101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

952/2010 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena "Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremua" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruz. Sustatzailea Navarra de Suelo Industrial, S.A. da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 14ko 592/2008 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen "Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremua" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialari buruz.

2010eko otsailaren 3an, Navarra de Suelo Industrial, S.A.k "Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremua" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruzko proposamena aurkeztu zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritako moduan tramitatzeko eta, halaber, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egiteko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

"Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremua" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala Gobernuaren 2008ko apirilaren 7ko Erabakiaren bidez behin betiko onetsi zen. Bertan egindako aldaketa garrantzitsuena hondakin uren arazketa eta kudeaketarako proposamen berria da (arrazoi tekniko eta ekonomikoak direla-eta), Ebroko Ur Konfederazioak 2009ko ekainaren 25ean egindako txosten bati jarraikiz. Konfederazioak onartzen du ibaira isurketa egitea baina araztegi batean tratatu ondoren eta isurketaren parametro zehatz batzuk betez.

Hondakin ur araztuak ibilgu publikora ateratzeko kanpoko hustubidearen eta edateko txarra den urez hornitzeko kanalizazioaren trazadurak aldatzen dira. Hustubidea edateko txarra den uraren hodiarekin batera joanen da; hodi hori jarri nahi da Arga ibaiaren ezkerraldeko ertzeko hargune batetik abiatuta, Sakagorri erreka-zuloaren ahoaren ondoan, eta industrialderaino iritsiko da. Hustubide berria 3 kilometro luze izanen da eta bertako urak ponpatu eginen dira Aritzaldea eta Gomazin aldeko lurretaraino, Sarriako mugan, Garesen; araztegia baino 60 m goragoko kota batean egonen da. Ponpaketa egiteko beharrezkoa den linea elektrikoa ere sartzen da.

Ur araztuetarako eta edateko txarra den ur hornidurarako batera aurreikusi den kanalizazioari dagokionez, Sakagorri erreka-zuloaren hasierako tartea Sarriako jaurerriko bideari jarraituz eginen da (bide horrek Garesko 6. poligono katastrala eta 7.a bereizten ditu, Garbanzoko alderdian), behin betiko onespenerako aurkeztutako dokumentazioan 2010eko maiatzeko planoetan ageri den moduan.

Dokumentazioak trafikoari buruzko azterlana ere badu, non justifikatzen baita Utergako saihesbidea eta A-21, NA-601 eta NA-6016 errepideekiko lotuneetako errefortzuak baztertzea.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, 2010eko otsailaren 22an, Ingurumen ondorioen azterlanaren askitasunari buruzko txostena egin zuen, jendaurrean jartzeko. Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 1ean hartutako Erabakiaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 28ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako, bai eta Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako ere.

2010eko apirilaren 28an, Ebroko Ur Konfederazioak txosten baten bidez adierazi zuen egokiagoa dela hondakin uren kudeaketa bateratua egitea hondakin uren araztegi bakar baten bitartez, nahiz eta horrek ez duen alde batera uzten sareari lotutako industria edo enpresa guztietan aldez aurreko tratamenduak instalatu beharra; horretaz gainera, ur jabari publikoan eta zortasun eta garbitasun eremuetan egin beharreko obrek baimena behar dutela ere adierazi zuen. Halaber, arroko organo horren Ingurumen Kudeaketaren Atalak 2010eko apirilaren 19ko txostenean azaldu du ur araztuak jasoko dituen Arga ibaiaren tarteak uztailaren 6ko 907/2007 Errege Dekretuan ezarritako ingurumen helburuak ez betetzeko arrisku handia duela (dekretu horrek Planifikazio Hidrologikoaren Erregelamendua onesten du eta Urari buruzko urriaren 23ko 200/60/EE Esparru Zuzentaraua Espainiako zuzenbidean txertatzen du); gainera, jarriko den araztegiak bete behar dituen isurketa mugak gogorarazi ditu eta adierazi du horiek isuria jasoko duen ur masaren egoerari buruzko benetako ezagutzaren arabera berrikusten ahalko direla. Arazketa sistemaren eta ur araztuak berriz erabiltzeko aukeraren inguruko zenbait ohar ere agertzen dira txosten horretan.

Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak txosten bat eman zuen 2010eko ekainaren 10ean, ekainaren 14ko beste batekin batera, eta adierazi zuen beharrezkoa dela aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitako jarraipen arkeologikoa egitea, bereziki kanalizazioa irekitzeko, Garesko mugapean ezagutzen diren aztarnategi batzuetatik hurbil egoteagatik.

