10. ALDIZKARIA - 2010eko urtarrilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

"Atabo Altsasu S.L." sozietate publikoaren estatutuak
behin betiko onestea eta hura eratzea

Altsasuko Udalak, 2009ko abenduaren 14an egindako osoko bilkura berezian, ondoren osorik ematen den erabakia hartu zuen, erregelamenduz eskatutako quorumarekin:

Altsasuko Udalak, 2009ko urriaren 15ean egindako osoko bilkura berezian, hasieran onetsi zituen udal sozietatea eratzeko memoria eta estatutuak.

2009ko urriaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (132. zk.) argitaratutako iragarkiaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zen 30 egun naturaleko epean, eta hainbat alegazio aurkeztu ziren.

Azaldutakoa dela eta, Udalaren osoko bilkurak, erregelamenduz eskatutako quoruma izanda eta idazkariak egindako txostenarekin bat etorriz, honakoa erabaki du:

1. 1., 2., 3., 4., 5., 6., 7., 8., 9. eta 10. alegazioak ezetsiko dira, 2009ko abenduaren 1eko bilerako aktan adierazitako arrazoiak direla eta.

2. Behin betiko onestea udal honetako "Atabo Altsasu, S.L." izeneko sozietate publikoa eratzeko administrazio espedientea, behar bezala eginbideturik espedientean diren memoria eta estatutuei jarraituz eginen baita. Horiek ere behin betiko onetsita gelditu dira.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. "Atabo Altsasu, S.L." sozietateari 3.300 euroko kapital soziala emanen zaio, sozietateko 110 partaidetza banaezin eta metagarritan zatitua. Partaidetza bakoitzak 30 euroko balio izendatua du eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 110era bitartekoak, biak barne. Altsasuko Udalak ordainduko ditu osorik.

5. Alkatetzari ahalmena ematea erabaki hau aplikatu eta garatzeko behar diren agiri guztiak sinatzeko.

6. "Atabo Altsasu, S.L." sozietatearen Administrazio Kontseiluko kideak izendatzea, estatutuen 17. artikuluan xedatutakoa aplikatuta. Hurrengo hauek dira kideak:

-Altsasuko Udaleko alkate-udalburua den Unai Hualde Iglesias jauna, lehendakaria izanen dena.

-Altsasuko Udaleko zinegotzia den Iñaki Miguel Martiarena jauna.

-Altsasuko Udaleko zinegotzia den Raúl Barrena González jauna.

-Altsasuko Udaleko zinegotzia den Juan Miguel Pérez Hurtado jauna.

-Altsasuko Udaleko zinegotzia den Francisco Javier Cerdán Calvo jauna.

Halaber, Altsasuko Udaleko zinegotzia den Arturo Carreño Parras jauna bileretara joatera gonbidatuko da, botorik gabe.

7. Erabaki hau jakinaraztea Administrazio Kontseiluko kideei eta erabakia igortzea Udaleko Ogasun, Idazkaritza eta Kirol Arloetara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Altsasun, 2009ko abenduaren 23an.-Alkatea, Unai Hualde Iglesias.

I. ERANSKINA

"Atabo Altsasu, S.L." udal sozietatearen estatutuak

I. kapitulua

1. artikulua. "Atabo Altsasu, S.L." izeneko merkataritza sozietatea eratu da, toki erakunde baten eremuko eta erantzukizun mugatuko sozietate gisa. Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko Legea, toki erakundearen gaineko legeak eta estatutu hauek izanen ditu arau.

2. artikulua. "Atabo Altsasu, S.L." erantzukizun mugatuko sozietatea da. Udal enpresa den aldetik, nortasun juridikoa izanen du bere xedeak betetzeko, legezko xedapenetan eta estatutu hauetan ezarritako mugak gainditu gabe.

Sozietatea Altsasuko Udalaren tresna propiotzat joko da, haren helburu sozialaren berezko arloei dagokienez.

