101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1193/2010 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Landa Garapenerako zuzendari nagusiak emana, Allotz-Montalban aldean lurzati berrantolamenduaren berezko tresnen bidez nekazaritza azpiegituretan esku hartzeko prozesuari hasiera ematen diona.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak xedatzen duenez, azpiegituren arloan, lurzati berrantolamendua funtsezkoa da eta berrantolamendu hori ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanarekin batera egin behar da, tramitazio horrekin juridikoki koordinaturik, baita bide eta saneamendu sareak berritu, gaurkotu eta egiteko obrekin ere. Haren lehenengo helburua ustiategiak eta ureztatze unitateak, hori kasua bada, osatzea da; hain zuzen ere, ingurumen, nekazaritza, ekonomia eta gizartearen aldetik bideragarriak direnak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, nekazaritza azpiegituretan esku hartzeko prozesuak Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez hasiko dira. Esku-hartze horiek balizko onuradunek arrazoiak emanda eskaturik hasten ahal dira, betebehar batzuk betetzen badira.

2008ko urtarrilaren 21ean, beste sinatzaile batzuen artean, 62 titularrek sinatutako eskaera sartu zen zerbitzu honetan. Titular horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren menpeko Nekazaritza Ustiategien Erregistroan izena emana duten Allotz-Montalban aldeko 84 nekazaritza ustiategien %73,81 dira; hortaz, eskatzen den gutxieneko portzentajea (%70) gainditzen da. Gainera, Deierriko Udalaren osoko bilkurak 2008ko azaroaren 14an eta Allozko Kontzejuaren osoko bilkurak 2008ko ekainaren 17an hartutako erabakiak erantsi dira, non aipatzen baita udala eta kontzejua nekazaritza azpiegituretan esku hartzen hastearen alde daudela.

Jarduketa perimetroaren barrenean 58 Ha 44. fazeriakoak dira. Lurzati berrantolamenduaren prozesuan baloratuko da alde hori berrantolatu behar den eremuan sartuko den edo ez.

Eskualde horretako inguruabar sozial eta ekonomikoak ikusirik, beharrezkoa da nekazaritza azpiegituretan esku hartzea, lurzati berrantolamenduaren bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Alloz-Montalban aldean, lurzati berrantolamenduaren berezko tresnen bidez nekazaritza azpiegituretan esku hartzeko prozesuari hasiera ematea.

2. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari baimena ematea eskualde horretan garatu nahi den oinarrizko proiektua prestatzeko.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak espresuki baimena eman beharko du landaketa berriak egin, alor iraunkorrak sortu, bertan eraiki edo eskualdeko geroko egituretan eragina izan dezakeen beste edozein ekintza egiteko.

4. Jabeei eta nekazariei adieraztea Nafarroako ohiko nekazari-lan egokien arabera landu beharko dituztela lurrak. Ezin izanen dute obrarik desegin, zuhaitzik edo zuhaixkarik bota edo erre, landaketa edo alor iraunkorrik kendu, lurra elkortu, ezta lurzatien balioa txikiagotzen duen ekintzarik egin ere.

5. Interesdunek lurzatien egoera juridikoa zehaztu eta lurrak sailkatzeko dituzten edo behar diren datu guztiak aurkeztu beharko dituzte Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.

6. Aholku Batzordea sortu eta lurrak sailkatu eta lurzatien egoera juridikoa zehazteko lan teknikoei ekitea.

7. Oinarrizko proiektuan, jarduketaren xede den eremua, hasiera batez, Allozko udal mugapean, Montalbanen eta 44. fazerian dauden lur batzuk dira, hain zuzen, 825 Ha-ko eremu bat, gutxi gorabehera, ondoren adierazten diren mugak dituena:

Iparraldean: Aritzalako eta Ugarko kontzejuak.

Hegoaldean: Murelu Deierriko, Lakarko eta Lorkako kontzejuak.

Ekialdean: Gesalazko eta Ziraukiko udal mugapeak.

Mendebalean: Zabalgo eta Zurukuiango kontzejuak.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

9. Ebazpen hau Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Allozko Kontzejuari eta Deierriko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

10. Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute ebazpen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko uztailaren 2an.-Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Jesús María Echeverría Azcona.

Iragarkiaren kodea: F1012134