Jendaurreko aldian hiru alegazio idazki aurkeztu dira, honako hauek aurkeztuak: Obanosko Udaleko alkate Fernando Lana Guembe jaunak aurkeztua, udala ordezkatuz, Fernanda Mañeru Puy andreak aurkeztua, Valdizarbe Saludable Plataforma ordezkatuz, eta Camino Jaso León andreak aurkeztua, Garesko Udaleko alkate Feliciano Velez Medrano jauna ordezkatuz, eta horrek udal hori ordezkatuz. Alegazioen ingurumen arloko edukia eta erantzunak ebazpen honen eranskinean ageri dira laburtuta. Alegazioak azterturik, ez da ikusten ingurumen alderdiak berrikusi beharrik, Nasuinsak aurkeztutako dokumentazioan eta Ingurumen ondorioen adierazpen honen baldintzen multzoan ebatzi baitira denak.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egiteari buruzko txostena eman du, UPSak ingurumenean izanen duen eragina bateragarria izanen dela uste du, betiere urbanizazioaren ingurumen integrazioari buruzko oharrak, Ingurumen ondorioen azterlanean bilduak, kontuan hartzen badira.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea "Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremua" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruz. Sustatzailea Navarra de Suelo Industrial, S.A. da.

2. UPSa baldintza hauek betez garatuko da:

-Hondakin urak.

a) Industrialdeak planta orokor bakarra izanen du, industrialdeko jarduera eta instalazio guztiek sortutako hondakin ur guztiak tratatzeko. Hondakin uren tratamendurako plantak titular bakarra izan beharko du, Arroko Erakundeak ematen dituen beharrezko baimenen titularra ere izanen dena. Hori dena uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Uren Legearen Testu Bateginaren arabera. Halaber, planta orokor horrek ingurumen baimena lortu beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera dagokiona.

b) Planta orokorraren tratamendu maila behar bezain egokia izanen da, halako moduz non lortuko den araztutako hondakin uren efluenteak ahalbidetuko baitu uztailaren 6ko 907/2007 Errege Dekretuan ezarritako ingurumeneko helburuak betetzea. Errege dekretu horren bidez Plangintza Hidrologikoari buruzko Erregelamendua onetsi zen, eta Espainiako zuzenbidera sartu zen urriaren 23ko Urari buruzko 200/60/EE Esparru Zuzentaraua. Hor jasotzen dira, besteak beste, lur azaleko eta lurpeko ur masen egoera hondatzearen prebentzioa eta 2015ean ur horien egoera ona lortzea.

c) Dena dela, hondakin uren tratamendurako planta orokorraren efluentearen gehieneko isurketa balioak ezarriko dira dagokion ingurumen baimena tramitatzen denean, oinarri harturik eskura dauden teknikarik hoberenak, kalitate arauak eta isurketa jasotzen duen ur masarako ingurumen helburuak.

d) Bestalde, industrialdean kokatutako industria jarduera eta instalazio bakoitzak tratamendurako planta orokorreko titularraren baimen espresa izan beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera beharrezkoa den ingurumen baimenaz gain, hondakin urak industrialdeko sarera isurtzeko eta horrela plantaraino eramateko.

e) Isurketen izaeraren eta planta orokorraren tratamendu gaitasunarekin duen bateragarritasunaren arabera, industria jarduera eta instalazio bakoitzak berariazko aurretratamenduak egiteko beharra aurreikusi beharko du, bere hondakin urak industrialdeko sarera isuri baino lehen.

-Euri urak.

  • Hiri-drainatzearen sistema iraunkorrak ezarri beharko dira, azaleko isurketa uraren emaria gutxituko dutenak eta urbanizatu aurreko hidrologia ahalik gutxien aldatuko dutenak. Horretarako, lehenetsiko da behar-beharrezkoa den aldeetan soilik egitea zoladura, eta, behar denean, euri ura iragazten duten egitura eta materialak erabiliko dira.

-Obren faseko ingurumen arloko segimenduan, beharrezko neurriak hartuko dira, ez dadin gertatu aurreikusi gabeko ukipenik jarduera eremua bi maila topografikotan banatzen dituen ezponda naturalean edo Txibindoa errekan.

