101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

246/2010 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, 2010-2011 ikasturtean musikako lanbide ikasketak ematen dituzten zentroen eta Iruñeko Dantza Eskola Berariazkoaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Arte Ikasketen Atalak aldeko txostena aurkeztu du, 2010-2011 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalaren eta Dantza Eskola Berariazkoaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onets daitezen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. I. eranskineko jarraibideak onestea. Aipatu jarraibide horiek musikako lanbide ikasketak ematen dituzten zentroen antolaketa eta jarduna arautuko dituzte 2010-2011 ikasturtean.

2. II. eranskineko jarraibideak onestea. Aipatu jarraibide horiek Iruñeko Dantza Eskola Berariazkoaren antolaketa eta jarduna arautuko dituzte 2010-2011 ikasturtean.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera eta ikastetxeetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2010eko uztailaren 29an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

I. ERANSKINA

2010-2011 ikasturtean musikako lanbide ikasketak ematen dituzten zentroen antolaketa eta jarduna arautuko dituzten jarraibideak

I. Ikastetxeko urteko programazio orokorra

1.-UPOaren edukia.

Musikako lanbide ikasketak ematen dituzten zentroek, ikasturtea hasi aurretik, Urteko Programazio Orokorra eginen dute; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak koordinatuko ditu, eta beren eskumenak zuzen betetzen direla eta eskola komunitateko arlo guztiek esku hartzen dutela bermatuko du.

Urteko programazio orokor hori maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak musikako lanbide ikasketei buruz ezartzen duenari jarraikiz prestatuko da.

Urteko programazio orokorrak honako atal hauek izanen ditu:

A.-Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura egiteko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

B.-Musikako lanbide ikasketei dagozkien hezkuntza jarduerak.

C.-Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

D.-Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

E.-Memoria administratiboa.

F.-Hezkuntza proiektua edo ezarritakoari egin zaizkion aldaketak.

A.-Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura egiteko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Ikastetxeko ordutegi orokorra klaustroaren iritzia aditu ondoren zuzendaritza taldeak eginen du, eta bide eman beharko du ikastetxe bakoitzeko urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, ikastetxeko ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Ikastetxea eskola komunitatearentzat irekita egonen den ordutegia.

b) Ikasleen eskola orduak.

c) Ikasleek eskolakoak ez diren jarduerak egiteko izanen duten ordutegia.

d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan, probak eta azken ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, bai eta kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. 2011ko apirilaren 15a baino lehen, ikastetxeek aipatu diren jarduera horien behin betiko egutegia igorriko dute Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

e) Irakasleen ordutegi orokorra.

f) Irakasleen norbanako ordutegia.

Ikastetxeko ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz gain, honako irizpide hauek:

-Kontserbatorioaren ordutegia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da, biak barne. Astelehenetik ostiralera 9:00etatik 22:00ak arte. Larunbatean 9:00etatik 14:00ak arte.

-Larunbatak ikasteko eskola egunak izanen dira kontserbatorioan, eta zuzendaritza taldeak ikasleak ikasgeletan sartu eta musika-tresnak erabiltzeko eta horiek zaintzeko sistema ezarriko du.

-Ikastetxeko zuzendaritzak neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.

-Irakasleek ordutegien arloan izaten ahal dituzten nahiak ezin dira inoiz izan klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak, edota arte ikasketen ordutegia eta araubide orokorrekoena bateratzeak ikasleei sortzen dizkien beharren kontrakoak.

B.-Irakaskuntzako jarduerak.

Irakasleen klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, ikastetxearen irakaskuntzako jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio, jkastetxeko urteko programazio orokorrean sar ditzan.

Irakaskuntzako jardueren programazioa egiteko, ordutegiak egiterakoan erabilitako irizpideak hartuko dira kontuan eta, gutxienez, honako hauek bilduko ditu: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, irakasgaien arteko koordinazio proiektuak eta departamentu didaktikoen programazioak.

C.-Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

Kontserbatorioak ikastetxeko irakasleentzako prestakuntza plan bat sartuko du bere programazioan. Koordinazio pedagogikorako batzordeak ikastetxeko irakasleak prestatzeko planaren proposamena aurkeztuko dio klaustroari, eta proposamen hori Hezkuntza Departamentuak aurkezten duen prestakuntza planeko eskaintza kontuan hartuta eginen du. Atal honetan aipatzen den planean kontuan hartuko dira hezkuntza proiektua eta curriculum zehaztapenak egin eta berrikusteko prozesuan ikusten diren beharrak, bai eta irakaskuntzako praktikari buruzko berriztapen eta hausnarketaren emaitza direnak ere.

D.-Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Planteatzen diren jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak irakaskuntzako ekintzak osatu edo garatzeko izanen dira. Jarduera horiek eskola kontseiluak aurrez ematen dituen jarraibideei egokituko zaizkie.

E.-Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak eginen du eta bertan sartuko da, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua.

Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeei bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskolak hasi eta 20 eguneko epean.

F.-Hezkuntza proiektua.

Ikastetxearen hezkuntza proiektuan honako hauek biltzen dira:

a) Bere ezaugarriak.

b) Hezkuntza komunitateak ezarritako hezkuntza helburuak.

c) Ikastetxearen antolamendu orokorra.

d) Barne araubidearen erregelamendua.

e) Ezarritako helburuak errazago lortzeko erakunde publiko eta pribatuekin aurreikusi diren harremanak.

f) Curriculumaren zehaztapena.

Zuzendaritza taldeak eta koordinazio pedagogikorako batzordeak, irailean, jarduketa plana eginen dute eta ikastetxeko organo guztiek hori beteko dute 2011-2012 ikasturtean, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan araututako musikako lanbide ikasketak modu koordinatuan berrikusi eta eguneratzeko. Plan horretan honako hauek hartuko dira kontuan:

-Musikako lanbide ikasketetan sartzeko proben edukiari eta ebaluazioari buruzko erabakiak sartzea.

-Ikasturte bakoitzean eskaintzen diren espezialitateen programazio didaktikoa prestatzea/berrikustea.

-Ikastetxeko hezkuntza proiektua Hezkuntzaren Lege Organikoaren 121. artikuluan ezarritakora egokitzea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeak egiten duen jarduketa planaren proposamena berrikusiko du, indarrean dagoen araudian ezarri denari egokitzen zaion egiaztatuko du, ikasturtean zehar horren garapenaren jarraipena eginen du eta era egokian betetzeko behar den laguntza eskainiko du.

Ikastetxearen barne egoera eta inguru sozioekonomiko eta kulturala aztertu ondoren, eta haren irakaskuntzako eta hezkuntzako ekintzaren koherentzia eta jarraipena bermatzearren, ikastetxeko hezkuntza proiektuak helburuak, lehentasunak eta jarduteko prozedurak finkatuko ditu.

Ikastetxeek curriculum proiektuari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen dituzte ikasketak, eta horiek martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuan araututakoa zehaztuko dute. Dekretu horren bidez, Hezkuntzaren Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculuma ezarri da.

Curriculum zehaztapenak curriculumeko elementuei buruzko erabaki multzoa dira, eta ikasleen lanbide prestakuntzako beharrei erantzun nahi die, betiere, ikastetxearen beraren errealitatetik abiatuta. Gainera, irakasleen jarduketa multzoaren koherentzia ziurtatu beharko dute eta hezkuntza proiektuan oinarritzen dira.

Curriculum zehaztapenetan honako hauek jasoko dira:

a) Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:

-Ematen diren ikasketen helburu orokorrak ikastetxearen eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, eta horiek benetan lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztea.

-Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.

-Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.

-Erabiliko diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.

-Irakasleen irakaskuntza prozesuak eta irakaslana, bai eta curriculum proiektu bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berraztertzeko irizpideak.

b) Aukerako irakasgaien eskaintza.

c) Tutoretza plana ezartzea.

d) Ikasketa horietan sartzeko probaren edukia eta ebaluazioa.

e) Irakasgai bakoitzerako programazio didaktikoa ere izanen du. Horretan bilduko dira, kurtsoen arabera banaturik, helburuak, edukiak, metodologia berariazkoa, ebaluazioaren irizpideak eta erabiliko diren baliabide eta bitartekoak. Programazio didaktikoak ikasgelan garatuko dituzte irakasleek gelako programazioen bidez.

Programazio didaktikoak, curriculum proposamenaren garapena baitira, departamentuek prestatuko dituzte. Irakasgai bakoitzerako honako hau hartuko da kontuan:

-Sei kurtsoetarako helburu, eduki eta irizpideen multzoa, bai eta ebaluatzeko prozedurak ere.

-Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

-Ebaluazioari, kalifikazioari eta mailaz igotzeari buruzko irizpideak.

-Errepertorioa, erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

-Beste departamentuekin batera jarduerak antolatzea, baldin eta horiek espezialitate edo irakasgai bat baino gehiago hartzen badituzte, esate baterako ganbera musika.

-Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera prestatuko dute irakaslana. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea departamentuko baterako programazioari buruz, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.

Irakasleek curriculum zehaztapenak eta programazioak egin ahala ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

2.-UPOa prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren eta eskola kontseiluaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta.

Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra era egokian egiteko jarduketa egutegia ezartzea.

Irakasleen klaustroak eta eskola kontseiluak urteko programazio orokorrari buruzko txostena eginen dute; dena den, irakasleen klaustroaren eskumen diren irakaskuntzako alderdiak errespetatuko dira.

Urteko programazio orokorra eskola kontseiluak onetsiko du, eskola jarduerak hasi eta gehienez 20 eguneko epean.

Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da urriaren 31 baino lehen; beste ale bat ikastetxearen idazkaritzan jasoko da, irakasleek eta eskola kontseilukideek aztertu ahal izateko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Urteko programazio orokorra ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharrekoa izanen da.

Ikasturtea bukatutakoan, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta eskola kontseiluak ebaluatu eginen dute urteko programazio orokorra zenbateraino bete den. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.

II.-Ikasketen ordu banaketa

Ikasleak ikasketetan sartzeko prozesua, irakasle-ikasle ratioa eta ikasketen iraupena indarra duen araudian ezarri denari egokituko zaizkio.

Musika-tresnen eta ahotsen taldeei lotuta dauden arloen antolakuntza erraztearren, kasuan kasuko araudian eskola orduei eta ratioei buruz ezarri dena ez ezik, kontuan hartuko da banakakoa ez den irakaskuntza behar duten nahitaezko irakasgaiak taldeko klasetan antolatuko direla, ratio hauen arabera:

Akonpainamendua: 1/4 3. eta 4. kurtsoetan, 90 minutuko klaseetan.

Analisia: 1/10 5. eta 6. kurtsoetan, 90 minutuko klaseetan.

Harmonia: 1/10 3. eta 4. kurtsoetan, 60 minutuko bi klasetan.

Musikaren historia: 1/15 5. eta 6. kurtsoetan, 60 minutuko bi klasetan.

Musika hizkuntza: 1/15 1. eta 2. kurtsoetan, 60 minutuko bi klasetan.

Ganbera musika: 1/3 3. eta 4. kurtsoetan, 60 minutuko klaseetan.

Ganbera musika: 1/3 5. eta 6. kurtsoetan, 90 minutuko klaseetan.

Piano osagarria: 1/2, 1., 2., 3. eta 4. kurtsoan, 30 minutuko klaseetan.

Korua, orkestra, banda eta taldea: irakasle/ikasle ratioa matrikulatutako ikasle kopuruaren eta kasuan kasuko talde motaren arabera zehaztuko da.

Bestalde, 5. eta 6. kurtsoetan 60 minutuko klaseetan garatu beharreko aukerako irakasgaiak kasuan kasuko araudian ezarritako ratioen arabera antolatuko dira.

III.-Irakasleak

1.-Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldia izanen dute, beren eginkizunetara egokitua. Irakasleentzat jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian ere jaiegun direnak.

Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte. Dena dela, Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna arautzen duen araudian ezarritakora egokitu beharko da bertan xedatutakoa.

