101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

203/2010 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2010-2011 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol politikaren helburuak aipatzen ditu 3.s artikuluan; besteak beste, oinarrizko kirola bultzatzea eskolako mailetatik, beste edozein kirol jardueraren aurretik, funtsezkotzat jotzen baita hori kirolak maila guztietan aurrera egin dezan Nafarroan.

Gauzak horrela, kirolari buruzko foru araudiak, 14. artikuluan, xedatzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak, Foru Komunitateko hezkuntza administrazioa, toki erakundeak, Nafarroako kirol erakundeak eta beste erakunde publiko eta pribatuak lagun, eskola adinekoentzako kirola bultzatzeko programak egitea sustatuko duela. Programa horien jomuga izanen da hezkuntza integralaren, nortasunaren garapen orekatuaren, baldintza fisikoen eta osasun ohitura prebentiboen osagarri izatea. Halaber, hezkuntza behar bereziak dituzten eskola-ikasleak integra daitezen sustatu beharko dute.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen martxoaren 17ko 18/2008 Foru Dekretuak ezartzen du erakunde autonomoak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko titularraren planifikazio, zuzendaritza eta babesaren mende, Nafarroako Gobernuari dagozkion kirol arloko eskumenak gauzatuko dituela, estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin.

Kirol Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunen artean hauek daude:

-Kirola bultzatu, koordinatu eta sustatzea.

-Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean aipatzen diren helburuak lortu eta gauzatzeko berariazko programak gauzatzea.

Helburu hori lortze aldera eta Foru Komunitateko ikasleen kirol ibilbidean bide berri bat eratzeko asmoz sortu da ekimen hau. Ekimenak Nafarroako Kirolaren Institutuak sustatutako eta Foru Komunitateko hamar ikastetxek 2008-2009 ikasturtean gauzatutako esperientzia pilotuaren babesa du, baita deialdi honen aurreko edizioaren babesa ere (2009-2010 ikasturtea).

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2010-2011 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea. Oinarriak foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi horretara aurkezten diren ikastetxeen eskaerak baloratzeko baremoa onestea. Foru agindu honen II. eranskinean ageri da.

3. Deialdi honi aurre egiteko, 100.000 (ehun mila) euroko gastua baimentzea. Dirua kontu-sail hauei egotziko zaie:

-30.000 euro 2010eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Eskoletako Kirolaren Programa" izeneko 940002 95110 4811 336100 kontu-sailaren kargura.

-70.000 euro 2011ko aurrekontu orokorretan horretarako gaitzen den kontu-sailaren kargura.

Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoa Nafarroako Kirol Institutuaren 2011. ekitaldiko aurrekontuan kreditu egoki aski izatearen menpe izanen da.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko ekainaren 29an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei diru-laguntzak norgehiagoka emateko araubidea ezartzea 2010-2011 ikasturterako.

2. Helburua.

Diru-laguntzak 1. oinarrian jasotzen diren ekintzak burutzean sortutako gastuak hein batean berdintzeko erabiliko dira, baldin eta titularrra ikastetxea bada eta 2010-2011 ikasturtearen hasiera eta bukaera artean egiten badira.

3. Onuradunak.

1. Deialdi honetako diru-laguntza eskatzen ahalko dute unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuek, baldin eta ikastetxeko kirol proiektu bat egina badute eta horren barrenean deialdiaren xedeko gorputz eta kirol jardueren programa baldin badago.

2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira beste deialdi berariazkoago batzuen helburu diren gorputz eta kirol jardueren programak.

3. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira bideragarritasun ekonomikoa bermatuta ez duten gorputz eta kirol jardueren programak. Horretarako, 4. oinarrian eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharreko diru-sarrera eta gastuen aurrekontuari erreparatuko zaio.

4. Dokumentazioa.

1. Eskaerak ikastetxeko zuzendariak Nafarroako Kirolaren Institutuari igorritako eskabide baten bidez aurkeztuko dira, erakunde horretan eskuratuko diren inprimakiak erabiliz, agiri hauekin batera:

a) Ikastetxeko kirol proiektua: proiektuan, deialdi honen xedeko gorputz eta kirol jardueren programa berariazkoarekin batera, ikastetxeak bere eskola eremuan sustatu eta garatzen dituen kirol jarduera eta programa guztiak aipatu beharko dira, eta halakorik bada, ikastetxearen partaidetza duten gainerakoak.

b) Gorputz eta kirol jardueren programa.

Alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:

-Ikastetxearen identifikazioa.

-Programaren izenburua.

-Programaren justifikazioa eta ikastetxearen testuinguruan nola egokitzen den.

-Helburuak.

-Kirol koordinatzailea.

-Jarduerak: azalpena eta denbora plangintza.

-Jarduera osagarrien plana.

-Metodologia eta antolaketa.

-Giza baliabideak: inplikatutako langileen azalpena (titulazioa eta esperientzia).

-Baliabideak eta instalazioak.

-Proiektua garatzeko behar diren baliabideak.

-Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.

2. Egindako ekintzak justifikatzeko dokumentazioa 2011ko ekainaren 30era arte aurkeztuko da, eta agiri hauek osatuko dute:

a) Ikastetxeko idazkariaren edo Guraso Elkartearen ziurtagiria, ikastetxeko zuzendariak ontzat emana, diru-sarrera eta gastuen balantze ekonomikoa agertzen duena, fakturen zerrenda izenduna eta faktura bakoitzaren edo balio bereko beste agiri batzuen kopiak, baita ordainketaren frogagiriak ere.

b) Programaren memoria teknikoa, besteak beste alderdi hauek jasoko dituena:

-Egindako gorputz eta kirol jardueren eta jarduera osagarrien laburpena.

-Gastuen eta diru-sarreren laburpena.

-Partaidetzaren datuak: ikasmailen eta sexuaren araberako sailkapena.

-Balorazio teknikoa.

3. Aurkeztutako dokumentazioa aski izan ez edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, ikastetxeari eskaera eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak dioen bezala.

5. Aurkezteko epea eta tokia.

1. Diru-laguntzarako eskaerak eta agiriak Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideen bidez.

2. 2010-2011 ikasturterako diru-laguntza eskaera eta dokumentazioa aurkezteko epea 2010eko urriaren 15ean bukatuko da.

6. Eskola-umeentzako Kirol Programa.

1. Programaren helburua da nafar ikasleek egindako josteta eta jolaserako jarduera fisikoak sustatzea, bertan heziketako eta jolas giroko osagaiak nagusi izaki, ondorengo adinetan modu jarraian aritzea ahalbidetuko duen ohitura fisiko bat sortzeko, bizimodu osasungarria sustatzeko eta, horrela, zenbait gertakari, umeen egoneko bizitza eta loditasuna, besteak beste, ekiditeko.

Eskola orduetatik kanpo gorputz eta kirol jarduerak egiten dituzten ikasleen kopurua handitu nahi da, ikastetxearen babesean, hura baita programa oinarritzeko ardatza.

2. Deialdi honen babesean jartzen diren gorputz eta kirol jardueren programek ikastetxearen kirol proiektuaren barrenean egon beharko dute, eta Eskola-umeentzako Kirol Programaren xede eta helburu orokorrak bete.

7. Ikastetxeek aurkeztu beharreko gorputz eta kirol jardueren programak.

1. Ikastetxe bakoitzak programa bakar bat aurkezten ahalko du. Dena dela, hezkuntza ziklo bat baino gehiago ematen dituzten ikastetxeetan, zilegi izanen da ziklo bakoitzerako aldagai desberdinak dituen programa bat aurkeztea.

2. Programa bakoitza egitea Gorputz hezkuntzako Departamentuari dagokio. Ikastetxeko irakasleek koordinatuko dute eta ikastetxearen kirol proiektuari gehituko zaio. Ezinbestekotzat jotzen da programaren eta gorputz hezkuntzako irakasgaian egiten diren jardueren arteko osagarritasuna ezartzea eta bien arteko koordinazio tresnak sortzea. Horrela programa irakasgai honen curriculum garapenari lotuko zaio.

3. Aurkezten diren programek, Eskola-umeentzako Kirol Programaren xede eta helburu orokorrak betetzeaz gainera, ondotik adierazten diren ezaugarriak eduki beharko dituzte, jarduera motari, langileei, iraupenari eta beste arlo batzuei dagokienez.

8. Jarduerak.

1. Jarduerak bideratuko dira eskolako hezkuntza integrala osatzera, nortasuna harmonikoki garatzera, eta ondorengo adinetan kirola modu jarraian egitea ahalbidetuko duen prestakuntza eta baldintza fisikoak zein osasunekoak lortzera.

a) Gorputz eta kirol jarduerak.