3. artikulua. Sozietatearen helburua udal jardueran eraginkortasun handiagoa lortzea da. Horretarako, hurrengo xedeak egitea izanen du helburu:

1. Altsasuko Udalaren eskumeneko zerbitzuak hobeto ematea, udalerrian bizi-kalitatea handitzeko eta aberastasuna sortzeko. Ekimenak gauzatzea, Altsasuko kultur eta gizarte garapena sustatu eta bultzatzeko asmoz.

2. Altsasuko ekonomia eta gizarte garapena sustatu eta bultzatzea.

Helburu hori garatzeko, hurrengo eginkizunak gauzatuko dira:

a) Udal mugapean enpresak sortzeari dagokionez, ekimen publikoa edota pribatua sustatzea, udalerria dibertsifikatzeko eta ekonomiaren aldetik garatzeko.

b) Enpresa txikiei eta ertainei laguntzea, baita kooperatibei ere, bidezko ekonomia sektoreetan dituzten aukerei, produktuei, merkatuei eta eremuko garapen sozioekonomiko orekaturako onuragarriak diren kudeaketei buruzko informazioa emanda.

c) Enpresak sortzeko, inbertsioak pizteko eta horiek hedatzeko, Administrazioak une bakoitzean eskaintzen dituen onuren eta laguntzen berri ematea.

d) Dokumentazio funtsa sortzea, natur baliabideen inbentarioa, merkaturatze baliabideak, dagoen eta erabil daitekeen industria lurzorua, laneskuaren ezaugarriak eta inbertsiogileentzat interesgarriak izan daitezkeen bestelako datuak biltzen dituena.

e) Altsasuren garapen integralerako interesgarriak diren mota guztietako azterlanak eta planak egitea.

f) Aholkularitza ematea herritarrei, oro har, guztien intereseko gaietan.

2. Altsasuko Udalaren ondasun higiezinen kudeaketa eta dinamizazioa bultzatzea.

Helburu hori garatzeko, hurrengo eginkizunak gauzatuko dira:

a) Obrak eta zerbitzuak kudeatu eta ustiatzea, horretarako kontzesioa lortuz gero, kasuan-kasuan aplikatu beharreko arauei jarraituz.

b) Udalarenak izan arren, Udalak Sozietateari atxikitzen dizkion egungo eta etorkizuneko lokalak eta orubeak kudeatu eta ustiatzea.

4. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako jarduerak Sozietateak gauzatzen ahalko ditu zeharka, kontratu publikoei buruzko legeetan ezarritako moduan eta baldintzak errespetatuta.

5. artikulua. Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta eraketaren eskritura egiten den egunean hasiko da jardunean.

6. artikulua. Helbide soziala Altsasuko udal mugapean egonen da, udaletxean, hain zuzen ere. Hona hemen helbidea: K/García Ximenez, 36, Altsasu (Nafarroa).

Administrazio organoak sozietatearen helbidea udal mugape bereko beste toki batera aldatzeko eskumena izanen du.

II. kapitulua

7. artikulua. Kapital soziala 3.300 eurokoa izanen da, sozietateko 110 partaidetza banaezin eta metagarritan zatitua. Partaidetza bakoitzak 30 euroko balio izendatua du eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 110era bitartekoak, biak barne. Altsasuko Udalak kapital osoa harpidetu eta ordainduko du, eta kapitala osatzen duten partaidetza guztien titular bakarra izanen da, Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 89. artikuluan xedatutakoaren arabera. Kapitala ezin da transferitu eta enpresaren xederako baizik ezin da erabili, baina handitu edo txikitu egin daiteke, legezko xedapenei jarraituz.

Kapital soziala handitu edo txikitzen ahalko da, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Aitzinetik Administrazio Kontseiluak idatzizko txostena eginen du horrelako aldaketa justifikatzeko.

III. kapitulua

8. artikulua. Sozietatea zuzendu eta administratzeko organoak honakoak izanen dira:

-Batzar Orokorra.

-Administrazio Kontseilua.

-Gerentzia.

9. artikulua. Batzar Orokorra sozietatearen organo gorena da. Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatu bezala, Altsasuko Udalbatzako kideek eratuko dute, berariaz hala eratzeko deia egiten denean. Batzarreko lehendakaria udalburua izanen da edo Batzarrak aldi bakoitzean izendatzen duen pertsona.