Ekain-irailetako eskola gabeko lan egunetan, baimena ematen ahalko zaie irakasleei egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egiteko.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, irakastorduetan eta ordu osagarrietan banatuta. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaslana prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta batzorde eta epaimahaietan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.

2.-Orduen banaketa.

Ikastetxean bertan eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.-Irakastorduak.

Ikasleekin irakaslan zuzenean emandakoak jotzen dira irakastordutzat.

Irakasleek, oro har, hamazazpi irakastordu izanen dituzte. Zilegi izanen da hemeretzi irakastordura ailegatzea, gehienez, betiere departamentuaren ordu banaketak hala eskatzen duenean eta beti haren barrenean. Hamazazpi ordu horietatik goitiko irakastordu bakoitza bi ordu osagarrirekin konpentsatuko da.

Irakastorduak zenbatzerakoan jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Ebazpen honen eranskinaren IV. atalean (Ikastetxearen jarduna) adierazitakoa aplikatuko da atal honetan.

b) Ikastetxeko orkestraren arduraduna.

Orkestraren arduradunak bere eskola ordutegitik astero 6 ordu emanen ditu lan horietarako. Orkestraren arduradun horrek, ikasturtearen hasieran, ikasturte osorako lan plana eginen du eta zuzendaritza taldeari aurkeztuko, onets dezan, eta hori sartuko da urteko programazio orokorreko "Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa" atalean. Plan horretan jaso beharko dira ikastetxeko orkestrak ikastetxea ordezkatzeko lanean urtean eskainiko dituen hainbat emanaldi, bai zuzendaritza taldeak eskatuta bai Hezkuntza Departamentuak eskatuta. Halaber, egiten diren jardueren azken memoria egin beharko du, eta ikasturtearen azken memorian sartu.

Orkestraren arduraduna izendatzeko (espezialitateko irakasle bat), eranskin honen III. ataleko (Irakasleak) 3. puntuan ezarritako irizpide orokorra aplikatuko da.

Ikastetxeko orkestraren jarduerak "Orkestra" irakasgaiaren curriculumean sar daitezke, dagokion programazio didaktikoaren arabera. Hala ere, irakasgaian matrikulatuta ez dauden ikasleen parte-hartzea ere onartzen ahal da, baita ikastetxean matrikulatuta ez daudenena ere, bai eta beste ikastetxe eta entitate batzuekin lankidetza izatea ere, zehazten diren baldintzak betez.

Ikastetxean zehazten diren eta erabilgarri dauden gelak erabiliko dira orkestraren saioak eta emanaldien prestaketak egiteko; kontuan hartuko da erabilpen hori dagozkion irakasgaien helburu didaktikoetarako izanen dela, bai eta urteko programazio orokorrean sartutako lan planean programatutako jarduerak prestatzeko ere.

c) Teknologia berrien arduraduna.

Teknologia berrien arduradunak zeregin hauek izanen ditu bere ardurapean: ekipamendu informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatu eta mantentzea, ikastetxeko sare informatikoa, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa, instalatutako ekipamenduetako material informatikoa eta ikus-entzunezkoa zuzen erabiltzen den begiratzea. Zeregin horietarako astean 4 irakastordu izanen ditu eta, ikastetxearen beharrek horretarako aukera ematen badute, 4 ordu osagarri bitarte.

d) 55 urtetik goitiko irakasleak.

55 urtetik goitiko irakasleen kasuan Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren araudian ezarritakoa aplikatuko da.

Lanaldi osoa duten 58 urtetik goitiko irakasleek zilegi izanen dute, nahi badute, beren irakastorduak murriztea, gehienez ere bost ordu kenduz, nahiz horrek ez duen esan nahi astean ikastetxean egon beharreko orduak gutxituko direnik. Salbuespenez, eta ikastetxeak hala behar duenean, murrizte hori ezinezkoa denean, ukatutako murrizte ordu bakoitzak bi ordu osagarriren balioa izanen du interesdunaren ordutegi pertsonalean. Aipatu den murrizte boluntario hori, adin hori betetzen den urte naturalean hasten den ikasturtean gauzatuko da, eta bateraezina izanen da ordutegiaren bestelako murrizteekin. Horrela, 58 urtetik goitiko irakasle bat departamentuko burua baldin bada, irakastorduetatik kendutako 5 ordu horiek departamentuaren burutzak dituen eginkizunetarako erabiliko ditu. Adina dela kausa eskola ordutegiaren murrizketa duten 58 urtetik goitiko irakasleek, 65 urte betetzearekin batera, murrizketa hori egiteko eskubidea galduko dute, baldin eta jardunean segitzea eskatzen badute; horretan salbuespen izanen dira erretiro sariaren %100 jasotzeko behar den gabealdia ez badute.

e) Departamentuko burutza.

Departamentuko buruek beren irakastorduetako hiru ordu erabiliko dituzte gehienez, curriculum proiektuak egin eta berrikusteko; horretarako lan plana aurkeztu beharko dute. Lanerako plan hori, curriculum zehaztapena osatzen duten departamentuko programazio didaktikoekin batera, ikastetxeko urteko programazio orokorrari batuko zaio, eta dena Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da.

Lan planak ikasturte osoan egin behar diren zereginak hartuko ditu kontuan: bai departamentuko buruak horretarako orduetan eginen dituenak, bai eta jarduera horretarako dauden ordu osagarrietan bertako kide guztiek eginen dituztenak ere. Departamentuko buruek urte hasieran zehaztutako planaren jarraipena eginen dute etenik gabe eta, horretarako, astero departamentuko kide guztiekin lan hori egiteko dauden bi orduetan egiten dituzten saio guztien aktak idatziko dituzte.

Ikasturtearen amaieran, departamentuko buruek aurkeztu beharko dute, beren departamentuari dagokion amaierako memoriarekin batera, ikasturtean curriculumaren alderdiei buruz egin den lana.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, ikasturte osoan, aurkeztu den plana betetzen den aztertuko du.

Baldin eta irakasle batek atal honetan irakastorduak murrizteko adierazi diren baldintzetako bat baino gehiago betetzen badu, 58 urtetik goitikoa izatea barne, ordutegia gehien murrizten dion baldintza/karguari dagokion eskola ordutegia izanen du.

B.-Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen dira astean guztira.

Astean zenbatzeko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, honako hauek sartzen ahalko dira:

a) Zaintza orduak.

b) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

c) Bi ordu astean gutxienez, irakasle guztientzako batera, curriculum proiektua prestatu, berrikusi eta eguneratzeko eginkizunetan. Bidezkoa bada, Hezkuntza Departamentuak sor ditzakeen lan planei kasu emanen zaie. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu jarduera horretan irakasle guztiek parte hartzeko.

d) Astean bi ordu, gutxienez, tutoretza lanak egiteko. Departamentuko buruek bi ordu horiek departamentuko burutzako lanak eta koordinazio pedagogikorako batzordearekin bilerak egiteko erabiliko dituzte.

Zaintza orduak eta aurreko b), c) eta d) ataletan aipatutako ordu osagarrietan egin beharreko jarduerak behar den bezala egiten badira, irakasleek, bakoitzaren ordutegi pertsonalean agertu behar duten asteko 25 orduetara ailegatu arte, honako ordu hauek sartzen ahalko dituzte astean zenbatu beharreko ordu osagarrien artean, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera:

e) Ordu bat astean irakasleek eskola kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

f) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

g) Ikastetxeak erakundeekin batera parte hartzen duen proiektuetan irakaskuntza taldeek lan egiteko orduak.

C.-Zaintzak.

Ikastetxea, eta zuzendaria bereziki, ikastetxearen ordezkaria den aldetik, ikasleen arduraduna da eskolako orduetan; beraz, ikastetxean une oroz behar adina irakasle izan behar da zaintza orduez egoki arduratzeko.

Ikastetxeko ordutegi orokorraren barnean, 9:00etatik 22:00etara, ordu batzuetan ikasle asko biltzen dira eta, batez ere, ikasle gazteenak; ordu horietan zaintzako irakasleak izanen dira, lehentasunez, arduradunak. 16:00etatik 21:00etara arteko tarte osoan, astelehenetik ostiralera, zaintzako irakasleak beharko dira eta, ahal dela, zaintzako bi irakasle.

Ordu guztiak behar bezala beterik baldin badaude soilik, zuzendariak zilegi izanen du zaintzako irakasleren bati beste zeregin batzuk ematea, adibidez, liburutegikoak, koordinazio lanak, etab.

Zaintzako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaindaririk ez duten ikasleei kasu egitea.

b) Korridoreetan ordena zaintzea eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.

c) Beren zaintzaldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

d) Beren zaintzaldian irakasleek duten puntualitate eta asistentziaren berri ematea, idatziz, klase, zaintza, liburutegi eta bestelako jarduerei dagokienez.

Ikasketaburuak zaintza orduei buruzko parte bat prestatuko du egunero, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen da beti. Gutxienez honako datu hauek izanen ditu:

-Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

-Ikastetxeko edozein egoitzatan izan diren gorabeherak.

-Gertatu diren istripuak.

-Zaintzako irakasleen sinadurak.

Zaintza orduetarako adierazten diren helburuak betetzen baldin badira, aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena emanik, ikastetxeak zilegi izanen du zaintzarako plan berariazko bat ezartzea.

Irakasleek zaintza lana eginen dute asteko zenbait ordutan, ikastetxearen beharren arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen direla astean guztira, ikasturtean irakastegunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.

Irakasleren baten zaintza orduak beste jarduera berariazko batzuekin trukatzen ahal dira, baldin zaintza ordu guztiak beteta badaude eta jarduerak klaustroak onesten baditu.

Halaber, "Irakasle praktikak" irakasgaiaren goi mailako ikasleen tutore diren irakasleek zilegi izanen dute beren ordutegian ordu erdi konputatzea tutoretzapeko ikasle bakoitzeko, zaintza orduen ordez, asteko ordu osagarrien atalean.

Ikastetxeren batean, ezarritako ordutegiarekin zaintzak behar bezala betetzeko arazoren bat badago, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ordu banaketa egoki den moduan aldatzeko neurriak hartuko ditu, zuzendaritza taldearekin batera.

D.-Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez egin behar dituen asteko 30 orduak betetzeko, falta diren bost orduak hilean zenbatuko dira eta jarduera hauetarako izanen dira:

a) Klaustroko bileretan parte hartzeko.

b) Ebaluazioko eta irakaskuntza taldeko bileretara joateko.

c) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuk.

Jarduera jakin batzuk egiteko, astean goiz bat gordeko da, eta irakasle guztiek gutxienez 4 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio bilkurak, gurasoen bilerak eta, oro har, ikastetxearen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egiteko.

Ikasketaburuak, zuzendariarekin batera, hiruhilekoetan banatuta planifikatuko ditu aurreikusitako jarduerak. Adierazi diren jarduera horien programazioa hiruhilekoaren hasieran Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da.

3.-Ordutegiak egin, onetsi eta argitaratzea.

Ikasketaburuak ordutegiak prestatuko ditu klaustroak ezarritako irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan ezarri denari jarraikiz; halaber, bermatu eginen da ordutegia funtzionala izatea ikasleentzat, baina lehentasuna zentroaren beharrek izanen dute beti.

Iraileko matrikula egin ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopurua jakinaraziko die departamentuei.

Ordutegiak prestatzean kontuan izanen da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere irakasle lana egiten duten irakasleen egoera, bi zentroetan dituzten ordutegiak bateratu ahal izateko.

Ikastetxean ahal den guztietan, irakasleek ikasleak eta taldeak hautatuko dituzte. Beren espezialitatekoak hautatuko dituzte, halakorik dagoenean; gero, ordutegia osatuko dute, departamentuan bertan antzekoenak diren irakasgaiak hautatuz eta, departamentuko ordu guztiak beteta ere, artean osatu gabeko orduak badituzte, beste departamentu batzuetakoak eta hain antzekoak ez diren beste irakasgai batzuekin osatzen ahalko dituzte.

