101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

192/2010 FORU AGINDUA, ekainaren 23koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren barruan etxebizitza erosi edo zaharberritzen duten erabiltzaileei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea, eta gizarteak eta, bereziki, talde ahulenen entitate ordezkariek behar sozialak konpontzen parte har dezaten bultzatzea.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zen. Bertan, gizarte integraziorako etxebizitzak eskuratzeko laguntzak gizarteratze arloan bermaturik ez dagoen prestazio gisa ageri da.

Arau horietako aurreikuspenek bat etorri beharko dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzei dagokien araubide juridiko orokorra ezarri da. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xedeko egoeran daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuak, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituenak, bere III. eta IV. kapituluetan gizarte integraziorako etxebizitzen araubidea eta integrazio sozialeko etxebizitza babestuak sustatzeko laguntza ekonomiko orokorrak arautzen ditu.

Deialdi honen helburua da Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren barruan etxebizitza erosi duten erabiltzaileendako diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezartzea.

Deialdi honek bide ematen die interesa duten onuradun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du diru-laguntzak irizpide objektiboei jarraituz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politika orokorraren esparruan ezartzen dituen jarraibideekin bat lehenetsiko dira, Nafarroako Parlamentuak 1999ko otsailean onetsi zuen Gizarte Bazterketaren aurkako Planaren edukiaren arabera.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoak ikusita, hurrenez hurren adierazten dute diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta bere oinarri arautzaileak legezkoak.

Gobernuak, 2010eko ekainaren 7ko Erabakiaren bidez, baimena eman zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren barruan etxebizitza erosten duten erabiltzaileei diru-laguntzak emateko deialdia tramitatzeko, banakako ebaluazio araubidean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren barruan etxebizitza erosi edo zaharberritzen duten erabiltzaileei diru-laguntzak emateko deialdia onestea. Oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean daude.

2. 300.000,00 euroko gastua baimentzea, 2010eko aurrekontuetako "GIE programan erosketa tramitatzeko gastuetarako diru-laguntza" izeneko 900003 91600 4809 231604 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu honen berri ematea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Zerbitzuari, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Halaber, adieraztea foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Legearekin bat.

Iruñean, 2010eko ekainaren 23an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren barruan etxebizitza erosi edo zaharberritzen duten erabiltzaileei diru-laguntzak emateko 2010eko deialdiaren oinarriak

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren barruan etxebizitza erosi edo zaharberritzen duten erabiltzaileei Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea. Programa hori urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuaren bidez arautu zen.

2.-Jarduketa eremua eta helburua.

Diru-laguntzen xedeko jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean garatuko dira eta horien helburua izanen da Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programa garatzea.

Diru-laguntza horiek emanez, Gizarte Integrazioko Etxebizitzaren eskriturek, erregistroko oharrak, jabetzaren eskualdaketak eta hipoteka mailegua hartzeak dakartzaten gastuak finantzatuko dira, bai eta zerbitzuak hornitzeko kontratuak izenpetzeak eragindakoak ere, gehienez ere etxebizitza erosteko prezioaren %10 adinako zenbatekoa, eta, bestetik, programaren barruan erositako etxebizitzak zaharberritzeko obra proiektu eta lizentzien gastuak.

3.-Onuradunek bete beharreko baldintzak.

3.1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratu ahal dituzte baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek:

Gizarte Integraziorako Etxebizitzen programaren barruan, entitate laguntzaileetako baten bitartez etxebizitza erosi izana eskabidea aurkezten den urtean edo aurrekoan, etxebizitzaren ikus-onetsia eta aurrekontratua aurkeztuz.

Etxebizitza zaharberritu izana eta zaharberritzea Entitate laguntzaileetako baten bitartez kudeatu izana eskabidea aurkezten den urtean edo aurrekoan, zaharberritze babestuaren ziurtagiria eta zaharberritzearen behin betiko kalifikazioa aurkeztuz.

3.2. Aipatutako baldintza guztiak eskabidea aurkezten den egunean bete beharko dira edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

4.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Ondoko kontzeptuak finantzatuko dira:

4.1. Etxebizitza erosteko: eskriturek, erregistroko oharrak, jabetzaren eskualdaketak eta hipoteka mailegua hartzeak dakartzaten gastuak, bai eta zerbitzuak hornitzeko kontratuak izenpetzeak eragindakoak ere, gehienez ere etxebizitza erosteko prezioaren %10 adinako zenbatekoarekin.

4.2. Aurreko ekitaldietan erositako etxebizitzak zaharberritzeko: proiektuen lansari eta udalaren obra lizentzietarako gastuak.

5.-Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko tokia.

Interesa dutenek erosketan laguntzeaz arduratzen den entitatearen bidez aurkeztu beharko dute eskaera, entitate laguntzaileen esku horretarako dagoen eskabide ereduarekin bat.