10. artikulua. Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batzar Orokor gisa eratutako Udalbatzaren funtzionamendua, prozedurari eta erabakiei dagokienez, toki araubideari buruzko legeei lotuko zaie, eta gainerako gai sozialetan erantzukizun mugatuko sozietateen araubideari buruzko arauak aplikatuko dira.

11. artikulua. Udalbatzak, sozietatearen Batzar Orokor gisa diharduenean, honako eginkizunak izanen ditu:

-Administrazio Kontseilua izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz.

-Kontseilukideen ordainsariak finkatzea.

-Estatutuak aldatzea.

-Kapitala handitu edo txikitzea.

-Obligazioak jaulkitzea.

-Inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.

-Auditoreak izendatzea.

-Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko Legeak Batzar Orokorrari ezartzen dizkion gainerako eginkizunak.

12. artikulua. Batzar Orokorra urtean behin bilduko da derrigorrean bilkura arruntean, lehen seihilekoan, sozietatearen kudeaketa zentsuratzeko edo onesteko, hala behar denean aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onesteko, mozkinen xedea erabakitzeko, halakorik bada, eta bilkurako gai zerrendari eutsiz bere eskumeneko aferei buruzko erabakiak hartzeko.

13. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako bilkura arruntaz gain, Batzar Orokorrak bilkura berezia eginen du behar den guztietan, aldez aurretik lehendakariak deituta, Administrazio Kontseiluak edo gutxienez Udalbatzako legezko kideen laurdenak hala eskatuz gero.

14. artikulua. Udalbatzako kide guztiak bildu eta aho batez batzarra egitea erabakitzen badute, Batzar Orokorra deituta eta edozein gairi heltzeko modu baliozkoan eratuta geldituko da.

15. artikulua. Batzar Orokorreko idazkariak bilera bakoitzeko akta eginen du. Batzar Orokorraren aktak Udalbatzarenak bezala onetsiko dira, eta ondorio berak izanen dituzte. Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburu Berezian inskribatuko dira, lehendakariak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak zainduko ditu.

16. artikulua. Batzar Orokorreko kide ez diren Administrazio Kontseiluko kideek haren bilkuretan parte hartzen ahalko dute, hizpidearekin baina botorik gabe, bai eta kudeatzaileak ere.

17. artikulua. Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar Orokorrak izendatutako bost lagunek osatuko dute.

Batzar Orokorrak lau urterako izendatuko ditu kontseilukideak, baina Udalbatzako kide diren aldetik izendatuak izan direnek izaera hori galduz gero kontseilukide izateari utziko diote besterik gabe, kide berriek ordezten dituzten unean bertan.

18. artikulua. Udalbatzako kideek Administrazio Kontseiluan parte hartzen ahalko dute. Kontseilukideek ordezkaritza karguetan aritzeko ezgaitasun eta bateraezintasunak izan ditzakete, indarra duen legerian ezarritakoak.

Administrazio Kontseiluko lehendakaria Altsasuko Udaleko alkatea izanen da, kontseilukidea baldin bada, edo bestela Batzar Orokorrak kontseilukide izendatutako zinegotzi bat. Lehendakariordea lehendakariaren lekuan arituko da hura kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik dagoenean, eta haren ahalmen guztiak izanen ditu.

Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz Kontseilutik kanpokoa izan daiteke eta, hala denean, hizpidea bai baina botorik ez du izanen Kontseiluaren bileretan.

Edozein kontseilukidek proposatuz gero, alkate-udalburuak izendatutako teknikari espezializatuek Administrazio Kontseiluaren bileretan parte hartzen ahalko dute, hizpidearekin baina botorik gabe.

Kontseilukideei kalte-ordainak emanen zaizkie bilkura, batzar eta lan-mahaietan parte hartzeagatik. Batzar Orokorrak kalte-ordainen zenbatekoa zehaztuko du ekitaldi bakoitzean.

19. artikulua. Kontseiluak bilkura arrunta eginen du sei hilean behin gutxienez, eta bilkura berezia eginen du lehendakariak deia egiten duenean edo gutxienez bi kontseilukidek hala eskatzen dutenean. Bilkurak sozietatearen egoitzan edo Kontseiluak hautatzen duen tokian eginen dira.