Departamentuko kideak ikasle eta taldeak hautatzerakoan ados jartzen ez badira, honako prozedura honi jarraituko zaio:

Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunezkoa den irakasgai eta kurtsoko ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak eginen du eta, horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren irakastorduak osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.

Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; ikasketaburuari aktaren kopia emanen zaio.

Arestian adierazi diren ondorioetarako, departamentu bakoitzeko irakasleek hautatzeko duten lehentasuna ordena honen araberakoa izanen da:

1. Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoa.

2. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa.

3. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoan zerbitzu eginkizunetan diharduten funtzionarioak.

4. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan zerbitzu eginkizunetan diharduten funtzionarioak.

5. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.

6. Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.

Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko hiru atalei dagokienez, antzinatasun handiena izateak emanen du eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek ezarriko dira, hurrenez hurren:

-Ikastetxean antzinatasun handiena.

-Kidegoan edo Administrazioan lehenik sartu izana, eszedentzia urteak zenbatu gabe.

-Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien izatea.

6. atalean, lehentasuna ezarriko da, irakasleek Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.

Departamentuari esleitutako irakastorduak kideen ordutegien bidez bete daitezkeenak baino gehiago badira, hautaketa egin baino lehen zehaztuko da zein irakasgai eta kurtso emanen dituzten antzeko espezialitateetako irakasleek, aipatu hautaketan sar ez daitezen. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da, irakasle espezialista batek ezin dituela behe mailako kurtsoak hartu eta goi mailakoak, berriz, espezialistak ez diren irakasleentzat utzi.

Ikasketaburuak frogatu eginen du departamentuko kide guztien irakastorduak eta nahitaez ikastetxean egin behar dituzten gainerakoak bat datozela honako jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta egiaztatu eginen du ikasle guztien eta ikasle talde guztien ardura hartuko den eta orduak bete gabe dituen irakaslerik ba ote dagoen.

Lan horiek guztiak egin ondoren, ikasketaburuak, irakasleen klaustroak ordutegiak egiteko ezarri dituen irizpide pedagogikoak kontuan hartuta, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du, departamentuek egindako irakasgaien eta mailen banaketaren arabera.

Irakasleen eskola ordutegia astean bost egunetan banatuko da, lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere, egunean 5 irakastordu gehienez.

Halaber, ikastetxeko irakasle guztiak tarte jakin batzuetan aldi berean egonen dira ikastetxean; denbora hori gutxienez lau ordukoa izanen da, eta tarte horretan denek egon beharko dute bertan. Ordu horietan klaustroaren bilerak, ebaluazio bilkurak, gurasoen bilerak eta ikastetxearen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk eginen dira.

Ordutegi orokorraren barnean, ikastetxeak ezartzen duen ordu tarte egokienean, egunean 4 ordu gutxienez astelehenetik ostiralera, zuzendaritza karguren batek egon beharko du ikastetxean.

Ikasle baten baja gertatzen bada eta hori betetzen ez bada, irakasleak hutsik duen denbora nola erabili zuzendaritzak erabakiko du:

-Beste ikasle batzuen denborari gehituz: atzeratu egin diren ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sustatzeko...

-Beste jarduera batzuk egiteko.

-Material pedagogikoa prestatzeko.

-Beste zeregin batzuetarako.

Musika-tresnen eskoletan, hala taldekoak nola bakarkakoak, baldin eta ikasle bat ez bada bertaratzen, denbora hori bertaratu diren ikasleei arreta emateko erabiliko da, eta ezin izanen da bertaratu ez diren ikasleei dagokien denbora murriztu eskolak emateko ordu guztien multzotik.

Ikastetxearen ordutegia onesteko, urriaren 31 baino lehen igorri beharko da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

Ikastetxearen ordutegia Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsiko du; onetsi bitartean, irakasleek ikasketaburuak egin eta zuzendariak behin-behinekoz onesten duen ordutegia bete behar dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak hartuko du edozein erreklamazioren gaineko ebazpena.

Beti egonen da, edozeinek ikusi ahal izateko moduan, ikastetxeko eta Ikasketaburutzako iragarki oholean eta ikastetxeko kide guztiek sarbide duten beste tokiren batean, ikastetxearen egoera agertuko duen informazioa, bereziki aipatuz irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia, eta zehazki bakoitzaren ordutegian bildutako irakastorduak, tutoretzak, zaintza orduak, departamentuko bilerak eta abar.

Informazio hori guztia hezkuntza komunitateko kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza ikastetxean zein ordutan egonen den ere adieraziko da.

Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ere eskolak eman behar dituzten irakasleek edo ordutegia hantxe osatu behar dutenek ikastetxe horretako departamentu didaktikoetarako ezarritako hautapen ordenan parte hartu beharko dute.

Ondotik aipatzen diren espezialitateetako funtzionarioek, 2010-2011 ikasturtean espezialitatea aldatzeko eskubidea erabili edo goi mailan irakatsi nahi badute eta hala jakinarazi badiote idatziz ikasketaburuari 2010eko martxoaren 15a baino lehen, eta aukera hori hartzeagatik jatorrizko departamentu didaktikoan ez beste batean jardun behar badute, egin behar duten lanari dagozkion departamentuetako bileretara joan beharko dute:

-Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak, beste espezialitate batzuetakoak, atal honen 4. puntuko 2. taulan espezialitate bakoitzerako ezarritako titulazioen jabe badira.

-Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleak, atal honen 4. puntuko 1. taulan katedradunen kidegoko espezialitate bakoitzerako ezarritako titulazioen jabe badira.

-Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleak, beste espezialitate batzuetakoak, atal honen 4. puntuko 2. taulan katedradunen kidegoko espezialitate bakoitzerako ezarritako titulazioen jabe badira.

Halaber, 2011-2012 ikasturtean espezialitatea aldatzeko eskubidea erabili edo goi mailan irakatsi nahi duten funtzionarioek behin betiko destinoa duteneko ikastetxeko ikasketaburutzari aurkeztu beharko diote beren eskaera, 2011ko otsailaren 14tik 28ra bitarte, aurreko paragrafoetan ezarri den prozedurari jarraituz. Inplikatutako ikastetxeetako ikasketaburutzek hartutako eskaeren eta ukitutako irakasleen eta espezialitateen zerrenda osoa 2011ko martxoaren 7a baino lehen igorriko dute Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, behar den moduan tramitatzeko.

4.-Goi mailan irakasteko baldintzak.

1. taula.

Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek, goi mailako titulazioaren jabe eta eskuineko zutabeko espezialitateen titularrak badira, aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta ezartzen den prozedurari jarraikiz, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoari dagozkion ezkerraldeko zutabeko espezialitateak irakasteko, bi zutabeen arteko korrespondentziari jarraikiz.

KATEDRADUNEN KIDEGOKO

ESPEZIALITATEAK

IRAKASLEEN KIDEGOKO

ESPEZIALITATEAK

Akordeia

Akordeia

Harmonia eta melodia lagundua

Konposizioko oinarriak

Harpa

Harpa

Kantua

Kantua

Klarinetea

Klarinetea

Klabezina

Klabezina

Konposizioa eta instrumentazioa

Konposizioko oinarriak

Kontrabaxua

Kontrabaxua

Abesbatzen eta ahots taldeen zuzendaritza

Abesbatza

Orkestrako eta musika-tresnen taldeko zuzendaritza

Orkestra

Fagota

Fagota

Moko-txirula

Moko-txirula

Zeharkako txirula

Zeharkako txirula

Folklore musikala

Musikaren historia

Gitarra

Gitarra

Ganbera musika

Ganbera musika, antzinakoa

Musikologia

Musikaren historia

Oboea

Oboea

Organoa

Organoa

Pedagogia musikala

Musika hizkuntza

Perkusioa

Perkusioa

Pianoa

Pianoa

Bat-batekotasuna, musika tresnen tonu-aldaketa eta akonpainamendua

Konposizioko oinarriak

Saxofoia

Saxofoia

Tronboia

Tronboia

Tronpa

Tronpa

Tronpeta

Tronpeta

Tuba

Tuba

Txistua

Txistua

Biola

Biola

Biolina

Biolina

Biolontxeloa

Biolontxeloa

2. taula.

Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek -eskuineko zutabeko goi mailako titulazioaren jabe- aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta ezartzen den prozedurari jarraikiz, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoari dagozkion ezkerraldeko zutabeko espezialitateak emateko, bi zutabeen arteko loturarekin bat.

KATEDRADUNEN KIDEGOKO

ESPEZIALITATEAK

ZER GOI MAILAKO TITULAZIO

IRAKASTEN AHAL DEN

Akordeia

Akordeia

Harmonia eta melodia lagundua

Harmonia, kontrapuntua, konposizioa eta instrumentazioa

Harpa

Harpa

Kantua

Kantua

Klarinetea

Klarinetea

Klabezina

Klabezina

Konposizioa eta instrumentazioa

Harmonia, kontrapuntua, konposizioa eta instrumentazioa

Kontrabaxua

Kontrabaxua

Abesbatzen eta ahots taldeen zuzendaritza

Abesbatzen zuzendaritza

Orkestrako eta musika-tresnen taldeko zuzendaritza

Orkestrako zuzendaritza

Fagota

Fagota

Moko-txirula

Moko-txirula

Zeharkako txirula

Zeharkako txirula

Folklore musikala

Musikologia

Gitarra

Gitarra

Ganbera musika

Ganbera musika

Musikologia

Musikologia

Oboea

Oboea

Organoa

Organoa

Pedagogia musikala

Pedagogia musikala

Perkusioa

Perkusioa

Pianoa

Pianoa

Bat-batekotasuna, musika tresnen tonu-aldaketa eta akonpainamendua

Solfeoa, musikaren teoria, tonu-aldaketa eta akonpainamendua

Saxofoia

Saxofoia

Tronboia

Tronboia

Tronpa

Tronpa

Tronpeta

Tronpeta

Tuba

Tuba

Txistua

Txistua

Biola

Biola

Biolina

Biolina

Biolontxeloa

Biolontxeloa

5.-Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasi diren ikastetxean.

Ikastetxeko zuzendariak, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen, aurreko hilabeteko asistentziari buruzko txostenak igorriko ditu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura; horretarako, ikastetxera bidaliko diren ereduak erabiliko ditu.

Asistentzia partearen kopia bat jendaurrean paratuko da, ikusgai, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen. Beste kopia bat eskola kontseiluaren esku jarriko da.

Eredu horietan ikastetxean nahitaez egon beharreko orduei buruzko absentzien eta atzerapenen berri emanen da, kontuan hartuta bakoitzaren ordutegi pertsonala eta alde batera utzita absentzia justifikatuta dagoen ala ez.

Halaber, norberaren ordutegian agertu ez arren, irakasleek egin dituzten jarduera osagarriak aipatuko dira.

Jarduera horietariko bakoitzean parte hartzen duten irakasleak eta egiten dituzten orduak adieraziko dira.

Nolanahi ere, asistentzia orrietan honako arau hauek beteko dira:

-"Hutsegitearen arrazoia" laukia ez da inoiz hutsik utziko eta, hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

-Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira.

-"Hutsegitearen arrazoia" izeneko laukian "Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentzia" jarri ahal izateko, beharrezkoa izanen da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari baimena ematea.

Irakasleek beren lanetan gertatzen den edozein absentzia edo atzerapenen berri emanen diote ikastetxeari, ahalik eta lasterren.

Zuzendariak, justifikazioa aurkezteko epea amaitu eta biharamunean aditzera emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari irakasle baten edozein hutsegite nahiz atzerapen, ikasketaburuari justifikatu gabekoa iruditzen zaiona, bere lansaritik tokatzen den kenketa egiteko eta, hala behar bada, espedientea hasteko. Kasuko irakasleari ere emanen zaio horren berri idatziz.

Irakasleek hutsegitearen frogagiriak aurkeztu behar dizkiote zuzendariari, hark eskatu gabe.