Araututako lehiaketa ofizialetan edo dagoeneko ezarrita dauden programetan parte hartzeari lotuta ez dauden gorputz eta kirol jarduerak eginen dira, kirol prestakuntza osatuko dutenak, bai prestakuntza alderdian bai jolas alderdian. Bi modalitate izanen dira:

-Jolas gisako gorputz eta kirol jarduerak.

Bizimodu osasungarriko ohiturak sortuko dituzten izaera ludikoko jarduerak lehenetsiko dira eta parte-hartzaileek ikasten duten mailako irakaskuntzen curriculum garapena, batez ere gorputz hezkuntzarekin lotuta daudenena, sostengatuko dute.

-Lehiaketetako kirol jarduerak.

Kirol hastapenerako jarduerak egiten ahalko dira, kirol bakar batekoak edo gehiagokoak.

b) Jarduera osagarriak.

Aurreko bi paragrafoetan adierazitako bi jarduera mota horiez gainera, jarduera osagarri batzuk ere egiten ahalko dira, hala nola: elikadura eta ohitura osasungarriei buruzko hitzaldiak, prestakuntza jarduerak, etab.

9. Iraupena eta ordutegia.

1. Aldizkotasuna: programaren iraupena ikasturte batekoa izanen da, nahiz eta ezarritako iraupena baino txikiagoa duten beste proposamen batzuk onartzen ahalko diren, gauzatutako jardueren ezaugarriak edo ikastetxeak behar bezala justifikaturiko inguruabarrak kontuan hartuta. Gutxieneko iraunaldia bost hilabete izanen dira. Hortik beherako iraupena duten proposamenak ez dira aintzat hartuko.

2. Jardueren maiztasuna: garatu beharreko programan sartutako jarduera mota eta kopurua gorabehera, talde bakoitzeko astean bi saio edo gehiago ezartzen dituen gorputz eta kirol jardueren programazioa prestatu beharko da. Hortik beherako iraupena duten proposamenak ez dira aintzat hartuko.

3. Ikastetxeak berak finkatuko du programaren barrenean dauden gorputz eta kirol jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko ordutegia.

10. Langileak.

1. Ikastetxe bakoitzak bere programa gauzatzeko ardura izanen du eta horretarako, behar bezala gauza dadin, beharrezko baliabideak jarriko ditu.

2. Programa bakoitzean sartzen diren langileek honako profil hau izan beharko dute:

-Arduraduna: ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako Departamentuak programa diseinatu, koordinatu eta gainbegiratuko du eta, hortaz, kirol arloaren arduradun edo koordinatzaileak lan horrek eskatzen dituen prestakuntza eta esperientziaren jabe beharko du izan.

-Gainerako langileak: jarduerak gauzatzeko ardura duten langileek beharrezko prestakuntza izan beharko dute, egin beharreko lanaren arabera. Gutxienez ere, egin beharreko jarduera zehatzari dagokion titulazioa izanen da.

3. Programa garatu bitartean lan egiten duten langile horiek ez dute inolako kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

11. Parte-hartzaileak.

1. Programa ikastetxeko ikasle guztiei dago bideratua eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetatik eratorritako murrizketarik egin.

2. Deialdiaren xede nagusiari erreparatuz, ezin izanen da ikaslerik baztertu hautapen prozesuak egitearen ondorioz. Minusbalioa duten ikasleak hezkuntza sistema normalizatuan sartzeak berarekin ekarri behar du ikasle horiek praktika fisiko eta kirol praktikak beren ikaskideekin batera egin ahal izatea. Hori betetzen ez bada, diru-laguntza galduko da.

12. Instalazioak eta materiala.

Ikastetxeak berak programaren eskura paratuko ditu bere instalazioak eta programan sartutako jarduerak gauzatzeko beharrezko materiala.

13. Laguntza teknikoa.

Programak garatzeko orduan, ikastetxeek kanpoko eragileen lankidetza izan dezakete, konparazio batera: toki entitateak, kirol federazioak, kirol klubak, kirol kudeaketarako enpresak eta kirol arloko beste entitate batzuk.