-Urak hartzeko obren eta transformazio zentroaren obren zuinketa egiteko ahalik eta gehien murriztuko dira inguruko zuhaixka hesietako eta zuhaitzetako ukipenak. Ildo beretik, transformazio zentro berritik ura hartzeko ponpaketarako energia ematen duen behe tentsioko linearen bidea zuhaixka eta zuhaitz horietara egokituko da, horiek ez suntsitzeko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Legarda, Uterga, Obanos, Gares eta Muruzabalgo udalei, alegatzaileei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko ekainaren 24an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Eranskina

Jendaurrean jarri izanaren emaitza

Obanosko Udaleko alkate Fernando Lana Guembe jaunak aurkeztutako alegazioa, udal hori ordezkatuz.

Ingurumenarekin erlazioa duten alderdiei dagokienez, alegatzen da IEAko oinarrizko zehaztapen batzuk aldatzen direla, esaterako jadanik ez da beharrezkoa industriako hondakin ur araztuak leheneratzea eta berrerabiltzea.

Erantzuna:

Hain zuzen ere, aurkeztutako aldaketak ez ditu betetzen proiektu sektorialari buruz egindako Ingurumen ondorioen adierazpeneko zehaztapenak uren arazketari dagokionez, eta, horregatik, UPSaren aldaketari buruzko beste Ingurumen ebaluazio estrategiko bat egin da.

Fernanda Mañeru Puy andreak Valdizarbe Saludable Plataforma ordezkatuz aurkeztutako alegazioa.

Alegazioaren arabera, UPSaren aldaketa, Ingurumen ebaluazioa egiteko prozedurari dagokionez, zuzenbidearen aurkakoa da, zeren uste baitu ez direla kontuan hartu egiazko aurrekontuak, eta, zehazki, Haragiaren Hiriak ingurumena nola ukituko duen.

Erantzuna:

Alegazio horri erantzunez adierazi behar da Ingurumen ebaluazio estrategikoa tramitatu dela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera; ondorioztatzen da beharrezkoak diren prebentzio eta zuzenketa neurriekin gauzatzeko modukoa dela, ingurumen ikuspuntutik, aipatu UPSaren esparruko jarduera ekonomikoen kokapena, nahiz eta ez den berariaz aipatzen haragiaren hiria, alegatzaileak dioen moduan, ez baita espresuki sartu Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuko UPSaren xedean.

Nolanahi ere, UPS honen esparruan haragiaren sektoreko edozein jarduera instalatzeko, ezaugarrien arabera, kasuan kasuko ingurumen baimena beharko da, Ingurumen baimen integratua zehazki, eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin beharko da, beharrezkoa izanez gero.

Camino Jaso León andreak Garesko Udaleko alkate Feliciano Velez Medrano jauna ordezkatuz aurkeztutako alegazioa, eta horrek udal hori ordezkatuz.

Alegatzaileak exijitzen du UPSa aldatzeari uko egitea, uste baitu ingurumeneko ukipen larriak dakartzala, eta hipoteka bat dela etorkizunean beste sektore batzuetako proiektuak garatzeko, hots, planteamendu iraunkorragoak, jendearen gustukoagoak eta Europako zuzentarauekin bat datozenak dituzten beste sektore batzuetako proiektuak garatzeko. Hori horrela, bere iritziz:

1. Edateko txarra den ur sarerako alternatiba ez da iraunkorrena.

2. Urak husteko eta saneamendurako sarerako alternatiba (Sakagorri erreka-zulora isurtzen da zuzenean, eta Argan husten) onartezina da, hainbat arrazoirengatik. Alegatzailearen arabera, Urari buruzko Esparru Zuzentarauaren aurkakoa da, estres franko duen ibaia da, zeren isurketen kontzentrazio handia baitu, ez da aintzat hartu Sarria 3 urtegi berriaren eragina, ez dira nahikoa kontuan hartu Sakagorriko erreka-zuloko mikrohabitatak eta hasierako tarteko kalitateari eustea, eta, azkenik, uraren kalitatea txikituko denez, ibaiko faunak ukipenak izan ditzake. Eranskin batean ingurumenari buruzko informazio osagarria ematen du.

3. Alegatzaileak dio proiektu hau hipoteka bat dela beste proiektu batzuetarako. Turismo kulturalaz eta turismo "berdeaz" ari da, baina aitortzen du ez dagoela daturik halako proiektuei buruz, hau da, eskualdeko paisaia eta ekosistemak egoki mantentzean oinarrituko diren epe labur eta ertaineko baliabideei buruz.

