungi ondoko ikasturtean, eta irakasgai horiek ez dira zenbatuko ikasturte horretako Irakaskuntza Antolatzeko Planaren irakaskuntza-mandatu gisa. Ikasturte horren bukaeran ikasketak amaitzen ez dituzten ikasleak, soilik egokitu ahalko dira titulu berrira 20. artikuluaren 4. idatz-zatian aipatutako irakasgaien egokitzapen taularekin bat.

Bigarrena.-Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.-Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikastegietako dekanoei eta zuzendariei, Master titulu ofizialetako irakaskuntza-zuzendariei, eta Irakaskuntza Laguntzeko eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuko zuzendariari erabaki hau igortzea, Unibertsitatean hedapen zabalagoa emateko".

Iruñean, 2010eko uztailarean 28an.-Errektorea, Julio Lafuente López.

Iragarkiaren kodea: F1013025