14. Osasun laguntza.

1. Osasuneko kontseilariak maiatzaren 15ean emandako 64/2003 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eskola-umeentzako kirol jarduera sustatzeko programetan parte hartzen duten kirolarien kirol praktikaren ondoriozko osasun laguntza sektore publikoko osasun babesaren araubidearen ohiko prestazio bat da.

2. Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe guztiek dagokien eskola asegurua eduki beharko dute.

15. Eskolako kirolaren topaketa nazionaletan parte hartzea.

1. 2010-2011 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirolaren Programan parte hartzen duten ikastetxeek lehentasuna izanen dute, Kirolaren Kontseilu Nagusiak bultzaturik, egiten diren eskolako kirolaren topaketa nazionaletan parte hartzeko.

2. Topaketa horietan parte hartzea Nafarroako Kirolaren Kirol Zuzendariordetzak erabakiko du, hautapena egiteko ezartzen diren irizpideen arabera, eta betiere deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeek Kirolaren Kontseilu Nagusiak onetsitako araudian jasotako baldintza guzti-guztiak betetzen badituzte.

3. Inskribatzeko, agiriak igortzeko eta joan-etorriak antolatzeko tramiteak Nafarroako Kirol Instutuko Kirol Zuzendariordetzari dagozkio.

16. Parte hartzeko eskaerak.

1. Nafarroako unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuek aurkezten ahalko dute parte hartzeko eskaera.

2. Parte-hartzaile kopuru aski ez duten ikastetxeak beste ikastetxe batzuekin elkartzen ahalko dira, hurbiltasun geografikogatik, programan parte hartzeko interesa duten ikasleei erantzuna emateko. Ildo honetan, elkarrekin parte hartzeko eskaerak onartuko dira.

17. Antolamendua eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da diru-laguntzak emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna.

18. Balorazioa.

1. Eskaerak ebazteko proposamena egiteko eskumena duen balorazio batzordea Kiroleko zuzendariordeak, Kirola Sustatzeko Ataleko buruak eta Nafarroako Kirolaren Institutuko teknikari batek osatuko dute.

2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, baremoa aplikatu ondoren ateratzen diren zenbatekoak eta aurkeztutako eskaeren kopurua ikusita, deialdi honetarako finkatutako dirua nahikoa ez bada aurreikusitako gehieneko diru-laguntzak emateko, diru hori diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den portzentajean murriztuko dira.

19. Ebazpena.

1. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du eta interesdunei jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hilabeteko epean gehienez.

2. Laguntzak emateko ebazpena Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2) eta Nafarroako Kirolaren Institutuko bulego nagusietako iragarki oholean (Arrieta kalea, 25) iragarkiak jarriz jakinaraziko da.

3. Ezarritako epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaerak ukatutzat hartuko dira.

4. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, diru-laguntza hartu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

5. Deialdi honetan onartzen diren programentzako diru-laguntza bateragarria izanen da helburu berbererako administrazio berak, beste administrazio publiko batek, beste entitate publiko edo pribatu batek edo partikularrek, nazionalek edo atzerrikoek, ematen dituzten beste laguntza edo baliabide batzuekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik datozen baliabideekin ere. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

6. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa betez, deialdi honetan emandako diru-laguntzak eta haien onuradunen zerrenda Nafarroako Kirolaren Institutuko eta Kirolaren Etxeko iragarki oholetan jarriko dira.

20. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Kirol Zuzendariordetzako teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko, gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatu eta ebaluatzeko ardura izanen du.

21. Betebeharrak.

1. Diru-laguntzaren hartzaileek dirua nahitaez diru-laguntzaren helburuetan erabili beharko dute eta hala egin dela dokumentuen bidez justifikatu. Gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuak eskatzen dituenak ere bai.

2. Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dute diru-laguntzen hartzaileek. Hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

3. Diru-laguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan behar dituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, indarra duten legeetan xedatu bezala.

5. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo ezartzen den beste bat erabili beharko dute diru-laguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretua betetzeko.

6. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

22. Diru-laguntzaren zenbatekoa, eta nola eta noiz pagatuko den.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuak programa bakoitzarentzat 4.000 euro bitarte bideratzen ahalko du, aurrekontuetan dagoen diruaren arabera eta hautatzen diren ikastetxe kopuruaren arabera. Ematen den diru-laguntza ezin izanen da aurkezten den defizita baino handiagoa izan.