4. Alegatzen duenez, kontuan hartu behar da egun Ebroko Ur Konfederazioak baimena ukatzen duela paper fabrika bat ezartzeko, haren iritziz Argak arrisku handia baitu zuzentarauak ezarritako kalitate helburuak ez betetzeko. Espero du zaintza eta babes irizpide berberak aplikatuko direla, auzitan jartzen duen obra eragozteko. Ildo horretan, jakinarazten duenez, Iruñerriko Mankomunitateak adierazi du Arazuri eta Gares artean ibaiak ez dituela zuzentarauak betetzen, eta horrek eragozten du inolako jarduerarik ezartzea, izan ere ezin dira isurketak baimendu.

5. Energiaren ikuspuntutik, dioenez, zenbait ponpaketa behar direnez, hori eutsiezina da interes orokorrekotzat jotako proiektu baterako.

6. Bestalde, haren arabera, a priori ez da oso egokia industria uren arazketaren erantzukizuna partikularra izatea. Hasierako UPSari egindako alegazioa aipatzen du, eta eransten.

7. Dioenez, nabigaziorako eta ibaian behera egiteko balio handia du tarte horrek, eta ura hartzeak eta isurketak are gehiago jarriko lukete auzitan erabilera hori.

8. Eskualdeko ohiko ureztaketako nekazarien arabera, urtegiek ibaiko uraren kalitatea txikitu dute, eta uraren kalitatean beste inpaktu bat izateak eragina izan lezake erabilera historiko horretan.

9. Alegatzen du beharrezkoa dela Argako ur hartzeak eta isurketak ukitutako eskualdeko balio sozioekonomikoetan aurrera egitea, batez ere Garesen. Haren ustetan ikuspuntu kualitatiboa erabili behar da honako hauei dagokienez: biztanleen identitatea, identitate horren eta ibaiaren arteko erlazioa, ibaiaren balioei eustea eta ibaiaren balioa eskualdeko baliabide orokorra den aldetik. Kontuan hartu behar omen da parametro horietako asko ez zenbagarriak direla. Eskualdearen etorkizunaren inguruko eztabaida bat eskatzen du, eta adierazten du parte-hartzeko formulak direla horretarako egokienak.

10. Aurrea hartzeko printzipioa aplikatu behar da uren egoeraren hondatze gehigarriari dagokionez, baita erlazionatutako ur ekosistemen hondatze gehigarriari dagokionez ere. Printzipio horrek eskatzen dituen gauzetako bat da Urari buruzko Esparru Zuzentarauan aurreikusitako helburuak arriskuan jar ditzakeen inolako neurririk ez hartzea, uren egoera ona lortze aldera. Haren iritziz, Espainiako legeriak hein batean bakarrik egin du zuzentarau horren transposizioa, "guzti" hitza kendu baitu, eta bertan behera utzi behar dira prestatzen ari diren Kudeaketa Hidrologikorako Plan berrien helburuak betetzea galarazten duten jarduketa guztiak.

Erantzuna:

1. Ingurumen aldetik eragin txikiagoa duen alternatiba bat izan daiteke, baina, alegazio idazkian onartzen den bezala, kontuan hartu behar dira, halaber, parametro sozialak, administratiboak, ekonomikoak, etab., kasu honetan egin den moduan, alternatibarik egokiena hautatzeko.

2. Ebroko Ur Konfederazioaren Isurketen Kontrol Arloak txosten bat egin zuen 2010eko apirilaren 19an, eta horrek 2009ko ekainaren 25eko txostenera igortzen du, zeinetan aldeko txostena eman baitzen Izarbeibarko industrialdeko hondakin uren tratamendurako diseinatutako HUArako; gainera, ingurune hartzailearekin (ingurune hori gehiago hondatu gabe) a priori bateragarriak izanen liratekeen isurketaren gehieneko balioak ezarri zituen, Urari buruzko Esparru Zuzentarauan finkatutako helburuak bete ahal izateko. Hala, txosten horretan ageri da Arga ibaiko isurketaren eragin portzentajea ibaiko kalitatearen helburuaren %7,5ekoa izanen litzatekeela DQO parametrorako, onargarritasunaren irizpide gisa hartuz isurketa batek ezin duela %10etik gorako eragina sortu, egoera ekologiko ona lor dadin, Urari buruzko Esparru Zuzentarauan ezarritakoaren arabera. Hori guztia, alde batera utzi gabe, txostenak berak dioen moduan, isurketaren gehieneko balioak berrikusi egin daitezkeela isurketa jasotzen duen ur masaren egoerari buruzko ezagutzan izaten diren aurrerapenen arabera, edo, azkenik paper industria aztertzen den eremuan instalatuz gero, industrialdeari baimentzen ahal zaizkion kutsadura kargak txikiagoak izanen liratekeela.