Asistentzia partearen kopia bat jendaurrean paratuko da, ikusgai, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen. Beste kopia bat eskola kontseiluaren esku jarriko da.

Irakasleen hutsegiteen egiaztagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normala aldatzen duten gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta, ondoren, asistentzia orrietan jasoko dira.

IV.-Ikastetxearen jarduna

1.-Alderdi orokorrak.

Kapitulu honetan aipatutako organo horien guztien zeregina irakaskuntzako jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea da, ikastetxearen helburuak era eraginkorrean lortzeko.

2.-Gobernu organoak.

Zuzendaritza taldeak bere irakastorduetatik gehienez ere honako ordu kopurua erabiltzen ahalko du karguetako eginkizunetan:

Zuzendaria: 14 ordu.

Zuzendariordea: 6 ordu.

Ikasketaburua: 13 ordu.

Idazkaria: 11 ordu.

Musika eskoletarako alboko ikasketaburua: 6 ordu.

Dena dela, puntu honetan xedatutakoa egokitu beharko da Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna aplikatzeko araudian ezarritakoa betetzeko.

3.-Kide anitzeko gobernu organoak.

3.1. Eskola kontseilua.

Sortzen diren lanpostu hutsak eskola kontseiluen urteroko deialdiaren ondorioz berrituko dira.

3.2. Irakasleen klaustroa.

Zuzendaria izanen da klaustroko burua, eta ikastetxean diharduten irakasle guztiek osatuko dute.

4.-Irakaslana koordinatzeko organoak.

Irakaslana koordinatzeko organoak: koordinazio didaktikoko departamentuak, koordinazio pedagogikorako batzordea eta tutoreak. Tutore bat izanen da ikasle talde bakoitzeko.

Organo horien guztien zeregina irakaskuntzako jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea da, ikastetxearen helburuak era eraginkorrean lortzeko.

4.1. Koordinazio didaktikoko departamentuak.

A.-Alderdi orokorrak:

Departamentu didaktikoak lan egiteko taldeak dira, eta horien xedea irakasleak ikastetxeko bizitzan integratzea da; departamentu horien erantzukizuna da espezialitate eta irakasgaiei dagozkien ikasketak antolatu eta garatzea, bai eta dagozkien eskumenen esparruan agintzen zaizkien jarduerak egitea ere.

Irakasleek irakaskuntzaren antolakuntzan parte hartzeko duten ohiko bidea dira; halaber, kideek aldian-aldian egiten dituzten bileren bidez, hobekuntza pedagogikoan eta zientifikoan etenik gabe aurrera egiteko bitartekoak dira.

Erantzukizuna eta zuzendaritza departamentuko buruari dagozkio eta, hori ez dagoenean, ikasketaburuari.

B.-Departamentu didaktikoen osaera.

Ikastetxean departamentu didaktiko hauek izanen dira:

-Harizko musika-tresnen departamentua (hari igurtzia eta hari sakatua): harpa, kontrabaxua, gitarra, biola, biolina eta biolontxeloa.

-Haizezko musika-tresnen eta perkusiozkoen departamentua: klarinetea, fagota, moko-txirula, zeharkako txirula, oboea, perkusioa, saxofoia, tronboia, tronpa, tronpeta, tuba eta txistua.

-Teklazko musika-tresnen departamentua: soinua, klabezina, organoa, pianoa eta piano osagarria.

-Konposizioaren, musikologiaren eta musikaren teoriaren departamentua: akonpainamendua, analisia, harmonia, konposizioko oinarriak, musikaren historia eta musika hizkuntza.

-Kantuaren eta musika-tresnen taldeen departamentua: kantua, kantuari aplikatutako atzerriko hizkuntzak, ganbera musika, abesbatza, orkestra, banda eta taldea.

-Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentua.

"Taldea" irakasgaia emanen du kasuan kasuko taldea osatzen duten musika-tresnetakoren baten irakasleak.

Ikastetxeko zuzendaritzak aurreko zerrenda horretan ageri ez diren espezialitateak edo irakasgaiak ematen dituzten irakasleak sartuko ditu egokiena izaten ahal den departamentu didaktikoan, ikastetxearen ezaugarriak eta horiek dituzten espezialitateak kontuan hartuta.

Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentuaren betebeharren artean ikastetxeko jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak programatzea eta garatzea egonen da; departamentu horren barruan bertako burua egonen da eta, eginen den jarduera zehatz bakoitzeko, horren ardura duten eta partaide diren irakasleak. Departamentuko buruak, ikasketaburuaren mende zuzenean dagozkionak ez ezik, honako eginkizun hauek ere izanen ditu:

a) Ikastetxeko Curriculum zehaztapenen prestakuntzan parte hartzea.

b) Departamentuak ikasturte osoan eginen dituen jardueren urteko programa prestatzea. Programa horretan gainerako departamentuen, irakasleen, ikasleen eta gurasoen proposamenak bilduko dira.

c) Ikasleei departamentuaren jarduerei buruzko informazioa ematea, parte har dezaten bultzatzeko.

d) Beste departamentuen, klaustroaren, ikasleen ordezkarien laguntzarekin programatutako jarduerak sustatu, koordinatu eta antolatzea.

e) Kontzertuak, hitzaldiak, ikasleen emanaldiak ikastetxetik kanpo, eskolen arteko trukaketak eta, oro har, ikasleentzat antolatzen den edozein txango edo bidaiaren antolaketa koordinatzea.

f) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek parte hartzea kudeatzea.

g) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko baliabide ekonomikoak banatzea.

h) Egindako jardueren ebaluazioa jasoko duen memoria egin eta urteko programazio orokorraren amaierako memorian sartzea.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere irakasle lana egin behar duten irakasleak, horren ondorioz, ikastetxe horretan dagozkien departamentuetan ere sartuko dira. Halakoetan, irakasleek bi ikastetxeetako departamentu didaktikoek deitzen dituzten bileretara joan behar dute.

C.-Departamentuen eginkizunak.

Departamentu didaktikoen eginkizunak honako hauek dira:

1. Ikasturte bakoitzeko irakaskuntza antolatzea eta programatzea, departamentuko irakasgai edo espezialitateen ikasketak garatuz.

2. Ikasturtea hasi aurretik, departamentuko irakasgai edo espezialitateen programazio didaktikoa egitea. Lan hori departamentuburuak koordinatuta eta haren zuzendaritzapean eginen da, koordinazio pedagogikorako batzordeak ezarri dituen irizpide orokorrei jarraikiz.

Departamentu guztiek beren programazioak indarra duen legediaren arabera egokitu beharko dituzte.

Curriculuma osatzen duten irakasgai eta espezialitateen programazio didaktikoek honako alderdi hauek izanen dituzte:

-Ebaluazioaren helburuak, edukiak eta irizpideak kurtsoen arabera banatzea.

-Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

-Ikasleen ikaskuntzaren ebaluaziorako irizpideak eta prozedurak.

-Erabiliko diren igoera irizpideak; bereziki zainduko dira eskatuko diren gutxienekoak eta kalifikazio irizpideak.

-Gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleentzat errekuperazio jarduerak egitea eta errekuperazio hori lortzeko neurriak hartzea.

-Errepertorioa, erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

-Espezialitate edo irakasgai bat baino gehiago ukitzen duten beste departamentu batzuekin irakaskuntzako jarduera komunak programatzea, esaterako, ganbera musikaren edo taldearen kasuan.

-Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Irakasgai bakoitzaren programazioaren edukia jendaurrean jarri beharko da ikasturtea hasi aurretik, eskolako komunitateko kide guztiek horren berri izan dezaten.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Jarraipenaren berri departamentuko bileretako aktetan jasoko da.

Ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatu eginen du programazio horiek jarraibide hauetan ezarri dena betetzen duten. Horrela ez bada, zuzendaritzak programazio hori hartu eta kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio, berriz egin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio horiek berrikusiko ditu eta, hala denean, departamentu bakoitzera egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du.

3. Departamentua osatzen duten espezialitate edo irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko, irakasleen klaustroaren irizpideei jarraikiz.

4. Behar diren probak egitea, indarrean dagoen arautegian ezarri denarekin eta ebaluazioaren oinarrizko ildoei buruz hartu diren erabakiekin bat.

5. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari ikastetxearen hezkuntza proiektuari buruzko proposamenak aurkeztea.

6. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

7. Koordinazio pedagogikorako batzordeari curriculum zehaztapenak egiteari buruzko proposamenak aurkeztea.

8. Koordinazio pedagogikorako batzordeari onarpen probei eta mailara heltzeko probei buruzko proposamenak aurkeztea.

9. Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek ezarri dituzten irizpideak eta klaustroak zuzendaritza taldeari aurkeztu dizkion proposamenak betez eta Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentuarekin eta Ikasketaburutzarekin elkarlanean arituz.

10. Beste departamentu batzuekin batera lankidetzan aritzea baterako jarduerak antolatzen, bai eskolako jarduerak bai osagarriak, Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentuarekin eta ikasketaburuarekin koordinatuta.

11. Ebaluazioaren prozesuaren ondorioz ikasleek egiten dituzten erreklamazioei buruzko informazioa ematea eta honako jarraibide hauetan adierazi diren kasuetan ebaztea.

12. Departamentuko irakasgai eta espezialitateen programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea eta ebaluazio horrek aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

13. Ikasturtearen amaieran memoria egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

Kurtsoko azken memoriak atal hauek izanen ditu:

a) Emaitzen balorazioa.

-Kalifikazioen estatistikak, talde eta kurtsoen arabera.

-Ikasleen errendimenduaren azterketa, errendimendu horren faktoreak azalduta.

b) Jardunaren balorazioa. Programazioaren garapena.

-Garatutako helburu, eduki eta jardueren balorazioa, bai eta programazioa betetzeko erabilitako metodologia eta baliabideena ere, eta ager litezkeen akatsen arrazoia azaldu eta zuzenketak proposatzea.

-Baldin eta programazio pertsonalizaturik badago, aurreko analisi hori errepikatu beharko da horietariko bakoitzerako, eta azterlan erkatzailea egin.

-Ebaluazioa egiteko erabili diren irizpide, prozedura eta jardueren balorazioa.

-Egindako jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen azalpena eta balorazioa: helburu zehatzak, talde ukituak, balorazioa, aurkitu diren zailtasunak, etab.

c) Curriculum proposamena berrikusi eta eguneratzeari buruz egin den lanaren balorazioa.

14. Irakasleen eguneratze zientifikoa eta didaktikoa bideratuko duten prestakuntza jarduerak sustatzea.

15. Ikaskuntza prozesuan estrategia metodologikoak bideratu eta sustatuko dituzten bitartekoak eta baliabideak aukeratzea. Eginkizun horretarako, departamentuak, besteak beste, honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan: irisgarritasuna eta eraginkortasuna, motibazioa, edukien oparotasuna, errealitatearekiko erlazioa eta ikaskuntza esperientzien antolakuntza.

16. Ebaluazio eta errekuperaziorako irizpide komunak prestatzea.

Ikasleek eta gurasoek eta, hala denean, ikasleen legezko ordezkariek araudian ezarri diren kalifikazio akademiko partzialak jasotzeko aukera izan dezaten, irakasleek ikasleen etenik gabeko ebaluazioa eginen dute.

Ebaluazio hori hiruhilekoa izanen da, eta idatziz jasoko da ikasleek eta, baldin eta adingabeak badira, gurasoek edo legezko ordezkariek horren berri izan dezaten.

Maiatzeko ebaluazio arruntan ebaluazio negatiboko irakasgaiak dituzten ikasleentzako aparteko probak antolatuko dira, indarreko araudian ezarritakoaren araberakoak; proba horiek ekainean eginen dira, 2010-2011 ikasturteko eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituen apirilaren 20ko 121/2010 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

D.-Departamentu didaktikoen osaera.

Irakasleek beren departamentu didaktikoak deitzen dituen bileretara joan behar dute. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere irakasle lana egin behar duten irakasleak bi ikastetxeetan dagozkien departamentuetakoak izanen dira aldi berean.