Entitate interesdunaren ordezkari baimenduak eta Etxebizitza Departamentuaren laguntzaren onuradunak izenpetuta egon beharko da eskabidea. Aurkezpena kasuan kasuko ekitaldiaren barruan egin beharko da eta Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programak dirauen bitartean.

Eskaerak aurkeztuko dira Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietako edozeinetan.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten bidez jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.

5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak horretarako ezarritako ereduaren arabera egin eta entitatearen ordezkariak behar bezala izenpetuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Onuradunaren Nortasun Agiri Nazionala.

b) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatien arabera diru-laguntzak jasotzea galarazten duen debekurik ez duela adieraziz.

c) Erositako etxebizitzak:

-Onuradunak erosi beharreko etxebizitzaz Etxebizitza eta Ingurumen Departamentuak emandako ikus-onetsia.

-Erosi beharreko etxebizitzaren aurrekontratua.

d) Zaharberritutako etxebizitzak:

-Babestutako zaharberritzearen ziurtagiria, eta zaharberritzearen behin betiko kalifikazioa.

-Proiektuaren ordainsarien minuta.

-Kasuan kasuko udalak zaharberritzeko emandako obra lizentzia.

Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, ziurtagiriak Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badituzte edo administrazio honek dagoeneko badauzkan datuak badira, ez da beharrezkoa izanen eskatzen diren agiriak aurkeztea. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da inguruabar hori azaltzeko, datuak zein espedientetan dauden azalduta.

Prestatutako eredu normalizatuan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko da eskaera eta, hura osatzeko, interesgarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu interesdunak.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ezarri diren baldintzak betetzen ez baditu edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ez badira, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

6.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide eta moduak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateko prozedura ebatziko du.

7.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren ebaluazioa eta esleipena.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

7.1. Ebaluazioa egiteko irizpide hauek erabiliko dira:

a) Erositako etxebizitzak: onuradun bakoitzari diru kopuru bat emanen zaio, gehienez ere etxebizitzaren erosketa balioaren %10.

b) Etxebizitzak zaharberritzeko jarduketetan, onuradun bakoitzari diru kopuru bat emanen zaio, gehienez ere zaharberritzearen kostu osoaren %10.

8.-Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak jaso eta aztertu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

9.-Diru-laguntza ordaintzea.

9.1. Erositako etxebizitzak: diru-laguntza ebaztean, emandako kopuruaren %100 aurreratuko zaio entitate laguntzaileari onuradunak etxebizitza erosten duen kasuan.

9.2. Aurreko atalean aurreikusitako aurrerakinak emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

9.3. Zaharberritutako etxebizitzak: Diru-laguntza emateko ebazpena izenpetzen denean ordainduko da.

10.-Justifikazio ekonomikoa.

Onuradunek entitate laguntzailearen bidez aurkeztu beharko dute egin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuen zerrenda bat, agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulkipen data, zenbatekoa eta ordainketa egin deneko data zehaztuta. Zerrenda horrekin batera, gastuaren eta ordainketaren frogagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adieraziko dituztenak, onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Horren bidez fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.

Gastu onargarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko instrukzio organoak Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programan aurreikusitako jarduerak garatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak, 4. oinarrian jasotakoak.

Justifikazioa Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko da, diru-laguntza eman eta hurrengo urteko ekainaren 30a baino lehen.

11.-Onuradunen eta entitate laguntzaileen betebeharrak.

a) Diru-laguntza deialdi honen oinarri arautzaile, baldintza eta betebehar formal eta materialetan ezarritakoan erabiltzea, eta ez da funtsik erabiliko diru-laguntza ematea eragin zuten helburuez beste batzuetarako.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen ordenamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

d) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

12.-Bateragarritasuna.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek xedea gauzatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

13.-Baldintzak aldatzea.

Onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten pertsonek zilegi izanen dute diruz lagundutako jarduketaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, haren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskabideetan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, diru-laguntzaren xede den jarduketa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, administrazioak onarturik egon ala ez, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

14.-Dirua itzultzea.

Jarduketa burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean.

8.1 oinarrian aurreikusitako aurrerakinei dagokienez, ez da berandutza korriturik eskatuko entitate laguntzaileak frogatzen badu ezinezkoa izan dela aurreratutako zenbatekoa erabiltzea, hein batean edo osorik, eta bidezkoa izanen da soilik erabili gabeko kopurua itzultzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatu artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

15.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

16.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren administrazio errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

17.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

18.-Aurrekontuetako gaikuntza.

Foru agindu honen aplikazioak sortzen duen gastua "GIE programan erosketa tramitatzeko gastuetarako diru-laguntza" izeneko 900003 91600 4809 231604 kontu-sailaren kargura edo Nafarroako Aurrekontu Orokorretan urtero gaitzen diren antzeko kontu-sailen kargura, urtean-urtean aurrekontuetan dagoen dirua agortu arte.

Iragarkiaren kodea: F1011619