Aurreko paragrafoan ezarritako mugak kontuan harturik, ematen diren diru-laguntzak deialdi honen II. eranskinean azaltzen diren aplikazio irizpideen eta baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren 2011ko ekitaldirako aurrekontuan horretarako kreditu aski egotearen menpe egonen dira.

2. Kasuan kasuko diru-laguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, II. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztien guztirako puntuen batura.

3. Onartzen den diru-laguntza bi zatitan ordainduko zaie ikastetxe onuradunei, behar diren banku transferentzien bidez.

Lehenengo ordainketa, 2010eko irailetik abendura bitarteko hilabeteei dagokiena, programaren zati bat hilabete horietan gauzatu duten ikastetxeei ordainduko zaie, eta ez da izanen esleitutako diru-kopuruaren %30 baino handiagoa. Horretarako, 2010eko abenduaren 20a baino lehen, ikastetxeko idazkariaren, edo guraso elkartearen, ziurtagiria aurkeztu beharko da, zuzendariak ontzat emana, 2010eko irailetik abendura bitarte programaren garapenak sortutako gastuak agertzen dituena, eta horrekin batera, fakturen zerrenda izenduna eta faktura bakoitzaren edo balio bereko beste agiri batzuen kopiak, baita ordainketaren frogagiriak ere.

Gero, 4. oinarrian eskatutako egiaztagiri guztiak aurkeztu ondoren, 2011ko urtarriletik ekainera bitarteko zatiari, edo programa bukatu bitarteko aldiari, dagokion ordainketa eginen da.

23. Ez-betetzeak.

1. Deialdi honen oinarrietan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du, jasotako dirua itzuli beharra eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ukatzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

2. Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da.

24. Errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

2. Era berean, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

25. Aplikatu beharreko legeria.

1. Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

II. ERANSKINA

Baremoa

1. Xedea.

Eranskin honetan 2010-2011 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntzen ikastetxe publiko eta pribatuen eskaerak baloratzeko baremoa ezartzen da.

2. Irizpide orokorrak.

1. Laguntza jaso ahal izateko, ekintzak programaren iraupenaren barrenean egin behar dira eta haien titularra ikastetxe eskatzaileak izan behar du.

2. Kontuan har daitezkeen kontzeptuak hauek dira:

a) Material suntsigarria.

b) Gastu orokorrak eta antolaketakoak.

c) Langileria gastuak (koordinazioa, begiraleak, beste batzuk) eta prestakuntzakoak.

d) Joan-etorriak.

3. Ez dira kontuan hartuko material inbentariagarriaren gastuak, ezta instalazioen erabilerakoak ere.

3. Balorazio irizpideak.

a) Programaren helburuak eta edukia: 15 puntu arte.

-Programa nola egokitzen den aurreikusitako helburuetara (5 puntu arte).

-Eragin eremua eskola komunitatearen barrenean (5 puntu arte).

-Aurreikusitako heziketa zikloak (5 puntu arte).

b) Aurreikusitako ekintzak: 15 puntu arte.

-Gorputz eta kirol jarduerak:

  • Jardueren aniztasuna eta berrikuntza (5 puntu arte).
  • Ordutegiaren zabalera (5 puntu arte).

-Astean bi saio izatea (3 puntu).

-Astean bi saio baino gehiago izatea (5 puntu).

-Jarduera osagarriak:

  • Egin gogo diren jarduketen garrantzia eta egokitzapena (5 puntu arte).

c) Proiektuaren iraupena: 10 puntu arte.

-6 hilabete arte (3 puntu).

-7 hilabete arte (5 puntu).

-8 hilabete arte (7 puntu).

-8 hilabete baino gehiago (10 puntu).

Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztien guztirako puntuen batura.

Kasuan kasuko diru-laguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntuaren balioaz biderkatuko da.

Nafarroako Kirolaren Institutuak programa bakoitzarentzat 4.000 euro bitarte bideratzen ahalko du, aurrekontuetan dagoen diruaren arabera eta hautatzen diren ikastetxe kopuruaren arabera. Ematen den diru-laguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

Aurreko paragrafoan ezarritako mugak kontuan harturik, ematen diren diru-laguntzak baremo honen eta bertako aplikazio irizpideen arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren 2011ko ekitaldirako aurrekontuan horretarako kreditu aski egotearen menpe egonen dira.

Iragarkiaren kodea: F1011875