Irailean, departamentu didaktikoek behar diren bilerak eginen dituzte hurrengo ikasturteko irakasgaien programazioak prestatzeko.

Ikastetxeko ordutegiaren barruan, eskola orduetako bat utziko da gutxienez astean, departamentu didaktikoko kide guztiak bil daitezen; ordu hori ikastetxeko eskola ordutegian agertuko da, bai eta irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean ere.

Bilera horietariko bat, hilean behin, programazioen garapena ebaluatzeko eta ebaluazioak aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak ezartzeko izanen da.

Ekainean, departamentuko kideak bildu eginen dira lan plana, lorpenak eta hurrengo ikasturterako behar dituen zuzenketak aztertzeko; horri dagokion azken memoria eginen da, eta ikastetxeko zuzendaritzari emanen zaio, ekainaren 30a baino lehen, eta, ondoren, zuzendaritzak urteko programazio orokorrari buruzko memorian sartuko du eta, dena, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura uztailaren 10a baino lehen igorriko.

Departamentu didaktikoen bilkura guztien akta eginen da akta liburuan. Akta horiek departamentuburuak egin eta sinatuko ditu.

Halaber, departamentuek, akta liburuaz gain, inbentario liburua ere eguneratua izanen dute eta, bertan, material inbentariagarri guztien zerrenda azalduko da.

Departamentuan, ikasturtean zehar ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak gordeko dira; ikasturtearen bukaeran, ikasleen erreklamazioak aurkezteko epea amaituta, botatzen ahalko dira.

E.-Departamentu didaktikoetako burutza.

Departamentu didaktikoetan elkarlanean aritzen dira, talde lana da; horretan, bertako kide guztiek lagunduko eta parte hartuko dute. Departamentu bakoitzak buru bat izanen du eta bere esku egonen da departamentuaren ardura; bera izanen da departamentuko kideen elkarlana koordinatu eta zuzenduko duena.

Departamentuko burua izendatzea ikastetxeko zuzendariari dagokio eta irailean eginen du; kargu horrek ikasturte bateko iraupena izanen du.

Zuzendariak bertako kideen artean izendatuko du burua, departamentuaren iritzia entzun ondoren. Burutza hori behin betiko destinoa ikastetxean duen batek bete behar du, baldin eta horrelakorik badago.

Era berean, zuzendariak ikastetxeko irakasle bat izendatuko du Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentuko buru, gainerako departamentuetako buruei entzun ondoren.

Departamentuburuak departamentuaren ardura du eta eginkizun hauek:

-Departamentuko lana zuzentzea.

-Bilerak antolatu, prestatu, deitu eta zuzentzea.

-Lanak kideen artean banatzea.

-Departamentuak curriculum proiektua prestatzeko egin behar duen proposamena koordinatzea.

-Koordinazio pedagogikorako batzordeko kide den neurrian, ikastetxeko curriculum proiektuen prestakuntzan parte hartzea.

-Departamentuko programazioak eta ikasturte azken memoria idaztea.

-Urriaren 10a baino lehen programazioen ale bat ikastetxeko zuzendariari ematea.

-Programazioak betetzen diren begiratzea, gutxieneko eduki eta mailei dagokienez.

-Ikasketaburuarekin eta kasuan kasuko departamentuekin elkarlanean aritzea, batera egin behar diren irakaskuntzako jardueren plangintzan.

-Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

-Departamentuan atzematen den edozein akatsen berri ikasketaburuari ematea.

-Bilera bakoitzaren akta egin eta akta liburuaren ardura izatea.

-Inbentario liburuaren eguneratzea bermatzea.

-Departamentuari esleitu zaizkion eremu, instalazio, material eta ekipamenduen erabilera koordinatzea eta horiek mantentzea.

-Departamentuak material eta ekipamendu zehatza eskuratzeari buruz dituen proposamenak aurkeztea.

-Zuzendaritza taldearekin elkarlanean aritzea beste ikastetxe edo erakunde batzuekiko harremanak sustatzen, horiekin prestakuntza jarduera osagarriak antolatzeko.

4.2. Koordinazio pedagogikorako batzordea.

A.-Koordinazio pedagogikorako batzordea eratzea.

Koordinazio pedagogikorako batzordea irailean eratuko da. Honako hauek osatuko dute: zuzendaria, batzordeburu izanen dena; zuzendariordea; ikasketaburua; musika eskoletarako alboko ikasketaburua; eta departamentuburuak.

Batzordeko buruak idazkari bat izendatuko du, koordinazio pedagogikorako batzordeko kideen artetik hautatuta.

B.-Koordinazio pedagogikorako batzordearen eskumenak.

Koordinazio pedagogikorako batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

-Curriculum zehaztapenen prestakuntza zuzendu eta koordinatzea, bai eta egin litezkeen aldaketak ere, eta proiektua idazteko ardura hartzea.

-Klaustroak aurkeztutako irizpideetatik abiatuta, curriculum zehaztapena egiteko ildo orokorrak ezartzea. Izan ere, departamentu didaktikoek beren lana egitean kontuan hartu beharko dituzte iritzi horiek. Horrela barne koordinazio eta koherentzia bermatuko da.

-Hezkuntza proiektuaren, curriculum proposamenaren eta curriculumaren garapenaren arteko koherentzia ziurtatzea.

-Curriculum zehaztapenak eta haren aldaketak klaustroari proposatzea, ebaluatu eta onets ditzan.

-Curriculum proposamena ikastetxeko irakaslanean betetzen den begiratzea, bai eta ebaluazioa egiten den ere.

-Ebaluaziorako nahiz kalifikaziorako saioen plangintza orokorra eta azterketen egutegia klaustroari proposatzea, ikasketaburuarekin bat.

-Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana egiteko proposamena klaustroari helaraztea.

-Irakasleen klaustroari proposatzea honako hauek ebaluatzeko plana: curriculum proposamena, hezkuntza proiektuko irakaskuntza arloak eta urteko programazio orokorra, ikastetxeko eskola errendimenduaren bilakaera eta irakaskuntza prozesua.

-Barne ebaluazio bat egitea, non aztertuko baitira planaren garapenean gertatzen diren aurrerapenak eta oreka faltak, eta, halaber, kasua bada, horiek zuzentzeko neurriak hartzea edo haien gaineko erabakiak.

-Koordinazio pedagogikorako batzordearen beraren funtzionamenduari buruzko txostena eskola kontseilura igortzea kurtso bukaeran; kurtsoko amaierako memorian sartuko da.

4.3. Tutoreak.

A.-Tutorearen izendapena.

Tutoretza eta ikasleen irakaskuntzako orientazioa eta orientazio profesionala irakaslanaren zereginak izanen dira.

Ikasle guztiak irakasle-tutore baten ardurapean egonen dira; hots, musika-tresnako irakaslearen ardurapean.

B.-Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

-Ikasketaburuak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezko bilerak egitea.

-Ikasketaburutzak deitzen dituen ebaluazio bileretan mahaiburu izatea bere ikasleei dagokienez.

-Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

-Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

-Ikasleei, 18 urtetik beherako ikasleen gurasoei edo legezko ordezkariei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntzako jarduerei eta eskolako errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

-Irakasleen eta gurasoen edo legezko ordezkarien arteko hezkuntzako lankidetza erraztea.

-Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren ahalbideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten aukerei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

-Beren taldeko ikasleen etenik gabeko ebaluazioaren jarraipena egitea.

C.-Tutoretza orduak.

Irakasle-tutoreak astero bi ordu bete beharko ditu gurasoei edo ikasleen legezko ordezkariei kasu egiteko eta, hala denean, ikasleak zaintzeko eta aurreko paragrafoan aipatu diren ikasketaburutzako bileretara joateko. Tutoretzako ordu horiek irakasle bakoitzaren ordutegian azalduko dira, eta ikasturtea hasten denean jakinaraziko zaizkie gurasoei edo, hala denean, ikasleen legezko ordezkariei eta ikasleei.

Ordutegia egiten denean ahaleginak eginen dira ikasleen ordu askeak eta tutoreari esleitu zaizkion orduetariko bat bateratzeko, tutorea ikasleekin biltzeko aukera egon dadin.

V.-Ikasleen eskubideak eta betebeharrak

1.-Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarrituko zaio.

2.-Ikasleen asistentzia.

Ikasle ofizial guztien eskubidea eta betebeharra da klaseetara joatea, eta inoiz ez da zilegi izanen borondatezko asistentzia duen sistemarik ezartzea ikaslea matrikulaturik dagoen irakasgaietan.

Zenbait egun jakinetan arrazoi batengatik edo bestearengatik ikasle gutxi egonagatik ere, ikastetxeak eta irakasleek normalki eman beharko dituzte klaseak.

Hutsegiteak gurasoek edo ikasleen legezko ordezkariek justifikatu beharko dituzte irakasle-tutorearen aurrean, eta ikasketaburutzak onetsi beharko du.

Inoiz juzgatzen baldin bada ikasle batek behin eta berriz eta oinarririk gabe justifikatzen dituela bere hutsegiteak, ikasketaburuak zilegi izanen du neurri zuzentzaileak hartzeko proposamena egitea eskola kontseiluari, justifikazioak hobeki kontrolatzearren.

18 urtez goitiko ikasleek -hutsegiteen justifikazioak berek aurkeztea hautatzen dutenek-, edozein lan harremanetan eskatzen ahal direnen pareko frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Orain arte aipatutakoa kontuan hartuta, eskola kontseiluak finkatu egin beharko du, barne araubiderako erregelamenduan, nola arautu ikasleen hutsegiteak eta horiek zer zehapen izanen duten.

3.-Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasle guztiek eskubidea dute beren kalifikazioan eragina izanen duen edozein azterketa edo proba idatzi zuzendua eta kalifikatua ikusteko.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio irizpideen berri, hala nola balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko emaitzena, kalifikazio irizpideena eta ikasketak ebaluatzeko ikasturtean erabiliko diren prozedurena.

Irakasle titularrak emanen ditu ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak. Ebaluazioa egiteko tresnei buruzko informazioa ere emanen die eta ikasleek zilegi izanen dute egin dituzten idatzizko proba, ariketa eta lanak ikusi eta irakaslearekin batera aztertzea.

Ebaluazioa egiteko tresnak ikasturte amaierako kalifikazioak eman edo azken erabakiak hartu ondoko hiru hilabeteetan gordeko dira gutxienez, erreklamazioak izaten direnean izan ezik, horiei dagokien prozesua itxi arte gordeko baitira.

Ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute balorazio eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea. Informazio hori eman ondoren ados ez badaude izandako azken kalifikazioarekin, hura berriz aztertzeko eskatzen ahalko diote idatziz ikasketaburuari, jakinarazpena egin eta bi egun balioduneko epean.

Azken kalifikazioa eta/edo agiria eskuratzekoa berraztertzen baldin bada, departamentu didaktikoek edo, kasua bada, epaimahaiek, hurrengo egun baliodunean, berraztertzeko eskakizunak ikusi eta dagozkien txostenak eginen dituzte. Txostena ikasketaburuari igorriko zaio eta horrek kopia bat bidaliko die ikasleei edo, hala behar denean, haien gurasoei.

Ikastetxeetan berraztertzeko prozesua agortzen duten ikasleek zilegi izanen dute, dela nork bere kasa, dela guraso edo tutoreen bitartez, ikastetxeko zuzendariari eskatzea erreklamazioa Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igor dezala, azken jakinarazpena egin eta bi egun balioduneko epean.

Ikastetxeko zuzendariak, gehienez ere hiru egun balioduneko epean, espedientea Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira bidaliko du. Espedientea jasotzen duenetik hamabost egun balioduneko epean, zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak kontuan izanik. Ebazpen horrek administrazio bidea amaituko du.

Ikaslearen erreklamazioaren aldeko ebazpena ematen baldin bada arestian aipatutako instantzietakoren batean, dagokion zuzenketa agerraraziko da ebaluazio agirietan, ikastetxeko idazkariak sinatutako eta zuzendariak ikus-onetsitako eginbidearen bitartez.

