101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

994/2010 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Aurizko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Aurizko Udalak sustatzen du plana.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2009ko otsailaren 4an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Aurizko lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren dokumentazioa ikusirik, udal plana prestatzean ingurumen arloan kontuan hartu beharreko alderdiei buruzko txostena egin zuen.

Ingurumen ondorioen azterlanarari nahikotasuna emanik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera eta Aurizko Udalak 2010eko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 16an, argitaratu iragarkiaren bidez jarri zen udal plana jendaurrean, hasiera batean onetsi ondoren.

2010eko apirilaren 19an sartu zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan Aurizko Udal Plan Orokorraren dokumentazio osoa.

Aurizko Udal Plan Orokorrak lurraldeari loturiko bi helburu ditu: lurzorua erreserbatzea saihesbide bat egiteko, eta landa lurrak ekologia, paisaia eta kultura balioen arabera bereiztea. Hirigunearen gaineko helburuei dagokienez, Udal Plan Orokorra Multzo Historikoa Babesteko Plan Bereziarekin koordinatu beharra nabarmentzen da, lurralde trinkoa okupatzeko udal eredua zehaztea eta determinazio egokiak ezartzea hirigunea hiriko eta lurraldeko paisaian integratzeko. Era berean, indarra duen planeamendua eguneratu eta egokitzen da, 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera; bereziki, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

Ekialdera eta mendebaldera handituz lurraldea okupatuko luketen alternatibak bazterturik, etxebizitzen garapen handiagoko aurreikuspenei erantzun nahi baitzieten, paisaian eta ingurumenean ukipen handiagoa eraginez, okupazio trinkoko eredua aukeratzen da, gune historikoaren inguruan, eta Xuringoa ibaiaren ibarra hiriko okupaziotik babesten da ekialdean. Eredu horren arabera, herrigunea kale nagusiarekiko perpendikularrean handituko da, lurzoru urbanizagarriak 1,37 hektarea gehiago izanen ditu eta eremu bat erreserbatuko da hirigunearen inguruan garapen eredutik babesteko. Proposatzen den garapen ereduak herriko ingurumen, historia, kultura eta natura balio garrantzitsuenak babesten ditu; izan ere, lurraldearen ezaugarriekin eta egoerarekin bat heldu diren babes figurak ezartzen ditu lurzoru urbanizaezinarentzat eta gizarte kohesio handiagoko eta baliabideen kontsumo gutxiagoko hazkunde endogenoari erantzuten dio. Hiri lurzoruko zati handiena IKO deklaratuta den multzo historikoari dagokio, non hiri lurzoruko sektore bat (s SR-1.1) eta lurzoru urbanizaezin bat (s SR-1.2) sartzen baitira.

Ipeteko alderdiko jarduera ekonomikoen eremuari dagokionez, hiri lurzoru finkatuaren sektorera bakarrik mugatzen da, lurraren gainerakoa lurzoru urbanizaezina bihurtzen baita.

Hirigintzako Udal Planeko proposamenek udalerri osoa ukitzen dute (31,5 km²). Lurzoru urbanizaezinari buruzko analisi honetan eta proposamen hauetan Aurizko lurzati berrantolamenduaren ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziotik sortutako informazioa erantsi da, baita lurralde garapenaren eredua taxutzen laguntzen duen informazio garrantzitsua ere.

Ingurumen unitateak definituz deskribatu da ingurunea, haiek jarduketa jakin baten aurrean modu homogeneoan erantzuten duten lurralde zatitzat hartuta.

Ingurune fisikoaren datuak sartzen dira klimari, geologiari, hidrologiari eta edafologiari buruzko informazioaren gainean, eragin handia baitute lurzoruaren erabilerei, aprobetxameduei eta paisaia orokorrari loturiko unitate handiak agertzeko.

Auritz, Orreagarekin eta Aurizberrirekin batean, mendi arteko arro batean dago, Corona ekialdean, Mendiaundi eta Menditxuri mendebaldean, Bagoandi hegoaldean eta Lindus, El Castillo, Girizu eta Ortzantzurieta iparraldean dituela. Arroaren erdialdea ordoki bat da, 900 m-ko altueran. Bertan kokatzen dira biziguneak eta garatzen abeltzaintzako jarduera gehienak. Udalerria osorik dago isurialde mediterraneoan, Urrobi ibaiaren arro hidrografikoaren barrenean. Alabaina, iparraldeko eta ipar-mendebaldeko muga administratiboak (Ortzanzurieta gaina, Girizu gaina eta Lindus) zehazten du uren banalerroa Kantauriko isurialdearekin. Erreka eta lats ugariz osatzen den azaleko sare hidrologikoa goialdeko tarteak dira; horien artean, aipatzekoak dira Xuringoa erreka, udalerriaren iparraldea drainatzen duena, Urrobi ibaia, Caberro errekako urak biltzen dituena Jauregiaroztegi izeneko alderdian, eta Arrobi erreka, udalerriaren iparraldean.

Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, eremu atlantiko honetan berezkoa den landarediaren serieak eta geoserieak identifikatu dira. Mendiko larre azidofiloek (6230 habitata) Lindusetik hegoaldeko gain nagusietan, txilardi atlantikoek (4030 habitata) eta pagadi atlantiko azidofiloek (9120 habitata) mazela nagusiak eta topografia malkartsueneko eremuak hartzen dituzte, erdiguneko ordokira iritsi arte. Ibar hondoan, lurzoru sakonagoetan haritz kandudunak eremu txikiak hartzen ditu Carasol, Mugako Larrea eta Urdandegieta alderdietan, abeltzaintzako aprobetxamenduek historian zehar murriztu eta eraldatu duten eremuan. Heskai zerrendak daude, zuhaitz eta zuhaixka espezieez osatuak, hala nola haritz eta elorriak Zokoeta, Kiñoeta eta Margaritasaro alderdietan. Elementu horietarako proposatzen den kontserbazioak zerikusia du konektore ekologiko gisa inguruan duten garrantziarekin eta paisaia aldetik duten balioarekin.

Ur bazterreko formazioak, irregular samar kontserbatuak, sahasti eta haltzadiak dira (91E0* lehentasunezko intereseko habitata), eta haietan Prunus padus (otsagereziondoa) ageri da, Urrobi ibaian baino ez baita Nafarroan. Balio ekologikoagatik aipagarriak dira Jauregiaroztegiko hezegunea (Nafarroan oso urri diren espezieak daude, hala nola Menyanthes trifoliata eta Sanguisorba officinalis), istilak eta toki hezeak, iraunkorrak zein erdi-iraunkorrak, interes botaniko handiko espezieak dituztelako, hala nola Alisma plantago-aquatica, Iris pseudacorus, Carex echinata, Carum verticillatum, Catabrosa aquatica, Antsobi, Tejería, Xuringoa, Ipeteko erreka eta Kiñoetazar alderdietan.

Nekazaritzari eta abeltzaintzari loturiko labore, belardi eta larreek ibarraren hondoa hartzen dute, udal mugapearen %17,9 hain zuzen.

Lurzoru urbanizaezinaren trataera Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 94. artikuluari lotuta dago. Ingurumen aldetik babestekoa den lurzoruaren kategorian, udalerriaren iparraldean gehiena, Alduide mendiko ZBEren zati bat eta Irati, Urrobi eta Erro ibai sistemaren BIL (ES2200025) sartzen dira. Natura 2000 Sarean sartutako eremu horien barrenean hainbat habitat daude, hala nola pagadi azidofiloak (9120), txilardiak (4030) eta nardus strictaren larreak (6230). Kategoria honetan daude erabilera publikoko mendiak, oihanen euskarri diren lurrak eta 5 m-ko zortasun eremuak ibai ibilgu guztietan, baita ur bazterreko landaredia, hezeguneak eta istilak ere. Arriskuei aurrea hartzeko babestu beharreko lurzoruak ibai ibilguen sarea hartzen du, Urrobi eta Xuringoa ibaien urek har dezaketen eremua barne 500 urteko birgertatze-aldirako. Nekazaritzako kalitateko herrilurrak eta abeltzaintzako aprobetxamendukoak balioko kategorian sartzen dira, haien ustiatze naturalagatik. Kultura balioagatik babestu beharreko lurzoruak aztarnategi arkeologikoak, 26. iraganbidea, Done Jakue bidea eta interes kulturaleko ondasun gisa mugatutako multzo historikoa hartzen ditu.

Udal mugapearen gainerakoa zaindu beharreko lurzoru urbanizaezina da, zenbait azpikategoriatan banatuta. Paisaia aldetik balioa duenak Aurizko arroan ageri diren lurrak hartzen ditu, eta kokalekuaren profila zaintzea du helburu, ez dadin hirigunearen inguruko paisaia kalte dezakeen eraikinik ezarri. Ingurumen balioko lurzoruak lurzati berrantolamenduaren azterlanean inbentarioan sartutako heskai arboladunak hartzen ditu, Kiñoeta, Zokoeta eta Margaritasaro alderdietan, garrantzitsuak baitira paisaia dibertsifikatzeko elementu gisa, eta gaitasun handia dute korridore biologiko gisa. Nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako soro eta belardiak ustiatze naturalerako balioa duen kategorian sartzen dira.

Ondorioen azterlanak moderatutzat jotzen du hidrologian, hidrogeologian, landaredian, faunan, paisaian, eremu babestuetan, lurzoruaren erabileran eta ondare kulturalean egiten den kaltea, neurri zuzentzaileak hartu ondoren. Bestetik, planean planteatzen diren hiru saihesbideen eraginak baloratzen ditu neurri prebentiboak eta zuzentzaileak zehaztearren. Horiek azpiegituraren ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean eta proiektuan sartu eta garatuko dira.

Udalerria eskualde akustikotan banatzen du eta lau eremu akustiko bereizten ditu: bizitegikoa, industriakoa, garraioko sistema orokorretakoa eta natur guneak.

Oinarrizko azpiegituren haritik (hornidura, saneamendua, hondakin solidoen bilketa, sare elektrikoa eta gasa), hornidura bermatutzat jotzen da Udal Planean jasotako aurreikuspenetarako.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin izanaren berri ematen du, eta Aurizko Udal Planari zer ingurumen baldintza gehitu zaizkion adierazten, eta haren aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da Aurizko Udal Plana onestearen alde, ingurumenari begira hura egokitzat jota.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Aurizko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko ekainaren 29an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1012117