Mikrohabitaten eta Sakagorri erreka-zuloko hasierako tartearen ukipenari dagokionez, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txosteneko zehaztapenak aplikatuz, zuzendu egin da kanalizazioen trazadura, hasierako tarte hori ez dadin uki kanalizazioak Sarriako jaurerriaren barneko errepide asfaltatu baten pareko trazadura batera eramatean, erreka-zuloaren aurreko azken tartean.

Ibaiko faunaren gaineko ukipenari dagokionez, bateragarritzat jotzen da, isurketak ibaiaren kalitatean duen eragina bezalaxe, Ingurumen ondorioen adierazpeneko baldintzak betetzen badira betiere.

3. Alegatzaileak berak onartzen duen moduan, ez dago daturik alegatzen duen motako jardueraren baliabide edo proiektuei buruz eta, beraz, ezin da ebaluatu proiektu horren haiengan izanen lukeen eraginik.

4. Ebroko Ur Konfederazioak ez dio ezetzik eman Newark paper fabrika instalatzeari; aitzitik, paper fabrikaren isuketaren onargarritasunaren aldeko txostena egin zuen, instalazio horrek ingurumen baimen integratua lortzeko administrazio prozeduraren barnean. Orobat, esan den moduan, Isurketen Kontrol Arloak aldeko txostena eman dio industrialdeko hondakin uren tratamendurako diseinatutako HUAri; gainera, ingurune hartzailearekin (ingurune hori gehiago hondatu gabe) a priori bateragarriak izanen liratekeen isurketaren gehieneko balioak ezarri ditu, Urari buruzko Esparru Zuzentarauan finkatutako helburuak bete ahal izateko. Horrekin batera, Ebroko Ur Konfederazioak bi jarduketak erlazionatzen ditu, hau da, paper fabrika instalatzea eta Izarbeibarko jarduera ekonomikoen industrialdea garatzea. Adierazi du azkenik paper fabrika eremu horretan instalatuz gero industrialdeari baimentzen ahal zaizkion kutsadura kargak txikiagoak izanen liratekeela eta, hala, gomendatzen du horri dagokion HUA diseina dadila ateratako kargak murrizteko beharrezkoa den tartea utzita.

5. Indarra duen UPSean ageri ziren ponpaketak dira azaltzen diren bakarrak. Hala ere, proposatutako alternatibak ukipen orokor txikienekotzat jotzen direnak dira.

6. Industriako uren arazketaren erantzukizuna partikular bakoitzaren gain uztea ezetsi egin da, Ebroko Ur Konfederazioaren eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostenei emandako erantzunean. Horrela, industriako uren araztegi bakar bat proposatzen da, eta UPSean sartuko da.

7. Isurketak eta hartzeak ez dute eraginik ibaiaren emarian eta, hortaz, ez dute eraginik izanen nabigazioan.

8. Azaldu den bezala, isurketaren eragina bateragarria izanen da ingurune hartzailearekin (horren egoera hondatu gabe), Urari buruzko Esparru Zuzentarauan ezarritako helburuak bete daitezen, eta ez da aurreikusten ureztaketa ukituko duenik.

9. Isurketaren ondorioz ez dira ukituko ibaiari lotutako balio soziokulturalak.

10. Bistan da, Ebroko Ur Konfederazioaren txostenek erakusten duten moduan (halaxe sartu da IEA honetako baldintzen multzoan), Izarbeibarko industrialdetik iristen diren hondakin ur araztuak Arga ibaira isurtzeak bateragarria izan behar duela uztailaren 6ko 907/2007 Errege Dekretuak ezarritako ingurumen helburuak betetzearekin (dekretu horrek Planifikazio Hidrologikoaren Erregelamendua onesten du eta Urari buruzko urriaren 23ko 200/60/EE Esparru Zuzentaraua Espainiako zuzenbidean txertatzen du), besteak beste, lur azaleko eta lurpeko ur masen egoera hondatzearen prebentzioa eta 2015ean ur horien egoera ona lortzea.

Iragarkiaren kodea: F1012120