Kontseiluburuari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, gai zerrenda eta guzti. Deialdia kontseilukideei banan-banan jakinarazi behar zaie bilkurarako ezarritako ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez.

Kontseilua modu baliozkoan eratuko da kontseilukideen erdiak gehi bat edo haien ordezkariak bilduz gero. Kontseilukide bakoitzak beste bati ematen ahalko dio bere ordezkaritza, baina bilkurako inork ezin izanen ditu bi kontseilukide baino gehiago ordezkatu.

Erabakiak bilkurara agertutako edo bertan ordezkatutako kontseilukideen erabateko gehiengoaz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.

Administrazio Kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira eta aktak liburu egokian transkribatuko dira. Kontseiluburuak edo haren ordezkariak eta Kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.

20. artikulua. Kontseiluak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak eginen ditu eta sozietatea ordezkatuko du, hala epaiketan nola epaiketatik kanpo. Bereziki, jarduera horiei dagokienez, legeak eta estatutuek Batzar Orokorrerako gordetzen ez dituzten ahalmenak eman zaizkio Kontseiluari. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak izanen ditu, besteak beste:

-Ondasun higigarriak eta higiezinak, landalurrekoak nahiz hirilurrekoak, eskubide inkorporagarriak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak administratu, eskuratu, baliatu eta, oro har, besterendu eta kargatzeko egintza guztiak, eta horiei dagokienez, mota horretako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta azkentzen ahalko ditu; era berean, hipotekak eta oro har eskubide errealak eratu, aldatu eta azkentzen ahalko ditu.

-Elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak egitea, horiek jabetza horizontalaren araubidean eratuz, kuotak edo elementu komun eta gastuen partaidetzak esleituz, sortzen diren elkarteak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez, deskripzioen zabalkuntzak, azaleren zuzenketak eta beste kontzeptu batzuenak egitea, zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta iraungitzea.

-Sozietateko langileak izendatzea eta bereiztea, haien soldatak eta ordainsariak finkatzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.

-Sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; kontuak, kanbio-letrak, igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak formalizatu eta aurkeztea.

-Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.

-Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta pignoraziozkoak barne; zorren ordainketa gisa edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubideak eta aukerak onartzea; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta gutuneria orokorra jasotzea aduana, aireportu, tren geltoki, biltegi edo gordailuetatik, baita administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.

-Zenbatekoak esku-dirutan maileguz hartzea edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, komeni diren interes eta baldintzekin, adibidez, eta nolanahiko bermeak onartu eta ematea, baita hipoteka-bermeak ere.

-Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galera eta irabazien kontuan, eta funts berezien ezarpenari buruz erabakitzea.

-Sozietatea ordezkatzea epaiketan eta epaiketatik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aitzinean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien, Etxebizitzako ordezkaritzen edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen eta Estatuko Administrazioko beste edozeinen aitzinean, espedienteetan, ekintzen eta salbuespenen erabilpenean, sustatzaile, jardule, laguntzaile edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, epaiketa edo jurisdikzioa, eta haietan probak proposatzea, lekukoak errefusatzea, funtzionarioak ezestea, errekurtsoak paratzea, prozeduretan etsi eta amore ematea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.

-Sozietatearen xedeak betetzea eta horretarako aurretik egin behar diren urrats guztiak egitea.

-Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, zerbitzuak, obrak eta produktu, material edo manufaktura-gaien hornidurak kontratatzeko; agiriak, aitorpen edo dokumentuak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko esleipenak onartzea.

-Ahalorde orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, epaiketan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalordeak ezeztatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea eta, oro har, bere jarduera berezia garatzeko behar den guztia egitea.

-Sozietateko kudeatzailea izendatzea.

-Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran, memoria aurkeztea Udalbatzari sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketaz.