Kalifikazioen kontrako berraztertze eskaerak eta erreklamazioak jarraibide hauetan ezarritakoari lotuko zaizkio, eta, jarraibide hauetan arautu ez diren aferetarako, 1995eko abuztuaren 28ko Aginduari (1995eko irailaren 20ko EAO).

VI.-Onartzeko irizpideak eta matrikulazioa

1.-Onarpena eta matrikulazioa.

Ikasleen onarpenari dagokiona irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

Ikasleek hurrengo kurtsoan matrikula luzatzeko eskatzen ahalko diote ikastetxeko zuzendaritzari, abenduaren 15a baino lehen.

Ikastetxeko zuzendariak eskaerak eta behar diren agiriak Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira igorriko ditu, urtarrila baino lehen. Baimena edo ukoa, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena eman ondoren, kasuan kasuko ikasturteko urtarrilaren 20a baino lehen jakinaraziko zaio.

2.-Matrikulari uko egitea.

Ikasleek egindako matrikula deuseztatzeko eska dezakete, apirilaren 30a baino lehen, baldin eta agiri bidez eta zinez frogatzen badute inguruabar hauetakoren bat gertatzen dela:

-Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.

-Lanpostu bat eskuratu izana.

-Familiako beharkizunak izatea.

Ikaslearen irakasleei entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi eta matrikulari uko egiteko baimena emanen du, baldin eta aipatu arrazoi horietako bat frogatzen bada eta, hori dela medio, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normalki joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.

Aipatu arrazoiak ez bezalako beste arrazoi berezi batzuk daudenean, matrikulari uko egiteko eskabidea, horrekin batera txosten bat eta, hala bada, egokia den dokumentazioa igorriko du zuzendariak Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira, bidezkoa den ebazpena eman dadin.

Matrikulari uko egiteko baimena ematen den kasu guztietan, dagokion eginbidea agertaraziko da ikaslearen ikasketen espedientean eta kontuan hartuko da uko horrek baimendu den ikasturte horretarako bakarrik balio duela. Halakoetan, ikasleari ez zaizkio zenbatuko horri dagozkion deialdiak.

Matrikula deuseztatu arren ez dira ordaindutako tasak itzuliko.

Matrikula deuseztatu duten ikasleek, hurrengo ikasturtean, beren ikasketak egiten segi dezakete ikastetxe berean. Ondorengo ikasturteetan ikasketetara itzultzeko, indarra duen araudian ezarritako sarrerako prozedura arruntean sartu beharko dute (sarrera proba bat gainditu) eta dauden ikastoki hutsen arabera izanen dute tokia.

Deuseztatutako ikasturtea ez da zenbatuko ez kurtsoan egoteko denborari ez musikako ikasketa profesional guztietan egoteko denborari dagokionez.

Musikako lanbide ikasketetako espezialitate bateko kurtso batean behin bakarrik deuseztatzen ahalko da matrikula.

VII.-Beste jarraibide batzuk

1.-Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Administrazioak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko ditu irakasle funtzionarioen kontrako auzietatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarriak; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek, euren jardunean letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.-Ikastetxeko langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko zuzendariaren baimen espresa beharko dute bai irakasleek bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.

3.-Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Ikastetxeek sustatu beharko dute eskola ingurune egokia sortzea, ikasle guztien eta eskola komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak beteko dituena, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko dituzte.

Xede horrekin, ikastetxeetako hezkuntza planetan bizimodu eta ohitura osasungarriak sartzea proposatzen da, alderdi hauekin lotuta: elikadura (ez da gomendatzen ikastetxean izatea litxarreriak eta opil industrialak saltzen dituzten makinak egotea), ariketa fisikoa egitea (eskolaz kanpoko jardueretan edo jokoetan), gorputzaren garbitasuna (larruazala, ilea, hortzak) eta jarrerena (bizkarra), segurtasuna eta istripuen prebentzioa, drogamendekotasunen prebentzioa, eta heziketa afektibo-sexuala.

Era berean, ikastetxeetako eskola kontseiluek zainduko dute ikastetxeetan eta prestakuntza zentroetan erretzeko erabateko debekua bete dadin, egungo legerian jasota baitago, eta behar diren neurriak hartuko dituzte ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko barne araudia prestatzerakoan.

4.-Berdintasuna.

Aukera Berdinatsunerako Plana (2009-2011) garatzen lagundu eta aholku emateko, Hezkuntza Departamentuak Baterako Hezkuntzaren Programa jarri du abian, ikastetxeei prestakuntza, laguntza eta aholkularitza emateko. Diagnostikorako mintegi batekin hasiko da eta, horretan oinarrituta, ikastetxeek hobekuntzarako konpromisoak hartzen ahalko dituzte, beren urteko programazio orokorrean berdintasuna eta baterako hezkuntzaren ikuspegia pixkanaka txertatzeko.

Ondoren, baterako hezkuntzaren mintegiak ikastetxeei aukera emanen die beren konpromisoak ikasturte bakoitzean pixkanaka txertatzen joateko; horretarako, beharrezkoak diren koordinazioa, prestakuntza, materialak eta baliabide didaktikoak izanen dituzte.

Ikasturte bakoitzean, diagnostikoa egin nahi duten eta hobekuntzarako konpromisoak hartu nahi dituzten ikastetxeak programa honetan sartzen ahalko dira, irakasleen prestakuntza planean egiten den deialdiaren bitartez.

Ikastetxe parte-hartzaile guztiek helburuak, materialak, baliabideak eta jardun onak partekatuko dituzte Nafarroako Baterako Hezkuntzaren Sarearen esparruan. Sare horretan parte hartzearen ondoriozko konpromisoak hartzen dituzten ikastetxeek aukera izanen dute Baterako Hezkuntzaren Programan jarraitzeko.

Konpromisoak UPOan sartzeaz gainera, ikastetxe bakoitzak horien betetze eta garapenari buruzko txostena erantsiko dio kurtso bukaerako memoriari.

5.-Ikastetxeez kanpoko jendea sartzea.

Ikastetxean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek ikastetxeko zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Kasu batean zein bestean baimen hori idatziz agertuko da ikastetxeko agiritegian.

Hori guztia ez da inoiz izanen legeak aitortzen dituen eskubide sindikaletarako oztopo.

6.-Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza taldeak ardura hartuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

II. ERANSKINA

Iruñeko Dantza Eskola Berariazkoaren jarduna
2010-2011 ikasturtean arautzeko jarraibideak

Iruñeko Dantza Eskola Berariazkoak balio akademikorik eta profesionalik ez duten dantza ikasketak ematen ditu, Nafarroako Foru Komunitateko musika eta dantza eskolen funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

I.-Ikastetxeko urteko programazio orokorra

1.-UPOaren edukia.

Dantza Eskola Berariazkoak, ikasturtea hasi aurretik, urteko programazio orokorra eginen du; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak koordinatuko ditu, eta beren eskumenak zuzen betetzen direla eta eskola komunitateko arlo guztiek esku hartzen dutela bermatuko du.

Dantza Eskola Berariazkoak balio ofizialik gabe eskaintzen dituen ikasketei buruzkoa izanen da urteko programazio orokorra.

Urteko programazio orokorrak honako atal hauek izanen ditu:

A.-Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura egiteko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

B.-Irakaskuntza jarduerak, Dantza Eskola Berariazkoaren Plan Pedagogikoan ageri diren ikasketei dagozkienak.

C.-Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

D.-Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

E.-Memoria administratiboa.

A.-Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura egiteko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Ikastetxeko ordutegi orokorra klaustroaren iritzia aditu ondoren zuzendaritza taldeak eginen du, eta bide eman beharko du ikastetxe bakoitzeko urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, ikastetxeko ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Ikastetxea eskola komunitatearentzat irekita egonen den ordutegia.

b) Ikasleen eskola orduak.

c) Ikasleek eskolakoak ez diren jarduerak egiteko izanen duten ordutegia.

d) Ekain eta iraileko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan probak eta azken ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, bai eta kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Maiatzaren 8aren aurretik, ikastetxeek aipatu diren jarduera horien behin betiko egutegia igorriko dute Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

e) Irakasleen ordutegi orokorra.

f) Irakasleen norbanako ordutegia.

Ikastetxeko ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz gain, honako irizpide hauek:

-Dantza Eskola Berariazkoaren ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, goizez eta arratsaldez, 9:30etik 14:30era arte eta 16:30etik 22:00ak arte.

-Ikastetxeko zuzendaritzak neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.

-Irakasleek ordutegien arloan izaten ahal dituzten nahiak ezin dira inoiz izan klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak, edota arte ikasketen ordutegia eta araubide orokorrekoena bateratzeak ikasleei sortzen dizkien beharren kontrakoak.

B.-Dantza Eskola Berariazkoaren Plan Pedagogikoan ageri diren irakaskuntza jarduerak.

Irakasleen klaustroak ikastetxearen irakaskuntzako jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio, urteko programazio orokorrean sar ditzan.

Programazioak espezialitate bakoitzeko irakasleek eginen dituzte, Plan Pedagogikoan ezarritako ikasketen arabera, eta zuzendaritza taldeari igorriko zaizkio, ikastetxeko urteko programazio orokorrean sar ditzan.

C.-Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

Dantza Eskola Berariazkoak prestakuntza plana izanen du ikastetxeko irakasleentzat.

Zuzendaritza taldea izanen da, irakasleen beharrak abiaburutzat hartuta, irakasleen klaustroari prestakuntzako planaren proposamena aurkeztuko diona.

D.-Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Planteatzen diren jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak irakaskuntzako ekintzak osatu edo garatzeko izanen dira. Jarduera horiek aurrez irakasleen klaustroak ematen dituen jarraibideei egokituko zaizkie.

E.-Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak eginen du eta bertan sartuko da, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua.

Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskola jarduerak hasi eta 20 eguneko epean.

2.-UPOa prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren eta eskola kontseiluaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta.

Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra era egokian egiteko jarduketa egutegia ezartzea.

Dantza Eskola Berariazkoaren urteko programazio orokorra irakasleen klaustroak onetsi behar du. Urteko programazio orokorra eskola jarduerak hasi eta gehienez ere 20 eguneko epean onetsiko da.

Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da, urriaren 31 baino lehen; beste ale bat ikastetxearen idazkaritzan jasoko da, irakasleek aztertu ahal izateko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Urteko programazio orokorra ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharrekoa izanen da.

Ikasturtea bukatutakoan, zuzendaritza taldeak ebaluatu eginen du urteko programazio orokorra zenbateraino bete den. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da, uztailaren 10a baino lehen.

II.-Ikasketen ordu banaketa

Talde bakoitzean gehienez ere 20 ikasle izanen dira oinarrizko mailan, eta eskola orduen kopurua, astero eta irakasgai guztietan, jarraian ezartzen denari egokituko zaio:

Plan Pedagogikoa:

-Ikasketen ordu banaketa.

Hastapena-a: 2 ordu.

Hastapena-b: 2 ordu.

-Oinarrizko maila - Komunak bi espezialitateetarako.

1. Oinarrizkoa.

-Dantza klasikoa: 2 ordu.

-Folklorea: ordubete.

-Sormeneko mugimendua: ordubete.

2. Oinarrizkoa.

-Dantza klasikoa: 2 ordu.

-Dantza espainiarra: 2 ordu.

-Sormeneko mugimendua: ordubete.

3. Oinarrizkoa.

-Dantza klasikoa: 3 ordu.

-Dantza espainiarra: 2 ordu.

-Sormeneko dantza: ordubete.

4. Oinarrizkoa.

-Dantza klasikoa: 4 ordu.

-Dantza espainiarra: 3 ordu.

-Sormeneko dantza: ordubete.

-Erdi maila - Dantza klasikoa.

1. zikloa 1. kurtsoaErdi maila.

-Dantza klasikoa: 6 ordu.

