101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

62/2010 FORU AGINDUA, ekainaren 14koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, "Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren erabiltzaileen Erregistroa" izeneko fitxategi informatizatua sortzen duena.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak bere 20. artikuluan xedatzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzeko nahitaezkoa izanen da xedapen orokor bat ematea, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko egunkari ofizialean argitaratua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak 53.3 artikuluan ezartzen du autonomia erkidegoen ardurapeko fitxategietan kasuan kasuko legeria berariazkoari jarraikiz jokatuko dela.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen mende dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak arautzen ditu. Dekretu horren 2. artikuluak adierazten du fitxategi berriak sortzeko fitxategi horren ardura duen departamentuko kontseilariak foru agindua emanen duela.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da "Nafarroako Artxibo Nagusiaren erabiltzaileen Erregistroa" izeneko fitxategia sortzea, 143/1994 Foru Dekretua aldarrikatu zenean ez baitzegoen horrelakorik.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Atalaren txostena ikusirik,

AGINDU DUT:

1. 143/1994 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, "Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren erabiltzaileen Erregistroa" izeneko fitxategia sortzea. Honako ezaugarri hauek izanen ditu:

a) Aurreikusitako xedea eta erabilerak.

-Artxiboaren erabiltzaileek instalazioetan egiten dituzten sarrerak eta bertan gordetzen den dokumentazioaren kontsultak kudeatzea, egiten diren kopiak barne.

-Dokumentuen kontsultak direla eta, erabiltzailearekin sortzen diren harremanak erraztea.

-Erabiltzaileari arreta emateko zerbitzuaren ebaluazioa eta azterketa estatistikoak egin ahal izatea.

b) Ukitutako norbanakoak eta taldeak.

Nafarroako Artxibo Nagusiaren zerbitzuak erabili nahi dituen edozein herritar.

c) Datuak biltzeko prozedura.

Datuak interesdunek beraiek edo horien legezko ordezkariek zuzenean emandako informaziotik hartuko dira.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak.

-Identifikaziorako datuak:

  • NANa/IFZ.
  • Izen-deiturak.
  • Posta helbidea eta helbide elektronikoa.
  • Telefonoa.
  • Erregistro pertsonalaren zenbakia.

-Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak:

  • Jaioteguna.
  • Sexua.
  • Nazionalitatea.

-Ikasketen eta lanbideen gaineko datuak:

  • Titulazioa.
  • Lanbidea.
  • Ikerketa gaia(k).

e) Datu pertsonalak lagatzea.

Fitxategiko datuak ez zaizkio ez inori ez inolako entitateri lagako edo jakinaraziko, interesduna ez bada, eta ez da haiekin nazioarteko transferentziarik eginen.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Atala.

g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideaz baliatzeko nora jo.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Atala.

h) Segurtasun neurriak eta horien maila.

Hartzen diren segurtasun neurriak oinarrizkoak dira. Neurri horien xehetasunak eta aplikazio zehatza Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Segurtasun Agirian ageri dira.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau igortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzura, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Atalera eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiko Informazio Sistemen Segurtasuneko Zerbitzura.

Iruñean, 2010eko ekainaren 14an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: F1012162