21. artikulua. Kontseiluburuari ondoko eskurantza hauek dagozkio:

-Sozietatearen eta Kontseiluaren ordezkaritza arazo judizialetan eta bestelakoetan, auzitegi, korporazio, agintari, pertsona sozial eta norbanakoen aurrean. Epai edo administrazio ekintzen egikaritzari buruzko erabakiak hartzen ahalko ditu, Sozietatearen interes eta eskubideak defendatu edo hobeki bermatze aldera.

-Kontseiluaren bileretarako deiak egitea, horietan buru egitea eta Kontseiluaren erabakiak betearaztea.

-Sozietatearen jarduera, negozio, zerbitzu eta bulegoen goi-zuzendaritza eta ikuskapen orokorra.

-Ordainketa-aginduen emailearen eginkizunak.

-Larrialdietan sozietatearen interesak zaintzeko egokitzat jotzen dituen erabakiak hartzea eta Kontseiluari haien berri ematea hurrengo bileran.

Estatutuek eta toki araubideari buruzko legeriak ematen dizkioten gainerako eginkizunak.

-Ahalorde orokor edo bereziak ematea, eginkizunak delegatzeko.

22. artikulua. Administrazio Kontseiluak kudeatzaile bat izendatuko du, zuzendaritza, kudeaketa eta betearazpen arloetako ahalmenak izanen dituena. Gaitasun berezia duen pertsona izendatuko da eta sozietateak gehienez ere hamar urteko kontratua eginen dio.

Kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

-Kontseiluaren erabakiak betetzea eta betearaztea.

-Sozietatearen jarduna zuzendu, kudeatu eta ikuskatzea.

-Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hizpidearekin baina botorik gabe.

-Kontseiluak ematen dizkion gainerako eginkizunak.

23. artikulua. Sozietateak bere eginkizunetarako behar dituen teknikari, administrari eta menpeko langile guztiak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, kudeatzailearen proposamenari jarraituz, halakorik bada; langile guztiak enpresaren plantillan sartuko dira eta enpresarekin lan harremana izanen dute.

IV. kapitulua

24. artikulua. Sozietatearen ondareak haren jabetzako ondasun eta eskubide guztiak biltzen ditu, erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan eskuratuak edo Altsasuko Udalaren, estatuaren, autonomia erkidegoen, probintzien eta udalerrien, korporazio eta norbanakoen lagapen, dohaintza eta diru-laguntzen bidez lortuak.

25. artikulua. Sozietatearen ogasunak ondoko baliabideak biltzen ditu:

-Sozietatearen ondasun, kreditu eta eskubideen errenta, emaitza edo korrituak.

-Altsasuko Udalak ematen dizkion diru-laguntzak.

-Estatuak, autonomia erkidegoek, probintziek eta udalerriek, korporazioek eta partikularrek ematen ahal dizkioten diru-laguntza, sorospen eta emariak.

-Bere ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.

-Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.

-Entitate edo norbanakoek ematen dizkioten aurrerakinak eta sozietateak lortzen ahal dituen legezko diru-sarrera guztiak.

V. kapitulua

26. artikulua. Sozietatearen ekitaldia urte naturala bera izanen da.

Ekitaldi ekonomikoa amaitu ondoko hiru hilabetean sozietateak aurreko ekitaldiko kudeaketaren kontuak emateko balantzea eginen du, eta legezko epearen barnean Udalbatzari aurkeztuko dio, Batzar Orokor gisa onets dezan. Balantzearekin batera, egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria aurkeztuko dio. Udalbatzak zentsura eginkizunak beteko ditu, zer zuzendu behar den adieraziz, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.

27. artikulua. Toki araubideari buruzko legerian eta Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko Legean aurreikusitako kasuetan sozietatea desegin eginen da, Batzar Orokorraren erabakiaren bidez.

Sozietatea likidatu behar izanez gero, Batzar Orokorrak Likidazio Batzordea izendatuko du. Batzordeko kideen kopurua bakoitia izanen da. Likidazio Batzordea izendatzeak Administrazio Kontseiluaren ahalmenen amaiera ekarriko du.

Likidazio aldia burutu arte Batzar Orokorrak urteko bilkura arruntak eta deitu behar diren bilkura berezi guztiak egiten jarraituko du, indarra duten xedapenen arabera.

Iragarkiaren kodea: L0929039