-Bariazioak, oin-puntak: 2 ordu.

-Koreografia l.: 1,30 ordu.

-D. garaikidea: 2 ordu.

1. zikloa 2. kurtsoa Erdi maila.

-Dantza klasikoa: 7,30 ordu.

-Bariazioak, oin-puntak: 2,30 ordu.

-Koreografia l.: 1,30 ordu.

-D. garaikidea: 2 ordu.

2. zikloa 1. kurtsoa Erdi maila.

-Dantza klasikoa: 7,30 ordu.

-Bariazioak, oin-puntak: 3,30 ordu.

-Koreografia l.: 1,30 ordu.

-D. garaikidea: 3 ordu.

2. zikloa 2. kurtsoa Erdi maila.

-Dantza klasikoa: 7,30 ordu.

-Bariazioak, oin-puntak: 3,30 ordu.

-Koreografia l.: 1,30 ordu.

-D. garaikidea: 4 ordu.

-Erdi maila - Dantza espainiarra.

1. zikloa 1. kurtsoa Erdi maila.

-Dantza klasikoa: 6 ordu.

-Bolero Eskola: 2 ordu.

-Dantza flamenkoa: 2 ordu.

-Dantza estilizatua: ordubete.

1. zikloa 2. kurtsoa Erdi maila.

-Dantza klasikoa: 6 ordu.

-Bolero Eskola: 2,30 ordu.

-Dantza flamenkoa: 3 ordu.

-Dantza estilizatua: 1,30 ordu.

2. zikloa1. kurtsoa Erdi maila.

-Dantza klasikoa: 6 ordu.

-Bolero Eskola: 2,30 ordu.

-Dantza flamenkoa: 3,30 ordu.

-Dantza estilizatua: 3 ordu.

2. zikloa 2. kurtsoa Erdi maila.

-Dantza klasikoa: 6 ordu.

-Bolero Eskola: 2,30 ordu.

-Dantza flamenkoa: 3,30 ordu.

-Dantza estilizatua: 3 ordu.

-Helduendako kurtso irekiak.

Dantza klasikoa:

1. maila: 3 ordu hasierako mailan.

2. maila: 3 ordu maila aurreratuan.

Dantza garaikidea:

Hasierako maila: 2 ordu.

Erdi maila: 2 ordu.

Maila aurreratua: 3 ordu.

Dantza espainiarra:

Hasierako maila: 2 ordu.

Erdi maila: 2 ordu.

Maila aurreratua: 3 ordu.

III.-Irakasleak

1.-Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldia izanen dute, beren eginkizunetara egokitua. Irakasleentzat jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian ere jaiegun direnak.

Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte. Dena dela, Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna arautzen duen araudian ezarritakora egokitu beharko da bertan xedatutakoa.

Ekain-irailetako eskola gabeko lan egunetan, baimena ematen ahalko zaie irakasleei egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egiteko.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, irakastorduetan eta ordu osagarrietan banatuta. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaslana prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta batzorde eta epaimahaietan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.

2.-Orduen banaketa.

Ikastetxean bertan eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.-Irakastorduak.

Ikasleekin irakaslan zuzenean emandakoak jotzen dira irakastordutzat.

Irakasleek, oro har, hamazazpi irakastordu izanen dituzte. Zilegi izanen da hemeretzi irakastordura ailegatzea, gehienez, betiere departamentuaren ordu banaketak hala eskatzen duenean eta beti haren barrenean.

Irakastorduak zenbatzerakoan jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Zuzendaritza taldeak bere irakastorduetatik gehienez ere honako ordu kopurua erabiltzen ahalko du karguetako eginkizunetan: zuzendariak, 9 ordu; ikasketaburuak, 6 ordu eta idazkariak, 3 ordu. Dena dela, Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunearen arauetan ezarritakora egokitu beharko da bertan xedatutakoa.

b) 55 urtetik goitiko irakasleak.

55 urtetik goitiko irakasleen kasuan Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren araudian ezarritakoa aplikatuko da.

Lanaldi osoa duten 58 urtetik goitiko irakasleek zilegi izanen dute, nahi badute, beren irakastorduak murriztea, gehienez ere bost ordu kenduz, nahiz horrek ez duen esan nahi astean ikastetxean egon beharreko orduak gutxituko direnik. Salbuespenez, eta ikastetxeak hala behar duenean, murrizte hori ezinezkoa denean, ukatutako murrizte ordu bakoitza irakasleek urtean nahitaez egin beharreko prestakuntzako 35 orduen ordez konputatuko da. Aipatu den murrizte boluntario hori, adin hori betetzen den urte naturalean hasten den ikasturtean gauzatuko da, eta bateraezina izanen da ordutegiaren bestelako murrizteekin. Adina dela kausa, eskola ordutegiaren murrizketa duten 58 urtetik goitiko irakasleek, 65 urte betetzearekin batera, murrizketa hori egiteko eskubidea galduko dute, baldin eta jardunean segitzea eskatzen badute; horretan salbuespen izanen dira erretiro sariaren %100 jasotzeko behar den gabealdia ez dutenak.

B.-Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen dira astean guztira, ikasturtean irakastegunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.

Astean zenbatzeko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, honako hauek sartzen ahalko dira:

a) Zaintza orduak.

b) Astean bi ordu, gutxienez, programazio didaktikoak egiteko eta, hala denean, horiek berrikusi eta eguneratzeko. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu jarduera horretan irakasle guztiek parte hartzeko.

Zaintza orduak eta ordu osagarrietan egin beharreko jarduerak behar den bezala egiten badira, irakasleek, bakoitzaren ordutegi pertsonalean agertu behar duten asteko 25 orduetara ailegatu arte, honako ordu hauek sartzen ahalko dituzte astean, zenbatu beharreko ordu osagarrien artean, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera:

a) Bulegoko orduak, zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako.

b) Ikastetxeak erakundeekin batera parte hartzen duen proiektuetako irakaskuntza taldeek lan egiteko orduak.

c) Astean bi ordu, gutxienez, tutoretza lanak egiteko.

C.-Zaintzak.

Ikastetxea, eta zuzendaria bereziki, ikastetxearen ordezkaria den aldetik, ikasleen arduraduna da eskolako orduetan; beraz, ikastetxean une oroz behar adina irakasle izan behar da zaintza orduez egoki arduratzeko.

Ordu guztiak behar bezala beterik baldin badaude soilik, zuzendariak zilegi izanen du zaintzako irakasleren bati beste zeregin batzuk ematea, adibidez, liburutegikoak, koordinazio lanak, etab.

Zaintzako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaindaririk ez duten ikasleei kasu egitea.

b) Korridoreetan ordena zaintzea eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.

c) Bere txandan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, baita ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako dilijentziak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

d) Beren zaintzaldian irakasleek duten puntualitate eta asistentziaren berri ematea, idatziz, klase, zaintza, liburutegi eta bestelako jarduerei dagokienez.

Ikasketaburutzak zaintza orduei buruzko parte bat prestatuko du egunero, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen da beti. Gutxienez honako datuak izanen ditu:

-Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

-Ikastetxeko edozein egoitzatan izan diren gorabeherak.

-Gertatu diren istripuak.

-Zaintzako irakasleen sinadurak.

Zaintza orduetarako adierazten diren helburuak betetzen baldin badira, aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena emanik, ikastetxeak zilegi izanen du zaintzarako plan berariazko bat ezartzea.

Irakasleek zaintza lana eginen dute asteko zenbait ordutan, ikastetxearen beharren arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen direla astean guztira, ikasturtean irakastegunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.

Irakasleren baten zaintza orduak beste jarduera berariazko batzuekin trukatzen ahal dira, baldin zaintza ordu guztiak beteta badaude eta jarduerak klaustroak onesten baditu.

Ikastetxeren batean, ezarritako ordutegiarekin zaintzak behar bezala betetzeko arazoren bat badago, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ordu banaketa egoki den moduan aldatzeko neurriak hartuko ditu, zuzendaritza taldearekin batera.

D.-Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez egin behar dituen asteko 30 orduak betetzeko, falta diren bost orduak hilean zenbatuko dira eta jarduera hauetarako izanen dira:

a) Klaustroko bileretan parte hartzeko.

b) Ebaluazioko eta irakaskuntza taldeko bileretara joateko.

c) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuk.

Jarduera jakin batzuk egiteko, astean goiz bat gordeko da, eta irakasle guztiek gutxienez 4 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio bilkurak, gurasoen bilerak eta, oro har, ikastetxearen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egiteko.

Ikasketaburuak, zuzendariarekin batera, hiruhilekoetan banatuta planifikatuko ditu aurreikusitako jarduerak. Adierazi diren jarduera horien programazioa hiruhilekoaren hasieran Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da.

3.-Ordutegiak egin, onetsi eta argitaratzea.

Ikasketaburutzak ordutegiak prestatuko ditu klaustroak ezarritako irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan ezarri denari jarraikiz; halaber, bermatu eginen da ordutegia funtzionala izatea ikasleentzat, baina lehentasuna zentroaren beharrek izanen dute beti.

Iraileko matrikula egin ondoren, ikasketaburuak klaustroari jakinaraziko dio irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopurua, matrikulazio datuen arabera.

Ikastetxean ahal den guztietan, irakasleek ikasleak eta taldeak hautatuko dituzte. Beren espezialitatekoak hautatuko dituzte, halakorik dagoenean; gero, ordutegia osatuko dute, antzekoenak diren irakasgaiak hautatuz eta, ordu guztiak beteta ere, artean osatu gabeko orduak badituzte, hain antzekoak ez diren beste irakasgai batzuekin osatzen ahalko dituzte.

Ikasleak eta taldeak hautatzerakoan ados jartzen ez badira, honako prozedura honi jarraituko zaio:

Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunezkoa den irakasgai eta kurtsoko ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak eginen du eta, horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren irakastorduak osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.

Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta sinatua eginen da, eta ikasketaburuari aktaren kopia emanen zaio.

Aurrean adierazi diren ondorioetarako, irakasleek hautatzeko duten lehentasuna ordena honen araberakoa izanen da:

1. Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoa.

2. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa.

3. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoan zerbitzu eginkizunetan diharduten funtzionarioak.

4. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan zerbitzu eginkizunetan diharduten funtzionarioak.

5. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.

6. Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.

Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko hiru atalei dagokienez, antzinatasun handiena izateak emanen du eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek ezarriko dira, hurrenez hurren:

-Ikastetxean antzinatasun handiena.

-Kidegoan edo Administrazioan lehenik sartu izana, eszedentzia urteak zenbatu gabe.

-Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien izatea.

6. atalean, lehentasuna ezarriko da irakasleek Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.

Ikasketaburuak begiratuko du Klaustroko kide guztien irakastorduak eta nahitaez ikastetxean egin behar dituzten gainerakoak bat datozen honako jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta egiaztatuko du ikasle guztien eta ikasle talde guztien ardura hartuko den eta orduak bete gabe dituen irakaslerik ba ote dagoen.

Hori guztia egin ondoren, ikasketaburuak, irakasleen klaustroak ordutegiak egiteko ezarri dituen irizpide pedagogikoak kontuan hartuta, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du.

Irakasleen eskola ordutegia astean bost egunetan banatuko da, salbu eta denbora partzialerako kontratatu diren irakasleen kasuan eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak kontuan hartzen dituen beste egoera batzuetan. Nolanahi ere, egunean 5 irakastordu gehienez.

Halaber, ikastetxeko irakasle guztiak tarte jakin batzuetan aldi berean egonen dira ikastetxean; denbora hori gutxienez lau ordukoa izanen da eta tarte horretan denek egon beharko dute bertan.

Ordutegi orokorrean ahaleginak eginen dira ahalik eta denborarik gehienean ikastetxean zuzendaritzako karguren bat egon dadin.

Ikasle baten baja gertatzen bada eta hori betetzen ez bada, irakasleak hutsik duen denbora nola erabili zuzendaritzak erabakiko du:

-Beste ikasle batzuen denborari gehituz: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sustatzeko, etab.

-Beste jarduera batzuk egiteko.

-Material pedagogikoa prestatzeko.

-Beste zeregin batzuetarako.

Ikastetxearen ordutegia onesteko, urriaren 31 baino lehen igorri beharko da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

Ikastetxearen ordutegia Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsiko du; onetsi bitartean, irakasleek ikasketaburutzak egin eta zuzendaritzak behin-behinekoz onesten duen ordutegia bete behar dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak hartuko du edozein erreklamazioren gaineko ebazpena.

Beti egonen da, edozeinek ikusi ahal izateko moduan, ikastetxeko eta Ikasketaburutzako iragarki oholean eta ikastetxeko kide guztiek sarbide duten beste tokiren batean, ikastetxearen egoera agertuko duen informazioa, bereziki aipatuz irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia, eta zehazki bakoitzaren ordutegian bildutako irakastorduak, tutoretzak, zaintza orduak, bilerak eta abar. Informazio hori guztia hezkuntza komunitateko kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza ikastetxean zein ordutan egonen den ere adieraziko da.

4.-Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasi diren.

Aurreko hilabeteko asistentzia parteak bidali behar dizkiote Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen, ikastetxeetara bidaliko diren ereduak erabiliz.

Asistentzia orriaren kopia bat jendaurrean paratuko da, ikusgai, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen.

Eredu horietan ikastetxean nahitaez egon beharreko orduei buruzko absentzien eta atzerapenen berri emanen da, kontuan hartuta bakoitzaren ordutegi pertsonala eta alde batera utzita absentzia justifikatuta dagoen ala ez.

Halaber, norberaren ordutegian agertu ez arren, irakasleek egin dituzten jarduera osagarriak aipatuko dira.

Jarduera horietariko bakoitzean parte hartu duten irakasleak eta egin dituzten orduak adieraziko dira.

Nolanahi ere, asistentzia orrietan honako arau hauek beteko dira:

-"Hutsegitearen arrazoia" laukia ez da inoiz hutsik utziko eta, hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

-Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira.

-"Hutsegitearen arrazoia" izeneko laukian "Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentzia" jarri ahal izateko, beharrezkoa izanen da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari baimena eman izana.

Irakasleek beren lanetan gertatzen den edozein absentzia edo atzerapenen berri emanen diote ikastetxeari, ahalik eta lasterren.

Zuzendariak, justifikazioa aurkezteko epea amaitu eta biharamunean aditzera emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari irakasle guztien edozein hutsegite nahiz atzerapen, ikasketaburuari justifikatu gabekoa iruditzen zaiona, bere lansaritik bidezko kenketa egiteko eta, hala behar bada, bidezko espedientea tramitatzen hasteko. Kasuko irakasleari ere emanen zaio horren berri idatziz.

Irakasleek hutsegitearen frogagiriak aurkeztu behar dizkiote zuzendariari, horrek eskatu gabe.

Irakasleen hutsegiteen egiaztagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normala aldatzen duten gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta, ondoren, asistentzia orrietan jasoko dira.

IV.-Ikasleen eskubideak eta betebeharrak

1.-Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarrituko zaio.

2.-Ikasleen asistentzia.

Ikasle ofizial guztien eskubidea eta betebeharra da klaseetara joatea, eta inoiz ez da zilegi izanen borondatezko asistentzia duen sistemarik ezartzea ikaslea matrikulaturik dagoen irakasgaietan.

Zenbait egun jakinetan arrazoi batengatik edo bestearengatik ikasle gutxi egonagatik ere, ikastetxeak eta irakasleek normalki eman beharko dituzte klaseak.

Hutsegiteak gurasoek edo ikasleen legezko ordezkariek justifikatu beharko dituzte irakasle-tutorearen aurrean, eta Ikasketaburutzak onetsi beharko du.

Inoiz juzkatzen baldin bada ikasle batek behin eta berriz eta oinarririk gabe justifikatzen dituela bere hutsegiteak, zuzendaritza taldeak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.

18 urtez goitiko ikasleek -hutsegiteen justifikazioak berek aurkeztea hautatzen dutenek-, edozein lan harremanetan eskatzen ahal direnen pareko frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.

3.-Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasle guztiek eskubidea dute beren kalifikazioan eragina izanen duen edozein azterketa edo proba idatzi zuzendua eta kalifikatua ikusteko.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio irizpideen berri, hala nola balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko edukiena, kalifikazio irizpideena eta ikasketak ebaluatzeko ikasturtean erabiliko diren prozedurena. Tutoreak emanen du informazio hori.

Irakasle titularrak emanen ditu ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak. Ebaluazioa egiteko tresnei buruzko informazioa ere emanen die eta ikasleek zilegi izanen dute egin dituzten idatzizko proba, ariketa eta lanak ikusi eta irakaslearekin batera aztertzea.

Ebaluazioa egiteko tresnak ikasturte amaierako kalifikazioak eman edo azken erabakiak hartu ondoko hiru hilabeteetan gordeko dira gutxienez, erreklamazioak izaten direnean izan ezik, horiei dagokien prozesua itxi arte gordeko baitira.

Ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute balorazio eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea. Informazio hori eman ondoren ados ez badaude izandako azken kalifikazioarekin, hura berriz aztertzeko eskatzen ahalko diote idatziz ikasketaburuari, jakinarazpena egin eta bi egun balioduneko epean.

Azken kalifikazioa eta/edo ziurtagiria ematekoa berraztertzen baldin bada, departamentu didaktikoek edo, kasua bada, epaimahaiek, hurrengo egun baliodunean, berraztertzeko eskaerak ikusi eta dagozkien txostenak eginen dituzte. Txostena ikasketaburuari igorriko zaio eta horrek kopia bat bidaliko die ikasleei edo, hala behar denean, haien gurasoei.

Ikastetxeetan berraztertzeko prozesua agortzen duten ikasleek zilegi izanen dute, dela nork bere kasa, dela guraso edo tutoreen bitartez, ikastetxeko zuzendaritzari eskatzea erreklamazioa Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igor dezala, azken jakinarazpena egin eta bi egun balioduneko epean.

Ikastetxeko zuzendariak, gehienez ere hiru egun balioduneko epean, espedientea Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira bidaliko du. Espedientea jasotzen duenetik hamabost egun balioduneko epean, zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak kontuan izanik. Ebazpen horrek administrazio bidea amaituko du.

Ikaslearen erreklamazioaren aldeko ebazpena ematen baldin bada arestian aipatutako instantzietakoren batean, dagokion zuzenketa agerraraziko da ebaluazio agirietan, ikastetxeko idazkariak sinatutako eta zuzendariak ikus-onetsitako eginbidearen bitartez.

Kalifikazioen kontrako berraztertze eskaerak eta erreklamazioak jarraibide hauetan ezarritakoari lotuko zaizkio, eta, jarraibide hauetan arautu ez diren aferetarako, 1995eko abuztuaren 28ko Aginduari (1995eko irailaren 20ko EAO).

V.-Ikalseak onartzeko irizpideak eta matrikulazioa

1.-Onarpena eta matrikulazioa.

Ikasleak balio akademiko edo profesionalik ez duten dantza ikasketetan onartu eta matrikulatzerakoan ikastetxearen Plan Pedagogikoan ezarri dena beteko da.

2.-Matrikulari uko egitea.

Ikasleek matrikula deuseztatzeko eska dezaiokete zentroko zuzendariari, apirilaren 30a baino lehen, baldin eta agiri bidez eta zinez frogatzen badute inguruabar hauetako bat gertatzen dela:

-Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.

-Lanpostu bat eskuratu izana.

-Familiako beharkizunak izatea.

-Aparteko beste inguruabar batzuk.

Ikaslearen irakasleei entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi eta matrikulari uko egiteko baimena emanen du, baldin eta aipatu arrazoi horietako bat frogatzen bada eta, hori dela medio, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normalki joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.

Matrikulari uko egiteko baimena ematen den kasu guztietan, dagokion eginbidea agertaraziko da ikaslearen ikasketen espedientean eta kontuan hartuko da uko horrek baimendu den ikasturte horretarako bakarrik balio duela.

Matrikula deuseztatu arren ez dira ordaindutako tasak itzuliko.

Matrikula deuseztatu duten ikasleek, hurrengo ikasturtean, beren ikasketak egiten segi dezakete ikastetxe berean. Ondorengo ikasturteetan ikasketetara itzultzeko, ikastetxeko Plan Pedagogikoan ezarritako sarrerako prozedura arruntean sartu beharko dute.

VI.-Beste jarraibide batzuk

1.-Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Administrazioak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko ditu irakasle funtzionarioen kontrako auzietatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarriak; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek, beren jardunean letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.-Ikastetxeko langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko zuzendariaren berariazko baimena beharko dute bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.

3.-Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Ikastetxeek sustatu beharko dute eskola ingurune egokia sortzea, ikasle guztien eta eskola komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak beteko dituena, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko dituzte.

Xede horrekin, ikastetxeetako hezkuntza planetan bizimodu eta ohitura osasungarriak sartzea proposatzen da, alderdi hauekin lotuta: elikadura (ez da gomendatzen ikastetxean izatea litxarreriak eta opil industrialak saltzen dituzten makinak egotea), ariketa fisikoa egitea (eskolaz kanpoko jardueretan edo jokoetan), gorputzaren garbitasuna (larruazala, ilea, hortzak) eta jarrerena (bizkarra), segurtasuna eta istripuen prebentzioa, drogamendekotasunen prebentzioa, eta heziketa afektibo-sexuala.

Era berean, ikastetxeetako eskola kontseiluek zainduko dute ikastetxeetan eta prestakuntza zentroetan erretzeko erabateko debekua bete dadin, egungo legerian jasota baitago, eta behar diren neurriak hartuko dituzte ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko barne araudia prestatzerakoan.

4.-Berdintasuna.

Aukera Berdinatsunerako Plana (2009-2011) garatzen lagundu eta aholku emateko, Hezkuntza Departamentuak Baterako Hezkuntzaren Programa jarri du abian, ikastetxeei prestakuntza, laguntza eta aholkularitza emateko. Diagnostikorako mintegi batekin hasiko da eta, horretan oinarrituta, ikastetxeek hobekuntzarako konpromisoak hartzen ahalko dituzte, beren urteko programazio orokorrean berdintasuna eta baterako hezkuntzaren ikuspegia pixkanaka txertatzeko.

Ondoren, baterako hezkuntzaren mintegiak ikastetxeei aukera emanen die beren konpromisoak ikasturte bakoitzean pixkanaka txertatzen joateko; horretarako, beharrezkoak diren koordinazioa, prestakuntza, materialak eta baliabide didaktikoak izanen dituzte.

Ikasturte bakoitzean, diagnostikoa egin nahi duten eta hobekuntzarako konpromisoak hartu nahi dituzten ikastetxeak programa honetan sartzen ahalko dira, irakasleen prestakuntza planean egiten den deialdiaren bitartez.

Ikastetxe parte-hartzaile guztiek helburuak, materialak, baliabideak eta jardunbide egokiak partekatuko dituzte Nafarroako Baterako Hezkuntzaren Sarearen esparruan. Sare horretan parte hartzearen ondoriozko konpromisoak hartzen dituzten ikastetxeek aukera izanen dute Baterako Hezkuntzaren Programan jarraitzeko.

Konpromisoak urteko programazio orokorrean sartzeaz gainera, ikastetxe bakoitzak horien betetze eta garapenari buruzko txostena erantsiko dio kurtso bukaerako memoriari.

5.-Ikastetxeez kanpoko jendea sartzea.

Ikastetxean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendariaren baimen idatzia beharko dute, eta baimen hori idatziz jasoko da ikastetxeko agiritegian.

Hori guztia ez da inoiz izanen legeak aitortzen dituen eskubide sindikaletarako oztopo.

6.-Jarraibide hauen berri ematea.

Dantza Eskolako zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F1013102